Beste esanahietarako, ikus «Louise Michel (Parisko metroa)».

Louise Michel (Vroncourt-la-Côte, Frantzia 1830eko maiatzaren 29aMarseilla, Frantzia, 1905eko urtarrilaren 9a) frantziar anarkista bat izan zen. Eskola-maistra, ekintzaile iraultzaile eta Parisko Komunako kiderik garrantzitsuenetakoa. Beste buruzagi batzuekin batera, hiriko gobernua antolatu eta haren defentsan parte hartu zuen. Atxilotu eta zigortu zuten; azken finean, emakumeek langile-klasearen eskubideen alde egindako borrokaren ikur bilakatu zen. Deportatu zuten, baina 1880an Frantziara itzulita talde anarkistetan ibili zen, hil arte.

Louise Michel

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakClémence Louise Michel
JaiotzaVroncourt-la-Côte1830eko maiatzaren 29a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaMarseilla1905eko urtarrilaren 9a (74 urte)
Hobiratze lekuaLevallois-Perret Cemetery (en) Itzuli
Saint Pierre Cemetery (en) Itzuli
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
New Caledonian (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, poeta, pedagogoa, Emakume idazleak, kazetaria, Communarda, anarkista, politikaria eta idazlea
Lan nabarmenak
KidetzaFramazoneria
Izengoitia(k)Enjolras eta La Vierge rouge
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakParisko Komuna
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

Musicbrainz: 06a243bc-9502-470b-b1dc-535e05b5ab29 Find a Grave: 13586441 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Gaztaroa aldatu

Louise Michel Marie Anne Michel neskamearen eta Étienne-Charles Demahis lurjabearen alaba naturala zen, edo, ziurrenera, bere seme Laurent Demahisena.[1] Aitaren aldeko aitona-amonek printzipio liberaletan oinarritutako heziketa ona eman zioten; horri esker, Louisek Voltaire eta Jean-Jacques Rousseau irakurri zituen.[2]

Bere memorietan adierazi bezala, Louise Michelentzat haurtzaroa oso garai zoriontsua izan zen. Orduko ametsa poeta izatea zuen.[3] Bere aitona 1850ean hil ondoren, irakasle izateko ikasketak egin zituen, baina Napoleon III.ari zin egiteari uko egiteak irakaskuntza publikoan sartzea eragotzi zion. Horregatik, 1852 eta 1855 artean, bere aitona-amonek utzitako herentziaz baliatuta, eskola libreak ireki zituen Audeloncourt, Clefmont eta Millièresen (Haute-Marne) hurrenez hurren. Bere irakaskuntza ideal errepublikanoetan eta pedagogia berritzailean oinarrittuta zegoen; horrek susmo txarrak piztu zituen bere ikasleen gurasoen artean, eta baita agintariek kargu-hartzeren bat egitea ere. Ikasleen erantzukizuna eta parte-hartze aktiboa sustatu zituen, zigorrak debekatu zituen, natur zientzia eskolak eman zituen eta ikasleek klasean antzezteko obra txikiak idatzi zituen.[3]

Paris aldatu

1856an, Louise Michel Parisera joan zen, eta hamabost urtez etengabe aritu zen irakaskuntzan. 1865ean, eskola bat ireki zuen Houdon kaleko 24an, eta 1868an beste bat sortu zuen Oudot kalean. Literatura interesatzen zitzaion eta hainbat testu argitaratu zituen. Haietako poema batzuk Enjolras ezizenarekin sinatu zituen, Victor Hugoren Les Misérables eleberriko pertsonaiaren izenarekin, alegia.

Victor Hugo garaiko pertsona ospetsu eta errespetatuenetakoa ezagutu zuen, eta 1850etik 1879ra arteko korrespondentzia izan zuen berarekin.[2] Giro iraultzaileetan harremanak izan zituen, eta Eugène Varlin, Raoul Rigault eta Emile Eudes ezagutu zituen. Oposizioko egunkarietan ere idatzi ohi zuen, adibidez, Le cri du peuple-n (Herriaren oihua), zeinen erredaktore nagusia bere lagun Jules Vallès zen. 1862an, "Poeten Batasuneko" kide egin zen, eta 1869an, emakume langileen laguntza xede zuen "Moralizaziorako Elkarte Demokratikoaren" idazkari.[2]

1870eko irailaren 1ean, Napoleon III.ak Frantzia-Prusia Gerran jasandako porrotak diktadura inperialaren amaiera ekarri zuen. Gertakariek errepublikaren aldarrikapena bizkortu zuten, prusiar armada Parisera zihoan bitartean. Louise Michel Montmartre auzoko Zainza Batzordeko kide izan zen, Parisko barruti guztietan hiriburuaren defentsa antolatzeko sortu ziren auzo-elkarteetako bat. Han, Théophile Ferré militante blankista ezagutu, eta harekin harreman sentimentala izan zuen.[1]

Parisko Komuna aldatu

Paris prusiar armadak inguratuta zegoen bitartean, Versaillesen errefuxiatutako Defentsa Nazionalerako Gobernua eta Parisko indar errepublikar erradikalak 1870eko irailetik elkarren kontra lehiatzen ari ziren nagusitasun politikoa lortzeko. Louise Michel Louis Auguste Blanquik sortutako mugimendu iraultzailearen jarraitzailea zen.[1] Urteko azken hilabeteetan, hainbat manifestazio herrikoitan parte hartu zuen, eta 1871ko urtarrilean, Trochu jeneralaren tropek Parisko udaletxearen aurrean bildu zen jendetzaren aurka tiro egin zutenean, Louisek, Guardia nazionalez jantzita, tiro eginez erantzun zuen.

 
Louise Michel Guardia Nazionaleko uniformea jantzita

Parisko Komunari hasiera eman zioten 1871ko martxoaren 17 eta 18ko gertakarietan ere lehen lerroan egon zen. Versaillesko gobernuak bere tropak bidali zituen Guardia Nazionalak Montmartreko muinoan kokatu zituen kanoiak hartzera. Louise Michelek, momentu hartan XVIII. barrutiko Zaintza Batzordeko presidenteak, “Versailles-ekoek” kanoiak eskuratzea eragotzi zuen emakumeen manifestazioa gidatu zuen, eta soldaduak guardia nazionalekin eta Parisko herriarekin adiskidetzea lortu zuen.[4]

Louisek lan sozial eta militante nabarmena egin zuen Parisko altxamenduak iraun zuen bi hilabete eskasetan. Saint-Bernard de la Chapelle elizako "Iraultzaren Kluba" (le Club de la Révolution) animatu zuen XVIII. barrutian[1], eta Georges Clemenceau Montmartre barrutiko alkateak auzoko haurrentzako jantokiak sortzea lortu zuen. Halaber, haurtzaindegi zerbitzu bat antolatu zuen hiriburu osoan, eta ideia oso berritzaileak sustatu zituen, hala nola eskola profesionalak eta umezurztegi laikoak sortzea.

Versaillesko gobernuaren tropek Paris 1871ko apirila-maiatza artean eraso zutenean, Clamart, Neuilly eta Issy-les-Moulineauxko barrikadetan borrokatu zuen, fusila eskuan.[5] Erizain gisa parte hartu zuen, zaurituak jasotzen eta artatzen, eta emakumeak bildu zituen anbulantziak eramateko.[1] Montmartreko 61. batailoiaren zaindari bezala[1], emakume batailoi baten buru izan zen. Emakume horien kemena nabarmendu zen komuneroen azken guduetan, Montmartreko hilerrian eta Clignancourten, eta haietako askok bizia galdu zuten.

 
Louise Michel Chantiers de Versailleseko espetxean atxilotua (musée Carnavalet). Markoak honela dio « Louise Michel, chef des incendiaires ».

Louisek ihes egitea lortu zuen, baina egun gutxira bere burua entregatu zuen, ama atxilotu eta fusilatzearekin mehatxatu baitzuten. Théophile Ferré ere atxilotu eta 1871ko azaroan[6] exekutatu zuten. Louisek Les oeillets rouges (krabelin gorriak) poema eskaini zion. 1871ko abenduan, 4. gerra-kontseiluaren aurrera eraman zuten,[6] gobernua boteretik kentzeko saioa eta herritarrak armak hartzera bultzatzea leporatuta. Hamar urteko erbestealdiko zigorra ezarri zioten. Epaiketan, ondokoa adierazi zuen:

Ez dut neure burua defendatu nahi. Iraultza sozialaren parte naiz erabat. Onartzen dut nire ekintzen erantzukizuna.(...) Zeren, dirudienez, askatasunaren alde borrokatzen den bihotz orok berun pixka bat besterik ez baitu merezi, nire zatia eskatzen dut. Bizitzen uzten badidazue, mendekua aldarrikatuko dut etengabe eta Batzorde honetako hiltzaileak salatuko ditut nire neba-arreben mendeku gisa.

Kaledonia Berrian erbesteratua aldatu

 
Louise Michel Kaledonia Berrian

Kartzelan 20 hilabete bete ondoren, 1873ko abuztuaren 8an "Virginie" baporean Kaledonia Berrira deportatua izan zen.[6] Han kolonia frantziar horren independentzia politikoaren alde borrokatzen zutenekin kolaboratu zuen. Garai hartan Versaillesko prentsak Louve rouge, Bonne Louise (otseme gorria eta Louise ona) ezizenak ezarri zizkion.[7] Garai berean sortu zen Henri Rochefort polemista ospetsuarekin izango zuen harreman luzea, eta Nathalie Lemel ere ezagutu zuen, Louise ideia anarkistetara hurbildu zuen Parisko Komunako beste ekintzaile bat.

Kaledonia Berrian zazpi urtez egon zen, emakumeentzako tratamendu bereziari uko eginez.[1] Uharteko fauna eta flora aztertu eta haiei buruzko datuak bildu zituen. Horrela osatu zuen Parisko Geografia Institutura bidaliko zuen katalogoa. Michel frantziar gehienek arriskutsutzat eta antropofagotzat jotzen zituzten kanakengana hurbildu zen, haien hizkuntza ikasi zuen eta haien artean hezkuntza-lanari ekin zion. 1878ko matxinadan, gainerako deportatu gehienak ez bezala, kanakoen alde agertu zen.[1][8] Petites Affiches de la Nouvelle-Calédonie egunkaria sortu eta Légendes et chansons de gestes canaques argitaratu zuen. 1879an, Noumea uhartean bizitzeko baimena eman zioten, eta baita bere irakasle-lanari berrekiteko baimena ere, lehenik Frantziako deportatuen seme-alaben irakasle gisa, eta gero nesken eskoletan.

Berriz ere Frantzian aldatu

Parisko Komunaren parte hartzaileei emandako amnistia partzialaren babespean, Louise Michel Parisera itzuli zen 1880. urtean. Han, herriak ongietorri bero-beroa eman zion. Bi hilabete geroago, La Misère bere lan arrakastatsua argitaratzen hasi zen folletoi formatuan. 1881ean, Auguste Blanquiren ehorzketan haren hileta-laudorioa egin zuen.[6]

 
Louise Michelen hitzaldia Parisen (1880)

Bere militantzia grinatsuarekin segitu zuen etsi barik, hitzaldi eta mitinetako parte-hartze gero eta ugariagoak eginez. 1883an, Parisko mitin batean, Louise Michelek, sozialista autoritario eta parlamentarioengandik aldentzeko, anarkistek (sozialista libertarioak) bandera beltza sinbolo gisa erabiltzearen alde egin zuen.

Bere konpromisoa  ekintza zehatzetan gauzatu zuen beti. 1883an, Louise Michel, Émile Pougetekin batera, hiru okindegiren arpilaketak eta poliziarekiko liskarrak eragin zituen langabe manifestazio baten buru izan zen. Handik aste gutxira, Louisek agintarien esku utzi zuen bere burua, eta sei urteko kartzela-zigorra eta 10 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zioten. Saint-Lazareko espetxean, prostituten alde agertu zen, eta gizarteak esplotatutako biktimak direla salatu zuen.[9] 1886an Jules Grévy Errepublikako presidenteak amnistiatu zuen. Hasieran Louisek amnistia errefusatu zuen, baina azkenean onartu egin zuen.[6][10] 1887an heriotza-zigorraren aurka agertu zen. Urtebete geroago, Le Havren hitzaldi bat ematen ari zela, monarkiko batek egindako atentatua nozitu zuen, buruan bi tiro jasoz,[9] baina erasosailea salatzeari uko egin zion. Etxean osatzen ari zela, Georges Clemenceau eta Lissagaray adiskideek, besteak beste, bisitatu zuten.[11]

Berriro atxilotu zuten bere hitzaldi sutsuengatik  eta berriz ere askatua izan zen. Poliziaren informatzaileek gertutik zelatatzen zituzten haren mugimendu guztiak, eta bere kontrako akusazio-txostenak metatu egiten ziren.[9] 1890eko apirilean, Saint-Étiennen hitzaldi bat eman ostean eta Viennen manifestazio bortitz batekin amaitu zen beste mitin bat egin ondoren, atxilotu eta espetxeratu egin zuten, baina behin-behineko askatasuna eman zioten. Berak ez zuen onartu, gainerako atxilotuek ez zutelako izan zorte bera, eta ziega uzteari uko egin zion. Atxilotzeko agindua baliogabetu zuten, baina Louisek, berriz ere, uko egin zion espetxea uzteari bere kideak preso zeuden bitartean. Amorratuta, ziegan zegoen guztia txikitu zuen. Aztertu zuen medikuak sikiatriko batean sartzea eskatu zuen, baina agintariek, bere jarraitzaile ugarien erreakzioaren beldur, 1890eko ekainaren hasieran askatu zuten.[6] Sikiatrikoan sartuko zuten beldurrez, Londresera (Ingalaterra) erbesteratu zen hurrengo hilabetean, han eskola libertario bat kudeatu zuen zenbait urtez. 1895ean Frantziara itzuli zenean, jarraitzaile manifestazio batek ongietorria eman zion. Urte berean Le libertaire egunkaria sortu zuen Sébastien Faurerekin batera. Dreyfus aferaren defentsan jarrera moderatua izan zuen.

Azken urteak aldatu

Bere bizitzako azken hamar urteetan, Londres eta Paris artean bizi zen. Parisen bere lanen edizioa gainbegiratzen zuen. Poliziak etengabe zelatatu zituen bere jarduerak, eta askotan atxilotu zuten; 1897an, adibidez, Bruselan atxilotu eta Belgikatik bidali zutenean.[6] Anarkismoaren figura nabarmena izanik, Londresen, Parisen eta Frantzia osoan hitzaldi ugari eman zituen eta parte-hartze aktiboa izan zuen hainbat aldarrikapen-ekintzatan, adinean aurrera joan arren. 1896an, Londresen, Langileen eta Langile Ganbera Sindikalen Nazioarteko Kongresu Sozialistan parte hartu zuen, non marxisten eta anarkisten arteko haustura gertatu zen. 1898an La Commune, Histoire et souvenirs idatzi zuen.

1903 eta 1904an, hirurogeita hamalau urte zituelarik, Frantzian zehar ibili zen bere lagun anarkista Ernest Giraultekin hainbat hitzaldi ematen. Bidaia honetan, bere osasuna pixkanaka ahuldu zen: 1902an bizia galtzekotan egon zen pneumonia batek jota, eta gaixotasunak eta nekeak birritan bira etetera behartu zuten. 1904ko maiatzean, bere hitzaldiei berrekin zien eta programatutako bidaiekin jarraitu zuen.

Louise Michel pulmonia batez hil zen 1905eko urtarrilean, Marseillako Oasis hoteleko 11. gelan, langileentzako hitzaldi batzuk ematen zituen bitartean. Pariseko hiletara milaka lagun joan ziren.

Feminismoa aldatu

Louise Michel feminismoaren aitzindaritzat hartu izan da.[12] Bere oroitzapenetan honela idatzi zuen :

«Emakumearen auzia, gaur egun batez ere, ezin bereizia da gizateriaren arazotik.» «Emakumeak dira, batez ere, birrindu eta gero, bota beharrean, saldu egiten den giza azienda: ez dugu gizaterian merezi dugun lekua izateko erregutu behar, hartu baizik.»[13]

Ezer gutxi ezagutzen da Louise Michelen bizitza pribatuari eta izan zituen harremanei buruz: Victor Hugorekin izan zuen hurbiltasuna; Théophile Ferrérekiko maitasun (platoniko?)a; Paule Minck eta Nathalie Lemelekin izandako adiskidantza; bere harreman luzea Charlotte Vauvellerekin, zeini buruz esango zuen, bere bizitza amaitzean, "nire laguna 15 urtez" ("compagne depuis 15 ans"). Bere hiletan, Séverinek, libertario eta feministak, egin zuen Michelen panegirikoa.[14] «Gaur egungo hizkeran, erraz imajina genezake harreman homosexual bat, baina Louise Michel maiz izan zen kritikatua jendeak puritanotzat hartzen baitzuen bere portaera.»[15] Gizon/emakume harremanei buruz zuen jarrera ezaguna da.

«Bi sexuen arteko berdintasuna onartuko balitz, arrakala handia sortuko litzateke giza ergelkerian. Bitartean, emakumeak gizonaren zopa izaten jarraitzen du, Molière zaharrak zioenez. Sexu indartsuak bestea lausengatzen du, sexu ederra deituz. Aspaldidanik ez diogu justiziarik egiten indar horri, eta asko gara matxinatzen garenak... sexuari larruazalaren koloreari baino garrantzi handiagoa ematen zaiola ulertu ezinik. Inoiz ez dut ulertu sexu bati adimena atrofiatu nahi izatea...»[16]

Ez dago bat ere anbiguotasunik prostituzioari buruz duen iritzian:

«Prostituzio-etxeen jabeak emakumeak trukatzen dituzte nekazariek zaldiak edo idiak trukatzen dituzten moduan; artaldeak dira, giza azienda da errentagarriena. (...) Europan zehar emakumeen salerosketan dabiltzan merkatari handiak soka batetik zintzilik baleude, ez nuke nik moztuko. (...) Ez al dago merkaturik non herriko alaba ederrak kalean saltzen diren, espaloietako postuetan, aberatsen alabak ezkonsari baten truke saltzen diren bitartean? Batzuk nahi duenak eramaten ditu eta besteak nahi duenari emanak dira. Prostituzio bera da. Esklaboa proletarioa da, esklaboen artean esklabo, proletarioaren emaztea.»[16][17]

Louise Michelen ondarea aldatu

Parisko Komunan aktibista borrokalaria, herri-hezitzailea eta feminista, Louise Michel oraindik ere Frantziako anarkismoaren eta, oro har, langileen mugimenduaren pertsonaia enblematikoa da.

Botere orok haragiztatzen ditu madarikazioa eta tirania; horregatik diot anarkista naizela.

Borrokalari nekaezina, altruista, ahulenen kausari eskainia, bere nortasunak adore sakona erakusten zuen; honengatik guztiagatik historiara "Birjina Gorria" ezizenarekin igaro zen.[18] Bere bizitzari buruz argitaratu diren aipamen ugarietan, gizonezko arropa jantzi izana nabarmendu da, aldarrikapen feministatzat aurkezteko asmoz, baina, dirudienez, anekdota puntual bat baino ez zen izan. Errealistagoa litzateke, beharbada, Louise Michelek 1871ko abenduko epaiketan egindako adierazpenei erreparatzea, kontuan hartuta bere salatzaileen aurrean beti erakutsi zuen zintzotasun hautsiezina:[19]

  • Epaimahaiburuak: Dirudienez, zuk jantzi desberdinak eraman zenituen Komunan.
  • Louise Michelek: Ohi bezala janzten nintzen. Gerriko gorri bat besterik ez nuen jartzen nire betiko arropa gainean.
  • Epaimahaiburuak: Ez al zenuen behin baino gehiagotan jantzi gizon-jantzi bat?
  • Louise Michelek: Behin baino ez, martxoaren 18an, Nazio guardiaz jantzita nindoan, arreta ez erakartzeko.

Ez dago lekukotasunik Louise Michelek gizonezko janzkera eraman zuela frogatzen duenik, ez ordura arte, ez geroago. Bere feminismoa agerian jartzen zen berdintasunaren aldeko borrokan, baina berdintasuna ez bakarrik generoan, baita gizartean eta politikan ere.[20]

Bere obra literarioan saiakera teoriko gutxi batzuk eta zenbait poema, elezahar eta umeentzako ipuin besterik ez zegoen, baina Louise Michel iraultza sozialaren aldeko aktibismoagatik oroitzen da nagusiki. La Misère eleberriak Frantziako hiri handietako aldiriek XXI. mendearen hasieran pairatuko zuten krisi soziala aurreratzen zuen. Bere irakaskuntza lana aintzatesteko, sarritan, Frantziako hiri askotan lehen eta bigarren mailako eskolei bere izena jartzen zaie.

Espainiako 36ko Gerran, nazioarteko brigadisten bi batailoik Louise Michel izena zuten.

1916 arte, urtero egiten zen haren omenezko manifestazioa Levallois-Perreteko bere hilobian. 1937an, Parisko metroaren geltoki bati bere izena jarri zioten. 2004an, Parisko Montmartreko Jesusen Bihotza basilikaren azpiko lorategia berrizendatua izan zen bere omenez.

Lucio Urtubia igeltsero anarkista ezagunaren etxea L' espace Louise Michel izeneko gizarte zentro bihurtu zen.[21]

2020ko abuztuan migratzaileak erreskatatzeko itsasontzi bat hasi zen lanean Mediterraneoan, bere izenarekin, Banksy artista britainiarrak finantzatua.[22]

Lanak aldatu

  • Lueurs dans l’ombre. Plus d’idiots, plus de fous. L’âme intelligente. L’idée libre. L’esprit lucide de la terre à Dieu…, Paris, 1861
  • Le Livre du jour de l’an: historiettes, contes et légendes pour les enfants, Paris, 1872
  • Le Gars Yvon, légende bretonne, Paris, 1882
  • Ligue internationale des femmes révolutionnaires, Appel à une réunion, Paris, 1882
  • Louise Michel eta Jean Guêtré, Les Méprisés, grand roman de mœurs parisiennes, Paris, 1882
  • Louise Michel, 2. zatia, eta Jean Guêtré 1. zatia, La Misère, Paris, 1882.
  • Louise Michel eta Jean Winter, Le Bâtard impérial, Paris, 1883.
  • Défense de Louise Michel, Bordeaux, 1883
  • L. Michel et A. Grippa, La Fille du peuple, Paris, 1883
  • Louise Maboul izenez sinaturik, Manifeste et proclamation de Louise Michel aux citoyennes de Paris, Paris, 1883
  • Contes et légendes, Paris, 1884
  • Légendes eta chants de gestes canaques, 1885.
  • Mémoires I. liburukia, Paris, 1886
  • Les Microbes humains, Paris, 1886
  • L’Ère nouvelle, pensée dernière, souvenirs de Calédonie (chant des captifs), Paris, 1887
  • Lectures encyclopédiques par cycles attractifs, Paris, 1888
  • Le Monde nouveau, Paris, 1888
  • Le Claque-dents, Paris, 1890
  • Prise de possession, Saint-Denis, 1890
  • À travers la vie, Poésies, Paris, 1894
  • La Commune, Histoire et souvenirs, Paris, 1898
  • Les Crimes de l’époque: nouvelles inédites, Paris, 1888
  • Le Rêve (dans un ouvrage de Constant Martin), Paris, 1898

Hilondokoak aldatu

  • Avant la Commune Lehen liburukia, préface de Laurent Tailhade, Alfortville, Librairie internationaliste, 1905.
  • Louise Michel et Émile Gautier, Les Paysans, Paris.
  • Légendes et chansons de gestes canaques (1875), Légendes et chants de gestes canaques (1885) eta Civilisation, François Bogliolok prestatu eta aurkeztutako testua, Presses Universitaires de Lyon, 2006.
  • Je vous écris de ma nuit, correspondance générale. Xavière Gauthierrek prestaturiko argitalpena, 1999

Artikuluak aldatu

Poesia aldatu

Kantak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h Jean Maitron, Dictionnaire biographique du Mouvement ouvrier français, Les Éditions de l'Atelier, 1997, 'Louise Michel' sarrera.
  2. a b c Louise Michel, toupie.org webgunean (Frantsesez).
  3. a b Louise Michel, Histoire de ma vie, Xavière Gauthierren edizio kritikoa, Presses Universitaires de Lyon, 2000, 9. or., ISBN 2-7297-0648-8
  4. Xavière Gauthier, 9-10. or.
  5. Louise Michel et sa légende, 1789-1945 l'histoire par l'image, histoire-image.org webgunean, Réunion de musées nationaux Grand Palais elkarteak, Frantziako Kultura eta Komunikazio Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak elkarlanean egindako weborria. (Frantsesez).
  6. a b c d e f g Chronologie de la vie de Louise Michel, Qui était Louise Michel? weborrian, Bobignyko Louise Michel Institutuko webgunea (Frantsesez).
  7. Xavière Gauthier, 177. or.
  8. Xavière Gauthier, 11-12. or.
  9. a b c Xavière Gauthier, 12. or.
  10. 1885ko maiatzaren 4an Lissagarayri idatziriko gutuna, in René Bidouze, Lissagaray, la plume et l'épée, Les Éditions Ouvrières, 1991, ISBN 2-7082 28079-X.
  11. René Bidouze, Lissagaray, la plume et l'épée, Les Éditions Ouvrières, 1991, 193-194. or., ISBN 2-7082 28079-X.
  12. Les femmes de la liberté. Libération.fr
  13. Michel Lapierre, Louise Michel, l'anarchiste salvatrice. Le Devoir, 2015ko azaroaren 21a.
  14. Claire Auzias, Louise Michel est-elle féministe?, in Centenaire de la mort de Louise Michel : hommage à une femme d’exception, Centre régional de documentation pédagogique d’Aix-Marseille, SCÉRÉN, 2005, cndp.fr
  15. Élisabeth Claude, Louise Michel, Une grande figure de l'anarchisme. Ni vierge, Ni rouge !, drapeaunoir.org
  16. a b Louise Michel, Mémoires de Louise Michel écrits par elle-même, I. liburukia, Paris, F. Roy, 1886, gallica.bnf.fr
  17. Élise Guiraud, Philippe Gastrein, «Louise Michel, la Commune de Paris et la prostitution», Prostitution et société, janvier 2011, «  » [archive], sur prostitutionetsociete.fr
  18. Merriman, John (2014). «2». A comuna de París: 1871: origens e massacre (Bruno Casotti, itzul.) (Portugesez). Anfiteatro. 57. or.. {{ISBN|978-8569474029}}.
  19. in La Gazette des tribunaux, 1871ko abenduan.
  20. Xavière Gauthier, La Vierge rouge, Paris-Max Chaleil-en argitalpena, 1999. Lehen argitalpenean izenburu honekin : L’insoumise, biographie romancée de Louise Michel.
  21. «El albañil que puso de rodillas al City Bank: "Jamás ha habido un ser humano decente en el poder"». 2017ko otsailaren 25a. RT Noticias.
  22. El artista callejero Banksy financia un barco para rescatar migrantes en el Mediterráneo. 2020ko abuztuaren 28a. Público.

Bibliografia aldatu

  • Maclellan, Nic.- Louise Michel, Ocean Books, 2004.
  • Moyano Ramos, Isabel ; Ordóñez Podadera, Juan C..- Louise Michel, una revisión biográfica a partir de sus memorias (1830-1905) 59-72. or., non: Feminismos en las dos orillas, Rosa María Ballesteros Garcíak eta  Carlota Escudero Gallegosek koordinaturik, Málagako Unibertsitatea, 2007.
  • D´Atri, Andrea.- Luchadoras, Historia de mujeres que hicieron historia..Ediciones IPS, Argentina, 2006.
  • Boyer, Irma .- La Vierge rouge. Louise Michel, d’après des documents inédits, avec quatre portraits. André Delpeuch ed., 1927.
  • Chauvin, Clotilde .- Louise Michel en Algérie : La tournée de conférences de Louise Michel et Ernest Girault en Algérie (octobre-décembre 1904). Editions Libertaires, 2007.
  • Durand, Pierre .- Louise Michel ou la révolution romantique. Français Réunis, 1971.
  • Durand, Pierre .- Louise Michel, la passion. Le Temps des cerises, Pantin, 2005.
  • D’Eaubonne, Françoise.- Louise Michel la Canaque : 1873-1880. Encre, 1985.
  • Gauthier, Xavière .- La Vierge rouge. Paris-Max Chaleil, 1999.
  • Girault, Ernest .- La Bonne Louise. Bibliothèque des auteurs modernes, 1906.
  • La Fournièr, Xavier de.- Louise Michel, matricule 2182. Perrin, 1986.
  • Lejeune, Paule .- Louise Michel l’indomptable. Éditions Des Femmes, 1978.
  • Maitron, Jean .-Histoire du Mouvement anarchiste. La Découverte. 1983.
  • Murie, Yves .- Victorine, le grand secret de Louise Michel. Egileak argitaratua, 2000.
  • Murie, Yves .- L'enfant de la Vierge rouge. L'Harmattan, 2003.
  • Planche, Fernand .- La vie ardente et intrépide de Louise Michel. Tops-H. Trinquier, 2005.
  • Ragon, Michel .- Georges et Louise. Albin Michel, 2000.
  • Sizaire, Anne .- Louise Michel : l’absolu de la générosité. Desclée de Brouwer, 1995.
  • Thomas, Édith .- Louise Michel ou la Velléda de l’anarchie. Gallimard, 1971.
  • Michel, Louise ; Hugo, Victor; Lasa Alegria, Amaia (itzulpena eta hitzaurrea); Arbelbide Lete, Nora (hitzatzea).- Erbesteko Gutunak Victor Hugori (1850-1879). Iruñea: Katakrak Liburuak, 2020.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu