Jose Miguel Beñaran Argala

ETAko militante eta buruzagia


Jose Miguel Beñaran OrdeñanaArgala ezizenez ezaguna— (Arrigorriaga, Bizkaia, 1949ko martxoaren 7a - Angelu, Lapurdi, 1978ko abenduaren 21a) ETAko kide eta buruzagi historikoa izan zen, erakundearen barruan leninistarik nabarienetarikoa.[erreferentzia behar] Bere autoaren azpian jarritako lehergailu batez hil zuten Espainiako zerbitzu sekretuek. Ekintza Batallon Vasco Español erakunde parapolizialak hartu zuen bere gain.

Jose Miguel Beñaran Argala
Jose Miguel Beñaran Ordeñana «Argala»ren irudia, haren argazkian oinarritua.
Bizitza
JaiotzaArrigorriaga1949ko martxoaren 7a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaAngelu1978ko abenduaren 21a (29 urte)
Heriotza moduadeliberate murder (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Izengoitia(k)Argala
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakerakunde terrorista
Artikulu hau serie honen zatia da:
Euskal
abertzaletasuna

Bizitza aldatu

Arrigorriagan jaio zen, Arratia bailara euskaldunaren eta Bilbo industrialaren arteko erdibidean. Ama, Felicidad Ordeñana Uriarte, Arantzazukoa, euskalduna zuen, baina etxean gaztelaniaz soilik egiten zuen. Aita, Pablo Beñaran Ormazabal, Arrigorriagakoa, abertzalea zen, eta ez zekien euskaraz, guraso euskaldunak izan arren. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Miguel (1949), Maite (1951), Iñaki (1952) eta Pablo (1955).

Eskola frankistako giroaz gain etxean giro abertzalean hazi zen. Hirurogeiko hamarkadako erdialdeko grebek eta errepresioak eman zizkioten klase sistemaren ikuspegia. Teoria marxista ikasteari ekin zion gaztetatik.

Euskal nazioaren kontzientziaren berpizkundea izan zen 1960ko hamarkada: ikastolak, jaialdiak, euskara ikastaroak... Giro horretan bete betean murgildu zen Jose Miguel Beñaran. 1968an ETAn sartu zen, lagun taldeko hainbatekin batera. Ingeniaritza ikasketak egiten aritu zen, baina ikasketa horiek utzi eta banketxean lanean hasita, giza zientziak ikasteari ekin zion.

Une batez erakundea uztekotan izan zen: guraso biak gaixorik, lana, ikasketak, 1970ean aita hil zen... Baina 1970eko maiatzean bere izena atera zioten poliziek atxilotu bati, eta ihes egin behar izan zuen. 21 urte zituen Beñaranek.

Klandestinitatean aldatu

Hasiera batean Oñatin hartu zuen aterpe, bertako familia baten etxean. Bertan Iñaki ezizena ere hartu zuen. Urte batzuk egin zituen Oñatin eta beste leku batzuetan ezkutuan.

1969an Bilbon Artekale kalean eta Kantabrian, Mogrovejon (Camaleñon) ETAren zuzendaritza taldea ia osorik atxilotu ostean, eztabaida ugari piztu zen erakundearen barruan eta 1970eko abuztuan Itsasun egindako Seigarren Biltzarretik hiru talde sortuko ziren: ETA V, ETA VI eta Celulas Rojas.

Garai horretan Argala Fronte Kulturalean egituratuta zegoen. Ez zen Itsasuko biltzarrean izan eta hasiera batean bere egituraren barruan jarraitu zuen, ETA VI.aren ildoan.

1970eko abenduan Burgosko prozesua egin zen. Abenduaren 2an ETA V.ak Behil kontsula bahitu zuen Donostian. Bere aldetik ETA VI.ak presoak espetxetik ateratzeko ekintza prestatu zuen: "Operación Botella". Argalak parte hartu zuen ekintza honetan: kanpotik zulo bat egin zuten kartzelaraino. Satorrak, oztopo ugari gainditu ondoren, kartzela barruraino sartu ziren baina azkenean ihesaldia burutu ezinik gelditu zen ihes egin behar zuten presoetara iristeko hormigoi murru bat zulatu ezinean.

ETAren adar desberdinen arteko jarrerak argitzen joan orduko Argala ETA V.ean sartu zen 1971ko urtarrilean. Argalak ikuspegi marxistatik teoria bat eraikitzeko ahalmena gehitu zien ETAren berrosatzean hainbat militanteri, hala nola Txomin Iturberi eta Eustakio Mendizabali.[1] Argala antolaketa lanetan Parisen aritu ondoren, Bizkaira itzuli zen, herrialde horren Fronte Kulturalaren arduradun, bere bizilekua Eibar-Elgoibarren kokatuta.

Fronte Kulturalean jarduteak baina, ez zuen esan nahi Fronte Militarrean aritzen ez zenik: 1971ko irailaren 30ean Bergarako Banco de Vizcayaren sukurtsalean egindako atrakuan parte hartu zuen Eustakio Mendizabal eta beste burkide batzuekin batera: 10 milioi pezeta eskuratu zuten.

1971n ETAk Madrilen babeslekuak sortzeari ekin zion, bertako ezkerreko taldeekin kontaktuak egiteko, erretagoardia anonimoago eta seguruago baten bila eta, beharbada, bertako erakunde armatu baten sorreran laguntzeko ideiarekin ere. Argala, beste militante batzuekin batera, joan-etorri ugari egingo zituen Madrilera urte honetan zehar, antolaketa lanen eta ekintza militarren artean. Eta bertako erakunde armatu bat sortzearen ideia berehala baztertu bazuten ere, bertan ekintzak egiteko aukera planteatu zen. Madrilen egun hauetan egin zituen Argalak lehen harremanak Alfonso Sastre eta Eva Forestekin ere.

Zabalaren bahiketa aldatu

1972ko urtarrilaren 19an ETAko talde batek (Txomin Iturbe, Mikel Lujua, Tomas Perez Revilla eta Argala) Lorenzo Zabala Suinaga enpresaburu eibartarra bahitu zuen Abadiñon. Ermuako Precicontrol enpresako langileak greban ari ziren, horietako batzuk Eibarko elizan gose greban ere, tartean Argalaren lagun batzuk, eta bahiketarekin langileen aldarrikapenak sustatu nahi izan zituen ETAk. Argalak idatzitako komunikatuak Acción de complemento y refuerzo a la lucha de la clase obrera vasca izenburua zuen. Ondoren langileen aldarrikapenak zerrendatu eta beroriek bete ezik urtarrilaren 28an Zabala hil egingo zutela zioen komunikatuak. Langileen aldarrikapenak oro har onartuta, urtarrilaren 22an askatu zuten Zabala Urkiola mendatean.

1972ko urrian ETA V.k Batzar baterako deia egin zuen, aurreko zatiketaren ostean jarrerak argitu eta erakundearen barruko tirabiren artean, norabidea homogeneizatu eta erakundea egituratzeko asmoarekin. Batzarra Hazparnen egingo zen, eta Argala eta Fronte Kulturalaren beste arduradun batzuek segurtasunagatik muga ez pasatzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, Guardia Zibilak Argala pasatu behar zuen taldea antzeman eta tirokatu zuen Urdazubin: Jonan Aranguren ''Iharra'' hil eta gainerakoek ihes egitea lortu zuten. Batzarrera ez joatea diziplina akatsa zela-eta, Argala eta Wilsoni erakundeko ardura guztiak kendu eta Hego Euskal Herrian bizitzeko eta politikaz jarduteko debekua ezarri zitzaien Batzarrean bertan.

Zigorraren ondorioz Argala eta Wilson Madrilen erbesteratuta gelditu ziren. Ordurako Luis Carrero Blancori buruzko informazioa zeukaten eta Carrero bahitu eta bere ordainez presoak askatzea planteatzen hasi ziren. Plangintza azkar egin zen, jende gehiago joan zen Madrilera eta 1973ko maiatzerako dena prest zegoen. Arazo batzuengatik bahiketa atzeratu behar izan zen, gero apirilaren 19an Txikia hil zuten Algortan eta erakundeak bahiketa atzeratzea agindu zuen.

Abuztuan ETAren VI. biltzarraren lehen zatia burutu zen Ipar Euskal Herrian. Argala, Madrileko taldekideekin, biltzarrera joan eta irailean itzuli ziren Madrilera. Ipar Euskal Herritik bueltan Txikia komandoa izena hartu zuen Madrilen ziharduen taldea.

Denbora tarte honetan baimena eman zioten Argalari Bilbora joan eta bere familiarrekin hitzordu batzuk izateko ere.

Carrero Blanco maiatzaren 9an Gobernuko presidente izendatu eta segurtasun neurri handiagoak hartzean Alberto Ullastres Merkataritzako ministroa bahitzen saiatu zen ETAko komando bat azaroaren 7an. Bere etxera joan ziren, baina kanpoan zegoen egun horretan. Gauzak horrela, Carreroren bahiketa proiektua bertan behera utzita, azkenean Carrero hiltzeko ekintza bat burutzea erabaki zuten, bide batez, beste ekintza batzuk ere aztertzen ari ziren bitartean: Manuel Fraga hiltzea, Alfredo Semprun hiltzea, Segoviako espetxean kanpotik zulo bat egin presoak askatzeko... Irailaren 25ean arma denda batean hainbat arma eta material lapurtu zituzten, asmatutako talde iraultzaile baten progadanda paperak lurrean boteaz. Urriaren 2an Madrilgo Kapitania Nagusiko jagole bati metraileta lapurtu zioten...

"Operación Ogro" aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ogro operazioa»

Abenduaren 20an meza entzun ondoren Carrero Blanco bere Dodge Dart beltzean Claudio Coello kaletik zihoan soto batetik egindako zuloan 75 kilo goma-2k leherrarazi zutenean. Dinamitaz betetako auto bat bigarren lerroan utzi zuten aparkatuta, Carreroren autoa lehergailua zegoen lekuaren gainetik igaro zedin. Betean harrapatu zuten autoa eta alboko eraikinaren gainetik pasa ostean, eraikinaren beste aldera erori zen. Carrero Blanco eta bere gidaria hil ziren. ETAk hiltzeko asmoz egindako bigarren ekintza izan zen Carrerorena.[2] Lehenean, Meliton Manzanas hil zuten, 1968ko abuztuan.

Behin baino gehiagotan aipatu da Argalak berak sakatu zuela Carrero hilko zuen dispositiboaren botoia,[3] baina ez zen horrela izan. Argala, kalean zegoen botoia sakatu zuen militantearen ondoan, autoaren posizio zehatza adierazteko.[4]

Carreroren hilketa konspirazio bat izan zela ere aipatu da, eta ezkerreko sektore batzuek ere kritika gogorrak egin zizkioten ETAri ekintza hori burutzeagatik. Argalak idatziko zuen Txikia Komandoaren izenarekin ETAk emandako erantzuna, biolentzia iraultzailearen zilegitasuna eta ekintza horren ekarpena azpimarratzen zituena.

Eva Forest komandoko kideekin bildu zen 1974ko martxoan eta "Operación Ogro" liburua argitaratu zuen ekintzaren gorabeherak azalduz. Liburrua Julen Agirre ezizenaz sinatuta argitaratu zen.

Bigarren zatiketa aldatu

Carrero Blancoren ekintzaren ostean Argala, taldeko kideekin batera Ipar Euskal Herrira itzuli zenean giroa nahasita zebilen erakundearen barruan eta zalantza handiak izan zituen batzuek eman nahi zioten norabidearen gainean. Bitartean, Argalak bigarren mailan jarraitzen zuen, artean diziplina faltagatik zigortuta.

1974. urtean erorketa asko izan zituen ETAk. Erakundea lau adarretan antolatuta zegoen: kulturala, politikoa, militarra eta langilea. Praktikan adar desberdinak nahastu egiten ziren, eta berregituraketa baten beharra sumatzen zen. Ekainean, III. Biltzar Ttipiaren ostean, Langile Fronteak erakundetik irtetea erabaki zuen, adar militarrekin zituen loturen ondorioz lan propio bat garatu ezinean.

1974ko uztailean euskaraz ikasteko ETAk antolatu zuen barnetegian parte hartu zuen Argalak, bitartean erakunde barruan eztabaida gogorrak ematen ari zirelarik.

Izan ere, III. Biltzar Ttipian bi ikuspegi desberdin nabarmendu ziren ETAren barruan, ETA (m) eta ETA (pm)arteko zatiketa ekarriko zutenak. Gainera, irailaren 13an Madrileko Rolando kafetegian ETAk jarritako bonba lehertu eta 11 lagun hil zituen; horietako bat polizia kidea zen. ETAk ez zuen ekintza bere gain hartuko, ETA-pm norabideko gehiengoa nagusitu eta ekintza ETAren gain hartzearen aurkakoak zirelako. Argalak kritika gogorrak egingo zien jarrera honengatik. Urrian egindako IV. Biltzar Ttipian ere kritika horiek berretsiko zituzten ETAren fronte militarrekoek eta egituraketari buruzko desberdintasunak zirela-eta, biltzarretik joan egin ziren. Horretara, zuzendaritzaren gehiengoa ETA pm izango zenaren ildoan kokatu eta erakundearen aparatuak euren kontrolpean gelditu ziren.

Argalak, ekintza garrantzitsuetan parte zuzena hartuta ere, jardun, aparatu politikoan ziharduen. ETAren fronte militarrekoek berari eman zioten euren tesiak garatzeko ardura. Berak idatzi zuen 1974ko azaroan ETAk argitaratu zuen ETAren Agiria. Bertan egoera soziopolitikoa eta Espainian demokrazia baten aukera aztertu ondoren ETAren estrategia eta jokabide politikoa azaltzen zituen. Funtsean, batetik, fronte desberdinetako egiturak sortzen zituen arazoak eta batez ere trantsizio demokratiko bati begira, eremu bakoitzak bere lana interferentziarik gabe eta errepresiorik gabe bideratu ahal izateko, ETAk fronte militarrean soilik jardungo zuen. Beste alde batetik, ezker abertzalearen oinarri politikoak zehazten eta garatzen zituen.

Hortik aurrera ETAren adar honi ETA militarra modura ezagutu zaio, ETA politiko-militarra modura ezagutu den beste adarretik bereizteko. Horretara ere, ETAren ideologo nagusia bilakatu zen, hil zuten arte.

Argalak egindako analisiaren ikuspegitik borroka armatuaren zeregina mugatua zen. Masa mugimendu abertzalea sustatzea zen funtsezkoa. ETA pm-ren aldean, insurrekzio bat bideratzea baino, borroka armatuaren helburua baldintza demokratikoak sortzen laguntzea izango zen.[5]

Egitura berria aldatu

Batzar hauen ostean ETA m-ren egiturako arduradunek ez zuten Espainiako lurraldeetan gehiago ibiliko. Horietako gehienek errefuxiatu politikoaren paperak zituzten Frantziako estatuan bizitzeko. Argalak, ordea, ez zituen legezko paperak eskatu eta Fernando izeneko baten dokumentazio espainiarra erabiltzen zuen. Argala ETA erakundearen zereginetan buru belarri sartuta zegoen eta klandestinitatean bizi zen. Bestela ere, diskretua, diziplinatua, protagonismotik ihesi, ez zen errefuxiatuak kalean ibiltzen ziren giroetan agertzen.

ETAren ildo politikoaren erreferentzia nagusia zen. Bileretan ikuspegi osoagoa lortzeko besteen iritziak baloratzen zituen eta, bestela ere, harreman onak zituen beste giroko jendearekin ere, hala nola, Felix Likiniano, Demetrio Beriain eta Marc Legasse anarkistekin.

Bietan Jarrai, aizkora eta sugeaz egindako ETAren anagrama, Felix Likinianok egin zuen Josu Artetxe ETAko kidearen omenez. Argalak ikusi zuenean erakundearen ikurrerako proposatu zuen.

Egitura berrian, Argalak militantziaren prestakuntza politiko-militarraren ardura ere hartu zuen. Ikastaroak antolatu zituen, batez ere, beste herrietako mugimendu iraultzaileen esperientziak aztertzeko. Argalaren arabera garaipena lortu ez zuten mugimenduen esperientziek garaipena lortutakoen esperientziek baino ikasbide garrantzitsuagoak eskaintzen zituzten.

Argala ohiko intelektuala ez izan arren, oso analisi sakonak eta ulerterrazak idatzi zituen. Arestian aipatutako "ETAren agiria"z gain, Zutik 65etik 69ra eta ETA erakundearen agiri eta barne dokumentu ugari idatzi zituen hil zuten arte. Horretara, bere ikuspegi politikoak, ETAk garai horretan argitaratutako agiri eta dokumentuetan aurki daiteke, bai eta Jokin Apalategiran Los vascos de la nación al Estado liburuaren sarreran idatzitako autobiografia politikoan,[1] eta hil baino lehenago Arrigorriagako amnistiaren aldeko batzordearen eskaeraz grabatutako mezuan ere.

1977ko martxoan Telesforo Monzonek deituta Txibertan indar abertzaleen artean egin ziren elkarrizketetan parte hartu zuen ETAren ordezkari modura. PNVk fronte abertzaleari uko egin zion, eta Argalak aldean zeukan pistola mahai gainean utzi zuen, PNVk akordioa izenpetuez gero ETA momentu horretan bertan borroka armatua bertan behera uzteko prest zegoela irudikatzeko.[6]

Iparraldeko bizitza aldatu

1975eko maiatzaren 16an Frantziako poliziak Donibane Lohizunen atxilotu zuen, aldean pistola bat zeramala. Baionako epaitegiak Versaillesera konfinatu zuen, Parisen inguruan. Baina bertara iritsi orduko telefonoz deitu eta bere bila joan ziren handik Ipar Euskal Herrira itzultzeko.

Garai horretan Axun Arana arrasatearra ezagutu zuen. Axunen mutil-laguna, Jesus Maria Markiegi "Mutriku" Gernikan hil zuten guardia zibilek maiatzaren 15ean eta Argalaren ardura ere bazen hildakoaren burkidearen ingurukoei babesa eta laguntza ematea. Denborarekin bion arteko harremanak sakonduko ziren eta biak Yeu irlan deportatuta zeudelarik, bertan ezkondu ziren.

1976ko urtarrilaren 23an Frantziako poliziak Donibane Lohizunen atxilotu zuen berriro. Oraingoan hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zituen beteko. Hala ere, 1976. urte honetan polizia hainbatetan atxilotzen saiatu zen: Axunen etxea zelatatzen zuten, eta behin etxean sartu eta Argala topatu ez zutenean, Axun bera atxilotuta eraman zuten.

Beste aldetik, Espainiako Gobernuak iheslarien aurka Ipar Euskal Herrian antolatutako gerra zikinaren helburu ere zen Argala: maiatzean Miarritzen atxilotutako hiru mertzenarioek epaiketan deklaratu zuten besteren artean Argala bahitzeko agindua zeukatela.

1976ko urriaren 15ean iheslarien aurkako sarekada handi baten barruan Argala ere atxilotzen saiatu zen polizia baina oraingoan ere bera ez zuten topatu eta Axun atxilotu zuten. Atxilotutakoak Yeu uhartean (Vendée) konfinatu zituzten.[7] Azkenean, 1977aren hasieran Argala ere atxilotu eta bertara konfinatu zuten.[8] Frantziako Gobernuak identifikazio txartel bat eman zion orduan, eta Axunekin ezkontzeko aprobetxatu zuen legezkotasun egoera hori. Yeuko alkateak ezkondu zituen 1977ko otsailaren 11n udaletxean.

Yeun bisita ugari izan zituzten konfinatuek. Horietan aipagarriena Monzonek 1977ko otsailean egindakoa. Argala eta Monzonen arteko besarkada jasotzen dituzten argazkiak irudi sinboliko handia zabaldu zuten Euskal Herri osoan.

Yeuko konfinamendua altxatu zenean, Argala Landetara konfinatu zuten, Euskal Herriko lurraldetan ibiltzeko debekuarekin. Hilabete batzuetan Landetatik Euskal Herrira joan-etorrietan ibili ostean, Argala Ipar Euskal Herrira bueltatuko zen, klandestinitatean bizitzera.

Bonba bat Angelun aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Gerra zikina Euskal Herrian»

Landetatik itzuli eta klandestinitatean bizitzen jarri ondoren, Argala eta Axunek etxe bat hartu zuten 1978 hasieran Miarritzen elkarrekin bizitzeko. Laster Angelura aldatu ziren. Argalak sasitan jardun arren Axunek legezko bizimodua zeraman eta eskolak ematen zituen Miarritzeko ikastolan. Etxe finko batean bizitzeak harreman pertsonalak zabaltzeko aukera eman zion Argalari: bere amarekin egon ahal izan zuen, familiarrekin... Hala ere, eta trantsizioaren garai honetan errefuxiatuak oro har bizimodu irekian ibili arren, Argala diskrezio osoz mugitzen zen: oso lagun gutxik ezagutzen zuen non bizi ziren.

Baina 1977ko ekaineko hauteskundeetan sortutako Espainiako gobernu berriak ETAren eskakizunak onartu ez eta errepresioa eta enfrentamendua armatua areagotu egin ziren. Hartara, 1978ko abenduaren 21ean etxetik irteten ari zela auto azpian jarritako lehergailua eztandarazita, Argala hil zuten[9] Espainiako zerbitzu sekretuetako kideek.

Ekintza OAZek eta BVEk hartu zuten beren gain.[10] Argalaren aurkako ekintza Jean-Pierre Cherid, Mario Ricci (Carlo Vannoli) eta Jose Maria Boccardo Romanek osatutako taldeak burutu zuen, SECED Espainiako zerbitzu sekretuetako kapitainaren Pedro Martinez (Pedro el Marino) agindupean ziharduena.[11][12] Urteen poderioz, Stefano Delle Chiaiek, eskuin muturreko terroristak, Argala izan zitekeen pertsona baten aurkako atentatuaz zehaztasunak eman zituen ere bai.[13]

Manifestazioak Euskal Herrian aldatu

Euskal Herri osoan manifestazio handi eta gogorrak egin ziren. Ehortzi zuten egunean poliziak Arrigorriaga osorik eta sarbide guztiak hartuta zeuzkan.[14] Hilkutxarekin amak, anaiek eta bizkarrean zeramaten lagunek baino ez ziren joan. Herria hutsik, ate eta leihoak itxirik, KASen ikurra zeramaten bi lagun joan ziren zerraldoaren aurrean. Euskal Herriko ikurrina dolu xingola beltzarekin eta erdi jasota zuen udaletxearen aurretik pasatzean, hiru polizia koadratu ziren hilkutxaren aurrean.

San Mamesen, abenduaren 30ean Athletic futbol taldeak Atletico de Madriden aurka jokatu zuen partidan, talde bietako jokalariak eta publiko guztia zutik jarrita, minutu bateko isilunea gorde eta "Eusko gudariak" kantatu zuten Argalaren omenez.[15]

Arrigorriagako udaletxearen aurreko plaza nagusia Argala plaza deitzen da gaur egun.[16]

Argalaren testamentua aldatu

1978ko abenduaren hasieran Arrigorriagako Amnistiaren Aldeko Batzordeak iheslariaren bizitzaren gorabeherak azaldu eta analisi politikoa egitea eskatu zion Argalari. Hil baino aste bat lehenago zinta batean grabatu zuen bere azken mezua. Grabazioan, iheslarien egoera eta amnistiaren aldeko mugimenduaren gaineko ikuspegia azaldu ondoren, Espainiako estatuko erreforma prozesua aztertu eta amaitzeko konpromisoaren beharra azpimarratu eta jendea ezker abertzaleko egitura desberdinetan antolatzera deitu zuen, antolatu barik herriak bere helburuak lortzerik izango ez duelako: "Animo, antolatu eta burrukara!" hitzekin agurtu zen.

ETAk 1979an kasete zinta batean zabaldu zuen Argalak grabatutako mezua osorik, erakundearen sarrera eta agiri batekin, guztira 50 minutu hartzen duen grabazioan.[17]

Argala goratzeagatik zigortuak aldatu

Arnaldo Otegik 15 hilabete egin zuen kartzelan Jose Miguel Beñaran Argalaren omenaldi batean parte hartu eta «terrorismoa goratzea»gatik zigortuta. 2007ko ekainaren 8an sartu zuten preso, ETAk su-etena hautsi eta hiru egunera, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren erabakia berretsi zuenean.[18]

Tasio Erkiziari urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011ko maiatzean, Argalaren hilketaren 30. urteurrenean, 2008ko abenduaren 21ean, haren oroimenez Arrigorriagan egindako ekitaldian hitz egin zuela egotzita .[19]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) «José Miguel Beñaran Ordeñana: Autobiografía política»
  2. (Frantsesez) «ETA: Communiqués au sujet de l'exécution de Carrero Blanco».
  3. (Gaztelaniaz) «ETA pensó eliminar a Franco en 1972», El País, 1976-12-18.
  4. (Gaztelaniaz) Bardavío, Joaquín, La crisis. Historia de quince días, Sedmay, Madril, 1974.
  5. (Frantsesez) «Beñaran Ordeñana, Jose Miguel», Dictionnaire antifranquiste.
  6. (Gaztelaniaz) « Imaz condiciona la búsqueda del acuerdo a "que dejen la amenaza"», Gara, 2007-03-26.
  7. (Gaztelaniaz) «Seis refugiados vascos pemanecen confinados en la isla de Yeu», El País, 1976-11-10.
  8. (Gaztelaniaz) «"Argala", condenado en Francia a cuatro meses de prisión», El País, 1977-07-14.
  9. (Ingelesez) «Basque militant, linked to killing of Madrid leader, slain in France», New York Times, 1978-12-22.
  10. «'Argala'-ren hilketaren 30. urteurrena oroituko dute Arrigorriagan»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2008-12-21.
  11. (Gaztelaniaz) Melchor Miralles eta Ricardo Arques, Amedo: el estado contra ETA. Plaza&Janes, 1989.
  12. «Yo maté al asesino de Carrero Blanco», El Mundo, 2003-12-21.
  13. https://elpais.com/diario/1987/07/05/espana/552434405_850215.html
  14. (Gaztelaniaz) «El cadáver de "Argala", trasladado a su pueblo natal», El País, 1978-12-12.
  15. (Gaztelaniaz) «El Athletic venció merecidamente al Atletico de Madrid» Egin, 1978-12-31.
  16. «Arrigorriagako Argala plazari izena aldatzeko eskatu du Paulino Luesmak»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2008-04-22.
  17. ETAren grabazioa Argalaren hilketaren aurrean: Sarrera, ETAren kokapena, Argalaren mezua, ETAren agiria Euskal Herriari. Iraupena: 50 minutu.
  18. Arnaldo «Otegi gaur aterako da espetxetik, 15 hileko zigorra beteta»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2008-08-30.
  19. «Tasio Erkiziari urtebeteko zigorra jarri diote, Argala goratzea egotzita»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-05-12.

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu