Kongoko Lehen Gerra 1996-1997 bitarteko gerra zibila eta nazioarteko gatazka armatua izan zen, Zairen, egungo Kongoko Errepublika Demokratikoan, gertatutakoa. Mobutu Sese Seko presidentearen aurkako matxinoek, Ruanda, Uganda eta beste estatu batzuen laguntzarekin, Kinshasa hartu zutenean amaitu zen guda; Mobutuk ihes egin zuen, eta Laurent-Désiré Kabilak, matxinoen buruak, ordeztu zuen.

Kongoko Lehen Gerra
Ruandako errefuxiatuen zelaia Kongo ekialdean, 1994
Data1996ko urriak 24 - 1997ko maiatzak 16
Lekua Kongoko Errepublika Demokratikoa
EmaitzaMobuturen erregimenaren amaiera
Gudulariak
 Zaire
ALiR (FAR ohiak)
Interahamwe
UNITA
Sudan
Laguntzailea:
Frantzia
KZAIDA
Uganda
Ruanda
Burundi
Angola
SPLA
Eritrea
Laguntzailea:
AEB
Buruzagiak
Mobutu Sese Seko Laurent-Désiré Kabila
James Kabarebe
Indarra
Zaire: c. 50.000[1]
Interahamwe: 40.000-100.000[1]
UNITA: c.1.000[1]
AFDL: 57.000
Ruanda: 3.500-4.000
Angola: 3.000+
Eritrea: Batailoi bat
Galerak
3.000-5.000 hildako 10.000-15.000 hildako
250.000-800.000 hildako
222.000 errefuxiatu hutu hilik edo desagerturik[2]

Aurrekariak aldatu

Mobutu Sese Seko 1965ean igo zen botera estatu kolpe baten bidez. Patrice Lumumba afrikar lider ezaguna traizioz hil zuen 1961ean AEBen konplizitatearekin, eta Zaireko jaun eta jabe egin zen lau urte geroago. Ordutik aurrera, Mobutu Sese Seko Kuku Ngbendu wa Za Banga izena hartu zuen, hau da, “oztopo guztiak gainditzen dituen gerlari handia”. 32 urtez nahi izan zuen bezala agindu zuen Zairen. Altxamendu guztietan nagusitu zen, AEBen, Frantziaren eta Belgikaren laguntzarekin. Afrikako herririk aberatsena miseria gorrian eta gosearen mende utzi zuen, baina bera ongi aberastu zen; 1996an, 7.000 milioi dolarreko ondasunak zituela zioten Mendebaldeko iturriek.[3]

1994ko Ruandako genozidioaren ondoren, 1,5 milioi ruandar iheslari baino gehiago kokatu ziren ipar-ekialdeko Zairen, hutuak gehienak. Genozidioan parte kartu zuten Interahamwe milizietako kideak zeuden haien artean. Interahamweko eta Ruandaren Askapenerako Armadako (ALiR) kideek beren aginpidea ezarri zuten errefuxiatu zelaietan; hortik abiaturik, Ruandako eta Zaireko tutsien aurkako erasoak egin zituzten.[4] Mobutuk ez zuen ezer egin eraso horiek ekiditeko; aitzitik, interes politikoak zirela-eta, laguntza eman zien hutu estremistei.

Banyamulengeen matxinada aldatu

1996ko urrian, Zaireko Gobernuak banyamulengeak -Zairen bizi ziren Ruandako tutsien ondorengoak- Ruandara kanporatzeko agindua eman zuen. Banyamulengeek aurre egin zioten erabakiari eta armetan altxatu ziren. Altxamendu horri beste gerrilla batzuenak jarraitu zion ekialdeko eskualdean. Mobutu Sese Sekok, Zaireko lehendakariak -Suitzan zegoen prostatako minbizia kentzeko egin zioten ebakuntzatik osatzen-, Ruanda eta Burundi akusatu zituen gerrillariei laguntza emateaz.[3]

Enfrentamenduek krisi humanitario handia eragin zuten Ruandatik eta Burunditik Zaireko ekialdera ihes egindako errefuxiatuen kanpamenduetan. Gerrillariek Nyangezi eta Bukavu konkistatu zituzten eta ruandar errefuxiatuen exodo handia hasi zen. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek alde egin zuten Bukavutik. Errefuxiatuak Goman pilatu ziren. Emma Boninok, Europako Batasunaren gai humanitarioetarako komisarioak, nazioartea salatu zuen gatazka horren aurrean indiferentziaz jokatzeagatik. Urriaren amaiera aldera, Ruandako Gobemuak onartu egin zuen gerrillariei laguntza eman ziela eta Zaireko Armada akusatu zuen Ruandako Cyangugu hiriari erasotzeaz.[3]

Gerraren bilakaera aldatu

1996 aldatu

 
Matxinoen erasoaldiak

1996ko azaroan, Etienne Tshisekedi, Zaireko oposizioko liderra, Mobuturekin bildu zen Genevan. Bileraren ostean batasun nazionaleko gobernua osatzeko akordioa hitzartu zutela esan zuen Tshisekedik, baina Zaireko lehendakariak gezurtatu egin zuen hurrengo egunean. Gerrillak batu egin ziren Kongo-Zaireren Askapenerako Indar Demokratikoen Aliantzan (KZAIDA). Laurent-Désiré Kabila agertu zen indarren batasuneko lider gisa. Batasunak berehalako ondorioak izan zituen: gerrillak Goma eta Mugunga konkistatu zituen, eta errefuxiatuen kanpamenduetan zeuden estremista hutuak ihes egítera behartu zituen. Amnesty International erakundearen salaketari erantzunez, Kabilak ukatu egin zuen gerrillak errefuxiatuak sarraskitu zituela.[3]

Ofentsiba handiaren ondorioz, ruandar errefuxiatuek bat-batean Ruandara itzultzea erabaki zuten. Hilabete baten buruan milioi erdi inguru itzuli ziren. Ruandako Gobernuak Zairen errefuxiaturik ez zela geratzen esan zuen, baina erakunde humanitarioek gutxienez itzulitakoak hainbat geratzen zirela esan zuten. Azaroaren hasieran, nazioarteak eskuhartze indarrak bidaltzea erabaki zuen baina, hilabete osoz misioa zehazteko eztabaidan aritu ostean, errefuxiatuen itzuleraren ondorioz eskuhartzea ez zela beharrezkoa esan zuten herrialde askok, tartean AEBek. Kanadak, misioaren buruzagitzak, airez janaria banatzeko proposamena egin zuen, baina Zaireko Gobernuak ez zuen halakorik onartu.[3]

Abenduan, Ugandako armada Zairen sartu zen, han gerrillari ugandarrak babesturik zeudela argudiatuta. Mobutu Zairera itzuli zen eta Kabilaren indarren aurkako kontraerasoa agindu zuen. Gobernua atzerriko mertzenarioak kontratatzen hasi zen. Gerrillak, ordea, erraz gainditu zituen Zaireko indar armatuetako mertzenarioak. Beni, Butembo eta Bunia konkistatu zituzten gerrillariek. Hilaren erdi aldera, afrikar herrien goi bilera egin zuten, baina nazioarteko eskuhartzeko misioa alde batera uztea erabaki zuen Kanadak.[3]

1997 aldatu

 
Mihandako errefuxiatu zelaia 1996an

Urtarrilean Mobutu Frantzian zen berriro. Léon Kengo wa Dondo lehen ministroak kontraerasoa agindu zuen. Borroketan fronteak bere hartan gelditu ziren. Gobernuak mertzenario gehiago kontratatu zituen, eta Kabilaren indarrek Uganda eta Ruandako soldaduen laguntza handiagoa jaso zuten. Otsailean Shabunda, Kalima eta Kindu konkistatu zituzten gerrillariek, eta Tingi Tingiko errefuxiatuen kanpamendua inguratu zuten. Horren ondorioz, ehunka mila ruandar errefuxiatu ihesean joan ziren bertatik.[5] KZAIDAko gerrillariek eta Ruandako Armadak sarraskitu zituzten ihesi zihoazen errefuxiatu hutu horiek; Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera, 190.000 inguru erahil zituzten Zaire ekialdeko oihanetan.[6][7] Hego Afrikako lehendakari Nelson Mandelak bitartekaritza eskaini zien bi aldeei. Zaireko armadak eraso egin zien gerrilarien esku eroritako hiriei. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bake plana aurkeztu zuen Zairerentzako.[3][8]

Gerrillariek Lubutu, Tingi Tingi, Kabalo, Moba, Kongolo eta Kisangani hartu zituzten martxoan. Gobernuak NBEren bake plana onartzen zuela esan zuen. Gerrillariek, su-etenaren aurretik, Mobuturekin aurrez aurre negoziatzea eskatu zuten. Kengo wa Dondo lehen ministroak dimititu egin zuen. Mobutu Kinshasara itzuli zen eta su-etena eta batasun nazionaleko gobernua galdatu zituen. Gobernuaren eta gerrillaren arteko lehen elkarrizketak hasi ziren. Parlamentuak Étienne Tshisekedi aukeratu zuen lehen ministro apirilaren hasieran. Tshisekedi Mobuturen erregimenaren aurkako erabakiak hartzen hasi zen. Halaber, osatzeko saioa egin zuen gobernuan ordezkaritza izatea eskaini zien KZAIDAko erreboltariei. Baina, neurri horiek aurrera eramaten hasi zenean, kargutik kendu zuen Mobutuk.[9] Gerrillak konkista gehiago egin zituen: Kananga, Kolwezi, Ilebo, Tshikapa eta Lubumbashi. AEBek kargua uzteko garaia iritsi zitzaiola esan zioten Mobuturi eta Bill Richardson bidali zuten artekari lanetarako.[8]

Maiatzean, Kabila eta Mobutu aurrez aurre negoziatzen hasi ziren Hego Afrikan, Mandelaren bitartekotzarekin. Akordioa lortu zutela esan bazen ere, biek gezurtatu egin zuten. Hilaren 12an, Kabilaren indarrek Kenge hartu zuten, Kinshasa hiriburutik 100 kilometrora; gerrako azken borrokaldia izan zen. Bost egun geroago, KZAIDAko indarrak Kinshasan sartu ziren, eta Zaireko Armadak ez zuen eragozpenik jarri. Mobutu ihesi atera zen herrialdetik, eta Kabilak Kongoko Errepublika Demokratikoko estatuburu izendatu zuen bere burua, Lubumbashi hiriko kuartel nagusian emandako hitzaldian.[10]

Ondorioak aldatu

Gerraren ondoren, Laurent-Désiré Kabila bilakatu zen Kongoko Errepublika Demokratikoko estatuburu eta gobernuburu, eta KZAIDAko kideek hartu zituzten gobernu berriko kargu gehienak.[11] NBEaren ordezkari Roberto Garretónen arabera, Kabilak giza “eskubideak ezabatu zituen, biziari, askatasunari eta herritarren segurtasunari dagokienez”.[12] 1997ko urrian, Kabilak elkarte humanitario guztietako langile eta boluntarioak kanporatu zituen Kongotik. Ruandar errefuxiatuei laguntza ematea zen elkarte horien egiteko nagusia; ondorioz, babesik gabe geratu ziren errefuxiatuak.[13]

Kabila laster etsaitu zen agintea hartzen lagundu zioten atzerriko tropekin.[14] Estatu kolpe baten beldur, 1998ko uztailean kargutik kendu zuen James Kabarebe Defentsa ministroa, tutsi etniako ugandarra. Bi aste geroago, Kongotik alde egiteko agindu zien ruandar eta ugandar soldaduei. Horren ondorioz, tutsi banyamulengeak Kabilaren aurka matxinatu ziren abuztuaren 2an, eta haren erregimena totalitarioa zela salatu zuten. Kabilaren gobernuak, berriz, “inperio tutsi bat” eratu nahi izatea leporatu zien banyamulengeei eta, batik bat, Ruandako eta Ugandako gobernuei. Era horretan hasi zen Kongoko Bigarren Gerra.[15][16]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Thom, William G.. Congo-Zaire's 1996–97 Civil War in the Context of Evolving Patterns of Military Conflict in Africa in the Era of Independence. Journal of Conflict Studies, Vol. XIX No. 2, Fall 1999, web.archive.org-en gordea (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  2. The Change of Kagame From Victim to Victimizer. 2016 The Local Africa News, thelocalafricanews.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  3. a b c d e f g Aldabe, Koldo. Mobuturen erregimenaren azken egunak (1). Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  4. Human displacement and insecurity in Africa: the genocide in Rwanda, the great lake crisis and the wars in D.R. Congo. The Free Library. 2014 Universitatea Babes-Bolyai (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  5. Milaka errefuxiatu ruandar ihesean doaz Zaireko Tingi Tingi eremutik. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko martxoak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  6. Zaireko Gobernuak eta matxinoek elkarrizketak hasiko dituzte. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko apirilak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  7. Boisbouvier, Christophe. Massacre de Tingi Tingi (RDC) en 1997: Reed Brody témoigne. Les voix du monde, rfi.fr (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  8. a b Aldabe, Koldo. Mobuturen erregimenaren azken egunak (2). Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 11, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  9. Kabilak gaur argituko du nork osatuko duten Kongo-Zaireko gobernu berria. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-14).
  10. Kabilak Kongoko Errepublikako estatuburu izendatu du bere burua. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-15).
  11. Kabilak bere gain hartu ditu Gobernuko kargu nagusiak. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko maiatzak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  12. Kongoko Errepublikako boterera heldu denetik Kabilak giza eskubideak ezabatu egin dituela diote Nazio Batuek. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko azaroak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  13. Talde humanitarioak bidali egin dituzte Kongoko Errepublika Demokratikotik. Euskaldunon Egunkaria, 1997ko urriak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-16).
  14. Zubiria Kamino, Pello. Hiru milioi pertsona galdu dira Kongon. Argia astekaria, 2003ko maiatzak 18, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-18).
  15. Banyamulenge tutsiek mendean duteekialdea, eta Kisangani hartu nahi dute. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko abuztuak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).
  16. Ugandak tropak bidali ditu Kongoko Errepublikara matxinatuei laguntzeko. Euskaldunon Egunkaria, 1998ko abuztuak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).

Kanpo estekak aldatu