Loarreko gaztelua gaztelu erromanikoa da, Huescako probintziako Loarre herrian dagoena (Aragoi, Espainia), Huesca hiritik 35 kilometro ingurura. Europa osoan hobekien kontserbatu den gaztelu erromanikoa da. Antso Nagusiak eraikia, Hoya de Huescaren gaineko kontrola zeukan eta, bereziki, XI. mendean musulmanen gotorleku nagusi izandako Boleako gazteluaren gainekoa.[1]

Loarreko gaztelua
Kultura ondasuna
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Aragoi
Probintzia Huescako probintzia
UdalerriaLoarre-Lobarre
Koordenatuak42°19′32″N 0°36′43″W / 42.3256°N 0.6119°W / 42.3256; -0.6119
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1020
KomisarioaAntso V.a Nafarroakoa
Erabileragotorlekua
monasterioa
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0000089-00000
Webgune ofiziala

Kokapena aldatu

Loarreko mendilerroaren hegoaldeko isurialdean dago, 1070 metroko garaieran, Hoya de Huescaren eta Garonaren ibarraren artean. Azken hau nahiko igarobide segurua zen Goi Erdi Aroan, Iruñeko Erresumaren eta Ainsa-Boltañaren artean ibiltzen ziren kristauentzat. 8 kilometro hego-ekialdera Boleako gaztelu musulmana zeukan, eta 25 kilometrora Huesca.[2]

Historia aldatu

Antso Nagusiak hasi zuen gazteluaren eraikuntza, XI. mendean, Iruñeko Erresumaren muga defendatzeko asmoz. Izan ere, Gállegoko igarobideak kontrolatzeaz gain, bertatik jomugan zeukaten Boleako gaztelu musulmana. Lehenbiziko tenientea 1033. urterako gazteluan zegoen.[3] 1042an, Ramiro I.a Aragoikoak, Antso Nagusiaren sasiko semeak, eskuratu zuen; garai hartan eraiki zuten dorre nagusia, eta haren inguruan herrixka bat sortu zen.[1][4]

Antso V.a Ramiritzek gaztelua handitu eta egungo itxura eman zion. Haren agintaldian, Aragoiko Erresumako hiru gune nagusietako bat izan zen, San Juan de la Peña eta Jakako katedralarekin batera.[2]

1070eko hamarkadan, erregeak agustindar kalonjeen monasterio bat sortu zuen gune militarraren ondoan. 1097 aldean,[2] Antsoren seme Petrik Montearagonera aldatu zituen kalonjeak. Horretaz gain, XII. mendearen hasieran musulmanak Hoya de Huescako eskualdetik egotziak izan ostean, gotorlekuak garrantzi estrategikoa galdu zuen.[5][1]

1287an, kanpoko harresia eraiki zen, gaztelupeko herrixka babesteko. XV. mendean, bertako biztanleria Loarre herrira lekualdatu zen; etxebizitza berriak egiteko, gazteluko materialak erabili zituzten. Mende luzez bazterrera utzirik egon ondoren, 1906an monumentu nazional izendatu zuten.

Arkitektura aldatu

 
Defentsa dorrea eta kanpoaldeko harresiaren zati bat.
 
Barnealdeko eraikin nagusiaren ikuspegia.
 
Erreginaren dorrea, eta atzealdean Ohorezko dorrea.

Gaztelua oinarri gisara erabiltzen duen kareharrizko harkaitz baten gainean dago. Honek defentsa abantaila handia suposatzen zuen, modu honetan harresiak ezin baitziren minatu (garai hartan gotorlekuen setioetan erabili ohi zen, teknika hau harresia hondoratu edo lurreratzeko asmoz bere azpitik tunel bat eraikitzen zen, eta honela erasoaldia egiteko pitzadura bat irekitzen zen). Gainera dorrez osatutako harresi batez ere inguratuta dago. Orain dela gutxi, Gizateriaren Ondare izateko hautagai gisa aurkeztua izan zen.

Gaztelua nahiko ongi kontserbatua dago (salbuespena Antso III.a Nagusiaren gaztelu zaharraren zatia da, hau nahiko zabar edo hondatua baitago), hori dela eta, Europan hobekien mantendu den gaztelu erromanikoa dela esan ohi da. Bere sarreran dagoen kapera txikia nabarmentzen da (honek akustika harrigarria du), baita gazteluaren eliza bikaina ere (bertan zeuden margolan erromanikoak non dauden ez daki inork), zeinaren ganga bereziki aipagarria den (arte erromanikoan ez ohikoa baita).

Bitxikeriak aldatu

1983an Alfonso Ungríak zuzendutako Albaniaren konkista filmaren lehenbiziko gazteluaren eszenak Loarreko gaztelu honetan filmatu ziren; filmak XIV. mendeko Nafarroako konpainiaren istorioa kontatzen du, eta bertan euskal aktore ugari ageri dira, esate baterako Xabier Elorriaga, Klara Badiola, Ramón Barea, Patxi Biskert, Patxi Barko, Amaia Lasa eta Paco Sagarzazu. 2005ean Ridley Scottek zuzendutako Kingdom of Heaven filmaren gazteluko eszenak filmatu ziren; bertan Orlando Bloom, Liam Neeson, Jeremy Irons, Brendan Gleeson eta Edward Norton aktoreek hartu zuten parte.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Castillo de Loarre. arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-15).
  2. a b c ECC. Loarre. Enciclopedia del románico, arquivoltas.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-15).
  3. Loarre. Auñamendi Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-7-16).
  4. Buesa Conde, Domingo J.. La construcción del reino de Aragón y la consolidación del mundo románico. romanicodigital.com (Noiz kontsultatua: 2023-7-15).
  5. Stalley, Roger. (1999). Early Medieval Architecture. in: Oxford History of Art. Oxford: Oxford University Press, 83–84 or. ISBN 0-19-210048-3..

Kanpo estekak aldatu