Maia kodexak Espainiaren konkista gertatu baino lehen Mesoamerikako maia zibilizazioak sortutako liburu edo kodexak dira. Oso gutxi gelditzen dira, hamar inguruko ale, gutxiegi kontutan hartzen badugu tradizio luzeko lanak direla: 300-600 urtetan, Aro Klasiko Goiztiarrean, erabiliak izan zirela; horren testigantzak Guatemala, Hondurasen eta Belizen. Konkista garaian apaiz katolikoek, esaterako Diego de Landa publikoki erre egin zituzten horrelako kodexak beste erlijioen ikurrak zirelako.[1] Liburu hauek maia zibilizazioaren oso aztarnak baliotsuak dira. Idazteko logogramak eta glifo silabikoak erabiltzen zituzten.

Dresdengo Kodexaren 9. orrialdea (Föstermann argitaraldia, 1880).

Ezagutzen diren maia kodexak aldatu

Gaur egun hiru kodex daude adituek onartuta:

  • Parisko Kodexa (Codex Peresianus ): Kodex hau antza Palenque hiri historikoan agertu zen, Chiapasen. Gero urte luzetan Parisko Liburutegi Inperialean baztertu egon zen León de Rosnyk 1859an berreskuratu arte. Hamaika orri ditu eta akordeoi moduan tolestuta daude. Neurriak hauexek dira: 24 × 13 zm, 1,43 metroko luzeraz. Gaur egun Frantziako Liburutegi Nazionalean dago gordeta. Kodex honen edukia erlijiosoa eta profetikoa da.
  • Dresdengo Kodexa (Codex Dresdensis): Kodex hau Sächsische Dresdengo liburutegian (Sächsische Landesbibliothek (SLUB)) dago gordeta. Gure egunetara heldu diren arteko osatuena da. Berez, kodex hau egutegi bat da; bertan jainkoen eragina egunen arabera erakusten da. Aldi berean maien egutegia eta zenbaki sistema azaltzen da. Europan liburu honen inguruko lehenengo berri 1739koa da. 1825-1826. urtetan Agostino Aglio italiarrak kodex honen kopia bat egin zuen, ondoren Mexikoko beste dokumentuekin batera argitaratua izan zen; dokumentu bilduma horri Kingsborough Kodex bezala ezagutzen zaio.[2]
  • Madrilgo Kodexa (Codex Trocortesianus): Kodex honek horoskopoei eta taula astrologikoei buruzkoa da. Antza zortzi idazlarien lana izan zen. Bi zatitan aurkitua izan zen, biak 1888an elkarrekin jarritakoak. Batetik, Troano Kodexa zegoen, bestetik Corteseko Kodexa. 112 orri ditu eta Madrilgo Amerikako Museoan dago gordeta.

Laugarren baten zatiak ere badira, nahiz eta adituak bat ez etorri:

Kodexak sortzeko prozesua aldatu

1910an R. Schwede irakasleak kodexak egiteko materiala identifikatu zuen. Oinarria amate papera zen, maia zibilizazioak erabili zuen paper mota. Paper hau egiteko prozesua ez zen Europan erabiltzen zen; horretarako zenbait zuhaitzen azalak erabiltzen ziren (bereziki Ficus eta Morus) eta haren itxura paperarena baino gehiago ehunena zen. Amate papera kareaz edo antzeko produktu batez tratatu egiten zen, ondoren gainean margotzeko. Margoketa tintaz eta pintzelez egiten zen. Tintek jatorri desberdinak zituzten: beltza kolorekoa ikatz beltzez egiten zen; gorrirako hematitak erabiltzen ziren; baziren beste koloreak: urdinak, berdeak, horiak. Kodexak akordeoi moduan tolestatutako paper luzeetan egin ziren; orrialde bakoitzak 10 x 23 zm. zituen.[6]

Kodexen historia aldatu

Kodexek oso lotura hestua izan dute maia herriaren zibilizazioaren garapenarekin. Nahiz eta oso ale gutxi ezagutu Klasiko Goiztiarraren Aroan (K. ondorengo 300-600 urtetan) zenbait hilobitan kodexen aztarnak aurkitu dira. Gelditu diren aztarnak oso txikiak dira, zatiak kareaz eta margoaz. Horrelakoak, besteak beste, herri hauetako hilobietan aurkitu izan dira: Copán, Uaxactún,San Agustín Acasaguastlan. Horrelako kodexen errepresentazioak zeramiketan aurkitu dira, bestetik, Haro Klasiko Berendiatarrean (600-900 urtetan); material horietan irudikatutako liburuak itxita agertzen dira eta jaguar larruaz bilduta. Konkistarekin batera espainiarrek kodexok ezagutu zituzten eta zenbait kasutan, erre baino lehen, deskribatu zituzten. Hori egin zuten Pedro Martín de Anglería, Diego de Landa, Antonio de Ciudad Real eta Pedro Sánchez de Aguilar erlijiosoak. Kasu guztietan Yucatán penintsulan aurkitutako liburuak aipatu zituzten.[7] Erre zituzten azkenak Guatemalako Tayasalen izan ziren,1697an. Tayasal espainiarren eskuetan erori zen azken herria izan zen; konkistadoreek Martin Urtsua eta Aritzmendi (1653-1715) euskaldunaren agindupean borrokatu zuten.

Bibliografia aldatu

  • Arqueología Mexicana aldizkaria: "Códices prehispánicos" mongrafikoa. IV.liburukia, 23.zk. 2.berrinprimatzea, Mexiko Hiria, 2002.
  • Miguel León-Portilla: Literaturas indígenas de México. Mexiko Hiria, FCE, 1992. ISBN: 9789681638771.

Erreferentziak aldatu

  1. Laura Elena Sotelo Santos:Arqueología Mexicana aldizkaria, 23.zk, 35 or.
  2. Antiquities of Mexico
  3. Nikolai Grube: Der Dresdner Maya-Kalender: Der vollständige Codex. Verlag Herder, Freiburg, 2012, ISBN 978-3-451-33332-3, pp. 21-22(Alemanez)
  4. Milbrath, Susan: New Questions Concerning the Authenticity of the Grolier Codex, Latin American Indian Literatures Journal, 2002, pp. 50–83(Ingelesez)
  5. Miguel León-Portilla: Literaturas indígenas de México, 101.or.
  6. Marie Vander Meeren: "El papel amate, origen y supervivencia" Arqueología Mexicana 23an, 71-72 or.
  7. Laura Elena Sotelo Santos, 35 or.

Kanpo estekak aldatu