Lodosa

Nafarroa Garaiko udalerria

Lodosa[3] ([loðos̺a]) Nafarroa Garaiko hego-mendebaldeko udalerri bat da, Lizarrako merindadekoa eta Erriberakoa. Nafarroako hiriburu Iruñetik 74 kilometro hego-mendebaldera dago, eta 4939 biztanle ditu.

Lodosa
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Lodosaren ikuspegia.
Lodosako bandera
Bandera

Lodosako armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Lizarra
EskualdeaErribera Garaia
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Lodosa
AlkateaPablo Azkona Molinet
(LOIU, ezkerreko indep.)
Posta kodea31580
INE kodea31157
Herritarralodosar
Geografia
Koordenatuak42°25′27″N 2°04′42″W / 42.424166666667°N 2.0783333333333°W / 42.424166666667; -2.0783333333333
Azalera45,34 km²
Garaiera320 metro
Distantzia74 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria4.894 (2023:  33)
alt_left 2.374 (%48,5)(2019) (%49,9) 2.442 alt_right
Dentsitatea107,61 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 18,76
Ugalkortasuna[1]‰ 43,01
Ekonomia
Jarduera[1]% 77,83 (2011)
Desberdintasuna[1]% 4,25 (2011)
Langabezia[1]% 12,14 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1][2]% 2,80 (2018: %1)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.lodosa.es

Lodosa ezaguna da bertan ekoizten direlako pikillo piperrak, jatorri deitura batek babestuak.

Geografia aldatu

Lodosa Lizarrako merindadearen hegoaldean kokatzen da. Lizarratik hasita N-111 errepidea hartu behar da Los Arcoserako norabidean, eta bertan NA-129 errepidea Sesmarantz. Udalerria 127 kilometroko Lodosako ubidearen hasiera puntua da.

Inguru naturala eta klima aldatu

Lodosako klima, Ebro ibarrean bezala, mediterraneo-kontinental motakoa da. Oro har, tenperatura aldaketa handiak izaten dira, eta prezipitazioak modu irregularrean jausten dira urtaro bakoitzean. Haizeari dagokionez, iparreko cierzo haizea izaten da ohikoena, askotan indar handiarekin jotzen duena.

Urteko batez besteko tenperatura nahiko epela da, 12-14 °C-koa, baina alde handiak daude udaren eta neguaren artean. Neguan tenperaturak gradu batekoak edo bikoak izaten dira maiz, eta udan 30 gradutik gorako egunak ere nahiko normalak dira, askotan termometroak 40 gradura ere hurbiltzen direla. Urteroko batez besteko prezipitazioak 400-500 mm ingurukoak izaten dira.

Udalerriak zeukan jatorrizko landareditik 56 hektarea makal baino ez dira gordetzen. Azken mendeetan landatutako pinuek 32 hektarea hartzen dituzte.

Estazio meteorologikoa aldatu

Lodosan, itsasoaren mailatik 321 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak 1982an jarritako estazio meteorologiko bat dago.[4]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.

Ikusi edo aldatu datu gordinak.


Mugakideak aldatu

Lodosak mugakide ditu iparraldean Sesma; mendebalde eta hegoaldean Errioxako Autonomia Erkidegoa; eta ekialdean Karkar eta Sartaguda.

Historia aldatu

Erromatarren garaiko hainbat aztarna aurkitu dira, horietatik nabarmenena "Mairuen zubia" izeneko akueduktuaren arrastoak. Akueduktu honek Araba eta Errioxa arteko ur hornikuntza bermatzeko eraiki zen. 1120. urtean Lodosako Gartzea Lopez seniorra, Iruñeko erregearen boterearen ordezkaria zen Mendabian. XIV. mendean Lodosa nobleziaren jabetzako jaurerria zen Lergako Martin Jimenezek (jaurerriaren jabeak) Lodosa Olibako monasterioari saldu zionean. Monasterioak aldi berean 1352. urtean saldu zion jaurerria Carlos II.a erregeari.

Nafarroako Erresuma Gaztelako koroaren barne geratzean, Lodosa jaurerri izaten jarraitu zuen, eta halaxe izango zen XIX. mendera arte. 1757. urtean Nafarroako Gorteek eginiko banaketa administratibo berrian, Lodosa, Leringo konderriaren barnean geratu zen. 1835 eta 1845. urtean eginiko erreformen ondorioz, jaurerriak bertan behera geratu eta Lodosa udalerri independente bilakatu zen, udaletxe propioarekin. Bestalde, Gerrate karlistetan Lodosak bi aldeen erasoak jasan zituen.

XIX. mendearen amaieratik hasita, herriaren garapen industriala hasi zen. XX. mendean eta batez ere mendearen bigarren erditik aurrera, kontserba fabrika ugari eraiki ziren herrian. Ordu arte, nekazaritzatik bizi zen biztanleria gehienaren bizimodua, erabat aldatu zen eta horrekin batera biztanleriaren bilakaera. Pixkanaka inguruko herri txikiagoetatik etorritako biztanleek, Lodosaren hazkunde demografikoa eragin zuten. Herriko nekazaritzaren ardatza, Ebro ibaiaren bi aldeetan dauden lur ureztagarrien 100 hektareak eta lehorreko lurren azalera handia dira.

Independentzia Gerra (XIX. mendea) aldatu

Independentzia Gerraren eragina nabarmena izan zen Lodosan, Ebro ibaia igarotzeko zegoen zubirik garrantzitsuena bertan zegoelako. Lodosan Frantziako armadaren kuartela zegoen, zubia gune estrategikoa zelako. Gertakaririk garrantzitsuenak 1808ko urria eta azaroa bitartean gertatu ziren. 1808ko urriaren 18an Palafoxek Castaños gonbidatu zuen Zaragozara joatera, gerra ekintza estrategia bat ezartzeko asmoarekin. Bi buruen arteko elkarrizketa 20an eta 21ean izan zen. Urriaren 25ean frantses armadaren eta espainiar armadaren arteko borrokak izan ziren Lodosatik gertu.

Napoleon Bonaparteren asmoa, Tuterara joatea zen, horrela 21ean Lodosa, 22an Calahorra eta 23an Tutera bereganatzeko. Logroñora heltzean, Moncey jeneralari Ebro ibaia igarotzeko agindu zion, Lodosan zeuden frantses armadako gizonekin bat egiteko. Behin Lodosara helduta, Lannes mariskalak Monceyren taldearen gaineko agintea hartu zuen, 24.000 infante eta 5.000 zaldunekin sendotua. Frantziarren asmoa Lannesek Calahorran Castañosen gizonei erasotzea zen, Neyk Soriatik espainiarren atzealdeari erasotzen zion bitartean. Dena den, Castaños jeneralak, frantsesek atzealdetik eraso egingo zietela jabetu eta bere gizonak atzera joateko agindu zuen. Hala, Castañosen gizonak Tarazona eta Tutera bitartean Ebro ibaiarekiko perpendikular geratu ziren. Azkenik, 1808ko azaroaren 24an, Tuterako guduan, bi herrialdeetako armadak aurrez aurre jarri ziren.

Karlistaldiak aldatu

Lodosa eta Ebro ibaia gatazkaren mendebalde eta hegoaldeko mugan zeuden. Miranda Ebro eta Tutera bitartean, Ebro ibaiaren gaineko Briñas, Logroño eta Lodosako zubiak baino ez zeuden. 1835eko udatik aurrera, Mendigorriko guduaren ostean, Logroñotik Iruñeraino joateko, Isabel erreginaren aldeko armada liberalak Lodosako zubia erabili zuten. Lodosarrek armadako gaiak eta animalien garraioan lagundu behar izan zuten. Ebro ibaiaren eskuinaldeko ibaialdean, Isabeldarrek telegrafoa eraiki zuten Ausejo - Lodosa - Andosilla eta Lerin arteko linea. Gaur egun, telegrafoaren eraikina altxatu zen muinoak "telegrafo" izena dauka eta oraindik ere, eraikina babesten zuen gotorlekuaren arrastoak mantentzen dira.

Karlistek hainbat aldiz eraso zuten Lodosa lehen gerran zehar, eta 1836ko abuztuaren 16an, erasoen ondorioz, Lodosako udaletxeak su hartu zuen. Dena den, Iturralde jeneralak zuzenduriko armada karlistak, porrot egin zuen Iturralde jeneralak zuzenduriko armada liberalaren aurrean. Isabeldarrek 900 soldadu karlista preso hartu zituzten. Lehen gerra karlistan, aurkariaren aurrerapena gelditzeko, karlistek merkatuaren gunean zeuden makal guztiak moztu zituzten.

Gerra zibila Lodosan aldatu

1936ko uztailaren 18an, gertaturiko altxamendu militarraren lehen albisteak herrira heldu zirenean, bertako langile erakundeek herria okupatu eta erasotzaileei aurre egiteko agindua eman zuten. Horrela, uztailaren 19an, herriko gune estrategikoetan barrikadak jarri ziren, Mendabiarako zubian esaterako. Eskopetak eta trabukoak zeramatzatela, gizon armatuen taldeak atera ziren. Arratsaldeko lauretan, Guardia Zibila, matxinatuen aldekoa, kalera irten zen. Tiroketak gertatu ziren bata bestearen atzetik, baina ez zuten egoera kontrolatzerik lortu, eta horrela falangisten laguntza eskatu zuten.

Metrailadoreekin falangistek eta guardia zibilek erresistentzia gailentzea lortu zuten eta herriko gizon eta emakume ezkertiarren taldeek Errioxarantz eta inguruko mendietarantz egin zuten ihes. Gainontzeko biztanleak, euren etxeetara itzuli ziren, gertatuko zen errepresio gogorraren beldurretan, izan ere, Lodosa, frankisten matxinadaren aurkako erresistentzia handieneko herria izan zen. Kaleak hutsik geratu ziren orduan.

Okupatzaileekin batera Luciano Aramendia etorri zen Lodosara, erreketeen buru. Ospitalean zeuden zaurituetako batzuk fusilatu egin zituen, eta egunkariek bere buruaz beste egin zutela esan zuten. Uztaileko hurrengo egunetan, fusilamenduek jarraitu egin zuten eta irailera arte iraun zuten. Herritar asko Sanjurjoren erreketeen taldean sartzera behartu zituzten. Guardia Zibilaren koartelera deitu zituzten herriko gizon gehienak eta bi aukera eman zizkieten, edo erreketeekin edo errepide bazterrean buruan tiro batez hilik. Guztira 133 pertsona erail zituzten 1936ko hilabete haietan, eta horiei Sanjurjoren erreketeekin beharturik joandako pertsonak gehitu behar zaizkie.

Ekonomia aldatu

Lodosako ekonomia industria eta zerbitzuen inguruan dago antolaturik. Antzina, nekazaritza izan zen herriko ekonomiaren ardatza, baina pixkanaka nekazaritzak garrantzia galdu du. Dena den, gaur egun, Lodosa pikillo piperraren ekoizpenagatik da ezaguna Euskal Herrian eta mundu osoan. Piperrez gain, bestelako barazki eta frutak ere landatzen dira eta lehorreko landaketen artean, zereala, mahatsa eta olibondoa dira aipagai.

Bigarren sektoreari dagokionez, nekazaritzarekin zerikusia duten industriak, elikagaien makineria eta medikuntzarekin loturiko produktuen salmenta enpresak dira aipagai. Horrez gain, eraikuntzaren alorrean, harrobi bat eta eskaiola ekoizteko fabrikak daude Lodosan. Zerbitzuei dagokionez, Lodosak dendak, tabernak eta banketxe bulegoak ditu.

Nekazaritza aldatu

Herrian lantzen diren 3.000 hektareatatik, heren bat, lur ureztagarritzat lantzen dira, batez ere barazkiak hazteko. Horien artean, zainzuria eta piperra daude, eta XIX. mendean patatak garrantzi handia izan arren, 1983an 100 hektarea baino ez zituen hartzen. Sekain lurretako landaketen artean, garia, garagarra eta bestelako zerealak daude.

Demografia aldatu

Nekazaritzari lotutako herria izanik, Lodosak ez zuen XX. mendeko industrializazioaren eragin handirik izan, eta populazioa ez zen askorik handitu. 100 urtetan biztanle kopurua bikoiztera ere ez zen iritsi.

Lodosako biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 544 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %11,39 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren gainetik).

Politika aldatu

Udaletxea aldatu

Udaletxea 1848 eraiki eta 1948an berreraiki zen ia osorik, Oteitza eta Ariz arkitektoek eginiko diseinua jarraituz. Fatxada nagusiak harlanduzko harri zatiak eta karabista adreiluak dauzka. 1984an eraberritze txiki bat burutu zen, ataria mantenduz eta fatxada berreraikiz. Lan horiek 56 milioi pezetako kostua izan zuten.

  • HELBIDEA: Kale Zabala, 1

Udal hauteskundeak aldatu

1999tik 2011ra herriko alkatea UPN alderdiko Jesús María García Antón izan zen. 2007an udaleko hamaika zinegotzietatik UPNk zazpi lortu zituen, eta hortaz, gehiengo osoa eskuratu zuen. Beste zerrendak PSN, Lodosa Organización de Independientes Unidos (LOIU) eta Agrupación Electoral Independientes por Lodosa (IPL) izan ziren.

2011n ere UPN bozkatuena izan bazen ere, LOIUko Pablo Azcona aukeratu zuten alkate, PSNren laguntzarekin. LOIUn ezkerreko independenteak eta abertzaleak biltzen dira[5][6].

2015eko udal hauteskundeetan UPN alderdiak beherakada nabarmena izan zuen (bost zinegotzi izatetik hiru izatera igaro zen) eta LOIU taldeak gehiengoa eskuratu zuen, alde nabarmenarekin (zazpi zinegotzi eskuratu zituen). Pablo Azcona berriro hautatu zuten alkate.

Lodosako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Lodosa Organización de Independientes Unidos (LOIU)
7 / 11
1.383 (% 56,82)
4 / 11
843 (% 33,53)
Nafar Herriaren Batasuna (UPN)
3 / 11
620 (% 25,47)
5 / 11
1.158 (% 46,06)
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE))
1 / 11
336 (% 13,8)
2 / 11
450 (% 17,90)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean

Alkateak aldatu

Hauek izan dira Lodosako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia
Francisco Javier Aguirre Rojas[7] 1979 1983 Agricultores Independientes
Rafael Martinez Lizanzu[7] 1983 1987 PSN
1987 1991
1991 1995
1995 1999
Jesus Maria Garcia Anton 1999 2003 UPN
Jesus Maria Garcia Anton 2003 2007 UPN
Jesus Maria Garcia Anton 2007 2011 UPN
Pablo Azcona Molinet 2011 2015 Lodosa Organizacion de Independientes Unidos
Pablo Azcona Molinet[8] 2015 2019 Independenteak
Pablo Azcona Molinet[8] 2019 Jardunean Lodosa Organizacion de Independientes Unidos[9]

Azpiegiturak aldatu

Garraiobideak aldatu

Lodosa eta inguruko herriak autobus bidez elkarturik daude. Lodosan dauden autobus lineen artean honakoak dira aipagai:

Kultura aldatu

Euskara aldatu

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Lodosa eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %1,80k zekien euskaraz hitz egiten.

Hezkuntza aldatu

  • Ibaialde Ikastola, Sartaguda errepideko 19. zenbakian dago.

Jaiak eta ospakizunak aldatu

Iraileko hirugarren igandean, Angustiasko Ama Birjinaren omenezko jaiak antolatzen dira. Jaiak ostegunean hasten dira txupinazioaren jaurtiketarekin eta igandera arte irauten dute. Jaietako ekitaldi nagusiena ama birjinari eginiko lore eskaintza eta prozesioa dira.

Gainera, oso famatuak dira iraileko festak, zezena soka batekin herrian zehar ateratzen dutelako, bai goizez bai arratsaldez. Ondoren, zezen plazara eramaten dute eta bertan betizu batzuk ateratzen dituzte.

Lodosako patroiaren jaiak Emeterio eta Zeledonio santuen omenez ospatzen dira,uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 4ra arte. Antolatzen diren ekitaldien artean, entzierroak, gaueko kontzertuak, artisautza azoka, Riau-Riaua, txarangak eta umeentzako jolasak daude. Oro har, Nafarroa Garaiko beste herri askotan bezala, jaiak zezenen inguruan daude antolaturik.

Otsailaren 3an San Blasko jaiak dira.

Gastronomia aldatu

Ondasun nabarmenak aldatu

Monumentuak aldatu

  • San Miguel eliza: 1533 eta 1622 urteen artean eraikia. Eliza barruan 1797. urteko kaxadun organo neoklasiko bat dago. Nabea lau zatitan banatzen da eta kanporantz zabaltzen da hiru ateren bitartez. Ate nagusia aurrealdean kokatzen da eta beste biak ebanjelio eta epistolan.
 
Alcanadre-Lodosa akueduktuaren hondakinak.
  • Mairuen akueduktuaren arrastoak: Erromatarren garaiko egitura da, "Alcanadre-Lodosa" ubidetik geratzen den atala. Arabako Kanpezuko udalerritik Errioxako Calahorrara ura garraiatzeko erabili zela uste da. 1977an jatorrizko egitura ezagutzeko indusketa burutu zen. Akueduktuak 13 arku dauzka.

Zerbitzuak aldatu

Lodosa, "Elizagorria, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Sesmako zerbitzu sozialen Mankomunitateko" kidea da.

Herri eta hiri senidetuak aldatu

Lodosa ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Lodosar ospetsuak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 50-55 or..
  3. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  4. Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
  5. NaBairekiko kolaborazioa garatu du; ikus elkarrizketa Azconari, Diario de Noticias, 2011ko ekainaren 17a.
  6. LOIUren webgunea.
  7. a b «LODOSA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  9. «LIZARRAKO ESKUALDEKO HAUTESKUNDE BATZORDEA Aurkeztutako hautagai-zerrendak» NAO 78. zenbakia, 2019ko apirilaren 24a, asteazkena (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa