Lizar arrunt
Lizar arrunta (Fraxinus excelsior), lizar izenaz ere ezaguna, batzuetan lizarrondo, Oleaceae familiako eta Fraxinus generoko zuhaitza da. Hosto galkorra du eta 20-35 m bitarteraino neurtzera iristen da.
Lizar arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Lamiales |
Familia | Oleaceae |
Generoa | Fraxinus |
Espeziea | Fraxinus excelsior |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | ash wood (en) , European ash (en) , Fraxinus excelsior seed oil (en) eta Fraxinus excelsior seed (en) |
Latinetik dator Fraxinus hitza, eta xabalina edo gezia esan nahi du (lizarraren zuraren antzinako erabilerari egiten dio erreferentzia). Excelsior hitzak zuhaitzaren garaierari egiten dio erreferentzia.
Euskal kulturako landare magikoenetarikoa da: baserriaren aurrealdean lizar bat izatea gomendagarria omen da, babesle gisa. San Joan gauean, adaxka bat jarri behar da atean, eta aurreko urtekoa suan erre. Lizarra ez da bedeinkatu behar; berez da bedeinkatua (Lekuonak bildutako esaera zaharra).
Ezaugarriak aldatu
Hosto erorkorreko zuhaitza da, eta tamaina handikoa: 40 m garai izan daiteke.
Zurtoina – Azala aldatu
Enbor zuzena du, eta azal grisa eta zartatua. Gainazala arrakalduz doa organismo helduenetan.
Hostoak aldatu
Hosto konposatuak ditu: hosto bakoitzak 7-13 eta kasu batzuetan 15 foliolo horzdun ditu, lantza formakoak. Orokorrean hostoak lantzeatuak eta krenatu edo serrulatuak direla esaten da, hau da, ertzetan koska biribildu eta ez oso sakonak dituztela. Hosto-begiak beltz eta handiak dira, eta neguan sortzen dira.
Loreak aldatu
Loreak, horixkak, hostoak baino lehenago sortzen dira, multzo txikitan, eta ez dute ez kalizarik ezta korolarik ere. Panikulatan bildutako lore apetalo eta asepaloak apirila eta maiatza artean loratzen dena eta samara motako fruituak ditu. Aipagarria da, loreak hostoak baino lehen zabaltzen direnez, fruituak aurreko urteko adarretan aurkitzen direla.
Fruituak aldatu
Berdea eta tximeleta formakoa da lizarraren fruitua: bi hegal ditu; eta luku zintzilikarietan sortzen da (samaretan)
Hazkuntza aldatu
Bizkor hazten da eta 120-150 urteraino iritsi daiteke.
Habitata aldatu
Europako zatirik handienean hedatzen da, ipar, hego eta ekialdeko muturretan salbu. Euskal Herriari dagokionez, kantauriar kostaldean arrunta da, baina mediterraneo aldera hurbildu ahala urrituz doa, azkenerako F.angustifoliak (lizar hosto txikiak) erabat ordezkatzen duen arte.
Basoak aldatu
Baso hostoerorkorretan bizi da, lurzoru freskoetan. Aukeran, baso aberats eta sakonak nahiago izaten ditu. Lurzoru eta hezetasun baldintza egokiak baditu, zuhaitz aitzindari bezala jokatzen du, hau da, kide dituen beste espezie batzuk baino hazkuntza potentzial handiagoa du lur berrietan. Hotzarekiko erresistentzia ere erakusten duenez, leku askotara hedatu da, hala 400-1800 metro bitarteko altuerako guneetan aurki genezake.
Baldintza klimatikoei dagokionez, gaztetan itzala onar dezakeen arren, heldutasunean gune eguzkitsuak behar ditu; hori dela eta, zuhaitz heliofiloa dela esaten da. Bestalde, gune ongi hidratatuetan nabarmentzen da, izan ere, lehorteek hazkuntza moteldu dezakete.
Ugalketa nola egin aldatu
Loratu apirilean eta maiatzan egiten da, fruituak abuztuan, irailan eta urrian sortzen dira. Martxoan eta apirilan erein da eta landatzeko hilabeterik egokienak abendua urtarrila eta otsaila dira.
Hazitik ugaldu ohi da eta bi urte behar ditu ernaltzeko. Aldaxkatik zaila da itsasten lortzea eta egitekotan udazken-neguan bildutako egur gogorreko aldaxkak erabili behar dira. Landare gazteak birlandatuz ere ongi ugal dezakegu.
Erabilera aldatu
Egurra zuria edo zertxobait arrosatua dauka, malgua eta zaila, lanabesen kirtenak, gurdiak eta torneriak egiteko oso egokia. Bestalde, bai egurra eta bai bere ikatza kalitatezko erregaiak dira. Hosto eta kimuak ganadu bazkarako oso aproposak direnez, zuhaitz hauek lepatu egin ohi dira. Euskal Herrian, artaldeak bazkatzen diren mendi larreetan, erabilera hau oso hedatua dago, eta beraz ohikoa da lizarra saroietan landatzea.
Fitoterapian folioloak eta enborraren azala erabili izan dira hanturaren aurkako tratamendu, diuretiko eta laxante gisa.
Kantauriar kostaldeko Euskal Herriaren mitologian sustraitutako zuhaitza da, eta bere adarrek oraindik ere etxeen sarrerak babesten dituzte udaberrian. San Joan gauean gainera, lizar adaxka berri bat jarri behar omen da etxeko atean, eta aurreko urtekoa suan erre. Lizarra ez da bedeinkatu behar; berez da bedeinkatua (Lekuonak bildutako esaera zaharra).
Beste izen arruntak aldatu
Fraxinus excelsior tokiko euskarazko testuetan[1]: lizar (lixar, leizar, leixar, lejar, lexar, lesar, letxar, letar, laixar, laizar, elisar, eleixar, elixar, luzar); lizarrondo; lizartze (lexartze); batzuetan erlekutza, etxe-lizar, leizar arbola, lizarreme, ustugei.
Erreferentziak aldatu
- ↑ Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: lizar arrunt . |