Lazarragatarren jauregia

eraikitako euskal ondare nabaria Zalduondon
Artikulu hau Zalduondoko jauregiri buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lazarraga (argipena)».

Lazarragatarren jauregia edo Lazarraga jauregia Arabako Zalduondoko herriko erdialdean, elizaren ondoan dago. Herrian Gizonen jauregia ere deitzen zaio ("Casa de los guizones", gaurdaino heldu den bezala), aurrealdeko armarriaren alde bietan gizon handi bana agertzen delako, gerlariak. Herriko museoa dugu gaur egun, Museo Etnografikoa, alegia. Jauregia XVI. mendeko bigarren erdialdean eraikia da. Jatorrian, Lazarragatarrak Oñatitik etorritako sendia izan zen, eta horren seinalea ate nagusiaren armarrian dugu. Zalduondoko Museo Etnografikoaren egoitza da egun.

Lazarragatarren jauregia
Kultura ondasuna
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaZalduondo
Koordenatuak42°53′09″N 2°20′49″W / 42.88588°N 2.347°W / 42.88588; -2.347
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Ondarea
BICRI-51-0005125
5

Deskribapena aldatu

Oro har, esan daiteke eraikinak oin karratua duela; etxaurrea hareharrizko harlanduz egina dago eta besteak harri-hormazkoak dira. Solairu nagusiaz gainera beheko solairua dauka. Teilatua neurri handikoa da; lau uretara du isuria eta zeramikazko teilaz estalia dago.

Kanpoaldea aldatu

Erlaitza oso xinplea da, bi lerro teilaz osatua; teilak buelta emanda daude, bata bestearen gainean. Ekialdean neurri handiko ataria du, teilatuaren hegala bera baino garaiagoa. Etxaurrean bi zati nabarmentzen dira; behekoan, sarrerako ate handian, alde banatan, bina zutabe joniko daude, ildaskatutako fustedunak.

Goikoan armarri handi bat dago, alde batetik Oñatiko ezkutuan agertzen diren arranoa eta oreina dituena (honek Lazarraga leinua adierazten du) eta bestetik Bizkaiko jaurerriaren zuhaitza eta otsoak (honek Lezea-Amezaga leinua adierazten du)[1].

Osagaiak klasikoak dira, alde batean eta bestean, gerlari erraldoi bana ditu armarriak. Ate nagusiaren alde banatan, balkoiak daude, harrizko mentsula handien gainean. Baranda ondo landutako burdinaz egina dago. Hegoaldeko fatxadak solairu nagusiaren altueran galeria du; euskarri dira zutabeak, berpizkunde garaikoak, eta zutabe-buru, korintiar kapitelak.

Barnealdea aldatu

Eraikinaren barne funtzionamenduaren egiturak bi ardatz ezartzen ditu, atariarekiko eta galeriarekiko elkarzutak. Ardatz bi hauek solairu ezberdinetan daudenez, altuera biko hutsunea utzi zuten, bien arteko lokarri. Hutsune horren euskarri dira beheko solairuko zutabeak, berpizkunde garaikoak; horrek indar handiagoa ematen dio leku horri. Goiko galeriatik sartzen da argia bi solairuetara, eta, argia ardatz izanik, hierarkia-gunea antolatzen da eraikinean; etxeko leku guztietara joateko gune nagusia da, inguruan gelak daudela.

Eskailera, eraikinaren bi ardatz nagusiak oinarritzat hartuta, garrantzi handiko lekuan dago; era horretan, nahiz eta neurri handikoa ez izan, garrantzi handikoa da. Eskailerak jatorrizko mailak ditu oraindik, harlanduzkoak. Etxeak eraikina egin zeneko margoak zituen eskaileran eta galerian; baina, egoera txarrean zeudenez, tauletan jarri zituzten, han, jauregian bertan. Aipatutako margoen gaietako bat Lazarraga eta Santa Cruz jaunen armarriak ditugu, jaun horiek baitziren egun galduta dagoen Zalduondoko dorreko nagusiak. Gainerako margoetan pertsonen erretratuak agertzen dira, bakoitza bere jarreran, pertsonaietako batzuk erlijio-mundukoak direla.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. «Irudia 55398001.jpg - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu