Kapibara handia (Hydrochoerus hydrochaeris) karpintxo izenez ezagunagoa, Hego Amerikako karraskari endemiko bat da, Venezuela, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Panama, Ecuador, Perú, Uruguai, Paraguay eta Argentina herrialdetakoa hain zuzen ere.[2] Kapibara hitzak, etimologikoki, ‘ugaztun karraskaria’ esan nahi du, guaraniaren eraketa aglutinatzailea "capii" eta "bara" hitzetatik abiatuta. Hala ere, bere jatorria Tupí hizkuntzako “kapiigwara” hitzean egon daiteke, ‘larre jalea’ esan nahi duena.​ Karraskarien ordenako ugaztuna da, Caviidae familiakoa zehazkiago, eta bertako alerik handiena da.[2] [3] Uretatik gertu bizi ohi da, besteak beste, zingiratan, estuariotan, hezegunetan eta ibai eta erreketan zehar, baina basoetan eta sabanetan aurkitu daitezke, bere dieta belarjalea osatzen duten elikagaien zati bat bertan baitago.[4] Talde itxietan eta nahiko egonkorretan bizi diren animaliak dira, ar eta emez osatuta eta emeenganako joera izaten dutenak.[5] Bada genero berean sailkatutako beste espezie bat ere, Hydrochoeris isthmius, kapibara txikia bezala ezagunagoa.[6]

Kapibara
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaRodentia
FamiliaCaviidae
GeneroaHydrochoerus
Espeziea Hydrochoerus hydrochaeris
Linnaeus 1766[1]
Banaketa mapa
eta

Datu orokorrak
Ernaldia150 egun
Masa1,5 kg (pisua jaiotzean)
48,9 kg (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina4
Eguneko zikloacrepuscular (en) Itzuli
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Deskripzio orokorra aldatu

Kapibarak forma sendoa eta luzea du, beheranzko bizkar batekin eta buztan bestigial batekin. Gorputza ilaje latz batez estalita dago, marroi ilun edo gorrixka, ile urri, luze eta hauskorrez osatua. Helduaroan 49-50 kg-ko pisua dute (35-65 kg-ko tartea), 1,2 m-ko luzera eta 0,6 m-ko altuera sorbaldetan. Sexuen arteko pisuan dimorfismorik ez dagoen arren, gorputz-masaren aldea dago eskualde geografiko desberdinetako banakoen artean; ale handienak Argentina eta Brasileko erdialdean eta hego-ekialdean bizi dira, eta txikienak Venezuelan. [7] [8]

Gorputz-adar laburrak ditu gorputz-bolumenari dagokionez, eta atzeko hankak aurrekoak baino luzeagoak dira. Aurreko hankek lau behatz dituzte, eta atzealdekoek, berriz, hiru, denak partzialki palmatuak, karraskari erdi urtarrak baitira. [7] [8]

 
Kapibararen garezurra

Burua handia da, garezur lau, zabal eta trinko batez osatua, eta sabaiko hezurrei, aurreaxilarrei, bulla tinpanikoei eta hortzei eragiten dien sudur-ondoko garapen diferentziala erakusten du. Belarriak txikiak, laburrak eta ilerik gabeak dira, eta tolestura mugikorra dute, entzumen-hodia ixten duena. Sudur-hobiak, begiak eta belarriak, buruaren goialdetik gertu daude. [7] [8]

Kapibararen hortzen arkuteria hogei hortzek osatzen dute, ebakigailu pare batek (indartsuenak, belarra mozteko espezializatuak), aurremolar pare batek eta hiru molar parek hain zuzen ere. Ebakien eta masaileko lehen hortzaren artean espazio bat dute, diastema izenekoa. Hortz guztiek etengabeko hazkundea dute, Kapibara bezalako karraskari kabiomorfoek ez baitute benetako sustrairik, eta horrek animaliaren bizitzan zehar etengabe hazten laguntzen du. Hortz mota hauek elodonto izena hartzen dute. [9]

Mihiak aurreko alde estu bat du, eta atzeko alde zabal bat. Mihiaren atzealdea lodia eta zabala da, eminentzia intermolarraren tamaina handiagatik, era berean, papila ugari dituena. Mihiaren mukosa dortsalean, papila filiformeak, fungiformeak, hesituak eta foliatuak agertzen dira. Mihian okupatzen duten tokiaren arabera, papilek forma desberdinak dituzte. [10]

Larruazalaren egitura beste karraskari batzuenetik bereizten da: izerdi guruinak ditu ile-azalean. Epidermisak foseta eta tolestura ugari ditu, eta dermisak ile-folikuluak ditu, normalean hiruko taldeetan antolatuta daudenak. Folikulu bakoitza muskulu kitzikatzaile kapilar bati eta bilgor guruin bati lotuta dago. [7] [8]

 
Milvago chimachima kapibara (Hydrochoeris hydrochaeris) baten gainean

Nahiz eta kapibarak sexualki dimorfikoak ez izan eta ar eta emeen kanpoko genitalek oso antzekoak diruditen, generoak bisualki bereiz daitezke arrak sudur-guruin bat duelako sudurrean. Kapibaretako sexu-organoak honako hauek osatzen dituzte: utero-obulutegi pare bat (obulutegiak); umetoki bikoitz bat, Y formako umetoki-lepoa duena; bagina luze eta zabal bat; eta bulba bat. Arraren sexu-organoak barrabil pare batez osatuta daude, behar ez bezala definitutako eskrotoaren barruan, epididimoez, hodi espermatikoz eta prostata batez. [7] [8]

H. hydrochaeris-aren diploide-zenbakia 66 da (FN = 102). X kromosoma metazentrikoa eta handia da; Y, berriz, telozentrikoa eta txikia. H. hydrochaeris-aren kariotipoa monomorfikoa da. [7]

Bizilekua/Ingurunea eta Ekologia aldatu

 
Kapibarak igerian

Ugaztun belarjale erdiurtar horien habitata nahiko aldakorra da ingurunearen ezaugarrien arabera.[11] Paduretan, zingiretan, sakonera gutxiko aintziretan, ibaietan eta erreketan egoten dira, normalean, belardiek, ibaiertzek eta ibaiertzetako basoek inguratuta, non landaretza den nagusi. [12] [13] [14] Hala eta guztiz ere, kapibara gehienak Venezuela eta Kolonbiako Llanos mendietako sabanetan pilatzen dira. Sabana horiek ezaugarri hauek dituzte: urpean dauden eremuak, urtaro lehorretan erabat lehor izan daitezkeenak; larre ahulagoak eta elikagarriak hazten diren eremuak; eta larre altuak eta zuhaixkak dituzten eremuak, non, uholdeak gutxitan ematen diren, dituzte.[8]

Ura funtsezko baliabidea da kapibarentzat, bertan bere tenperatura erregulatzeko, ugaltzeko, atseden hartzeko eta harrapakariak saihesteko erabiltzen baitute.[15] Izan ere, kapibarak belarjale erdiurtar gisa, elikagai gehiena ur-masetatik hurbil edo ur-masen barruan aurkitzen du. Basoek eguneko berotik babesa, gauean atseden hartzeko leku bat eta kumeak erditzeko leku bat eskaintzen dute.[4] [16] [17]

Askotan, kapibarak gizakiak eraldatutako paisaietan ibiltzen dira, nekazaritza-laboreetan, esaterako. Izan ere, beste leku batzuetan baino askoz ere eskuragarriagoa eta ugariagoa da elikagaia horrelako lekuetan. Eskualde batzuetan, kapibara populazio handiak laboreei egindako kalteekin baita ibilgailuen talken gorakadarekin lotuta daude. [15]

Elikadura aldatu

Kapibara belarjale selektiboa da, eta nitrogeno asko duten landareez elikatzen da, batez ere gramineoez, ziperazeoez eta, proportzio txikiagoan, beste belar, uretako landare eta fruta batzuez.[18] Hala ere, dieta aldatu egiten da klimaren eta larrearen kalitatearen eta kantitatearen arabera. Urtaro hezeetan, karpintxoak selektiboagoak izaten dira, kaloria-eduki handiko eta zuntz gutxiko uretako landareak bazkatuz, hala nola Hymenachne amplexicaulis. Urtaro lehorragoetan, elikagaien eskuragarritasuna eta kalitatea izugarri murrizten dira, eta, espero bezala, kapibarak ez dira hain selektiboak izaten, proteina eta zuntza duten larrez elikatuz.[19] [18] Kapibaren dieta oso garrantzitsua da, bertatik C bitamina lortzen baitute, bitamina erabakigarria ugaztun hauen osasunean. Hala ere, dieta ez da landare edo belar urtarretara mugatzen.[20] Elikagai gutxi edo gehiago lortzeko aukera dagoenean, kapibara gai da giza laboreetan sartzeko eta haietaz elikatzeko.[21]

Itsu handi bat dute, atzeko hestearen hartzitzaileak baitira, hau da, itsuan espezie bakteriano ugari dituzte, urdailean zein heste meharrean digeritu ezin izan diren elikagaiak hartzitzeko erabiltzen dutenak (zelulosa edo beste landare-konposatu batzuk) onurak ateratzeko.[22] Guraize moduan jarduten duen hortzeria bat dute, eta horrekin elikagaien partikulen tamaina murrizteko gai dira, belar oso laburrez elikatu ahal izateko.[8] Beste karraskari batzuek bezala, kapibarek ere zekotrofia egiten dute. Horri esker, iraitzitako hartzitutako mantenugaien zati bat aprobetxatzen dute, eta hori oso onuragarria da elikagaiak urriagoak diren garai lehorretan.[23]

Jarduerak aldatu

 
Kapibara talde bat ibai baten ertzean

Kapibarak animalia krepuskularrak dira [24], eta, beraz, aktiboagoak dira arratsaldeko lehen orduan eta iluntzean. Gauez, bazkatu eta atseden hartu bitartean, eginkari gehienak ebakuatzen dituzte. Egunsentitik eguerdira arte atseden hartzen dute, eta eguerdiko ordu beroetan urmaeletako uretan ibiltzen dira, bazka-eremuen ondoan, neurri batean tenperatura erregulatzeko, baina baita harrapakarien erasoak saihesteko ere. Goizeko atseden-ordu horietan, kapibarek zekotrofia praktikatzen dute, haren dieta belarjalearen egokitzapen bat, urtaroen arabera aldatzen dena, goiz lehorretan ohikoagoa izanda eta hezeetan urriagoa. Kapibara-taldeak oso lurraldekoak dira, hau da, espazio zehatz bat aukeratzen dute non goizeko eta gaueko jarduera mota guztiak egiten dituzten.[25][8]

Predazioa aldatu

Sabanak bezalako espazio irekietako biztanle gisa, kapibarak harrapakari askoren eraginpean daude. Nabarmentzekoak dira felino handiak, hala nola jaguarra (Panthera onca) edo puma (Puma concolor) lurreko harrapakari nagusi gisa; kaimanak (Melanosuchus niger) ur-harrapakari nagusi gisa; eta sai beltzak (Coragyps atratus), kapibaren gorputzen sarraskijale nagusi gisa. Kapibara gazteenei ere sugeek (Boa constrictor eta Eunectes murinus), azeriek (Cerdocyonthys) eta hegaztiek (Polyborus plancus) eraso egiten diete. Arrisku iturri ugari izan arren, nabarmenena gizakia da, honek bere haragi, larru eta koipearengan duen interesagatik, tokiko folklorearen erakarpena izateaz gain.[26][13][8]

Antolakuntza Soziala aldatu

Kapibaren portaeraren ezaugarririk nabarmenena, izaera taldekoia da, oso gutxitan ikusten baitira isolatuta.[27] Bi sexuetako eta adin guztietako taldeetan bizi dira, emeen nagusitasunarekiko joera bat izanda. Talde horien tamaina aldakorra da: 5-100 banako dira, baina unitate egonkorrenek ez dituzte 20-30 ale gainditzen, kapibarak oso lurraldekoak direlako eta ez dituztelako arrotzak onartzen.[28] Urtaro lehorrean, kapibarek gero eta txikiagoak diren igerilekuetan elkartzen dira, eta, ondorioz, 100 animalia edo gehiago elkartzen dira.[13]

 
Kapibara talde bat

Taldeak unitate sozial itxiak dira, eta arrak nagusi diren hierarkia dute ezaugarri. Unitate bakoitza ar nagusi batek gidatzen du, normalean banako handiena eta muturraren guruin odorifikorik handiena duena.[29] Hala eta guztiz ere, tropelean mendeko arrak ere aurkitzen dira. Maila altuko ar baten abantaila nagusia eme harkorrentzako irisgarritasun handiagoa da, taldearen kopula-arrakasta handiena izanda batez beste. Horren arrazoia da ar nagusia gai izan daitekeela bere taldeko emeak monopolizatzeko.[5] Gainera, emeek jokabide harkorragoa dute ar nagusi batekiko mendeko batekiko baino. Mendeko arren segizioa hasten denean, emeek ibilbide konplexuagoa egiten dute, uraetan, sarrera eta irteera gehiago eta buelta gehiago emanez, eta, horri esker, ar nagusiek segizioa eten dezakete.[30]

Taldeek harraparien aurkako babesa ematen dute, helduek kumeak inguratzen baitituzte, kanpora begira, batez ere uretan.[17] Taldearen barruan, emeak nahiko sinkronikoki ugaltzen dira, kapibara gazteei hainbat emetatik edoskitzea ahalbidetuz. Babes-lanetan, mendeko arrek funtsezko zeregina betetzen dute: alarma-seinaleak emateaz, zaintza-lanak egiteaz eta lurralde-defentsan laguntzeaz arduratzen dira.[31]

Kapibarena bezalako egitura soziala duten taldeetan egoteak komunikazio bikaina eskatzen du. Espezie honetan, bi guruin nagusiren bidezko komunikazio kimikoa nabarmentzen da: muturrean kokatutako guruin bat, arren estatus hierarkikoa seinaleztatzeko balio duena; eta uzkian kokatutako guruin bat, identifikatzaile gisa funtzionatzen duena.[8] Soinu errepertorio zabala ere badute, bizi duten egoeraren arabera. Kapibarek igortzen dituzten soinuen artean, nabarmetzen dira zaunkak, harrapakariak daudenean eta umetxoei lotutako txistuak, amari deitzeko erabiltzen dituztenak.[32]

Ugalketa aldatu

 
Kapibara eme bat bere kumeekin

Kapibarak ugalketa-urtarorik ez duten animaliak dira, urteko edozein sasoitan ugaldu daitezkeenak, nahiz eta urtaro hezearen hasieran ugaltzeko joera izan.[16] Emeak sexualki helduak dira 12 hilabeterekin, eta araldian zehar (batez beste 7,5 egun inguru irauten du) harkor bihurtzen dira arrekiko. Harmen denboraldi horrek gutxienez 8 ordu iraun ohi du. Emeek soinuak egiten dituzte sudurretik, txistu gisa, baita mugimenduak ur kanpoan eta barruan ere.[33] Emeek prestasun handiagoa erakusten dutenean, arren segizioa hasten da. Horretarako, arrek bere usaina askatu eta emeen ugaltze-organoa usaintzen dute. Ondoren, emeek bulba azaltzen dute eta arrek hainbat saiakera egiten dituzte zakila sartu baino lehen. Azkenik, uretan sartuta, kopula ematen da, non arrek eiakulatu egiten duten 3 bat segundu inguruan.[34] Nabarmentzekoa da, ar nagusiak estalketa gehiago ziurtatzen dituela, baina mendeko arrek direla estalketa gehiagoren erantzuleak, klase horretako banako gehiago daudelako.

Naturan, emeek ugaltzeko joera dute gorputz-pisua 30-40 kg-koa denean. Kapibara baten ernaldia 150,6 egunekoa da, eta umealdi bakoitzeko jaiotzen diren kumeen batez bestekoa lau kumekoa da, gutxi gorabehera. Kume bakoitzak 1,5 kg inguru pisatzen du.[13] Kume horiek 3 edo 4 hilabete bete arte titia hartzen dute, nahiz eta jaio eta ordu gutxira bazkatzeko gai diren.[35]

Kapibara basatien eta gatibuen artean badira bereizketak: itxian, emeak taldetik bereizi behar dira erditu aurretik, hareneko gainerako emeek jaioberriei erasotzen baitiete.[36] Halaber, gatibutasunaren ondorioz, banakoak beranduago iristen dira sexu-heldutasunera, 15 hilabete behar izanda. Izan ere, erditze tasa zein kumeen biziraupen tasa handiagoa da gatibualdian askatasunean baino, urtean batez beste 6,5 kume jaiota.[37]

Sistematika eta historia taxonomikoa aldatu

Kapibara, handia (Hydrochoerus hydrochaeris) zein txikia (Hydrochoerus isthmius), Hydrochoerinae subfamilian dago, Caviidae familiaren barruan.[38] Hydrochoerinaek bizirik dauden karpintxoak eta Neochoerus, bere ordezkari fosil gertukoena barne hartzen ditu, eta karraskari caviomorfoen beste hiru azpifamiliek, Cardiatherinae, Protohydrochoerinae eta Anatochoerinae izenekoek, berriz, ordezkari fosilak baino ez dituzte. Caviinaen duen kokapen tradizionala izan arren, subfamilia horren barruan Kerodon ere badago, elkartze hori babesten duten azterketa molekular [39] eta analisi filogenetiko [40] bati esker.

Kapibararen erregistro fosila Miozeno goiztiar-berantiarrean hasten da. Hala ere, Pliozenoko ordezkariak aurkitu dira, Pliozeno berantiarreko Hydrochoerus gaylordi espezie berri baten berri emanez.[41]

 

Sistema binomialeko karpitxoaren lehen aipamena Linnaeusek egin zuen 1758an. 1762an, Brissonek Hydrochoerus izeneko genero bereizi batean sailkatu zuen karpitxoa, eta, 1766an, Linnaeusek txerrien artean sailkatu zuen karpitxoa, Sus hydrochaeris izenekoan. Une horretatik aurrera, kapibarak izen generiko batzuk hartu zituen, gehienak Brissonek 1772an proposatutako izenaren aldaerak direlarik. Hydrochaeris (Brünnich, 1772), Hydrochaerus (Erxleben, 1777) eta Hydrochoeris (Allen, 1916) nabarmentzen dira. Denbora luzez, Brissonek proposatutako nomenklatura erabiliena izan zen, baina 1994an, ICZNk (Nomenklatura Zoologikoaren Nazioarteko Batzordea) nomenklatura hori baztertzea proposatu zuen, batez ere egitura binomiala ez jarraitzeagatik.[42] Hala ere, literatura zoologikoan terminologia hori ezarri zenez, ICZNk Hydrochoerus generoa ofizialki baliozkotzat hartu zuen 1998an. Urte horretan bertan, Hydrochaeris espeziea ere espeziearen izen espezifiko gisa onartu zuen, eta horrela, indarrean dagoen izen zientifikoa osatu zuen: Hydrochoerus hydrochaeris.[8]

Gizakiekiko harremana aldatu

Gizakiek hainbat helburutarako erabiltzen dute karpintxoa banaketa-eremu osoan. Bere produktu nagusiak haragia, larrua eta koipea dira, ustezko erabilera medizinaletarako osagaiak emateaz gain.

Haragia aldatu

Kapibara-haragia gutxi marmoleztatuta dago, gantz ase gutxi ditu, gantz poliasegabe[43] ugari ditu eta proteina-eduki handia du.[44] Ale handiagoek koipe proportzio handiagoa izaten dute.[45] Kapibara-haragiaren ezaugarriak direla eta, beste haragi gorri batzuk baino nutrizio-kalitate altuagoa du gizakientzat, baina, era berean, deskonposatzen eta azkarrago erritzen hasten da.[46] Koipea produktu nutrazeutiko gisa erabil daiteke desnutrizioa saihesteko. Arratoiekin egindako azterlanek aukera hori berresten dute.[47]

Larrua aldatu

Larrua ere garrantzi komertzialeko produktu bat da. Hainbat lekutan, hala nola Argentinan, haragiak baino askoz balio handiagoa du. Zurratze-prozesu baten ondoren, larru oso sendoa, leuna eta malgua lortzen da. Artisautza tradizionalean eta tapizgintzan ere erabiltzen da.[8]

Aisia aldatu

Kapibarek ezaugarri asko dituzte turistak erakartzeko gai egiten dituztenak: animalia handiak dira, motelak, erraz ikusten diren leku zabaletan bizi dira eta oso sozialak dira. Gainera, gatibualdian aleak hazteko erraztasunak aukera ematen du mundu osoko parke publikoetan, zentro turistikoetan eta zoologikoetan erakusteko. Aipatzekoa da kapibara harrapakin gisa erabiltzen dela kirol-ehizarako.[8]

Erabilera medikoa aldatu

Herri-ezagutza tradizionalaren arabera, karpintxo-olioa sendabide gisa erabil daiteke asma, erreumatismoa, alergiak 48, bronkitisa, pneumonia, desnutrizioa eta zauriak sendatzeko.

Erreferentziak aldatu

  1. Linnaeus. (1766). in: Caviidae. Syst. Nat..
  2. a b (Ingelesez) IUCN. (2016-03-01). Hydrochoerus hydrochaeris: Reid, F.: The IUCN Red List of Threatened Species 2016: e.T10300A22190005.  doi:10.2305/iucn.uk.2016-2.rlts.t10300a22190005.en. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  3. Herrera-Álvarez, Santiago; Karlsson, Elinor; Ryder, Oliver A.; Lindblad-Toh, Kerstin; Crawford, Andrew J.. (2021-05-04). «How to Make a Rodent Giant: Genomic Basis and Tradeoffs of Gigantism in the Capybara, the World's Largest Rodent» Molecular Biology and Evolution 38 (5): 1715–1730.  doi:10.1093/molbev/msaa285. ISSN 1537-1719. PMID 33169792. PMC 8097284. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  4. a b Pine, R. H.. (1993-11-30). «Redford, K. H., and J. F. Eisenberg. 1992. MAMMALS OF THE NEOTROPICS, VOLUME 2. THE SOUTHERN CONE: CHILE, ARGENTINA, URUGUAY, PARAGUAY. The University of Chicago Press, Chicago» Journal of Mammalogy 74 (4): 1079–1083.  doi:10.2307/1382449. ISSN 1545-1542. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  5. a b academic.oup.com  doi:10.1644/09-mamm-s-420.1. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30). )
  6. (Ingelesez) IUCN. (2016-03-01). Hydrochoerus isthmius: Delgado, C. & Emmons, L.: The IUCN Red List of Threatened Species 2016: e.T136277A22189896.  doi:10.2305/iucn.uk.2016-2.rlts.t136277a22189896.en. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  7. a b c d e f «Wayback Machine» web.archive.org 2016-04-12 (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  8. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Moreira, José Roberto; Ferraz, Katia Maria P. M. B.; Herrera, Emilio A.; Macdonald, David W.. (2012-08-16). Capybara: Biology, Use and Conservation of an Exceptional Neotropical Species. Springer Science & Business Media ISBN 978-1-4614-4000-0. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  9. (Ingelesez) Kihara, Mariana Tiai; Rocha, Thiado André Salvitti de Sá; Santos, Caio Cesar Carmo; Fechis, Alisson Diego Senna; Alves, Ana Carolina Aparecida; Sasahara, Tais Harumi de Castro; Oliveira, Fabrício Singaretti de. (2019-01-01). «Anatomorradiographic Description of the Capybara´s Teeth (Hydrochoerus hydrochaeris)» Acta Scientiae Veterinariae 47  doi:10.22456/1679-9216.89415. ISSN 1679-9216. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  10. (Ingelesez) Watanabe, Ii-Sei; Dos Santos Haemmerle, Carlos Alexandre; Dias, Fernando José; Cury, Diego Pulzatto; Da Silva, Marcelo Cavenaghi Pereira; Sosthines, Marcia Consentino Kronka; Dos Santos, Tatiana Carlesco; Guimarães, Juliana Plácido et al.. (2013-02). «Structural characterization of the capybara ( Hydrochaeris hydrochaeris ) tongue by light, scanning, and transmission electron microscopy» Microscopy Research and Technique 76 (2): 141–155.  doi:10.1002/jemt.22145. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  11. (Ingelesez) de Barros Ferraz, Katia Maria P. M.; de Barros Ferraz, Silvio F.; Moreira, José Roberto; Couto, Hilton Thadeu Z.; Verdade, Luciano M.. (2007-02). «Capybara (Hydrochoerus hydrochaeris) distribution in agroecosystems: a cross-scale habitat analysis» Journal of Biogeography 34 (2): 223–230.  doi:10.1111/j.1365-2699.2006.01568.x. ISSN 0305-0270. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  12. (Ingelesez) Corriale, María José; Herrera, Emilio A.. (2014-03-01). «Patterns of habitat use and selection by the capybara (Hydrochoerus hydrochaeris): a landscape-scale analysis» Ecological Research 29 (2): 191–201.  doi:10.1007/s11284-013-1113-2. ISSN 1440-1703. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  13. a b c d Juhani., Ojasti,. (1973). Estudio biologico del chiguire o capibara.. Fondo Nacional de Investigaciones Agropecuarias PMC 778034376. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  14. Herrera, Emilio A.; Macdonald, David W.. (1989-06). «Resource Utilization and Territoriality in Group-Living Capybaras (Hydrochoerus hydrochaeris)» The Journal of Animal Ecology 58 (2): 667.  doi:10.2307/4855. ISSN 0021-8790. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  15. a b (Ingelesez) Dias, Thiago C.; Stabach, Jared A.; Huang, Qiongyu; Labruna, Marcelo B.; Leimgruber, Peter; Ferraz, Katia M. P. M. B.; Lopes, Beatriz; Luz, Hermes R. et al.. (2020-08-20). Becker, Daniel ed. «Habitat selection in natural and human-modified landscapes by capybaras (Hydrochoerus hydrochaeris), an important host for Amblyomma sculptum ticks» PLOS ONE 15 (8): e0229277.  doi:10.1371/journal.pone.0229277. ISSN 1932-6203. PMID 32817698. PMC PMC7444575. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  16. a b Alho, Cleber J.R.; Rondon, Nelson L.. (1987). «Habitats, population densities, and social structure of capybaras (Hydrochaeris Hydrochaeris, Rodentia) in the Pantanal, Brazil» Revista Brasileira de Zoologia 4 (2): 139–149.  doi:10.1590/s0101-81751987000200006. ISSN 0101-8175. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  17. a b Macdonald, D. W.. (1981-07). «Dwindling resources and the social behaviour of Capybaras, (Hydrochoerus hydrochaeris) (Mammalia)» Journal of Zoology 194 (3): 371–391.  doi:10.1111/j.1469-7998.1981.tb04588.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  18. a b Forero-Montaña, Jimena; Betancur, Julio; Cavelier, Jaime. (2003-06). «http://www.scielo.sa.cr/scielo.php?script=sci_abstract&pid=S0034-77442003000200029&lng=en&nrm=iso&tlng=en» Revista de Biología Tropical 51 (2): 571–578. ISSN 0034-7744. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  19. BARRETO, GUILLERMO R.; HERRERA, EMILIO A.. (1998-01). «Foraging patterns of capybaras in a seasonally flooded savanna of Venezuela» Journal of Tropical Ecology 14 (1): 87–98.  doi:10.1017/s0266467498000078. ISSN 0266-4674. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  20. (Ingelesez) Shim, Hyungeun; Dierenfeld, Ellen S.. (2017-01). «Added dietary vegetables and fruits improved coat quality of capybara in Seoul Zoo, Republic of Korea: A case study: Scurvy in Capybaras» Zoo Biology 36 (1): 50–55.  doi:10.1002/zoo.21334. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  21. (Ingelesez) Felix, G. A.; Almeida Paz, I. C. L.; Piovezan, U.; Garcia, R. G.; Lima, K. a. O.; Nääs, I. A.; Salgado, D. D.; Pilecco, M. et al.. (2014-11). «Feeding behavior and crop damage caused by capybaras (Hydrochoerus hydrochaeris) in an agricultural landscape» Brazilian Journal of Biology 74: 779–786.  doi:10.1590/1519-6984.02113. ISSN 1519-6984. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  22. (Ingelesez) Borges, P. A.; Dominguez-Bello, M. G.; Herrera, E. A.. (1996-04-01). «Digestive physiology of wild capybara» Journal of Comparative Physiology B 166 (1): 55–60.  doi:10.1007/BF00264639. ISSN 1432-136X. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  23. (Ingelesez) Mendes, Alcester; Nogueira, Selene S.da C; Lavorenti, Abel; Nogueira-Filho, Sérgio L.G. (2000-02). «A note on the cecotrophy behavior in capybara (Hydrochaeris hydrochaeris)» Applied Animal Behaviour Science 66 (1-2): 161–167.  doi:10.1016/S0168-1591(99)00080-5. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  24. (Ingelesez) Pardo, Lain E.; Edwards, William; Campbell, Mason J.; Gómez-Valencia, Bibiana; Clements, Gopalasamy Reuben; Laurance, William F.. (2021-12). «Effects of oil palm and human presence on activity patterns of terrestrial mammals in the Colombian Llanos» Mammalian Biology 101 (6): 775–789.  doi:10.1007/s42991-021-00153-y. ISSN 1616-5047. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  25. Macdonald, D. W.. (1981-07). «Dwindling resources and the social behaviour of Capybaras, (Hydrochoerus hydrochaeris) (Mammalia)» Journal of Zoology 194 (3): 371–391.  doi:10.1111/j.1469-7998.1981.tb04588.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  26. (Ingelesez) Yáber, M. Carolina; Herrera, Emilio A.. (1994-12-01). «Vigilance, group size and social status in capybaras» Animal Behaviour 48 (6): 1301–1307.  doi:10.1006/anbe.1994.1366. ISSN 0003-3472. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  27. SOINI, Pekka; SOINI, María. (2006-01-01). «ECOLOGIA DEL RONSOCO O CAPIBARA (Hydrochoenis hydrochaeris) EN LA RESERVA NACIONAL PACAYA-SAMIRIA, PERU» Folia Amazónica 4 (2): 135.  doi:10.24841/fa.v4i2.212. ISSN 2410-1184. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  28. Herrera, Emilio A.; Salas, Viviana; Congdon, Elizabeth R.; Corriale, María José; Tang-Martínez, Zuleyma. (2011-02-16). «Capybara social structure and dispersal patterns: variations on a theme» Journal of Mammalogy 92 (1): 12–20.  doi:10.1644/09-mamm-s-420.1. ISSN 0022-2372. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  29. Herrera, Emilio A.; Macdonald, David W.. (1993). «Aggression, dominance, and mating success among capybara males (Hydrochaeris hydrochaeris)» Behavioral Ecology 4 (2): 114–119.  doi:10.1093/beheco/4.2.114. ISSN 1045-2249. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  30. Viviana., Salas,. (1999). Social organisation of capybaras in the Venezuelan Llanos. University of Cambridge PMC 500536023. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  31. Kokko, Hanna; Johnstone, Rufus A.. (1999-03-22). «Social queuing in animal societies: a dynamic model of reproductive skew» Proceedings of the Royal Society of London. Series B: Biological Sciences 266 (1419): 571–578.  doi:10.1098/rspb.1999.0674. ISSN 0962-8452. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  32. (Ingelesez) Barros, Kamila S.; Tokumaru, Rosana S.; Pedroza, Janine P.; Nogueira, Selene S. C.. (2011-01). «Vocal Repertoire of Captive Capybara (Hydrochoerus hydrochaeris): Structure, Context and Function: Capybara’s Acoustic Repertoire» Ethology 117 (1): 83–94.  doi:10.1111/j.1439-0310.2010.01853.x. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  33. (Ingelesez) Lord, Rexford D.. (1994-03). «A descriptive account of capybara behaviour» Studies on Neotropical Fauna and Environment 29 (1): 11–22.  doi:10.1080/01650529409360912. ISSN 0165-0521. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  34. ZARA, JOHN L.. (1973-01). «Breeding and husbandry of AL- capybara Hydrochoerus hydrochaeris at Evansville Zoo» International Zoo Yearbook 13 (1): 137–139.  doi:10.1111/j.1748-1090.1973.tb02128.x. ISSN 0074-9664. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  35. de, Azcarate, Tomas. (1980). Sociobiologia y manejo del capibara (Hydrochoerus hydrochaeris). PMC 258270851. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  36. Cueto, Gerardo Ruben; Allekotte, Roman; Kravetz, Fernando Osvaldo. (2000-01). «SCURVY IN CAPYBARAS BRED IN CAPTIVITY IN ARGENTINE» Journal of Wildlife Diseases 36 (1): 97–101.  doi:10.7589/0090-3558-36.1.97. ISSN 0090-3558. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  37. (Ingelesez) Alvarez, Martin R.; Kravetz, Fernando O.. (2006-03-01). «Reproductive performance of capybaras (Hydrochoerus hydrochaeris) in captivity under different management systems in Argentina» Animal Research 55 (2): 153–164.  doi:10.1051/animres:2006005. ISSN 1627-3583. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  38. Patterson, B. D.. (2007-01-13). «A New ‘Age of Discovery’ for Mammals Mammal Species of the World: A Taxonomic and Geographic Reference, 3rd Edition. Don E. Wilson and DeeAnn M. Reeder (eds.).» Journal of Mammalian Evolution 14 (1): 67–69.  doi:10.1007/s10914-006-9022-6. ISSN 1064-7554. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  39. Rowe, Diane L.; Honeycutt, Rodney L.. (2002-03-01). «Phylogenetic Relationships, Ecological Correlates, and Molecular Evolution Within the Cavioidea (Mammalia, Rodentia)» Molecular Biology and Evolution 19 (3): 263–277.  doi:10.1093/oxfordjournals.molbev.a004080. ISSN 1537-1719. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  40. Trillmich, Fritz; Kraus, Cornelia; Künkele, Joachim; Asher, Matthias; Clara, Mario; Dekomien, Gabriele; Epplen, Jörg T; Saralegui, Alvaro et al.. (2004-03-01). «Species-level differentiation of two cryptic species pairs of wild cavies, generaCaviaandGalea, with a discussion of the relationship between social systems and phylogeny in the Caviinae» Canadian Journal of Zoology 82 (3): 516–524.  doi:10.1139/z04-010. ISSN 0008-4301. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  41. MacPHEE, R.D.E.; SINGER, RONALD; DIAMOND, MICHAEL. (2000-10). <0001:lclmfg>2.0.co;2 «Late Cenozoic Land Mammals from Grenada, Lesser Antilles Island-Arc» American Museum Novitates 3302: 1–20.  doi:10.1206/0003-0082(2000)3302<0001:lclmfg>2.0.co;2. ISSN 0003-0082. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  42. Hopwood, A. Tindell. (1947-10). «The Generic Names of the Mandrill and Baboons, with Notes on some of the Genera of Brisson, 1762.» Proceedings of the Zoological Society of London 117 (2-3): 533–536.  doi:10.1111/j.1096-3642.1947.tb00536.x. ISSN 0370-2774. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  43. Inoue., Oda, Sandra Helena. (2002). Diferentes métodos de abate e sexo na qualidade da carne de capivara (Hydrochaeris hydrochaeris l. 1766). PMC 55901445. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  44. Oda, Sandra H. I.; Bressan, Maria C.; Cardoso, Maria das G.; Freitas, Rilke Tadeu Fonseca de; Miguel, Giulianna Z.; Faria, Peter B.; Vieira, Josye O.; Pisa, Ana Carolina C. et al.. (2004-06). «Efeitos dos métodos de abate e sexo na composição centesimal, perfil de ácidos graxos e colesterol da carne de capivaras» Ciência e Tecnologia de Alimentos 24 (2): 236–242.  doi:10.1590/s0101-20612004000200013. ISSN 0101-2061. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  45. Oda, Sandra H. I.; Bressan, Maria Cristina; Freitas, Rilke Tadeu Fonseca de; Miguel, Giulianna Z.; Vieira, Josye O.; Faria, Peter B.; Savian, Taciana V.. (2004-12). «Composição centesimal e teor de colesterol dos cortes comerciais de capivara (Hydrochaeris hydrochaeris L. 1766)» Ciência e Agrotecnologia 28 (6): 1344–1351.  doi:10.1590/s1413-70542004000600017. ISSN 1413-7054. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  46. Oda, Sandra H. I.; Bressan, Maria C.; Miguel, Giulianna Z.; Vieira, Josye O.; Faria, Peter B.; Savian, Taciana V.; Kabeya, Deyse M.. (2004-09). «Efeito do método de abate e do sexo sobre a qualidade da carne de capivara (Hydrochaeris hydrochaeris)» Ciência e Tecnologia de Alimentos 24 (3): 341–346.  doi:10.1590/s0101-20612004000300006. ISSN 0101-2061. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).
  47. Fukushima, Michihiro; Takayama, Yasuyoshi; Habaguchi, Tsuyoshi; Nakano, Masuo. (1997-04). «Comparative hypocholesterolemic effects of capybara (Hydrochoerus hydrochaeris dabbenei) oil, horse oil, and sardine oil in cholesterol-fed rats» Lipids 32 (4): 391–395.  doi:10.1007/s11745-997-0050-z. ISSN 0024-4201. (Noiz kontsultatua: 2023-04-30).

Kanpo estekak aldatu