Kepa Peñagarikano

esku huskako pilotaria
Peñagarikano
Izen osoa: Kepa Peñagarikano Arteaga
Jaiotza data: 1981eko otsailaren 27a (43 urte)
Jaioterria: Azpeitia (Gipuzkoa)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: atzelaria
Altuera: 1,91 m
Pisua: 93 kg
Debutatze data: 2001
Debutatze pilotalekua: Izarraitz (Azpeitia)
Erretiratze data: 2014ko uztailaren 31
Erretiratze pilotalekua: Izarraitz (Azpeitia)

Kepa Peñagarikano Arteaga, pilota arloan Peñagarikano deituraz ezaguna (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981eko otsailaren 27a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Atzelari jokatzen zuen, Asegarcerekin lehenik (2001–2011), Asperekin gero (2011–2014).[1] Estatistika ofizialek diotenez, 1,91 metro luze da, eta 93 kilo pisatzen zuen. Profesionaletako estreinako partida 2001eko uztailaren 6an jokatu zuen, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Azken partida ere hantxe jokatu zuen, 2014ko uztailaren 31n.[2] Joko molde klasikoa zuen, serioa, pilota bildu eta ezker paretara asko inguratzekoa, segurua, hala eskuinez nola ezkerrez behetiko postura bikainekoa; oso gutxitan sartzen zen airez.[3]

Ahal handiko pilotaria, gorakada handia egin zuen bere ibilbideko lehen bi urtean, eta 2003a izan zuen urterik hoberena: Binakako Txapelketa Nagusian sartu zen, Mikel Unanue aurrelaria lagun, eta bigarren mailako buruz burukoa irabazi zuen.[2] Gero, ordea, ez zuen gorago egin eta maila horri eusten ere lanak izan zituen: erregulartasunik ez zuen, partida askotan ez zuen pilota batere gozatzen, ez zuen pilota behar bezain atzeraino jotzen.[4] Horregatik, 2011n, Asegarcerekiko kontratua bukatuta, puntako pilota enpresak utzi eta Garferekin kontratua egitekotan izan zen; Aspek, ordea, aukera eman zion,[1] eta, barneratuak zituen hainbat akats zuzenduta, geroztik oso txukun aritu zen,[5][6] erregulartasun handiz bere maila ematen, nahiz eta goren-goreneko atzelaria ez izan. Hamahiru urtez pilotalekuetan jardun eta gero, 2014ko uztailaren 31n utzi zion profesional izateari.[2][7]

Babesku izeneko eskularruaren sortzaileetako bat da: 2007an asmatutako babesgarri bat da, esku huska pilotan aritzean eskuak min har ez dezan.[8] Aratz Mendizabal pilotariarekin batera Bostesku enpresa sortuta, babeskuaren hainbat ale saldu zituzten.[9] 2012an, babeskuaren bertsio eboluzionatu bat homologatu zuen Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak.[10]

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Kepa Peñagarikanok bi urterako kontratua sinatu du Asperekin»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-06-30.
  2. a b c (Gaztelaniaz) Jokin VICTORIA DE LECEA RUBEN PLAZA: «Kepa Peñagarikano, zaguero de Aspe: “Siempre me he sentido querido y la gente me ha apoyado mucho”», Noticias de Gipuzkoa, 2014-07-29.
  3. «Peñagarikano se despide en Azpeitia», PilotaWorld, 2014ko uztaila.
  4. Imanol MAGRO: «Peña aurkitu du Kepak»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2012-02-21.
  5. «Kepa Peñagarikano, Aspera heldu zenetik partidarik galdu gabe» («Kepa Peñagarikano, imbatido desde que llegó a Aspe») dio artikulu honek:
    (Gaztelaniaz) «Irujo y Merino II, adelantados 6-18, vencieron 18-22 en un frontón de Bera a rebosar», Diario Vasco, 2011-08-05.
  6. (Gaztelaniaz) Enrique ECHAVARREN: «Kepa Peñagarikano: "He llegado a ir al INEM para saber si podía cobrar el paro"», Diario Vasco, 2012-02-24.
  7. (Gaztelaniaz) Enrique ECHAVARREN: [http://www.diariovasco.com/deportes/pelota/201407/31/hasta-aqui-llegado-sido-20140729000235-v.html «Kepa Peñagarikano, pelotari: "Hasta aquí he llegado, he sido un privilegiado todos estos años"»], Diario Vasco, 2014-07-31.
  8. Iñaki GURRUTXAGA: «Eskuak pilotatik babesteko»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2007-05-24.
  9. (Gaztelaniaz) Enrique ECHAVARREN: «Un guante para jugar a pelota», Diario Vasco, 2007-06-13.
  10. (Gaztelaniaz) Joseba LEZETA: «El guante, ¿ayuda o quimera?», Diario Vasco, 2012-11-08.

Kanpo estekak aldatu