Loris Malaguzzi (Correggio, 1920ko otsailaren 23a - Reggio Emilia, 1994ko urtarrilaren 30a) italiar hezitzaile eta pedagogo bat zen. Pedagogian lizentziatu zen Urbinoko Unibertsitatean. 1941etik 1943ra bitartean, lehen hezkuntzako eskoletan klaseak ematen hasi zen Solognon, Reggio nell'Emilia probintzian.

Loris Malaguzzi
Bizitza
JaiotzaCorreggio1920ko otsailaren 23a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1920ko otsailaren 23a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1994ko urtarrilaren 30a)
HeriotzaCorreggio1994ko urtarrilaren 30a (73 urte)
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Urbino (en) Itzuli
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakpedagogoa

1945eko apirilean, haurrentzako eskola bat eraikitzea eta abian jartzea erabaki zuen langile eta nekazari talde baten proiektuan sartu zen, Reggio Emilia hiritik gertu dagoen herri txiki batean. Geroago, beste haur-eskola batzuk eraikitzen hasi ziren hiriko periferian eta auzo pobreenetan, denak autokudeatuak.

1950ean, Erroman CNRn (Consiglio Nazionale delle Ricerche) psikologia ikastaro bat egin ondoren, psikologo lanean hasi zen Reggio Emiliako Udalaren Osasun eta Psikopedagogia Zentroan zailtasunak zituzten haurrentzat; horrela, aldi berean egon zen lanean zentro horretan eta haur-eskola autokudeatuetan.

1963an, Reggio Emiliako Udala umeentzako heziketa-zerbitzuen sare bat antolatzen hasi zen, eta 3 eta 6 urte bitarteko umeentzako lehen haur-eskolak ireki zituen. Gertakari oso garrantzitsua izan zen hau, Italian lehen aldiz jendeak aldarrikatu zuelako haur txikientzako eskola laikoak sortzeko eskubidea. Hona hemen Malaguzzik idatzitako pasarte bat: "Astean behin, eskola hirira eramaten genuen: literalki, umeak, hezitzaileak eta gure lan-tresnak kamioi batean sartu eta hiriko kale, plaza eta parkeetan edo udal antzokiaren arkupeetan ematen genuen klasea. Umeak oso pozik egoten ziren; jendea begira geratzen zitzaigun, harrituta, eta galderak egiten zizkiguten".

Geroago, 1970ean, Udalak 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko umeentzako lehen haur-eskola edo habia zabaldu zuen, ama langileen eskariari erantzunez. 1971n, Malaguzzik hezitzaileentzako lehen testu laikoa (Esperienze per una nuova scuola dell'infanzia - Atti del seminario di studio tenuto a Reggio Emilia il 18-19-20 marzo, 1971) prestatu zuen, haien aholkulari gisa lan egiten zuen eskolen esperientzia jasotzen zuena.

1980an, Italiako Haur-Habi eta Haur-Eskolen Talde Nazionala sortu zuen Reggio Emilian.

1991ko abenduan, Newsweek aldizkari estatubatuarrak munduko haur-eskolarik aurreratuena iritzi zion Reggio Emiliako Diana haur-habiari, eta horren ondorioz hiri honetako haur-eskolei buruzko interes handia piztu zen Estatu Batuetan eta beste herrialde askotan. Aitortza horren ondoren, beste zenbait sari gehiago irabazi zituzten: 1992an, Danimarkako Lego Saria, eta 1993an, Chicagon, Kohl Saria.

1994an, Loris Malaguzzi ustekabean hil zen Reggio Emilian. Urte harantxe, "Reggio Children" fundatu zen hirian, haur eta umeen eskubide eta potentzialtasunak babestu eta garatzeko nazioarteko zentroa. 2001eko otsailaren 9an, Italiako Errepublikako presidente Carlo Azeglio Ciampik hilondoko urrezko domina eman zion "irakaskuntza, kultura eta arte alorreko merituengatik".

Pentsamendua aldatu

Malaguzziren arabera, umeek ikasten dutena ez dator irakaskuntza-prozesu baten ondorioz, eta ikasketa umeengandiek beraiengandik dator, neurri handi batean, haien jardueratik eta dauzkaten dohainetatik. Horregatik, haren ustez, umeek paper aktiboa jokatzen dute ikasketaren eta ulermenaren eraikuntzan eta jabekuntzan, ikasketa prozesu auto-eraikia baita seguruenik.

Abiapuntu horrekin, eskolak laborategi moduko batzuk dira, zeinetan ume eta helduen ikerketa-prozesuak gurutzatzen baitira, egunez egun garatzen eta bilakatzen direlarik. Hortaz, helburu nagusia izan behar du eskola leku atsegin bat izatea umeentzat, hezitzaileentzat eta familientzat, eta eskolaren xedea ezin da izan irakaskuntza ematea, ikasteko baldintzak sortzea baizik.

Malaguzziren eskoletan arreta handia eskaintzen zaio zentzu estetikoari, jakintzaren estetika bat ere badagoela uste delako: uste horren oinarria da ikasi eta ulertzeko prozesuaren barruan beti egoten dela, ohartuki edo oharkabean, egiten duguna guri eta besteei ere gustatuko zaien itxaropena.

Malaguzzik tailerrak sartu zituen eskolan: ahal izatera, betiko eskola-eredu zharkituaren ordez, tailer eta laborategiz egindako eskola bat jarriko zuen martxan, umeen eskuak, gauzak maneiatuz eta lardaskatuz, adimenarekin uztartu zitezen, lege biologiko eta ebolutiboetan gertatzen den bezala.

Malaguzzi "pedagogia-ekintzaile" bat zela esan daiteke: egunero behatzen zituen umeak, egiazko umeen aurrez aurre jartzen zituen bere ezagutzak eta teoriak, hau da, jolasten, ikasten, lan egiten eta garatzen ari diren umeen aurrez aurre. Lan handia egin zuen umeentzako zerbitzuak ugaltzeko eta heziketa-lanaren balioa nabarmentzeko.

Honako hauek dira Malaguzziren pentsamenduaren ardatzak:

  • arretarik handiena umeari eskaini behar zaio, ez irakasgaiari
  • kulturaren zeharkakotasuna, jakintza ezin baita ataletan zatikatu
  • heziketa proiektuen inguruan gauzatu behar da, ez programa edo egitarau baten inguruan
  • prozesua da garrantzitsua, ez azken emaitza bakarrik
  • ume bakoitzaren eta taldearen behaketa eta dokumentazioa
  • eztabaida eta hausnarketaren garrantzia heziketarako
  • hezitzaileen autoprestakuntza

Hauxe esaten zuen: "Umeek eraikitzen dute beren adimena. Adimen hori eraikitzeko jarduerak eta testuingurua eman behar diete helduek, eta, batez ere, umeek diotena entzun behar dute...".

Lanak aldatu

  • 1971 Esperienze per una nuova scuola dell’infanzia - Atti del seminario di studio tenuto a Reggio Emilia il 18-19-20 marzo, 1971
  • 1976 Zerosei Fabbri argitaletxea
  • 1995 I cento linguaggi dei bambini, Junior argitaletxea
  • 1995 In viaggio con i diritti delle bambine e dei bambini, Reggio Children argitaletxea