Libiako historia luzea da oso. Arkeologiak erakusten du K.a. VIII. milurtekoan ere Libiako kostaldeko lautadan Neolitoko herriak bizi zirela. Behi heziketan eta labore lanetan jarduten zuten. Egungo Libia izatekoa zen tokira herri asko iritsi ziren, feniziarrak, kartagotarrak, greziarrak, erromatarrak, vandaloak eta bizantziarrak besteak beste.

Erromatar garaiko antzoki baten aurriak

K.A. VII. mendea - XVI. mendea: herri askoren iritsierak aldatu

Libia izena Nilo ibaiaren mendebaleko Ipar Afrikako lurraldeari eman zioten grekoek, K.a. XX. mende aldera lurralde haietan bizi zen herriaren izenaz. K.a. VII. mendean feniziarrak Tripoli aldean kokatu ziren (Tripolitania, Libiako ipar-mendebala) eta ondoko mendeetan sartalderantz zabaldu ziren handik Kartago sortzeko.

K.a. VII. mende horretan bertan finkatu ziren greziarrak Zirenaikan (Libiako ipar-ekialdea). K.a. lehen mendean erromatarrak jabetu ziren lurralde haietaz: Tripolitania Africa Nova herrialdearen barnean geratu zen eta herrialde berezi bat osatu zuen Zirenaikak Kretako uhartearekin batean. Erromako inperioaren ondoren, bizantziarrak nagusitu ziren bietan eta VII. mendean arabiar musulmanen mendean geratu ziren. Tripolitania Marokoko almohade berberiarren manupean egon zen luzaroan, eta Zirenaika Kairoko musulmanen esku egon zen.

XVI. mendea - XX. mendea: turkiar otomandarren agintea aldatu

XVI. mendearen hasieran turkiar otomandarrek lurralde haiek guztiak konkistatu eta hiru herrialde nagusi osatu zituzten egungo Libian, Tripoli hiri nagusi zela: Fezzan, Zirenaika eta Tripolitania. XVIII. mendean Karamanli dinastia gailendu zen Tripolin eta 120 urtez agindu zuen Libia osoan. 1835ean otomandarrek hartu zuten zuzeneko aginpidea Libia osoan eta 1837an Islameko Sanusiyah ordena egokitu zen lurraldean. XIX. mendetik aurrera Sanusiyah ordenak eragin handia izan zuen Libiako politikan.

XX. mendea - 2011 aldatu

 
Idris I. erregea.
 
Muammar al Kadafi.

1911n Italiako gudarostea gailendu zen eta beduino abertzaleen borroka hasi zen ondoko urteetan. Italiarrek eragin handia izan zuten Libian Bigarren Mundu Gerra arte.

Nazio Batuen Erakundeak, 1949ko azaroaren 21ean, 1951ko abenduaren 24 baino lehen Libia independiete bihurtu behar zen ebazpena eman zuen. Egun horretan, Libiak ofizialki independentzia aldarrikatu zuen Libiako Erresuma Batuaren izenpean. Idris I.a errege bihurtu zen. 1951n Libiako erresuma sortu zen eta 1953an Arabiarren Ligako kide bihurtu zen Libiako estatua. 1959an petrolioa aurkitu zen.

1969an Libiako buruzagi militar gazte talde batek hartu zuen Libiako aginpidea, Muammar al Kaddafi koronela buru zutela. Libiako errepublika arabiarra aldarrikatu zuen Kaddafik, eta sozialismorako bidean ipini zuen bere herria. Kanpo politikan, Kaddafik palestinarren alde jardun du beti eta, 1979tik aurrera, zuzeneko esku-hartze militarrak bideratu ditu Txaden eta Ugandan.

1985eko ekainean Kaddafik itun bat sinatu zuen Iranekin, eta Egiptorekin eta Tunisiarekin zituen harreman diplomatikoak eten egin zituen. Libiako gobernuak hegazkinei eta itsasontziei Sirten sartzeko debekua ezarri zien; Sirten maniobrak egiten ari zen Estatu Batuetako gudarostea eta han sartzeko debekuak Estatu Batuen eta Libiaren arteko tirabirak areagotu egin zituen.

1986an Libiako talde armatu batek atentatu bat egin zuen Estatu Batuetako militarren kontra. Reaganen gobernuak talde islamiar erradikalei laguntza ematen zielako salaketa egin zion Libiari, eta Tripoli eta Bengasi bonbardatu zituen. Libiak ez zuen Persiako golkoko gerran parte hartu. 1991n Frantziako, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako gobernuek Pan Am eta UTA konpainietako hegazkinen kontrako atentatuetarako laguntza eman izana leporatu zioten Libiari, eta 1992an NBk blokeo ekonomikoa ezarri zion.

Blokeo horrek Libiaren geroztiko politika guztia baldintzatu du. Krisiaren erdian, Kaddafik deialdiak egin zizkien arabiar herriei beren agintarien aurka altxa zitezen, ezin baitzuen onartu arabiar estatuek ere blokeoa errespetatzea. Hala, 1993ko urtarrilean, mugak itxi zituen berriro Tunisiarekin eta Egiptorekin. Gertaerarik dramatikoenak, hala ere, 1993tik 1995era bitartean jazo ziren, milaka atzerritar langile kanporatu baitzituzten “zama ekonomikoak” zirelako. 10.000 thailandiar, 10.000 egiptoar eta tunisiar, 20.000 palestinar, eta 350.000 afrikar (sudandarrak, txadarrak eta maliarrak) bota zituzten Libiatik.

Testuinguru zail horretan, libiar diplomatikoak garaipen txikiak lortzen hasi ziren: Arabiar Ligak, 1997ko irailean, blokeoa altxatzea erabaki zuen (osorik ez bazen ere), Afrikar Batasunaren Erakundea osatzen duten afrikar estatuek blokeoa ez errespetatzera deliberatu ziren 1998ko ekainetik aurrera, Asiako estatu askok (Txina, Iran, Korea…), Errusiak eta Europako hainbat herrialdek, 1996tik aurrera, amerikarren presioei muzin egin eta Tripolirekiko harremanei ekin zieten.

1999ko apirilean, azkenik, negoziazio luzeen ondoren eta Hegoafrikaren eta Saudi Arabiaren bitartekotzari esker, Libiak eskoziar justiziari entregatu zizkion atentatu egiletzat harturiko bi susmagarriak Herbehereetan. NBko Segurtasun Kontseiluak bertan behera utzi zituen aireko blokeoa, armei buruzkoa, petrolio tresneriena eta finantza ondasunen izozte neurriak.

Bi aste geroago Europar Batasunak gauza bera egin zuen, arma esportazioen blokeoan salbu. Izandako galera handiak gorabehera, bizi maila jaitsi den arren eta inflazioak eta langabeziak gora egin arren, libiar ekonomiak ez zien lur jo. Azken urteetan merkatu ekonomian sartzera bideratutako hainbat neurri hartu ziren, pribatizazio prozesua adibidez (industria, hezkuntza, osasuna) eta Libiairen nazioarteko harremanek hobera egin dute.

Nolanahi ere, borroka ideologikoan aginteak ez zuen amore eman eta Kaddafik lehenean segitzen zuen, noizbait hasi zuen kultura eta ideologia iraultzari bultzada emanez, “iraultzaren gidaria” hiltzeko ahaleginak eta konplotak urtero izaten ziren arren eta erregimen autoritarioa zen arren (1995eko uztailean 5.000 pertsona atxilotu zituzten eta 1996an 250 lagun hil zituzten poliziek edo militarrek).

Muammar Abu Minyar al Kadafik boterean jarraitu zuen harik eta 2011ko Libiako Gerra Zibilean agintetik kendu eta erail zuten arte.

2011tik aurrera: Libia ezengokortasunean aldatu

2011 aldatu

 
Matxinadaren aldeko manifestazioa, Baidan, 2011an.

2011ko Arabiar Udaberriak ekarritako udazken ilunenetakoa zen Libiakoa. Kaddafi agintetik kendu zutenean, ordura arte zentralizatuta egondako boterea mila zatitan hautsi eta sakabanatu zen. Gauza bera gertatu zen armadarekin, eta herrialdea Afrika Iparraldeko armen bazar handiena bilakatu zen. Gaddafiren aurka aliatutako taldeek aise eskuratu zuten material militarra, eta nonahi sortu ziren gatazka armatuak. Milatik gora milizia zeuden; batzuek aliantzak osatu zituzten, eta bakoitzak aldarrikatzen zuen bere lurralde zatitxoa[1].

2012 aldatu

2012an egin zituzten Kaddafiren osteko lehenbiziko hauteskundeak, baina alferrik izan ziren gobernu zentral sendo bat osatzeko ahalegin guztiak: alderdi bakoitzak harreman estuagoa zeukan milizia batzuekin besteekin baino, eta botereari eusteko erabiltzen zituen maiz. Lehen ministroak bata bestearen atzetik jarri eta kendu zituzten kargutik —hiru urtean bost—, eta Kaddafiren gainbeheratik idatzi nahi zuten konstituzioa oraindik ez zegoena[1].

2014 aldatu

Udaberrian, hiru aliantza handiren inguruan bilduta zeuden Libiako milizia nagusiak. Egunsenti Libiarrak 2012ko bozetatik sortutako legebiltzarra babesten zuen —Kontseilu Nazional Orokorra—, eta Tripoli kontrolpean zeukalako zen hain ahaltsua. Hiriburuko aireportua, ordea, Zintan aliantza nazionalistaren kontrolpean egon zen Kaddafi erori zenetik udaberrira arte. Hark ekialdean zuen boteregunea, eta Khalifa Hifter koronel ohiaren indarrekin aliatuta zegoen. Hifter Gaddafiren garaiko militarra zen. 2011ko istiluetan agertu zen berriro, Kaddafiren aurkako protesten irudi. Bengazi inguruan zuen, batez ere, boterea; islamisten aurka ziharduela zion, baina askok botere gosea baino ez izatea leporatzen zioten. Maiatzean, haren miliziek Tripoliko parlamentuari egin zioten eraso; estatu kolpea ematen saiatzea egotzi ziotena[1].

Ekainaren 25ean berriro egin zituzten hauteskundeak, giroa baretzeko asmoz. Alderdi nazionalistek emaitza hobeak lortu zituzten, eta legebiltzar berria eratu zuen, Abdula al-Tani gobernuburu jarrita. Islamistek ez zuten onartu, eta Kontseilu Nazional Orokorrak —parlamentu zaharrak— botereari eutsiko ziola iragarri zuen. Uztailean istilu larriak izan ziren hiriburuan, eta, azkenean, Egunsenti Libiarrak aireportua ere hartu zuen kontrolpean. Parlamentu berriak Tobrukera aldatu zuen egoitza, Diputatuen Kongresua izenarekin. Ordutik, elkarren zilegitasuna ukatzen zuten bi parlamentu zituen Libiaka[1].

Uztailaren 25an, Libiako parlamenturako hauteskundeak egin ziren. Hautagai sekularrek lortu zuten gehiengoa parlamentuko hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Gorenak jakinarazi zuenez. 1.714 hautagai aurkeztu ziren, berrehun eserleku betetzeko. Horietako hemezortzi hutsik zeuden, borrokek bozak zenbatzea eragotzi baitzuten zenbait barrutitan. Parte hartzea %41ekoa izan zen. Ekainaren 25ean, Bengazi eta Dernako bozkalekuetan, liskarrak sortu ziren milizia armatuen eta segurtasun indarren artean. Orotara, hiru pertsona hil eta 25 zauritu zituzten. Uztailaren 23an, zortzi pertsona hil eta 81 zauritu ziren Bengazin, Khalifa Hafter jeneralaren indar paramilitarren eta milizia islamiarren arteko borroka batean. Azkenaldian, Bengaziren kontrola hartzeko gatazkak areagotzen ari ziren. Tripoliko aireportuan ere borrokak egon ziren. Misratah hiriko milizia islamiarren eta Zintango milizien artean sortu zen liskarra, aireportua kontrolatzeko. Ondorioz, Libiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, borroketan 47 pertsona hil eta 120 zauritu ziren aurreko astetik, zibilak gehienak. Egoeraz larrituta, NBEk Libian zuen misioa eten du, eta Filipinek, adibidez, 13.000 langile atera zituzten[2].

Uztailaren 26an, AEBetako Gobernuak Libiako hiriburuan zuen enbaxada itxi eta husteko agindua eman zuen. Orotara 150 lagun atera zituzten Tripolitik, eta Tunisiako enbaxadara eraman. Komunikatu baten bidez Libiako herriarekiko "elkartasuna" adierazi zuen AEBetako Estatu Departamenduak, baina aldi berean iragarri du enbaxadako langileek atzerritik egingo zutela lan, herrialdea "normaltasunera" itzuli artean. Baziren hamar egun milizien eta armadaren arteko enfrentamenduak hasi zirela, eta ordutik gutxienez 50 pertsona hil ziren, eta dozenaka zauritu[3].

Uztailaren 27an, azken bi egunetan gutxienez 38 pertsona hil ziren Libian, aurkako milizien artean Bengasi hirian izandako istiluetan. Hildakoen artean milizianoak eta zibilak zeuden. Ekainaren 26an, beste 10 pertsona hil ziren Bengasi ekialdeko Bu Atni gunean, "Saiga" Indar Berezietako gizon armatuen eta "Iraultzaileen Kontseilua" milizianoen artean izandako liskarretan. Liskarren erdigunea Indar Berezien kuartel baten ingurunea zen[4]. Bestalde, Libiako Zintango eta Misratahko miliziak elkarren aurka borrokatu ziren Tripoliko aireportua hartzeko. AEBek enbaxada hustu egin zuen[5].

Uztailaren 29an, Frantziako, Italiako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Espainiako herritartasuna zituztenak Libiatik aterako zituzten. Tripoliko aireportuko liskarretan, gutxienez 97 pertsona hil ziren ordurako, eta 400 baino gehiago zauritu zituzten. Libiako Gobernuak adierazi zuen egoera «oso larria» zela[6].

Uztailaren 30ean, Libiako miliziek 24 orduko su-etena adostu zuten Tripolin, suhiltzaileek su hartutako erregai biltegi bat itzali arte. Italiak zazpi hegazkin bidali zituen sua amatatzen laguntzeko. Hilaren 13an herrialdeko miliziek aireportua hartzeko borroketan hasi ziren[7].

Abuztuaren 2an, Libiako parlamentu berriaren zati handi bat bildu zen lehenengoz, Tobruk hirian. Berez, abuztuaren 3an zen lehen saio ofiziala, baina «kontsultarako» saio bat egin zutela azaldu zuen Abu Baker Buira buruak. Gatazka betean hasi zen parlamentu berria lanean; Tunisiak kezka adierazi zuen hel zekizkiokeen errefuxiatu uholdeengatik; Erresuma Batuak Tripoliko enbaxada itxi du behin-behinean[8].

Abuztuaren 12an, Tripoliko Polizia buru Mohamed Suisi hil zuten tiroz. Gizon armatu batzuek, Suisi zihoan autoa geldiarazi, eta tiro egin zioten. Haren segurtasun arduraduna ere hil zuten[9].

Abuztuaren 13an, Tripoli hiriburuan eta Bengazi hirian, milizien arteko borrokak zeuden eta hiriburuko nazioarteko aireportuaren kontrolagatik ere borrokatzen ari ziren. Horregatik, Libiako Parlamentuak NBEri eskatu zion militarki esku hartzeko herrialdean, zibilak babesteko[10].

Abuztuaren 25ean, Egiptoko Gobernuak «ekinbide» bat abiatuko zuela adierazi zuen Libiakoari laguntzeko. Sameh Xukri Atzerri Gaietarako ministroak jakinarazi zuenez, Libiako armada berrantolatu eta miliziei armak kentzeko hainbat neurri onartuko zituzten inguruko herrialdeek[11].

Irailaren 1ean, ekainaren 25eko hauteskundeetatik sortutako parlamentuak gobernua osatzeko eskatu zion Abdala al-Teni Libiako lehen ministroari Libiako parlamentu berriak. Al-Tenik aurreko astean aurkeztu zion bere kabinetearen dimisioa Tobrukeko legebiltzarrari, berria eratzeko enkargua jasotzeko. Bien bitartean, ekainaren 25era arte indarrean egondako parlamentuak ez zuen kargua utzi, eta gobernu paralelo bat sortu zuen Tripolin[12].

Azaroaren 6an, Tobruken osatutako legebiltzarra eta hark hartutako erabaki guztiak —Abdallah al-Zani lehen ministroa buru zuen gobernuaren izendapena barne— baliogabetu egin zituen Libiako Auzitegi Gorenak. Aurreko legebiltzarrak, Tripolin, Omar al-Hasi izendatu zuen gobernuburu[13].

Abenduaren 6an, Libiako Derna hiria menperatzen zuten islamistak Estatu Islamikoaren alde agertu ziren. AEBen ustez, EIren «200 borrokalari inguru» zeuden Libian eta «entrenamendua eta logistika» jasotzen ari ziren[14].

Abenduaren 26an, Libiako bi gobernuak herrialdeko baliabideak kontrolatzeko gerra zibilean sarturik zeuden[15].

Abenduaren 30ean, Tobrukeko parlamentuaren aurrean bonba bat lehertu zuten[16].

2015 aldatu

Urtarrilaren 13an, Libian gerran zeuden aldeak elkartzea eskuratu zuen NBEk[17].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Samara Velte, «Zuloz betetako gazta», Berria, 2014-08-31
  2. http://www.berria.eus/paperekoa/1813/013/001/2014-07-23/libian_hautagai_sekularrek_lortu_dute_gehiengoa_parlamentuan.htm Berria, 2014-07-23
  3. http://www.berria.eus/albisteak/94334/aebek_tripolin_duten_enbaxada_itxi_dute_enfrentamenduak_direla_eta.htm Berria, 2014-07-26
  4. http://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/2442290/libia--gutxienez-38-pertsona-hil-dira-milizien-arteko-istiluetan/ EiTB, 2014-07-27
  5. http://www.berria.eus/paperekoa/5002173/016/003/2014-07-27/libiako_enbaxada_hustu_dute_aebek_borroken_beldur.htm Berria, 2014-07-27
  6. «Mendebaldeko herritarrak aterako dituzte Libiatik», Berria, 2014-07-29
  7. «Tripoliko sutea itzaltzeko, 24 orduko su-etena», Berria, 2014-07-31
  8. ««Kontsultarako» lehenbiziko bilera egin du Libiako parlamentu berriak», Berria, 2014-08-03
  9. «Tripoliko Polizia burua eta haren segurtasun arduraduna hil dituzte Libian», Berria, 2014-08-13
  10. «NBEk militarki esku har dezatela eskatu dute Libian», Berria, 2014-08-14
  11. «Egiptoren laguntza jasoko du Libiako Gobernuak, miliziei armak kentzeko», Berria, 2014-08-26
  12. «Libiako parlamentu berriak gobernua osatzeko eskatu dio Abdala al-Teniri», Berria, 2014-09-02
  13. «Libiako auzitegiek legebiltzar berria baliogabetu dute», Berria, 2014-11-07
  14. Mikel Rodriguez, «Kalifatoaren bandera Afrikan», Berria, 2014-12-07
  15. Adrian Garcia, «Urre beltza, anabasaren erdigunean», Berria, 2014-12-27
  16. «Libian Tobrukeko parlamentuaren aurrean bonba bat zartarazi dute», Berria, 2014-12-31
  17. «Libian gerran diren aldeak elkartzea lortu du NBEk», Berria, 2015-01-14

Kanpo estekak aldatu