Komunitate (ekologia)

Komunitatea ekologi harremanean dauden espezie bi edo gehiagoren arteko konbinazio bereizgarria duen organismo taldea da[1]. Komunitate ekologiak komunitate bateko espezien arteko interakzioak aztertzen ditu, denbora eta espazio ezberdinetan, eta komunitatea ezaugarritzen duten baldintzak zehazten ditu. Egungo komunitate ekologiak, espezie dibertsitatea, banaketa, ekosistemaren produktibitatea, kate-trofikoak eta harrapari-harrapakin dinamikak aztertzen ditu batik bat. Faktore abiotikoak ere ikertzen ditu (tenperatura, prezipitazioa, pH-a) izan ere, faktore hauek komunitateko espezieak iragazten dituzte. Basamortuko eta oihan tropikaleko landare komunitateak adibidez ez dira berdinak, eta ezberdintasun hau klimaren araberakoa da nagusiki[2]. Gizakiaren jarduerek ere komunitatearen egitura aldatu dezake, habitatean kalteak eraginez.

Inurriak Papilio polytes tximeletaren larba jaten. Ustiaketa bezelako interakzio interespezifikoek komunitatea egituratzen dute.

Komunitatea zehatz definitzea zaila da, ikuspegi ezberdinetatik defini daiteke. Ez da berdina harizti batean  bizi den beldarrak edo hegaztiak izango duen komunitatea, nahiz eremu berean bizi. Komunitatea aztertzeko zein ikuspegi erabiliko dugun aldez aurretik zehaztea komeni da. Espezie zaurgarri edo kaltetuenen ikuspegia erabiltzen da maiz, gerora hauen kontserbaziorako planak martxan jarri ahal izateko.

Komunitatea definitzen duten korronteak aldatu

Komunitatea izate integratu bezala definitu behar dugun ala ez, eztabaida asko sortu dituen auzia izan da eta hainbat korronte sortu dira kontrako ikuspuntua dutenak:

Holismoa aldatu

Frederic Clements-ek komunitateari definizio holistikoa eman  zion. Komunitatea bertan dauden bizidunen arteko interakzioak osatzen du, bertan espezien arteko interdependentzia handia dago eta espezie denek dute komunitatearen osaketan funtsezko funtzio bat. Komunitatea guztiz integratutako supraizaki baten gisara ulertzen da, sortu, hazi eta garatzeko gaitasuna duena gero eta konplexuagoa bihurtuz (jarraipen ekologikoa). Clemets-ek landare espezie asko habitat batean baino gehiagotan agertzen zirela ikusi zuen eta hortik ondorioztatu zuen espezie batzuk beste batzuekiko menpekotasuna dutela. Komunitateen sorrera ez da ausazkoa eta koeboluzioan oinarritzen da[3][4].

Erredukzionismoa edo teoria indibidualista aldatu

Henry Allan Gleason-ek sorturiko korrontea. Komunitatearen funtzionamendua, berau osatzen duten espezien elkarrekintzaren menpekoa dela dio, baina hautespen naturalaren araberako indibiduo bakoitzaren garapenaren bidez osatzen dela. Hau da, komunitatea osatzen duten espezieak bere aldetik doazela argudiatzen du. Espezie bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere denbora eta lekua, eta ezaugarri horiek beste espezie batzuekin habitata elkarbanatzeko modukoak direnean, ausaz sortzen da komunitatea “Landare asoziazio bat ez da izaki bat, kointzidentzia bat baino ez da” (Gleason). Komunitateen arteko muga lausoa da[5].

Komunitateen garapena denboran zehar aldatu

Komunitatea denboran zehar aldatu daiteke. Izan ere, habitat bateko espezien banaketa espezieak dituen beharren, ondarearen eta gertaera estokastikoen menpe dago, eta hauek denboran zehar aldatu daitezke [6] . Batzuetan komunitateko ezaugarriak momentuko baldintzek ez ezik iraganekoek baldintzatuko dituzte. Adibide bat jartzearren, Yellowstoneko natur parkean eginiko ikerketeta batean, ikusi zen sute handien ondoren, sute osteko landarediaren biomasa eta nutrienteen ziklo biogeokimikoak aldatzen zirela [7].

 
Larrea. Dibertsitateak komunitatearen ekoizpen mailan eragin dezake.

Dibertsitateak komunitatearen aldaketa mailan eragin dezake. Dibertsitate handia duten larreek adibidez urte euritsu zein lehorretan ekoizpena mantendu dezakete, dibertsitate gutxi dutenek aldiz, euri asko ala gutxi egiten badu, asko aldatzen dute ekoizpena. Honen arrazoia zera da, espezie dibertsitate handiko guneetan, funtzio berdina duten espezie bat baino gehiago egon daitezke baina ezaugarri fisiologiko eta genetiko ezberdinekin, eta hauetako batzuk inguruneko baldintzetara ondo egokituz gero ekoizpena mantentzea posible da[8].

Komunitatearen konposizioa eta ezaugarriak aldatu

Komunitatearen konposizioa, komunitatea osatzen duten espezie multzoak zehazten du. Aldiz, komunitatearen egitura espezie horien proportzioak. Komunitatea aztertzeko, espezie kopurua eta hauen banaketa, biak hartzen dira kontuan, bai eta hauen arteko interakzioak (interakzio interespezifikoak). Komunitatearen konposizioa hainbat iragazkik zehazten dute. Lehen iragazkia moldapen fisiologikoak izango dira, ondoren kontinente mailako baldintzak, gero espazio geografiko zehatzagoan aurkitzen ditugunak eta azkenik eremu zehatz horretako klima [9].

Nitxo ekologikoa aldatu

Nitxo ekologikoa espezie bat bizi daitekeen baldintza eta baliagai guztien konbinaketak osatzen du. Komunitate barnean espezie bakoitzak nitxo ekologiko bat hartzen du. Nitxo ekologikoak espezieak ingurunearekin eta komunitateko gainontzeko espeziekin izango duen harremana baldintzatuko du[10]. Nitxo ezberdinak izateak espezie arteko lehia murrizten du eta espezie bi komunitate berean bizitzea ahalbidetzen du. Izan ere bi espezie ezin dira nitxo berean eta orekan epe luzez mantendu, bi espezietako bat beti izango da dominantea eta beste espeziea desagertaraziko du[11]. Hortaz, zenbat eta nitxo ekologiko gehiago izan dibertsitate altuagoa izango dugu.

Maila trofikoa aldatu

 
Komunitate bateko (a) maila trofikoak eta (b) sare trofikoa

Espezie baten maila trofikoa, komunitate bateko sare trofikoan espezieak hartzen duen lekua da. Oinarrizko mailan espezie autotrofoak (ekoizle primarioak) daude. Ekoizle primarioak fotosintesi eta kimiosintesi prozesuen bidez energia ekoizteko gai dira. Hurrengo mailan herbiboroak ditugu zeinak ekoizle primarioez elikatzen diren. Hirugarren maila batean karniboro eta omniboroak ditugu, eta hauetaz elikatzen diren predatzaileek maila trofiko gehigarriak sortzen dituzte.[12] Energiaren transferentzia ematen da maila trofiko batetik bestera, baina bidean energia asko galtzen da inefizientzia ekologikoaren ondorioz [13]. Komunitate batean espezie batek duen maila trofikoa inguruan dauden espezien arabera aldatu daiteke. Deskonposatzaileek espezie autotrofoeei beharrezko duten energia eta nutrienteak emango dizkiete.

 
Kate trofiko sinplifikatu bat. Harraparien desagerpenak herbiboro kopurua igotzea eta landare hazkuntza murriztea eragin dezake.

Espezie gakoak aldatu

Komunitate askotan espezie gakoak daude, zeintzuen agerpen edo desagerpenak komunitatea guztiz alda dezakeen. Espezie hauek ez dute zertan komunitatean gehien agertzen direnak izan behar. Goi mailako harraparien desagertzeak adibidez, nahiz indibiduo gutxi izan, asko aldatu dezake komunitatearen egitura. Komunitatekoa ez den kanpoko espezie bat sartzeak ere aldaketa handiak eragin ditzake[14][15]. Landare espezie inbaditzaile bati, komunitateak baliabide berriak eta lehiarako abantailak eman dakizkioke, eta gainontzeko espeziei baliabide horiek murriztu[16].

Pisaster ochraceus itsas-izar moreak Mytilus californianus muskuiluaren dentsitatea kontrolatzen du, honek muskuiluaren dominantzia galarazten du eta komunitateko gainontzeko espeziei baliagaiak izatea ahalbidetu[17].

Interakzio interespezifikoak aldatu

Lehia aldatu

Espeziarteko lehia mugatzailea den edozein baliabide eskuratzeko gertatzen da eta espezien ugal arrakasta murrizten du. Populazioen tamainan, biomasan eta dibertsitatean eragin zuzena du. Indibiduo, populazio eta espezie arteko lehia eman daiteke. Oro har, ikusi da lehia ez dela komunitate handien eboluzioaren erantzule [18].

Ustiaketa aldatu

 
Capreolus capreolus (Orkatza). Herbiboroek landareak ustiatzen dituzte baina normalean ez dituzte hiltzen.

Espeziek elikatzeko baliabideak ustiatzen dituzte. Ustiaketa motaren arabera herbiboroak (landareak erasotzen dituzte baina normalean ez dituzte hiltzen) harrapakariak (ehizakiak hiltzen dituzte eta hauek jaten dituzte) bizkarroiak (ostalaria erasotu eta bere barruan bizi dira), parasitoideak eta hiperparasitoideak ditugu. Ustiaketa orokorra edo espezifikoa izan daiteke.

Mutualismoa aldatu

 
Polinizazioa erlazio mutualista bat da eta ebolutiboki funtsezkoa.

Bi espezientzako mesedegarria den espezien arteko erlazioa. Behartua (bi espezie ezin direnean bakarrik bizi) edo hautazkoa (ez du zertan gertatu baina gertatzekotan lagungarriak dira) izan daiteke. Erlazio mutualistetan oinarritzen dira: polinizazioa, zookoria, koral eta dinoflagelatuen arteko erlazioa, herbiboro eta hesteetako florarena, mikorrizak, likenak, nitrogeno fixatzaileak diren organismoak...

Komentsalismoa aldatu

Espezietako batek onura lortzen duen bitartean beste espezieak ez du onura ez kalterik jasaten. Onura duen espeziea komentsala izango da eta onurarik jaso ez duena ostalaria. Erlazio komentsalistak dituzte: zuhaitzetan bizi diren zenbait goroldio eta orkideoek, bakterio saprofitoek, hienak…

Amentsalismoa aldatu

Komentsalismoaren aurkakoa, harreman honetan espezie batek beste espezie batengan eragin negatiboak ditu berak onura edo kalterik izan gabe.

Parasitismoa aldatu

Espezie bat (parasitoa) beste espezie baten (ostalaria) bizkar eta honi kalte eginez bizi den espezie bien arteko asoziazioa.

Komunitateen arteko mugak: ekotonoak aldatu

 
Baso-larre ekotonoa

Komunitate arteko landaredi mugak zehaztea oso zaila da, eta animalien mugak zehaztea ia ezinezkoa, inguruneko faktoreen aldaketa nabariak ez badaude behintzat. Komunitateen arteko trantsizio argia badago, trantsizio puntu horri ekotonoa esaten zaio. Ekotonoak dibertsitate handiko guneak izaten dira bi komunitate ezberdinetako espezieak aurkitu ditzakegulako, baina maiz komunitate azpigaratuetako espezieak izaten dira eta kondizio ez optimoetan bizirauteko gaitasuna dutenak. Askotan, espezie guztiak aztertu eta gradiente arteko analisiak burutzean, ikusi da komunitate arteko mugak itxurazkoak baino ez direla.

Asaldurak eta komunitatea aldatu

 
Sute baten osteko segida ekologikoa. Komunitatearen konposizioan aldaketa direkzionalak eragiten dituzte.

Asaldurak, indibiduoak desagertarazi eta hutsuneak sortzen dituzten gertaerak dira. Asaldurek komunitate baten biomasa guztiz desagertarazi dezakete, ondoren berreskurapen prozesu baten bidez komunitatea hasierako egoerara bueltatu daitekeelarik. Komunitateak prest daude asaldurei aurre egiteko, eta askotan beharrezko zaizkie. Zuhaitz pirofito batzuk adibidez, baso-suteen ostean barreiatzen dituzte euren haziak. Gertatu izan da sute guztiak sahiestu nahi izatea eta ikustea, hori ez dela ona komunitatearentzat. Espezie exotiko batek landaredi eta suteen arteko oreka hau apurtu dezake[19]. Oro har, maiztasun ertaineko asaldurak dituzten ekosistemak dira dibertsitate gehien dutenak.  

 
Baso baten erregenerazioa sute baten ondoren.

Asaldurak oso garrantzitsuak dira komunitatean espezie baten dominantzia ekiditeko. Harrapariek normalean dibertsitatea handiagotzen dute, eta dominantziak galarazten dituzte. Baina, harrapariak dominantzia gehiegi eskuratu dezake eta predazio gogorregiak sortu, kasu horretan dibertsitateak behera egiten du. Asaldurak dauden lekuetan predazioaren eragina txikitzen da, eta erdi-mailako maiztasunez ematen badira dibertsitatea handitu dezakete.

Garai ezberdinetan eman diren asaldurek sorturiko soilguneen artean interakzioak egoten dira eta garrantzitsua da hauek aztertzea. Soilgune baten erregenerazioa inguruneko komunitateen menpe egongo da, eta gerta daiteke, komunitate hauek ere beste asaldura bat gainditzen egotea. Batzuetan erregenerazio hauek aurreikusi daitezke, baina askotan zorizko kolonizazioen ondorio izaten dira.

Erreferentziak aldatu

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  2. Dunson, William A.; Travis, Joseph. (1991-11). «The Role of Abiotic Factors in Community Organization» The American Naturalist 138 (5): 1067–1091.  doi:10.1086/285270. ISSN 0003-0147. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  3. Shipley, Bill; Keddy, Paul A.. (1987). «The individualistic and community-unit concepts as falsifiable hypotheses» Theory and models in vegetation science (Springer Netherlands): 47–55. ISBN 978-94-010-8303-4. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  4. Hanspach, Jan; Hartel, Tibor; Milcu, Andra I.; Mikulcak, Friederike; Dorresteijn, Ine; Loos, Jacqueline; von Wehrden, Henrik; Kuemmerle, Tobias et al.. (2014). «A holistic approach to studying social-ecological systems and its application to southern Transylvania» Ecology and Society 19 (4)  doi:10.5751/es-06915-190432. ISSN 1708-3087. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  5. Gleason, H. A.. (1939-01). «The Individualistic Concept of the Plant Association» American Midland Naturalist 21 (1): 92.  doi:10.2307/2420377. ISSN 0003-0031. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  6. Chapin, III, F. Stuart. (2011). Principles of Terrestrial Ecosystem Ecology. Springer Science+Business Media, LLC ISBN 978-1-4419-9503-2. PMC 838843486. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  7. Romme, William H.; Boyce, Mark S.; Gresswell, Robert; Merrill, Evelyn H.; Minshall, G. Wayne; Whitlock, Cathy; Turner, Monica G.. (2011-08-09). «Twenty Years After the 1988 Yellowstone Fires: Lessons About Disturbance and Ecosystems» Ecosystems 14 (7): 1196–1215.  doi:10.1007/s10021-011-9470-6. ISSN 1432-9840. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  8. Sonkoly, Judit; Kelemen, András; Valkó, Orsolya; Deák, Balázs; Kiss, Réka; Tóth, Katalin; Miglécz, Tamás; Tóthmérész, Béla et al.. (2019-02-12). «Both mass ratio effects and community diversity drive biomass production in a grassland experiment» Scientific Reports 9 (1)  doi:10.1038/s41598-018-37190-6. ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  9. Kraft, Nathan J. B.; Adler, Peter B.; Godoy, Oscar; James, Emily C.; Fuller, Steve; Levine, Jonathan M.. (2014-10-08). «Community assembly, coexistence and the environmental filtering metaphor» Functional Ecology 29 (5): 592–599.  doi:10.1111/1365-2435.12345. ISSN 0269-8463. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  10. Holt, R. D.. (2009-11-10). «Bringing the Hutchinsonian niche into the 21st century: Ecological and evolutionary perspectives» Proceedings of the National Academy of Sciences 106 (Supplement_2): 19659–19665.  doi:10.1073/pnas.0905137106. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  11. Gauze, G. F.. (1934). The struggle for existence, by G. F. Gause.. The Williams & Wilkins company, (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  12. «Application Examples» Understanding FACTS (IEEE) 2009 ISBN 978-0-470-54680-2. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  13. Barnes, Andrew D.; Jochum, Malte; Lefcheck, Jonathan S.; Eisenhauer, Nico; Scherber, Christoph; O’Connor, Mary I.; de Ruiter, Peter; Brose, Ulrich. (2018-03). «Energy Flux: The Link between Multitrophic Biodiversity and Ecosystem Functioning» Trends in Ecology & Evolution 33 (3): 186–197.  doi:10.1016/j.tree.2017.12.007. ISSN 0169-5347. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  14. Ravera, O.. (1991). Terrestrial and aquatic ecosystems : perturbation and recovery. Ellis Horwood ISBN 0-13-928201-7. PMC 22240188. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  15. MARTEN, G. G.. (1979-02-16). «Predator Removal: Effect on Fisheries Yields in Lake Victoria (East Africa)» Science 203 (4381): 646–648.  doi:10.1126/science.203.4381.646. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  16. Shea, K. (2002-04-01). «Community ecology theory as a framework for biological invasions» Trends in Ecology & Evolution 17 (4): 170–176.  doi:10.1016/s0169-5347(02)02495-3. ISSN 0169-5347. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  17. Menge, Bruce A.; Berlow, Eric L.; Blanchette, Carol A.; Navarrete, Sergio A.; Yamada, Sylvia B.. (1994-02). «The Keystone Species Concept: Variation in Interaction Strength in a Rocky Intertidal Habitat» Ecological Monographs 64 (3): 249–286.  doi:10.2307/2937163. ISSN 0012-9615. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  18. (Ingelesez) Sahney, Sarda; Benton, Michael J.; Ferry, Paul A.. (2010-08-23). «Links between global taxonomic diversity, ecological diversity and the expansion of vertebrates on land» Biology Letters 6 (4): 544–547.  doi:10.1098/rsbl.2009.1024. ISSN 1744-9561. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).
  19. D'Antonio, Carla M.; Vitousek, Peter M.. (1992-11). «Biological Invasions by Exotic Grasses, the Grass/Fire Cycle, and Global Change» Annual Review of Ecology and Systematics 23 (1): 63–87.  doi:10.1146/annurev.es.23.110192.000431. ISSN 0066-4162. (Noiz kontsultatua: 2020-05-04).

Kanpo estekak aldatu