Hizkuntza Komunikazio konpetentzia

hiztun batek hizkuntzaz duen ezagutza maila
Komunikazio gaitasun» orritik birbideratua)

Hizkuntza-Komunikazio konpetentzia[1], HKK, Komunikazio gaitasuna[2], gizakiek daukaten komunikatzeko ahalmena eta, zentzu hertsiagoan, hizkuntza baten ezaguera eta gizarte-erabilerako gaitasun bat da, XX. mendeko bukaeratik hezkuntza curriculumetan aipatzen diren oinarrizko gaitasunetako bat hain zuzen. Esaterako, 2007ko EAEko Curriculumean aipatzen diren oinarrizko zortzi gaitasunetako bat da. Ama-hizkuntzan legez, hizkuntza gehiagotan ere gara daiteke. Hizkuntza baten ezagupen zehatzari dagokionean, ezagupen gramatikala, morfosintaktikoa eta fonetikoa barne hartzen ditu.

Komunikazio gaitasuna garatzeak hainbat abilezia batera garatzea dakar. Ahalik eta trebezia "hartzaile" eta "sortzaile"rik hoberenak lortu behar dira: entzundakoaren ulermena hobetu behar da, irakurritakoaren ulermena, bakarrizketak ekoizteko trebetasuna, elkarrizketetan parte hartzeko trebetasuna, idazteko trebetasuna...
Komunikazio gaitasuna, bizitzan zehar landu beharreko gizakien oinarriko gaitasuna da.

EAEko 2023ko Curriculumean[3] honelako definizioa ikus daiteke:

« Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak esan nahi du ahoz, idatziz edo modu koherente eta egokian jardun behar dela hainbat esparru eta testuingurutan eta hainbat komunikazio-helbururekin. Ezagutza, trebetasun eta jarrera guztiak modu kontzientean mobilizatzea eskatzen du, ahozko mezuak, zeinuak, idatziak, ikus-entzunezkoak edo multimodalak ulertzeko, interpretatzeko eta kritikoki baloratzeko aukera ematen dutenak, manipulazioaren eta desinformazioaren arriskuak saihestuz, bai eta beste pertsona batzuekin modu kooperatiboan, sortzailean, etikoan eta errespetuzkoan eraginkortasunez komunikatzea ere.

Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia norberaren pentsamendurako eta jakintzaren eremu guztietan ezagutza eraikitzeko oinarria da. Horregatik, hizkuntzak ezagutza-arlo bakoitzeko diskurtso-genero espezifikoetan duen funtzionamenduari buruzko hausnarketa esplizituari lotuta dago haren garapena, bai eta ahozkotasunaren, signazioaren edo idazketaren erabilerei ere, pentsatzeko eta ikasteko. Azkenik, hizkuntzaren dimentsio estetikoa aintzat hartzea eta literatura-kulturaz gozatzea ahalbidetzen du.

»


Dekretu honen aurreko EAEko Heziberri 2020[4] planak diziplina barruko oinarrizko konpetentzien artean lehenengoa zerrendatzen zuen "Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia" eta honelaxe definitzen zuen:

"Hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea —euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez—, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko".

Terminoaren aldaerak aldatu

Ez da oraindik erabat finkatu komunikazio gaitasuna izendatzeko erabiltzen den terminologia. Hainbat aukera erabili izan dira azken urteotan: komunikagaitasuna[5], gaitasun komunikatiboa[6], komunikaziorako konpetentzia, hizkuntza komunikaziorako gaitasuna[7], hizkuntza-eta literatura-komunikaziorako konpetentzia[8]...

Komunikazio gaitasuna eta hizkuntzalaritza aldatu

Komunikazio gaitasuna Dell Hymes egileak erabili zuen 1966. urtean,[9] Noam Chomskyren (1965) gaitasun and ariketa.[10] bikoizketari aurre egiteko.

Komunikazio gaitasuna eta hezkuntza aldatu

Komunikazio gaitasun kontzeptuak hizkuntza berriak ikasteko ikuspegi komunikatiboa azpimarratzen duen teorietako bat da.

Canale eta Swain (1980) komunikatzeko gaitasuna lau osagaiekin definitu zuten:[11]

1. Gramatika gaitasuna: hiztegia eta gramatika arauak,
2. Soziolinguistika gaitasuna: egokitasuna, (ikus hizkuntza-erregistroak),
3. Diskurtso gaitasuna: kohesioa eta koherentzia,
4. Estrategia gaitasuna: komunikatzeko estrategien erabilpen egokia.

Bachman (1990) egileak komunikazio gaitasunaren berrikusketa eta berrazterketa egin zuen. Komunikazio gaitasuna bi izenburu nagusitan hedatu zituen, alde batetik "organizazio gaitasuna" zeinek gramatika gaitasuna eta diskurtso (edo testu) gaitasuna bateratzen dituen, eta bestetik, "pragmatika gaitasuna", zeinek bai soziolinguistika gaitasuna eta baita ilokuziozko gaitasuna bateratzen dituen.[12] Estrategia gaitasuna elkarrekin komunikatzen direnen komunikatzeko estrategiak erabiltzeko abileziei loturik dago. (Faerch & Kasper, 1983; Lin, 2009).

Beraz, hizkuntzen irakaskuntzan gaur egun ia aho batez onartzen da komunikatzeko gaitasuna izan behar duela helburu nagusia irakaskuntza praktika onetan.[13][14] Honek aldatu du aurretik zegoen beste ikuspegia, non gramatika gaitasunari lehentasuna ematen zitzaion. Komunikazio gaitasuna hobeto ulertu da pragmatikak egin dituen ekarpenei esker eta hizkuntzaren filosofiari esker, batez ere diskurtsoaren analisiari esker. John Searle eta J. L. Austin aipatzen dira alor hauetan.

«

Hizkuntza normalizazioko planek irteera profiletan aurreikusitako komunikazio-gaitasunak lortzea helburu duten metodologia eta didaktikak lehenetsiko dituzte.

»

EAEko 84/2019 DEKRETUA, ekainaren 11koa,
zeinaren bidez arautzen baita hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan.


Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia aldatu

Konpetentzia digitala eta komunikazio konpetentzia elkartu egin ziren mendebaldeko Heziberri 2020 planean. Honela definitzen zuten EAEko Berritzegune Nagusiko teknikariek[15][16]:

« Komunikazioak lotura estua izan du alfabetatze-kontzeptuarekin eta alfabetatzeak, orain gutxi arte, irakurketa eta idazketa menderatzearekin. Gaur egun, ordea, gizarte multimedia batean bizi gara, eta, gizarte horretan, komunikazio modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaien integrazioak.

Egungo gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak. Europako Kontseiluak emandako definizioa aintzat hartuta, komunikaziorako konpetentzia izateko, alfabetatze askotarikoa izan behar da, eta alfabetatze horrek «…bere baitan hartu behar ditu irakurtzeko eta idazteko konpetentziak, askotariko informazio-moldeak –testuak eta irudiak, idazkiak, inprimakiak eta horien bertsio elektronikoak barne– ulertu, erabili eta ikuspegi kritikoz ebaluatzeko».

»
EAEko Berritzegune Nagusia.


EAEko Hezkuntza sistemako irteera Profilaren definizioan aldatu

 
Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia · Konpetentzia eleaniztuna

Etengabeko ikaskuntzarako beharrezko funtsezko konpetentziei buruz, 2018ko maiatzaren 22ko Europar batasuneko kontseiluaren gomendioei jarraituz eta Garapen Iraunkorreko Helburuek ezarritakoaren arabera (Agenda 2030), EAEko Hezkuntza Sistemako irteera-profilak[17] zortzi funtsezko konpetentzia definiturik ditu. Aipatzen diren lehenengo biak:

  • Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia
  • Konpetentzia eleaniztuna

Horra 2023an aipatzen diren beste sei konpetentziak: Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia; Konpetentzia digitala; Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa; Herritartasunerako konpetentzia; Ekintzailetza-konpetentzia; Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia.

Hizkuntzen trataera bateratua, integratua, integrala aldatu

XXI. mendean eskola sistemaren xede nagusietako bat izan da ikasleen komunikazio gaitasuna garatzen laguntzea[18]. Europan badago adostasun zabala kontu batzuetan:

  • Munduko hizkuntza guztiak baliogarriak izan daitezke komunikaziorako.
  • Hizkuntzez jabetzeko prozesua hizkuntza guztietan antzekoa da.
  • Hizkuntza guztiak ikasteko erabiltzen ditugun estrategiak komunak eta transferigarriak dira.
  • Hausnartzeko esparruak, komunikatzeko ahalmenak, hizkuntza guztietan parekoak dira.
  • Hizkuntza batean garatutako estrategia eta abilezia batzuk ikasten diren beste hizkuntzetan eragina izaten du, transferitu egiten dira hizkuntza batetik bestera hizkuntza batean ikasitako kontu batzuk.
  • Batez ere ikuspegi komunikatiboan oinarrituz, erabileran oinarrituz, ikasi beharko lirateke hizkuntzak.
  • Hizkuntzen oinarrizko osagaiak, hizkuntzak ikasterakoan, testuak eta diskurtsoak dira. Testu eta diskurtso aniztasuna landu beharko eskola sisteman.
  • Hizkuntza bat baino gehiago ikas daitezke, batera. Irakasle guztiek –hizkuntzetakoek

direnek nahiz ez direnek– elkarrekin aritu beharko lukete komunikaziorako konpetentzia garatzen[19].

Komunikatzeko gaitasunaren osagaiak aldatu

Komunikatzeko hizkuntz gaitasunak zenbait osagai ditu: hizkuntz osagaia, osagai soziolinguistikoa eta osagai pragmatikoa. Osagai horietako bakoitzak ezagutza, trebetasun eta abilezia (savoir-faire) batzuk hartzen ditu bere baitan.[20]

EAEko Heziberri 2020 dokumentazioan[21] honako bost osagai zerrendatu dira:

«

1. Hainbat esparrutako hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak, analogikoak zein digitalak, ulertzea eta jarrera kritikoz balioestea, helburu pertsonalak, sozialak eta akademikoak erdiesteko.

2. Esparru pertsonal, sozial edo akademikoen berezko hitzezko, idatzizko eta ikus-entzunezko testuak sortzea, eraginkortasunez erantzuteko askotariko komunikazio-beharrizanei.

3. Hizkuntzen erabilera-arauei eta hizkuntzen sistemari buruzko jakintza erabiltzea hitzezko eta idatzizko testuak sortu eta ulertzean, komunikazio egoki eta eraginkorrak egiteko.

4. Literatura-testuak interpretatzea eta balioestea, testuen esanahia modu partekatuan eraikita; eta, horren bidez, mundua ulertzea, literatura-ondarea banako eta taldeko esperientzia sinbolizatzeko modu gisa balioestea, norberaren kultura-nortasuna eraikitzea eta sentsibilitate estetikoa garatzea.

5. Gure gizartearen hizkuntza- eta kultura-aniztasuna aitortzea eta balioestea, aniztasun horrekiko jarrera ona izateko.

»

—EAE. Berritzegune Nagusia.


Hizkuntza osagaia aldatu

Gramatika zuzentasunari dagokio. Hizkuntz gaitasunek ezagutza eta trebetasun lexiko, fonologiko eta sintaktikoak hartzen dituzte, eta baita hizkuntzak, sistema den aldetik, dituen beste hainbat alderdi ere, bere horretan hartuak, balio soziolinguistikoak eta balio horien funtzio pragmatikoa salbuetsirik. Gramatika gaitasuna[22] edo gaitasun linguistikoa ere deitu izan zaio komunikazio gaitasunaren azpigaitasun honi.

Osagai soziolinguistikoa aldatu

Hizkuntzaren erabileraren baldintza soziokulturalei dagozkie[20].

Gaitasun soziolinguistikoek gizarte-hitzarmenekiko sentiberatasuna dute, kortesiazko arauekiko, belaunaldi, sexu, klase eta gizarteko taldeen arteko harremanen arauekiko eta komunitatearen funtzionamenduan funtsezkoak diren oinarrizko errituen kode linguistikoarekiko sentiberatasuna dute eta, horren ondorioz, eragin handia dute edozein kulturatan.

Osagai pragmatikoa aldatu

Komunikazio-trukeen gidoietan edo agertokietan oinarritutako hizkuntz baliabideen erabilera funtzionalarekin zerikusia dute[20][23] , hizkuntza funtzioen, hizketa-ekintzen funtzioen ekoizpenarekin. Eta zerikusia dute, orobat, diskurtsoa menderatzearekin, kohesioarekin eta koherentziarekin, testu-motak eta testu-formak bereiztearekin, ironiarekin eta parodiarekin. Osagai honi dagokionez, hizkuntz osagaiari dagokionez baino gehiago agian, bistakoa da zenbateko eragina duten gaitasun horiek garatzen diren kultur inguruneak eta harremanek.

Komunikazioaren gaitasunaren azpigaitasun bezala ere agertzen da bibliografian eta gaitasun diskurtsiboa[24] edo gaitasun pragmatikoa deitu izan zaio.

Osagai estrategikoa aldatu

Estrategia gaitasuna ere behar da komunikazio gaitasun ona izateko. Komunikazioa mantentzeko, hainbat baliabide lagungarri edo ezinbestekoa izaten dira; batzuk hizkuntzaren baitakoak, perifrasiak, digresio-azalpenak, adibideak, parabolak... eta beste batzuk hitzik gabeko komunikazioaren baitakoak: keinuak, mugimenduak, imintzioak, isiluneak, ahotsaren gorabeherak, eszenografia...

Komunikatzeko gaitasunaren dimentsioak aldatu

 
Giza komunikazioa trebetasun askoren bilduma da.

Giza komunikazioaren tresna nagusia giza-hizkuntza edo ahozko hizkuntza da. Munduko gizakiak, gizakia gizaki den geroztik, milaka giza hizkuntzatan aritu dira. Gaur egun UNESCO erakundearen arabera giza hizkuntzen artean, batzuk, ahozko hizkuntza izatetik idatzizko hizkuntzak ere izatera igaro dira.

 
Ahozko hizkuntza munduko kultura guztietan ematen da. Idatzizkoa ez ordea.

Horrela, munduko hizkuntza guztietan komunikatzeko gaitasuna hiru osagai edo dimentsioetan[25] garatzen dela esaten da.

1. Ahozko hizkuntzaren ulertzeko gaitasuna. Entzun eta ulertzeko gaitasuna.
2. Ahozko hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna. Mintzatzeko gaitasuna.
3. Ahozko elkar-eragina. Ahozko hizkuntzaren bidez bi norabideko komunikazioa lortzeko gaitasuna. (Bi pertsonen artean komunikazioa ematen denean biek entzun dezakete eta biek hitz egin dezakete. Eta pertsona gehiagoren artean ere, berdin)

Eta kultura idatzia daukaten hizkuntzen komunikatzeko gaitasuna, hiru horietaz gain, beste hiru osagai edo dimentsioetan garatzen dela esan daiteke:

4. Idatzizkoaren ulermena. Irakurmena.[26]
5. Idatziz komunikatzeko gaitasuna.
6. Idatzizko elkarreragina. Idatziz ere bi norabideko, edo norabide gehiagoko, komunikazioa sor daiteke. (EsaterakoTxatetan, wikietan...)
  • Sei dimentsio horiek giza komunikazioaren lau dimentsio edo komunikazioaren lau "hanka" bezala ere laburtu izan dira: entzun, esan, irakurri, idatzi[27].
  • Horrekin guztiarekin batera, gizakiok, hitzik gabeko komunikazioa ere badaukagu.

Ahozko hizkuntzaren ulertzeko gaitasuna aldatu

Hizkuntza batean garatzen den lehenengo gaitasuna. Entzumena. Ahozkoaren ulermena aktiboa izan behar du. Entzuleak mezua aditu eta kodea ezagutuz gero deskodifikatzeko gaitasuna izango du, ulertzeko gaitasuna.

Arlo eta irakasgai guztien oinarrizko zehar-konpetentzia komunekin lotuta, hizkuntzei berariaz lotutako edukiak daude EAEn indarrean dauden hezkuntza araudietan.

Ahozko hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna aldatu

 
Ebaluazioaren itua. Komunikazioaren dimentsioak.

Mintzamena. Entzuteko eta ulertzeko gai diren gizakiak azkar ikasten dute ulertzen dituzten antzeko mezuak sortzen. Mezu ulergarriak ekoizteko giza-hizkuntzaren hainbat baliabide ezagutu eta erabiltzen jakin behar. Umeek hasieran mezu labur xinple ekoizten dituzte. Gaitasun handia lortzen dutenek diskurtso landu eta estrukturatuak sor ditzakete[28].

2015. urteko EAEko Curriculum dekretuak[29] ahozkotasunari loturiko hainbat multzo deskribatzen ditu:

  • Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea
  • Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea
  • Literatura-hezkuntza
  • Hizkuntzari eta haren erabilerei buruzko gogoeta
  • Hizkuntzaren alderdi soziala

Ahozko elkar-eragina aldatu

Ahozko elkar-eragina. Aurrez aurre edo komunikabideren bat dela medio, hiztunek elkarri informazioa igorri, harremanak landu, eta giza komunikazioaren hamaika posibilitateak erabil ditzakete.

Idatzizkoaren ulermena. Irakurmena aldatu

Gehiago jakiteko, irakurri: «Irakurketa»
 
Neska bat irakurtzen liburutegi publiko batean.
 
Mutiko bat telefono batean irakurtzen.

Testuak irakurtzeko gaitasuna bost-sei urterekin lortzen da, idazkera fonetiko-fonologiko sistemak erabiltzen duten kultura gehienetan, irakurritakoa ulertzeko gaitasuna baina zenbait tokitan zazpi urteko adina normaltzat hartzen da.[30] Irakurtzen dena ulertzeko hasiera-hasierako gaitasuna eta gaitasun aurreratuagoak neur daitezke; gaitasun hori bizitzan zehar garatzen dute irakurtzeko denbora hartzen duten pertsonek.

Normalean, zenbat eta gehiago irakurri orduan eta ulermen maila hobea lortzen da eta aldi berean, irakurtzen dena ulertzeko lastertasuna lortzen da. Irakurle aurreratuek hitz egiten erabiltzen den baino lastertasun handiagoarekin lortzen dute irakurtzen dutena ulertzea.

Badaude hainbat azkar irakurtzeko metodo. Metodo horiekin, irakurle batzuek, orrialdeak oso segundo gutxitan irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna garatzen dute.

Idatziz komunikatzeko gaitasuna aldatu

Gehiago jakiteko, irakurri: «Idazlan»
 
Paperezko euskarrietan edo euskarri digitaletan idazten da.
 
Paperezko euskarrietan edo euskarri digitaletan idazten da.

Idazkera sistema fonetiko-fonologiko daukaten kulturetan bospasei urterekin hasten dira normalean umeak idatziz komunikatzeko trebeziak garatzen. Idazteko sistemako letrak banan-banan ikastetik testuak idatziz sortzeraino dagoen tartea igarotzeko normalean urte batzuk behar izaten dira. Garai batean eskoletan kaligrafia lantzeari eta ortografia lantzeari ematen zitzaion garrantzi handia. Gaur egun, XXI. mendeko idazteko metodoekin hainbat testu mota lantzen dira, testuen didaktika egiten da.

Ondo idazten dakien pertsona bere komunikatzeko helburuak ondo betetzen dituen pertsona dela esaten da. Komunikatzeko helburu nagusiak ondo identifikatu behar ditu eta hizkuntza idatziz zenbait geruzatan menperatu beharko du paragrafoak ondo bereizteko, esaldi adierazkorrak idazteko, eta bukaeran, testu txukuna aurkezteko.

Idatzizko elkarreragina aldatu

Gaur egungo zenbait media idatziz ere elkarreragina azkarra sortzen dute. Bat-bateko mezularitza sistemak eta txatak dira horretan paradigmatikoak. Blogak, e-posta zerbitzuek, wikiek, gizarte-sareek eta abar, elkarrekin norabide askotariko komunikazio kanalak sortzeko balio dute.

Erabilera formala / Erabilera ez-formala aldatu

Administrazioan, alor akademikoetan, lan-harremanetan-eta hizkuntzak bi erabilera mota[31] dauzkaː

  1. Erabilera formalaː hizkuntza akademikoa, lan-harremanetako formalismo batzuk dituen hizkuntza.
  2. Erabilera ez-formalaː lagunarteko erregistroa duen hizkuntza, konfiantzazko testuinguruetan formalismo batzuk behar ez dituen hizkuntza.

Bigarren edo hirugarren hizkuntzen irakaskuntzan bi erabilera hauek landu behar direla defendatu da[32]. Testuinguru akademiko batek erabilera formala bideratzen du. Erabilera ez-formala ere lantzeko ekintzak antolatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu da[33].

Komunikazio gaitasunaren ebaluazioa aldatu

Irakaskuntzaren helburu nagusietako bat izaten da ikasleen komunikazio gaitasuna garatzea. Helburu hori noraino bete den ebaluatzeko hainbat saio egin dira. XXI. mendearen hasieran Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua komunikazio gaitasuna ebaluatzeko ezagutu beharreko dokumentua dugu.

Ebaluatzerakoan, nekez benetan pertsona baten komunikatzeko duen gaitasuna ebaluatu; ekoiztutako testuak edo diskurtsoak ebaluatzen dira[34].

Komunikazio gaitasuna ebaluatzerakoan dimentsio guztiak kontuan hartzea komeni. Errazago (eta gehiagotan) ebaluatzen dira testu idatziak ahozko ekoizpenak baino, baina ebaluazio on batek dimentsio guztiak kontuan hartu beharko lituzke.

Testu edo diskurtso bat ebaluatzen denean, kontuan hartu beharrekoak:

  1. Testuaren edo diskurtsoaren egokitasuna.
  2. Testuaren edo diskurtsoaren koherentzia eta kohesioa.
  3. Testuaren edo diskurtsoaren zuzentasuna.
  4. Testuari edo diskurtsoari loturiko estrategia elementuak.
 
Testu idatziak zuzentzeko txantiloi bat

Egokitasuna. Komunikazio-egoerara egokitzea aldatu

Testuaren edo diskurtsoaren egokitasuna ebaluatzerakoan[35], honako galdera hauek planteatu behar dira:

  • Komunikazio-egoera horri dagokion hizkuntza-erregistroa erabili du?
  • Komunikazio-egoera horri dagokion gaiari eutsi dio?
  • Komunikazio-egoera horri dagokion tonua, jarrera egokia mantendu du?

Honako adierazleei erreparatu beharko:

  • Helburua. Testuak edo diskurtsoak, komunikazio ekintza oro bere helburuak ditu. Zerbait komunikatu nahi da. Begiratu behar da ea lortu den helburu komunikatibo nagusia. Lortu da deskribatzea, azaltzea, argudiatzea, narratzea...? Behar zen testu-tipoko ezaugarriak erabili dira?
  • Gaiari eutsi. Ea behar den informaziorik esanguratsuena agertzen ote den. Ea nolakoa den kantitatez eta kalitatez emandako informazioa, emandako argudioak... Ea digresioetan galdu ote den.
  • Hizkuntza-erregistroa. Ea erabilitako hizkuntza-erregistroa (lagunartekoa, formala...) komunikazio egoera jakin horretarako egokiena ote den.
  • Testu-tipo bakoitzari dagozkion beste zenbati adierazle: objektibotasuna/subjektibotasuna, erreferenteari eustea (gehiegizko inferentzia eskatu gabe, behar diren anaforak erabiliz)...

Koherentzia eta kohesioa[24] aldatu

Testu edo diskurtso bat ebaluatzerakoan koherentzia eta kohesioa, testu eta diskurtso ororen propietate horiek, noraino betetzen diren aztertu behar da.

  • Koherentzia. Testu edo diskurtso baten baitan koherentzia behar da. Testuari edo diskurtsoari zentzu-unitatea ematen dio koherentziak. Ikusi behar da ea testuaren baitan barneko koherentzia ote dagoen ala kontraesan nabarmenak topa ote daitezkeen. Testuak errealitatearekin ere koherentzia behar du.
  • Kohesioa. Aztertu behar da, baita, eta testuari edo diskurtsoari batasuna ematen dioten lotura-elementuak, lokailuak-eta, behar bezala erabili diren. Ea testuaren arteko lotura lortzeko behar diren elementu morfosintaktiko eta lexikoak erabili diren. Testuaren edo diskurtsoaren batasuna lortu den aztertu behar da eta batasun horri kalte egiten dioten elementuak, baldin badaude, ikusi beharko dira. Perpausen artean lotura logikoa ere antzeman behar da, (Kohesiorik ez duen esaldi baten adibide bat: "Goizean eguraldi ona izan dugu eta gauean sukaldeko argiak pizten ditugu").

Zuzentasun gramatikala[36] aldatu

  • Morfosintaxia. Begiratu behar da ea egitura morfosintaktiko zuzenak eta askotarikoak erabiltzen ote diren.
  • Lexikoa. Begiratu behar da ea testuinguru

horretarako behar den eremu semantikoan nahikoa aberastasun lexikoa agertzen ote den.

  • Fonetiko-fonologikoa. Begiratu behar da ea behar bezalako ahoskera, ebakera egiten duen ahozko diskurtsoan eta ea behar bezala zaintzen dituen ortografia arauak.

Komunikazio estrategia aldatu

  • Eszenografia. Komunikatzaile on batek hitzak ez diren beste elementu batzuk ere modu estrategikoan erabiltzen asmatu behar du. Komunikatzaileak hainbat elementu modu estrategikoan erabiltzen asmatu behar du hartzailea nor den kontuan hartuz; bere gorputz jarrerak, bere irudia, bere ahotsaren doinua, bolumena, tonua... Isiluneak, imintzioak, keinuak....
  • Komunikatzaile on batek, hartzailea nor den ondo jakinda, bere mezua egokitzen jakin beharko du, behar diren adibideak, digresioak, umore zipriztinak, parabolak, pasadizoak, tartekatzen asmatuko balu, hobe. Mezu nagusitik kanpoko elementuak izango lirateke baliabide estrategiko horiek guzti horiek, baina mezu nagusiari kalte edo mesedea egingo liokete.
  • Testu idatziari dagokionez, maketazioa, letra-tipoa, letra tamaina, irudien eta grafikoen integrazioa... testuari berari balio erantsia ematen diote.
  • Eskuizkribuetan hemen koka genezake testuaren kaligrafia. Honelako elementuek, testuaren azalekoak ematen badute ere, asko baldintza dezakete testuaren helburuen betetze maila.

Erreferentziak aldatu

  1. «Konpetentziak, curriculum-garapena, ebaluazioa... - zuzendaritzagunea» zuzendaritzagunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
  2. Komunikazio gaitasuna; testu idatzien ekoizpena. Nafarroako Hezkuntza Saila.
  3. «Konpetentziak, curriculum-garapena, ebaluazioa... - zuzendaritzagunea» zuzendaritzagunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
  4. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila. Heziberri 2020
  5. «Euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituen Agindu berria» Irakasbil (Noiz kontsultatua: 2021-05-21).[Betiko hautsitako esteka]
  6. Goikoetxea Agirre, Miren Nekane. «Gaitasun komunikatiboa eta hizkuntzen arteko elkar eragina EAE-ko hezkuntza eleanitzean - Hizkuntza Politika - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  7. EAEko Hezkuntza Saila. Hamaika Esku. Hizkuntza Komunikaziorako gaitasuna.
  8. Gaitasun hitza erabili izan zuten EAEko 175/2007ko Dekretuko euskal bertsioa idatzi zutenek. Hurrengo urteetan, baina, gehienbat konpetentzia hitza erabili izan zen esparru akademikoetan. Horrela agertu izan da ia beti baita agiri ofizialetan ere. Esate baterako EAEko Heziberri 2020 Planean.
  9. (Ingelesez) Hymes, D.H. (1966) "Two types of linguistic relativity." In W. Bright (ed.) Sociolinguistics pp. 114-158. The Hague: Mouton.
  10. (Ingelesez) Chomsky, N. (1965) Aspects of the Theory of Syntax. Cambridge, MA: MIT Press.

    (Gaztelaniaz) Aspectos de la teoría de la sintaxis, Barcelona, Gedisa, 1999

  11. (Ingelesez) Canale, M. & Swain, M. (1980). Theoretical bases of communicative approaches to second language teaching and testing. Applied Linguistics 1, 1-47.
  12. (Ingelesez) Bachman, L. (1990). Fundamental considerations in language testing. Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-437003-8
  13. (Ingelesez) Savignon, S.J. (1997). Communicative Competence: Theory and Classroom Practice. New York: McGraw-Hill. 2nd edition.
  14. «Galdera-erantzun batzuk hizkuntzaren didaktikaz» UPV/EHUko ikasmaterialen sare-argitalpenak (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).
  15. 3. 2. Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).
  16. (Ikus 236/2015 Dekretuko 69/268 orrialdea eta hurrengoak)
  17. «Irteera profila - HKU» curriculuma.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  18. Pilar Pérez Esteve, Felipe Zayas. «Competencia en comunicación lingüística.» 2007 (Noiz kontsultatua: 2019-09-04).
  19. Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza Saila - Heziberri 2020. II_kapitulua_11. artikulua
  20. a b c Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua. Ikus HABE erakundeak eskaintzen duen euskal itzulpena, 33. or. et al.
  21. «Hizkuntza-eta Literatura-komunikazio konpetentzia» Berritzegune Nagusia (Noiz kontsultatua: 2018-09-04).
  22. Jose Mari Asurmendi Otaegi, Mikel Dorronsoro Iraeta, Aitor Zubizarreta Artetxe: Gramatika Gaitasuna Lantzen. HABE[Betiko hautsitako esteka].
  23. (Gaztelaniaz) (oraingoz euskarara itzuli gabea) Consejo de Europa (2020), Marco común europeo de referencia para las lenguas: aprendizaje, enseñanza, evaluación. (Volumen complementario). Servicio de publicaciones del Consejo de Europa: Estrasburgo. www.coe.int/lang-cefr. (31. or.)
  24. a b IDIAZABAL, Itziar; LARRINGAN, Luis Mari. "Gaitasun diskurtsiboa: hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren didaktikan giltzarri", HIKHASI 78. alea[Betiko hautsitako esteka].
  25. ISEI-IVEI: Hizkuntza komunikaziorako eta literaturarako konpetentziaren diagnostiko ebaluaziorako markoa.
  26. Estitxu Eizagirre, "Testuak interpretatzen ikasteko gakoak", Argia 2012-12-30
  27. Lertxundi, Anjel. «Aldamioari eusteko lau hanka (edo bost)» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  28. Josune., Zabala Alberdi,. (2018). Ahozko komunikazioa irakastea : norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 9788445734520. PMC 1080339208. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).
  29. Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza. (2015). OINARRIZKO HEZKUNTZAKO CURRICULUMA (236/2015eko Dekretuaren II. Eranskina osatzen duen curriculum orientatzailea). Eusko Jaurlaritza - Hezk. Saila., 283 (eta hurrengoak) or..
  30. Mikel García, "Hezkuntza Finlandiarraren gakoak", Argia, 2013-01-16
  31. (Gaztelaniaz) «Lenguaje, poder y pedagogía PDF Jim Cummins» Kilibro (Noiz kontsultatua: 2018-12-04).
  32. (Gaztelaniaz) «Multilingüismo, competencia lingüística y nuevas tecnologías. Colección Cuadernos de educación 48: interculturalidad. David Lasagabaster eta Juan Manuel Sierra (ed.). Librería de psicología. Cuadernos de educación 48: Interculturalidad» LIBRERÍA MAYO (Noiz kontsultatua: 2018-12-04).
  33. «Learning to Learn in a Second Language» Heinemann Publishing (Noiz kontsultatua: 2018-12-04).
  34. «Ebaluazio Diagnostikoa: ahozko adierazmena eta idazmena ebaluatzeko erabiltzen diren adierazleak» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-02-28).
  35. (Gaztelaniaz) «Competència Lingüística» avaluacio (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  36. Jose Mari Asurmendi Otaegi, Mikel Dorronsoro Iraeta, Aitor Zubizarreta Artetxe: Gramatika Gaitasuna Lantzen. HABE[Betiko hautsitako esteka].

Ikus, gainera aldatu


Kanpo estekak aldatu