Konstituzio plaza (Donostiako Plaza Berria)

eraikitako euskal ondare nabaria Donostian
Konstituzio plaza (Donostia)» orritik birbideratua)

Donostiako Plaza Berria edo Konstituzio Plaza Gipuzkoako Donostia hiriburuan dagoen plaza bat da, Parte Zaharraren erdialdean. 1722koa denez, lekuak 300 urte bete zituen 2022an.[1][2] Euskaraz eta modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen XX. mende erdialde arte. Beste hainbat hiritako 'plaza berriak' bezala neoklasiko estilokoa da, oinarri karratukoa, eta harrizko arkupeak ditu. Ezaugarri nagusitzat arkupeak dituen plaza honetan ospatu ohi dira hiriko jai handiak (Danborrada, San Tomas feria, San Juan sua. Aste Nagusiko dantza alardeak...).

Konstituzio plaza (Donostiako Plaza Berria)
Kultura ondasuna
Parte Zaharra
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′25″N 1°59′06″W / 43.32361°N 1.98489°W / 43.32361; -1.98489
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1722, 1817
Arkitektura
ArkitektoaPedro Manuel Ugartemendia
EstiloaArkitektura neoklasikoa
Ondarea
BICRI-51-0005140
767

Bertan dago, halaber, Donostiako Udaletxe zaharra, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.

Izena aldatu

 
Plaza Berriaren 300. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Historian plaza honek izen desberdinak izan ditu: Plaza Berria, Konstituzio Plaza, Uztailaren 18ko Plaza eta Konstituzio Plaza berriz ere. Plaza Berria da izen zaharrena, San Jeronimo kalearen irteeran baitzegoen betiko Plaza Zaharra eta, Berwickeko dukearen erasoan izandako kalteen ondoren (1719), plaza berri bat eraiki zen lehenago etxeak zeuden orubean: egungo Konstituzio Plaza.

Egungo izena 1820an jarri zioten, ez udalaren aginduz, baizik eta orduko Donostiako elite liberalek, La Sociedad Patriótica de San Sebastián elkartean bilduta (Tertulia Constitucional La Balandra ere deitua), hala ezarrita. Josu Tellabidek oso espainiarzaletzat dauka elkarte hori.[3] Haatik, 1898an, Donostiako Udalak bi izendapen onartu zituen ofizialki: gaztelaniaz, Plaza de la Constitución, eta euskaraz, Plaza Berria.

Modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen urteetan, nahiz eta ofizialki beste izen batzuk ezarri ziren, frankismo garaian konsti izena ere hasi zen erabiltzen modu herrikoian, izen ofiziala 'Plaza del 18 de julio' zenean.[4][2]

Egitura eta kokalekua aldatu

Arkupedun eraikinez inguratutako leku atsegin honetan garai batean Donostiako udaletxea egon zen eraikineko erlojua nabarmentzen da. Gaur egun bertatik paseatu edota tabernetako kanpoko mahaietan eseri ohi direnak sarritan plaza honetako xehetasun batekin harritzen dira: plazara jotzen duen balkoi bakoitza zenbaki batez adierazita dago. Xehetasun hau garai batean plaza hau zezen plaza zeneko oroigarria da, zezenleku honek 147 balkoi edo palko zituen. Plaza honek estilo neoklasikoa du.

Plazaren inguruko kaleak honako hauek dira: Arrandegi kalea, Fermin Kalbeton kalea, Iñigo kalea, Joan Bilbao kalea, Narrika kalea, Portu kalea eta San Jeronimo kalea.

Historia aldatu

Antzina, harresi barruko Donostiak plaza bakarra zuen XVI. mendean, Plaza Zaharra izenekoa (gaur egungo Ugartemendia plazan, Bulebarreko erlojuaren inguruan, zegoen). Plaza hori militarrek erabiltzen zuten maniobretarako, eta arazoak izaten zituzten herritarrek beren ospakizun eta ekitaldietarako.[2]

Plaza Berria (1722) aldatu

Horrela, hiriaren erdialdeko etxe batzuk bota eta Plaza Berria sortu zuten egungo Konstituzio plazaren lekuan 1719ko setioko eraikin kaltetuen tokian. 1722ko urtarrilaren 18an inauguratu zuten, eta Plaza Berria izena jarri zioten. Aurrekoa, harresiaren ondoan zegoena, gaur egungo bulebarrean, Plaza Zaharra bilakatu zen.[2]

Plaza Berria eta Plaza de la Constitución (1817) aldatu

 
Donostiako Plaza Berrian 1817an egin ziren lanak eta ospakizunak (Baldomero Anabitarte, 1903).[5]

Plaza hura (ia Donostia osoarekin batera) suntsituta geratu zen 1813ko abuztuaren 31ko asalto eta sutearen ondorioz. Egungo plaza 1817an Pedro Ugartemendia eta Alejo de Mirandak eraiki zuten, suntsiketa haren ondorengo berreraikitzeko proiektuaren lanik aipagarriena plaza hau eraikitzea izan baitzen.[2] Berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan. Bizente Etxagaraik bertsoak idatzi zituen ospakizunerako (Donostiako plaza berriko metarriyen asierarizortzikoa).[6][7]

1820an, ordea, ‘Plaza de la Constitución’ izena inposatu zuten, Cadizko 1812ko konstituzioa goraipatzeko. Sociedad Patriotica de San Sebastian izan zen horren eragilea, Donostiako elite liberalaren elkarte espainiarzalea. Aipatu elkarteko sortzailea zen Jose Manuel Collado, eta partaideak Donostiako familia aberatsetako kideak ziren: Etxague jenerala, Joaquin Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton Luzuriaga eta abar. Herritarrek, ordea, euskal elebakarrak gehienak, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.[2]

1896an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko kale eta plazak bi hizkuntzatan errotulatu behar zirela. Agindu hori betez, udalbatzak 1897an erabaki hau hartu zuen: Plaza Berria jartzea herritarren ohitura jarraituz. Halere, ‘Plaza Constitucion’ mantendu zuten, ez baitziren ausartu inposatutako izena kentzen edo ez zieten utzi.[2]

Plaza del 18 de julio (1936) aldatu

1936ko altxamendu militarraren ondoren, ‘Plaza del 18 de julio’ izena jarri zioten. Izen hori mantendu zuen frankismoa bukatu zen arte. Euskaraz egitea guztiz debekatua eta zigortua zegoen garai hartan, '18 de julio' ez esatearren, herritarrak ‘La Consti’ eta ‘Ko(n)sti’ esaten hasi ziren. Eta horrek ekarri zuen Plaza Berria izena ahanzturan erortzea.[2]

Plaza de la Constitución / Konstituzio plaza (1978) aldatu

1978an Espainiako konstituzioa erreferendum bidez onartu zenean, haren omenez, gerra aurretik plazak zuen izena jarri zioten. ‘Plaza de la Constitucion’ euskaraz ere jarri zuten, ‘Konstituzio plaza’ izenarekin.[2]

2013an, 1813ko asalto eta sutearen 200. urteurrenean, eta 2022an, plazaren 300. urteurrenean, eskaerak egin ziren plazaren jatorrizko izena ofizialki berreskuratzeko.[8]

Ospakizunak urtean zehar aldatu

 
Jose Ignazio Ansorena Donostiako udal txistulariekin. Igandero eguerdian Plaza Berrian.
Sakontzeko, irakurri: «Donostiako Danborrada»

Normalki leku lasaia izan ohi da, baina jai egun garrantzitsuetan jendez lepo egoten da, adibidez San Tomas Egunean eta bereziki Donostiako jai nagusia den San Sebastian Egunean, urtarrilaren 20ko egun honetan plaza jendez bete eta San Sebastian martxa jotzen baita.

1931atik aurrera hiriko agintariek plaza honetan Gizon-dantza dantzatu ohi zuten San Juan bezperan (aurretik ziurrenik beste lekuren batean dantzatzen zen), gerora ohitura galdu egin zelarik. 2011n Juan Karlos Izagirre alkateak berriro dantzatu zuen.[9]

Noiz Ospakizuna Plaza Berrian
Urtarrilaren 20an Donostia eguna, Danborrada
Otsailean ihauteriak baino lehen Kaldereroak
Ekainaren 23 eta 24an Lizarra plaza erdian, Donibane sua, alkateak aurreskua dantzatzen du.[9]
Abuztuaren 15eko astea Aste Nagusian Txisturlari eta Dantzarien alardeak arratsaldero,
Iraileko lehen bi asteetan Euskal Jaiak. Jolasak eta ikuskizunak arratsaldeetan, berbena gauetan
Abenduaren 20an San Tomas jaia
Urte osoan igandero Txistu kontzertua. Jose Ignazio Ansorena Donostiako udal txistulariekin. Igandero eguerdian

Beste 'Plaza Berri' batzuk aldatu

Izen bereko beste hainbat plaza ere badira. Denak XVIII. edo XIX. mendekoak dira, neoklasiko estilokoak, oinarri karratukoak, eta harrizko arkupeak dituzte (Donibane Garazin, Tolosan eta Laestosan ez baina). Gutxienez sei hauek dira "Plaza Berria':

Plaza Hiria Beste izen ofizialik? Auzoa Urtea Arkitektoak
Plaza Barria (Bilbo) Bilbo Zazpikaleak 1829-1851 Silvestre Pérez, Antonio Etxebarria eta Avelino Goikoetxea
Plaza Berria (Donibane Garazi) Donibane Garazi Alde Zaharra
Plaza Berria (Donostia) Donostia Konstituzio plaza (1820-1936), Plaza del 18 de julio (1936-1978) Parte zaharra 1722 eta 1817 1722an Hércules Torrelli

1817an Pedro Ugartemendia eta Alejo de Miranda

Plaza Berria (Gasteiz) [10] Gasteiz Konstituzio Plaza (1812-1927), Jauregiaren Plaza Zentrala (1828), Alfontso XIII.a plaza (1927-1936), Espainia plaza (1936tik).[11] Gasteizko Zabalgunea 1791 Justo Antonio Olagibel
Plaza Berria (Lanestosa) Lanestosa
Plaza Berria (Tafalla) Tafalla Frantzisko Nafarroakoa plaza Erdigunean 1866 edo 1858 Martin Sarasibar Lafuente
Plaza Berria (Tolosa) Tolosa Alde Zaharrean, Iribarateta 1700? (XVIII. mendea)

Ondarea aldatu

Plazako eraikin nagusia Donostiako Udaletxe zaharrarena (1832) da, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.

Donostiako Plaza Berriko bertsoak (1817) aldatu

 
Jose Bizente Etxagarai
 
Arratsaldeko argi-jokoak Plaza Berriko arkupean.

Donostiako Plaza Berria berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan. Hauexek Bizente Etxagaraik irailaren 16koak kontatuz idatzi zituen bertsoak:[6][7]

Donostiako plaza berriko metarriyen asierari. Zortzikoa.

1.

Egun konsolagarri

zorionekoa,

amaseigarreneko

Agorrillekoa:

neurritu dana Plaza

Donostiyakoa,

aztu bear dubena

len erretakoa.

2.

Atzo goiz beranbuban

Donostiko erriyan

ekusgarririk asko

zen Plaza Berriyan:

alkiyak ipiñirik

inguru guztiyan,

agintariyak zeuden

jarririk erdiyan.

3.

An ziren kabildo ta

Errege gizonak,

an ziren gure junta

obretako jaunak

etxegille nagusi

agintariyenak,

ezpata-dantzari ta

soñurik onenak.

4.

Edertasun andi bat

goizeko amaiketan

zegoan jendezkoa

leku guztiyetan:

Plazan eta kaleko

etxe berriyetan,

arri pilla, leyo zar,

pareta gañetan.

5.

Arri urdiñ biribil

lenbizikoetan

atzo sartu dirade

Plaza-kantoyetan

paper eta dirubak

frasko ederretan,

noizbait jakin dadiyen

ondorengoetan.

6.

Ekarriko dirade

bereala arriyak,

egiteko bertatik

pillare beriyak:

guztiz izango dira

sendo eta egokiyak,

orpoetan urdiñak,

gañean zuriyak.

7.

Gero asiko dira

egiten etxeak,

ogei ta bosteraño

posible ez obeak:

berdintasunarekin

banaita gabeak

artuko dituztenak

Plazan iru aldeak.

8.

Kontzejuko etxeak

artuko du urrena

gure Plaza Berriko

alde laugarrena:

zimenduak sendoki

egiñik aurrena,

izango da herriko

lanik ederrena.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Pi Chevrot, Jose Javier. (2019-11-06). «La Plaza Nueva y su Casa Concejil. Donostia-San Sebastián. 1715-1722. Creación de una pieza urbana modélica.» www.educacion.gob.es (Universidad Politécnica de Catalunya) (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  2. a b c d e f g h i Tellabide, Josu; Manterola, Marije; Dani, Goñi; Legorburu, Mikel. «Donostiako Plaza Berriak 300 urte» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
  3. Berria.eus. «Donostiako kale izendegia gora eta izendegia behera» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
  4. https://web.archive.org/web/20111229163413/http://www.gipuzkoaturismo.net/WAS/CORP/DITPortalTurismoPublicoWEB/Detalle.do?destino=irADetalle&codigoFN=D.4.1.14&seccion=PAGINA_DETALLE&buscaFN=false Donostiako Konstituzioaren plaza. Gipuzkoako Turismo Bulegoaren webgunea
  5. (Gaztelaniaz) Anabitarte, Baldomero. (1903). Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX. Donostia: Imprenta y encuadernación de Francisco Juenet, 51-55 or..
  6. a b Zavala, Antonio. FESTARA. Jose Vicente de Echagaray. (Berre bertso guztien bilduma). Auspoa.
  7. a b «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  8. Josu Tellabide, Marije Manterola, Dani Goñi eta Mikel Legorburu Plaza Berria Berreskuratu Dezagun. (2022). «Plaza Berria, 300 urte!» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
  9. a b Lide, Aguirre. La Gizon Dantza unió a la corporación. Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2011-6-26).
  10. a b «Zatoz Gasteizko Plaza Berrira 2023ari ongietorria EITBrekin batera emateko» EITB 2022-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  11. «Gasteizko Espainia plaza berriz ere Plaza Berria izan dadin, sinadura bilketa» Bizi Baratzea (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia