Kexaako monumentu multzoa

Kexaako higiezin monumentalen multzoa

Kexaako monumentu multzoa aiaratar leinuaren egoitza eta alboko eraikinak izan ziren, Aiara udalerrian (Araba) dagoen Kexaa herrian kokatuak daudenak.

Kexaako monumentu multzoa
Aiaratarren dorretxea
Ikuspegia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAiara
Koordenatuak43°04′33″N 3°04′22″W / 43.07583°N 3.07278°W / 43.07583; -3.07278
Map
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea

Eraikinok multzo arkitektoniko bat osatzen dute, plazatxo forma duena eta eraikin nagusietarako sarbidea dena. Eraikin horien itxurari erreparatuz gero, bata bestearen jarraipen dira nahiz eta bakoitzak bere erabilera propioa eta ondokoaren independentea izan. Aipatutako plaza horretara heltzearekin bat honako hauek ditugu bertan:

  • Jauregia, Aiaratarren leinu-etxea (Komentu berria)
  • San Joan Bataiatzailearen komentua (Komentu zaharra)
  • Adatseko Andre Mariaren[1] elizaren kapera eta dorrea.
  • San Joan Bataiatzailearen eliza.

Jauregiak sarrera independentea du baina besteetan sartzeko abade-etxearen beheko solairutik igaro behar da, eta ondoren hiru erabilpen ezberdinak banatzen dituen patio baten bitartez.

2002ko, otsailaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Irispidea aldatu

Eraikin-multzoa Aiarako haranaren erdian dago. Bertaratzeko Amurriotik Artziniegara doan C-624 bidea hartu behar da eta Arespalditza parean bidearen ezker aldera jo. Multzoak plataforma bat osatzen du mendi hegalaren erdi inguruan eta hor kokatzen dira bata bestearengatik ezberdintzea zail gertatzen diren hainbat eraikin, izan ere urrutitik begiratuta, bakarrik bata bestearen gainean kokatutako teilatu eta hormak ikusten baitira. Bertara joateko bide estu bat hartu behar da eta bidean, bihurgune batean dago bertara joateko zubia. Bihurgunean kanpai bat duen kanpai-horma dago eraikin erlijiosoa han inguruan dela abisatzen.

Zubiaren beste aldean hiru eraikin ziren, bata hondatua eta beste biak atxikiak, eraikin-unitate bakarra osatuz, eta gaur egun etxebizitzak direlarik. Daturik ez den arren, badirudi eraikinak sarreraren defentsarako eginak zirela.

Jauregia, Aiaratarren leinu-etxea aldatu

 
XVII. mendeko jauregi zaharberritua.

XIV. mendean eraikitako jauregi-gotorlekua da, gotikoa goren aldian zegoenean. Oinplano karratua, hegaletan dorre handiak eta erdian patio handi bat zituen. Fatxada nagusia ekialdekoa zen, bertan apaindu gabeko arku zorrotza duen ate bat dago.

Ziren dorreetatik bakarrik ipar-ekialdekoa dago egun zutik. Eraikinak solairu bi ditu, biak ere harlangaitzez eginak. Kanpora egindako baoak zulo txiki karratuak dira, 1737ko konponketa-lanean egindakoak..

Iparraldeko altxaerak baditu zenbait jatorrizko elementu, hots, baoak, leihate bikiak, gotikoak, harrian landutako arkua dutenak; eta arkuz errematatutako atea. Leihate batzuk komentu berria eraikitzeko lanak egin zirenean berreskuratu ziren, beste batzuk, ordea, estalita jarraitzen dute ez zeudelako osorik eta ez zirelako konpondu.

Barruko patioa eraberritu zenean interesa zuten elementuak mantendu eta beste eraikin berri bat egin zen, baoen ordena eta erritmo zorrotza erakusten dituena, modu sinplean egina. Gaur egun mojen gelak, jangela, egongela eta abar daude bertan.

Pedro Lopez Aiarakoa kantzelariaren dorrea (ipar-ekialdeko dorrea) ere eraberritu zen eta egun museoa da eta bertara jauregiaren ate nagusitik joan behar da.

San Joan Bataiatzailearen komentua aldatu

Fernan Perez Aiarakoa, Kexaako jauregi-gotorlekuaren fundatzailea, politikan buru-belarri sartuta bizimodua eman ondoren, predikatzaileen ordenan sartu zen. Hil aurretik, donazio-karta egin zuen Kexaako monasterioa moja domingotarrei uzteko.

Komentuak bi solairu dituen kalostra karratua du eta horren inguruan du banatuta bere espazioa. Behe solairuak ertz-ganga du, erdi-puntuko zeharkako arkuak dituena. Gakoak San Domingoren ordenaren XVIII. mendeko gurutzez eta armarriz apainduak daude. Argitasuna idi-begi/okulu eta leiho errektangeluarren bidez lortzen da.

Batzar-gela XVIII. mendekoa da, holako esparru zabal barrokoa da, estalki laua du eta bai aldeetan eta aurrealde bietan ilargixkak ditu. Estalkia modu geometrikoan jarritako ornamentuzko molduraz apainduta dago. XVIII. mendeko arkitektura zibilerako interes aipagarria duen egoitza da.

Elizako koru garaiera bakarrik mojek dute sarbidea. Ertz-ganga du eta puntu erdiko zeharkako arkuz bananduta. Bigarren trailuan sabaileiho bat dago eta hortik sartzen da gelan argia.

Gainontzeko gelek ez dute aparteko interesik. Fatxadek bao desordenatuak dituzte inolako hierarkiarik ez dutenak.

Adatseko Andra Mariaren kapera aldatu

 
Kaperako erretaularen kopia.
 
Kaperako leiho gotiko bat.

Pedro Lopez Aiarakoak, komentuaren fundatzailearen semeak, eraiki zuen Adatseko Andre Mariaren kapera. Dorre trinko eta latza, harlangaitzezkoa eta hegalak harlanduz eginak dituena. Hiru kurbaturako modiloien gainean jarritako hegalkin modura jarritako almenek errematatzen dute.

Dorre handiak bao gutxi ditu, erdibituak goiko solairuetan eta erlijiosoak behekoan, idi-begi bat eta erdi-puntuko leiho luzatua.

Adatseko Andra Mariaren kapera beheko solairuan dago. Bertara klausurako eta 1735ean eraikitako elizarako sarbidea den patiotik joan behar da. Atelada arku zorroztua da eta dobela handiak eta hiru arkibolta ditu, hiruetatik bakarrik bigarrena dekoratua. Arkuak oin hartzen duten janbetako baketoiak eta inposta pertsona-buruen irudi txikiz apainduta daude.

 
Aiarako jaun-andre nagusien hilobiak: Pedro Lopez Aiarakoa kantzelariaren eta haren emazte Leonor Guzmanena.

Barrua kanoi zorrotzeko gangak estaltzen du; gangak bi tarte ditu hormari erantsita dauden zutabetan oin hartzen duen zeharkako arku batek banatzen dituenak. Bertan dira Aiarako jaun-andre nagusien hilobiak; lau dira guztira eta balio artistiko handia dute.

Kaperaren gainean sala bat dago eta patioko eskaileretatik gora lehen eskailera-ataletik aurrera eginda han bertan dago. Gapirio eta korapilozko sabai batek estaltzen du. Leihoak erdibituak dira eta hegaleko bankudunak dira.

Almenen-gunea gela handi diafanoa da eta estalkiak, 1960-70ko hamarkadan berritu zenak, metalezko egitura du.

San Joan Bataiatzailearen eliza aldatu

Komentuko tenplu nagusia da eta Kexaako parrokia. Klausurako patio komunean du sarrera. Atelada ertz biziko lau arkibolta dituen arku zorroztua da eta ez dago dekoratua.

Absidea harlangaitzezkoa da, poligonala eta lau kontrahormek indartzen dute. Erdiko hormatalean idi-begi/okulu bat dago.

Barruan bost tarteko nabea da, bostetik hiru elizan eta bi koruan. XVIII. mendeko ertz gangak ditu eta lehen eta hirugarren tarteek aurreko eraikitze-lanetako arrosa-leihoak ditu.

Ertz gangak 1739an egin zituen Juan Andres de Llagunok. Kapera nagusia tertzeletezko ertz ganga batek estaltzen du, erdiko nabearen inguruan zirkuluak eginez jarritako nerbio kurbatuak ditu mentsulen gainean jarrita. Nerbioen arteko ganga zatiak grisailazko groteskoekin apaintzen dira. XVI. mendeko lehen urteetakoa da.

Tenpluaren behean Fernan Perez jaunaren familiaren hilobi-eskulturak daude.

Tenpluaren sakristia aiaratarren jauregiaren hego-ekialdeko dorre handian dago.

Abade-etxea aldatu

Sarbidea den patioa ixten du eta bere fatxada da. Ziurrenera XVIII. mendekoa da, azken eraikuntza-lanak egin zirenekoa. Baoak goitik behera lerrotuta ditu eta beheko solairua harlanduzko puntu erdiko arku bik osatzen dute. Goiko bi solairuetako bakoitzak balkoi bana eta leiho txikia dituzte.

Beste eraikuntzak aldatu

Sarbidea den zubia, ezin da ondo ikusi dagoen landarediarengatik baina, dirudienez, zapata mailakatuan jarritako arku zorrotza du. Harlanduz egina dago, eta petrilak lauza lauez errematatuta daude. XVII. mendekoa dela esan daiteke, garai horretan antolatu baitziren lehen azokak Kexaan.

Sarbidean diren etxeak, zubiaren ondoan. Bi eraikin dira bertan bata bestearengandik ezberdinduak. Lehenak, zubitik hurbilago dagoenak, puntu erdiko arkudun portikoa du, bao leihoburudunak eta gaineko errematea harriz egina du, bigarrenak, interes gutxiago du baina aipatzekoa da duen bao bat hirugingileko gotiko estilokoa, ziurrenera beste nonbaitetik ateratakoa.

Zubiaren eskuinaldean ageri diren eraikuntza aztarnak zubiaren defentsa izango zenarenak dirudite, plazaren ondoan duenaren antzeko batenak. Ez da eraikuntzaren aztarna handirik geratzen eta dagoena landarediak tapatzen du.

Bidearen beste aldean, Kexaako parrokia zaharraren dorrea dago, komentua seinalatzeko aztarna modura geratu dena bertan.

Komentuaren barruan eraikuntza exentu bat dago, inolako baliorik ez duena, nekazaritzako tresnak gordetzeko erabiltzen dena. Ortuan badira sakabanaturik horrelako eraikuntza txiki batzuk balio gutxikoak baina multzoaren itxurari kalterik egiten ez diotenak eta ondo integratuta daudenak.

Erreferentziak aldatu

  1. Batzuetan Cabello Andre Maria agertzen da (Aiarako Udala[Betiko hautsitako esteka]), bestetan Virgen del Cabello, osoa gaztelaniaz (Monumentu-multzo izendapena EHAAn[Betiko hautsitako esteka]), bestetan Adatseko Andre Maria, guztiz euskaraz (Hiru webgunean). Euskarazko izen osoa hautatu da hemen, Eusko Jaurlaritzaren "Hiru" webgunean bezala.
  2. Monumentu-multzo izendapena EHAAn[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa