Maddalen Iriarte

euskal kazetaria eta politikaria
Artikulu hau kazetariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Iriarte».

Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, Gipuzkoa, 1963ko urtarrilaren 23a) euskal herritar kazetaria, telebista aurkezlea eta politikaria da. 1981ean Herri Irratian hasi zen lanean, 18 urte zituela, eta 1986an Euskal Telebistako albiste-zerbitzuetan sartu. 30 urteko ibilbidea egin zuen etxe horretan, aktualitateari lotutako hainbat saio gidatuz 2016ra arte. Haren lan nabarienak Gaur egun albistegia (Argia Saria 1990), Ados? (Emakunde Saria 1993) eta Azpimarra (Argia Saria 2013) izan ziren. 2016an politikan hasi zen, EH Bilduren hautagai gisa 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Ordutik, koalizioaren bozeramailea izan zen Legebiltzarrean eta 2020ko hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaia izan zen. 2023ko foru hauteskundeetan, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia izan zen, eta gaur egun EH Bilduren bozeramailea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Maddalen Iriarte

(2023)

Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea

2023ko ekainaren 28a -

Eusko Legebiltzarkidea

2020ko abuztuaren 3a - 2023ko ekainaren 28a - Roke Akizu Aizpiri
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko XII. legealdia

Eusko Legebiltzarkidea

2016ko urriaren 21a - 2020ko otsailaren 11
Barrutia: Gipuzkoa
Hautetsia: Eusko Legebiltzarreko XI. legealdia
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMaddalen Iriarte Okiñena
JaiotzaDonostia1963ko urtarrilaren 23a (61 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaDurango
Familia
Ezkontidea(k)Joseba Balerdi
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaSanto Tomas Lizeoa
Euskal Herriko Unibertsitatea lizentzia : zuzenbide
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta politikaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euskal Herria Bildu

Twitter: maddaleniriarte Edit the value on Wikidata

Lehen urteak aldatu

Familia abertzale batean jaio zen. Ama gipuzkoarra eta aita nafarra ditu. Ama, Mari Kruz Okiñena andoaindarra, eskolako maistra zen.[1][2] Aita, Ildefonso "Pontxo" Iriarte Otermin arribetarra, Ikastoletako presidentea izan zen diktadura garaian.[3] Aitak ETAren hastapenetan jardun zuen 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran.[4][5] Diktadura frankistaren errepresioa bizi izan zuen etxean, haren bizitzako lehen urteetan aita (Melitón Manzanasen torturak jasandakoa) kartzelan preso egon baitzen, polizia frankistak ETAren aurka egindako lehen sarekadan atxilotua izan ondoren.[6][7][8] Donostiako Arrasate kalean eta Bergara kalean igaro zuen haurtzaroa.[9]

Gaztetan atletismoan aritu zen. Haur mailan lortu zuen lehen aldiz Gipuzkoako errekorra haustea.[10] Gerora 100 eta 200 metroko Gipuzkoako marka ere hautsi zuen, eta Euskadi zein Espainia mailako lasterketetan aritu zen, Club Atlético San Sebastián taldearekin.[11][12]

Santo Tomas Lizeoan Haur hezkuntzatik UBIra arteko ikasketa guztiak egin zituen.[11] Hamazazpi urterekin, UBI amaitzen ari zela, gerora Euskal Telebista izan zenerako eskolak jasotzeko azterketara aurkeztu zen, kasualitatez. Izan ere, Santo Tomas Lizeoan antolatu zen proba hori bertako ikaslea zela, eta probaren egunean ikasleak klasetik kanpora bidali zituztenean, bertan geratzea erabaki zuen.[13]

Azterketa gainditu zuen, eta 1980an, telebistarako eskolak jasotzen hasi, Eusko Jaurlaritzak Donostian ezarritako Irrati eta Telebista Eskolan. Hurrengo urtean, UBI amaitu eta Zuzenbide ikasketak hasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean.

Kazetaritzako ibilbidea aldatu

 
Kazetari gisa elkarrizketa Roberto Lopez de Etxezarreta Pasaiako alkate ohiari, 1983ko sanferminetan.

Hastapenak eta Herri Irratia (1981-1986) aldatu

1981ean Donostia eta Loiolako Herri Irratian hasi zen lanean. Hasieran kazetaritza lana eta Zuzenbide ikaskteak uztartu zituen, baina laugarren mailara iritsi zenean, ikasketak alde batera utzi eta kazetaritzan zentratzea erabaki zuen. Bost urtean, era guztietako saioak aurkeztu zituen irratian, besteak beste albistegiak, haurrentzako saioak, eta musika eta kirolari buruzkoak.[14]

Euskal Telebista (1986-2016) aldatu

1986an, Euskal Telebistan lanean hasi zen, albistegietan aritzeko oposaketak igaro ondoren. 1986ko azaroaren 1ean agertu zen lehen aldiz telebistan Gaur egun albistegirako zuzeneko konexio bat egiten.[15] Haren lehen lana 1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira elkarrizketak gauzatzea izan zen, eta horren ondoren Gaur egun aurkezten hasi zen.[16]

Hogei urtean albistegietako gidaria izan zen, baina tarte horretan zehar beste hainbat saio ere gidatu zituen EITBren albiste-zerbitzuetan, hala nola Ados? eztabaida saioa (1993an Emakunde Saria irabazitakoa), Euskadi zuzenean, Harira elkarrizketa saioa eta GauːON iluntzeko saioa.[17] Era berean, albistegi bereziak, erreportajeak, eztabaida saioak, dokumentalak eta hauteskunde saioak ere aurkeztu zituen.[18] 2009an utzi zion Gaur egun aurkezteari, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren eratutako EITBren zuzendaritza berriaren erabakiz.[19][20]

2009an Azpimarra saioa aurkezten hasi zen.[21] Hasieran hogei minutuko albistegi saioa zen, baina denboraldiz denboraldi haziz joan zen eta azkenerako bi ordutik gorako magazin saioa bilakatu zen.[22] 2012tik aurrera Azpimarra + gehiago elkarrizketa tartea ere aurkeztu zuen. Iriartek saioko zuzendari lanak ere egin zituen, eta 2013an Telebistako Argia Saria irabazi zuen.[23]

Telebistan egindako lanaz gain, prentsa idatzian ere hainbat komunikabidetan zutabeak idazten kolaboratu izan du: Garan (Zazpika igandeko kolaboratzailea izan zen), Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Deian eta Noticias de Gipuzkoan.[24]

30 urteko ibilbideak EITBren aurpegi ezagunenetako bat bilakatu zuen. 2016an, ibilbideari amaiera eman zion eta politikara igaro, EH Bilduren hautagai gisa. Ordutik, ETBko erredaktore lanpostutik eszedentzian dago.[25]

Ibilbide politikoa aldatu

 
Maitane Azurmendiren ilustrazioa

Politikan sartu aurretik aldatu

Kazetaritzan lanean aritu zen urteetan, hainbat ekimen politiko zein sozialen alde agertu zen. Euskaldunon Egunkariaren proiektuaren alde egin zuen hasieratik, eta haren itxieraren aurka agertu zen.[26] 2006an Ahotsak taldearekin —ildo politiko ugaritako emakumeek bakearen alde martxan jarritako ekimena— kolaboratu zuen. 2013an herriko tabernen auziaren epaiketaren aurka azaldu zen.[27]

2014an, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformari eta horrek antolatutako giza kateari babesa eman zion lehen pertsonaia publikoetakoa izan zen.[28] 2015ean, Lokarri gizarte mugimenduaren agur ekitaldia aurkezteaz arduratu zen. ETAko presoen eskubideen aldeko Sare mugimenduarekin ere kolaboratu izan du. Gainera, bere ibilbide osoan zehar, sexu berdintasunaren alde egin du, eta arlo horretan egindako lanagatik Emakunde Saria irabazi zuen.[24]

2012ko hauteskundeentarako, EH Bilduren hautagaia izango ote zen zalantzan ibili ziren zenbait komunikabide baina, azkenean, hautagaia Laura Mintegi izan zen.[29][30] 2016ko hauteskunde kanpainan iraganean Juan Jose Ibarretxeren hautagaitzaren (EAJ edota EAJ-EA) alde bozkatu zuela adierazi zuen Iriartek.[31]

Eusko legebiltzarkidea (2016-) aldatu

2016ko abuztuaren 13an, EH Bildu koalizioaren hautagaitzat aurkeztu zen hedabideetan, Gipuzkoako zerrendako bigarrena.[32] Auzitegiek Arnaldo Otegiren hautagaitza ezeztatu ostean, zerrendaburua izan zen eta, de facto, EH Bilduren lehendakarigaia izan zen 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Bere burua independente gisa aurkeztu zuen, ez baita koalizioa osatzen duten alderdi bateko edota ezker abertzaleko kidea. Era horretan, paper garrantzitsua izan zuen 2017an egin zen EH Bilduren birsorreran, horrek koalizioan independenteei leku handiagoa eman baitzien.[33]

XI. legealdia (2016-2020) aldatu

Bere lehen legealdian, EH Bilduren bozeramailea izan zen legebiltzarrean, baita Erregelamendu eta Gobernu Batzordeko zein Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeko kidea ere. Lehendakaria hautatzeko saioan, EH Bilduren hautagaia izan zen eta, harez geroztik, koalizioaren buruzagietako bat da.

XII. legealdia (2020-) aldatu

2020ko urtarrilaren 27an, EH Bilduko Mahai Politikoak lehendakarigai proposatu zuen.[34] Handik astebetera, beste hautagairik aurkeztu ez zenez gero, koalizioak 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigai izendatu zuen.[35]

2023ko foru hauteskundeetan, agian EH Bilduren hautagai izanen zela zabaldu zen zenbait komunikabidetan 2022ko irailean.[36] Irailaren 24ean baieztatu zuen EH Bilduren zuzendaritzak Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai proposatuko zuela.[30] Koalizioko militantziaren oniritzia jaso ondoren, urriaren 19an haren izendapena onartu zen.[37]

Bizitza pertsonala aldatu

Durangon bizi da. Joseba Balerdi medikuarekin ezkonduta dago, ETBko kazetari eta euskara zuzentzaile eta Durangoko Kurutziaga ikastolako lehendakari izandakoa.[38][39] Bost semeren ama da (Jon, Peru, Martin, Mikel eta Paul).[33][40] Nerea Iriarte kazetaria ahizpa du.

Lanak aldatu

Telebista aldatu

Urtea Izenburua Katea Oharrak
1986-2009 Gaur egun
Gaur egun elkarrizketa
ETB 1 Erreportari, aurkezle, erredaktore, editore eta zuzendari lanak egindakoa
1992 Beti eskamak kentzen ETB 1 Gonbidatua (atalaː "Ospeaː famaren lana eta zamak")
1992-1993 Ados? ETB 1 Aurkezlea eta zuzendaria
1993 Txuri Beltz ETB 1 Gonbidatua (atalaː "Kirolariak eta sedentarioak")
1994 Gezurra nagusi ETB 1 Lehiakide gonbidatua (atal 1)
1994 22ra ETB 1 Lehiakide gonbidatua (atal 1)
1994 Harira ETB 1 Aurkezlea / Kolaboratzailea
1994-1995 Euskadi zuzenean ETB 1 Aurkezlea
1995 Arralde ETB 1 Gonbidatua
1997 Euskadi Literatura Sariak ETB 1 Aurkezlea (emanaldi berezia)
1998-1999 GauːON ETB 1 Aurkezlea
2002-2003 ETB 20 urtera doa ETB 1 Aurkezlea (6 atal)
2009-2016 Azpimarra ETB 1 Aurkezlea eta zuzendaria
2011 Finlandia ETB 1 Gonbidatua (atalaː "Maialen Iriarte")
2012-2016 Azpimarra + gehiago ETB 1 Aurkezlea eta zuzendaria
2012 Euskal Kantuen Gaua ETB 1 "Habanera" ETBko lankideekin
2015 Soinu ehiztaria ETB 1 Gonbidatua (atalaː "Maddalen Iriarte")
2015 Catalunya agurǃ ETB 1 Erreportajea
2016 La otra cara de l@s polític@s ETB 2 Gonbidatua (atal 1)
2018 Gure kasa ETB 1 Gonbidatua (atalaː "Maddalen Iriarte")

Irratia aldatu

  • Herriz herri (Donostiako Herri Irratia)

Bestelakoak aldatu

Sariak eta aitortzak aldatu

Urtea Saria Kategoria Lana Emaitza Err
1990 Argia Saria Telebista Gaur egun Irabazlea [43]
1993 Emakunderen Berdintasunerako Saria Informazio orokorra - Telebista Ados? Irabazlea [44]
1999 Iparragirre Saria Irabazlea
2013 Argia Saria Telebista Azpimarra Irabazlea [45]

Erreferentziak aldatu

  1. «Ahomentan» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  2. SLU, Herritar Berri. (2020-03-16). «Hiru damatxo ausart» 7K revista dominical (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  3. (Gaztelaniaz) Andueza, Iker Rioja. (2020-07-01). «Maddalen Iriarte, una plusmarquista en atletismo que admira a Ibarretxe» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  4. Oiartzabal, A. & Chueca, J. (2011) "Ez gaitasunik, ez borondaterik" - Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajea. Berria, 2011ko otsailaren 20a. PDF
  5. «Klandestinoa Francoren ondoan -» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  6. Ansa, Olatz Enzunza Mallona-Mikel P.. «Labeguerieren eskaintzak presoen seme-alabei» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  7. Esnaola, Enekoitz. ««Sinetsita gaude hau dela EH Bilduren momentua»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  8. (Gaztelaniaz) ««Verdad, justicia y reparación»» El Diario Vasco 2011-12-15 (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  9. «Donostiako Arrasate kaleko soinuak: Maddalen Iriarteren haurtzaroa» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  10. «Donostiako belodromoko giroa: Maddalen atletismoan aritu zen garaia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  11. a b (Gaztelaniaz) «Una velocista «de carne y hueso»» El Diario Vasco 2016-09-22 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  12. «Bideoa: Maialen Iriarte. Finlandia | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  13. «Txaro Arteaga 19 urterekin sartu zen Herri Irratian» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  14. «Loiolako Herri Irratian eman zituen Maddalen Iriartek lehen urratsak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  15. G. del Herrero, Javier. (2002ko uztaila). (pdf) Maddalen Iriarte, etengabe berriaren harian | Berbetan. UK Aldizkaria, 28-31 or..
  16. «Maddalen Iriarte: 'Kazetari lanetara itzuliko naizelakoan nago'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  17. «Maddalen Iriarte: 'Irratia telebistaratu nahi izan dugu'.» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  18. «ETBko sintoniak, Maddalenek telebistan egin duen ibilbidearekin lotuta» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  19. «ETBko informatiboetako lau aurpegi ezagun ez dira pantailan izango denboraldi berrian» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  20. (Gaztelaniaz) «La nueva directiva de ETB 'se carga' a los rostros veteranos de sus informativos» FormulaTV (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  21. «'Azpimarra' elkarrizketa saioa aurkeztuko du Maddalen Iriartek» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  22. (Gaztelaniaz) «Hoy comienza la nueva temporada de 'Azpimarra', a las 16:15, en ETB1» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  23. «Banatu ditugu 2013ko ARGIA Sariak» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  24. a b (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2016-08-12). «Maddalen Iriarte, junto a Otegi en la lista de EH Bildu por Gipuzkoa» GARA (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  25. «Eusko Legebiltzarra - Legebiltzarkideak eta organoak - Norberaren fitxa» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  26. Egunkaria aurrera » Entzun ondo!. (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  27. (Gaztelaniaz) «Abogados y juristas vascos califican de «obstáculo» para la convivencia el juicio de las herrikos» El Diario Vasco 2013-07-09 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  28. (Gaztelaniaz) Telebista, Euskal Irrati. «Gure Esku Dago cruzará hoy Euskal Herria de mano en mano» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  29. «Ekografiak - EITBko eski jauziak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  30. a b SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-09-23). «Maddalen Iriarte proposatu du EH Bilduk Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagai» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  31. «'Abertzalea, independentzia eta sozialismo zalea eta feminista naiz'» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  32. Iruretagoiena, Hodei. «Maddalen Iriarte bozetara aurkeztuko da, EH Bilduren zerrendetan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  33. a b «Maddalen Iriarte, EH Bilduren lehendakarigaia» Euskal Irrati Telebista 2020-02-14 (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  34. Urain, Jon O.. «EH Bilduren Mahai Politikoak Maddalen Iriarte proposatu du lehendakarigai» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-27).
  35. «Maddalen Iriarte, EH Bilduren lehendakarigaia» Euskal Irrati Telebista 2020-02-03 (Noiz kontsultatua: 2020-02-03).
  36. «Iriarte, udal eta foru hauteskundeei begira: "Militante politikoa naiz eta koalizioaren zerbitzura nago"» EITB 2022-09-23 (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  37. (Gaztelaniaz) «Las bases de EH Bildu avalan a Iriarte como candidata a la Diputación y a Izagirre al Ayuntamiento de Donostia» El Diario Vasco 2022-10-18 (Noiz kontsultatua: 2022-10-25).
  38. «Iriartek 'akordio handiak' lortzeko aukera 'ez galtzeko' deia egin du» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  39. «ETA asegura en ETB que no abandonará las armas hasta conseguir la autodeterminación» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  40. «Maddalen Iriarte» www.maddaleniriarte.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).
  41. (Ingelesez) Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  42. (Ingelesez) Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  43. «Argia Sariak - ARGIA.com» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-09).
  44. (Ingelesez) Berria.eus. «Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).
  45. «Urteetan ereindakoaren uzta» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-08).

Kanpo estekak aldatu