Lurzoruaren kutsadura

Lurzoruaren kutsadura deritzo lurzoruaren kalitatearen degradazioa gertatzeari, substantzia kimikoen presentziaren ondorioz jazotzen dena bereziki. Lurrera isuritako konposatu kimikoen eraginez, lurzoruaren aberastasuna gutxitu egiten da, produktibitatea murriztuz, bai gizakion jarduerarako, eta bai naturarentzat ere.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zergatik da hain garrantzitsua lurzorua? Eta zer esan nahi du lurzorua osasuntsu izateak?

Lurzoruaren kutsaduraz hitz egiten da, oro har, lurrean biotari (eskualde bateko fauna eta landarediaren multzo osoa) eta gizakion osasunari kalte eragiten dioten substantziak edo elementuak agertzen direnean, berdin dio solido, likido zein gas egoeran. Hainbat eratan sor daiteke lurzoruaren kutsadura: lurrazpiko biltegiak haustean, edo pestizidak edo gai erradioaktiboak metatzean. Era berean, kutsaduraren iturria naturala edo artifiziala (gizakien ekintzek eragina) izan daiteke. Agertzen diren substantzia kimikoen artean, ohikoenak honakoak dira: petrolioaren deribatuak, disolbatzaileak, pestizidak eta metal astunak.

Lurzoruaren kutsadurak ondorio negatibo asko dakartza. Horien artean, bizidunen osasunerako kalte handiak eragiten dituztenak daude, zuzenean zein zeharka, gehienbat kutsadura hori edateko ura daramaten iturrietan sartzen denean gertatzen direnak. Zona kutsatu horiek mugatu eta garbitzeak kostu handiak eragin ditzake, denbora zein diru aldetik; gainera, garbiketa modu egokian egin ahal izateko, jakintza handia behar da geologia, hidrografia, kimika eta eredu konputazionalen arloetan.

Kausak aldatu

 

Lurzoruaren kutsaduraren iturri nagusien artean daude kontrolik gabe isuritako plastikoak, nekazaritzan eta abeltzaintzan edo araztegietan sortutako materia organikoaren isuriak, segurtasun-arauak bete gabe erabilitako plagizidak (intsektizidak, herbizidak, fungizidak), edo industria-instalazioetako isuri kimikoak eta zentral eta froga nuklearretan sortutako substantzia erradioaktiboen isuriak. Dena den, horiez gain, gizakien ekintzekin loturiko lurzoruaren kutsaduraren arrazoi arrunt eta ohikoenak honako hauek dira:

  • Nekazaritzan erabilitako baliabide kaltegarriak (ibai kutsatuetako uren erabilera, neurririk gabeko erabilitako pestizida, plagizida eta ongarri kaltegarriak).
  • Hiri-hondakinak ezabatzeko edo birziklatzeko sistemak ez erabiltzea edo erabilera urria izatea.
  • Industria-hondakinak ezabatzeko araudiak betetzen ez dituzten industriak egotea.
  • Lurrazpiko biltegien apurketa. Erregaiak eta likido sukoiak gordetzeko metodo nahikoa segurua da, baina batzuetan lurraren gehiegizko presioak eraginda, hondakinak metatzeko sarrera estalita gera daiteke, edo trafikoaren bibrazioaren ondorioz apurtu daitezke biltegiak.
  • Zabortegietako filtrazioak. Zaborra lurrazpian pilatzen den zonetan, lurra jartzen zaio gainetik, modu konpaktuan osasunerako kaltegarria ez izateko, baina lurrazpiko zabor hori lurraren hausturetatik iragaz daiteke.
  • Monolaborantza. Nekazaritzan, zona batean espezie bakarra landatzeak eta lurzoruari atsedenik edo ongarririk ez emateak, lurzoruan elikagai falta egotea eragin dezake eta, ondorioz, zona horren esterilizazioa edo desertifikazioa.
  • Lurzorua trinkotzea. Batzuetan, eraikinak eraikitzeko lurra trinkotzen denean edo egunero azienda handia lurzoru beretik igarotzean, landareek sustraiak bota ezin izatea eragiten du, eta beraz, lurra antzu bihurtzea.
  • Proba atomikoak. Lurzorua suntsitzen dute eta milaka urtez lurrazalean deskontaminazio-prozesurik egin ezin izatea eragiten dute; esate baterako, Britaniarrek Australian egindakoek.
  • Istripu nuklearrak. Lurzoruan, uretan, eta atmosferan kutsadura sinestezina eta izugarria eragiten dute, bertan bizitzea ezinezko eginez eta inguruko eremu asko elkor utziz. Adibidetzat, Txernobylgoa edo Fukushimakoa.
  • Ez da ahaztu behar, azkenik, lurzoruaren kutsadura era naturalean ere gertatzen dela. Esate baterako, arroka batzuek metal astunak (kromoa, nikela, beruna) izan ohi dituzte, eta horiek lurzoruan metatu daitezke meteorizazio-prozesuaren bidez. Proportzio txikietan, elementu horiek erabilgarriak dira, baina kantitate handietan, osasunerako kaltegarriak.

Eragin kaltegarriak aldatu

Lurzoruan kutsadurak eragin kaltegarriak ditu gizakiarentzat, inguruko faunarentzat eta landarediarentzat. Eragin kaltegarri horiek kutsadura-mailaren eta kontaminazioa eragiten duen substantzia toxikoaren kaltegarritasunaren araberakoak izango dira.

Oro har, lurzoruaren kutsadurak modu zuzenean eragiten dio ingurugiroko landarediari,  bereziki degradazioa sortuz eta espezieak gutxitzea eraginez. Gizakientzat, berriz, eraginak jakien bidez edo kutsagarriekik izandako kontaktu dermikoaz sortzen dira. Kasu batzuetan, gainera, metal astunen kutsadurak eragindako intoxikazioak ager daitezke.

Bestalde, zeharkako eraginak kate trofikoaren bidetik ager daitezke, elikatze-katetik alegia, eta horren bidez espezie askotara heda daiteke kutsadura. Horrez gain, zona batzuetako gehiegizko kutsadurak euri azidoa eragin dezakete, izaki bizidunen organismoetan eragin kaltegarriak sortuz.

Aipatutakoez gain, neurtzeko zailak diren bestelako eraginak ere ager daitezke kutsatutako inguruetan, hala nola:

  • Paisaiaren degradazioa. Gizakiok isuritako hondakinek eta horien bidez sortutako kutsadurak erabat itsusten dute ingurune jakin batzuetako itxura.
  • Lurzoruaren erabilgarritasunaren eta balioaren galera. Kutsaduraren ondorioz galtzen diren lurraren propietateek lurzorua erabilgarri ez izatea eragin dezakete eta, beraz, beraren balioa galtzea eragin.


Nekazaritzako kutsatzaileak aldatu

Intsektizidak aldatu

Intsektuen izurriteak suntsitzeko erabiltzen dira. Normalean intsektu, larbak edo arrautzak hiltzeko erabiltzen dira. Intsektizida erabilienetako bat DDT izenekoa da, eragin oso azkarra daukalako ezaguna. Kontaktuaren bidez egiten du lan, intsektuen kutikulatik xurgatua izatean haien heriotza baitakar. Intsektizida honek hamar urte baino gehiago iraun dezake lurrean deskonposatu gabe.

Egiaztatu denez, intsektizida organokloratuak (DDTa, adibidez) animalien elikatze-katean sartzen dira,  eta haien ehun koipetsuetan metatzen. Gainera, kate trofikoan zenbat eta altuago egon (hau da, landareetatik urrunago), hainbat eta kontzentratuago egongo da intsektizida.

Intsektiziden erabileraren arazoa gero eta handiagoa da; izan ere, espezie askok intsektizida hauekiko erresistentziak garatzen dituzte, eta beraz, beharrezkoa izaten da intsektizida berriak eta are kaltegarriagoak erabiltzea, landaredian eta animaliengan are kalte handiagoa eraginez.

Herbizidak aldatu

Landaredia hondatzen duten konposatu kimikoak dira. Landareen hazkuntza eteten dute gazte direnean; edo heldutasunean, kalteak eragiten dizkiete metabolismoan. Bi eratara eragin dezakete lurzoruaren kutsadura:

  • Erabiliak izan diren lekuetatik mugi daitezke euriaren bidez, eta horrela lurrazpiko edo lurzoruko ura kutsatu.
  • Lurzoruan hondakin gehiegi badago, inguruko landareetara zabaldu eta kalteak eragitea gerta daiteke.

Fungizidak aldatu

Onddoen garapena gelditzeko erabiltzen diren plagizidak dira. Sufrea eta Kuprea dituzte barnean. Produktu kimiko asko dauzkate konposizioan. Nekazaritzan erabiltzen diren fungizidak ez dira betiko lurzoruan geratzen, baina batzuk lurzoruan degradatu eta produktu oso toxikoen sorrera eragin dezakete.

Deskontaminazioa aldatu

Deskontaminazioa kutsadura deuseztea edo kutsaduraren arazoa konpontzea da. Horretarako, lehenik lurzoruaren konposizioari buruzko neurketak egiten dira, eta datuak eredu konputazionalak erabiliz analizatzen dira. Prozesu horren bidez, lurzoruko kutsadura murriztea edo guztiz ezabatzea lortu nahi izaten da, lurzoruari erabilera-ahalmena (produktibitatea) itzultzeko.

Mota askotako tratamenduak egiten dira: tratamendu termikoak, aireztapenaren bidezkoak, lurzoru-garbiketan oinarritutakoak, edo lurrunketaren bidez produktu kutsakorrak suntsitzekoak. Bestalde, aukera biologikoak ere badaude, hala nola substantzia kaltegarriak degradatu edo suntsituko dituzten mikroorganismoak eta landare jakin batzuk landatzea.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu