Jose Javier Zabaleta

esku huskako pilotaria
Zabaleta
Jose Javier Zabaleta, 2019. urtean.
Jose Javier Zabaleta, 2019. urtean.
Izen osoa: Jose Javier Zabaleta Lasa
Jaiotza data: 1991ko martxoaren 8a (33 urte)
Jaioterria: Etxarren, Arakil
( Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: Aspe
Postua: atzelaria
Altuera: 1,87 m
Pisua: 83 kg
Debutatze data: 2011ko urtarrilaren 6a
Debutatze pilotalekua: Astelena pilotalekua

Jose Javier Zabaleta Lasa, pilota arloan Zabaleta deituraz ezaguna (Etxarren, Nafarroa Garaia, 1991ko martxoaren 8a) esku huskako pilotari profesionala da. Atzelari jokatzen du, Aspe enpresarekin.[1] Ezker-eskuin indartsu jotzen du pilota. Uneko atzelaririk hoberenetakoa da: izan ere, jotzailea izateaz gainera, pilotakada gutxi huts egiten du, beti behar duen tokian izaten da, defentsan pilotakada zailak onera eramaten ditu, eta oso bizkor mugitzen da jokalekuan.

Dagoeneko erretiratuak diren Maiz II.arekin, Retegi II.arekin eta Martinez de Irujorekin batera, Zabaleta da binakako txapelketa gehien irabazi duena: bost txapelketa, guztira. Gainera, Zabaleta da bost txapelketak bikotekide banarekin irabazi dituen bakarra:[2][3] 2013an, Irujorekin; 2018an, Ezkurdiarekin; 2020an, Elezkanorekin; 2023an, Elordirekin; eta 2024an, Peio Etxeberriarekin. Horiek horrela, inoizko atzelaririk onenetako bat dela[4][5][6] jotzen da.

Kirol ibilbidea aldatu

Hastapenak aldatu

Amarekin hasi zen pilotan jokatzen, 4-5 urte zituela.[7] Gero, 6 urterekin, Irurtzungo pilota eskolara jo zuen. Handik gutxira hasi zen Fermin Escuderorekin lanean.[8]

Amateurretan bereganatu zuen atzelari bortitzaren ospea.[8] 17 urte zituela, 2008ko iraileko azken asteburuan, 19 orduko epean, hiru txapel irabazi zituen: larunbat arratsaldean Lodosako Virgen de las Angustias torneoa, igande goizean Leitzako Torneoa, eta igande arratsaldean Amezketako Joxean Tolosa Txapelketa.[7]

19 urte zituela, 2010eko urrian, Pauen amateurren artean jokatutako Munduko Pilota Txapelketan, binakako txapeldun izan zen senior mailan. Hurrengo urtarrilean egin zuen salto profesionaletara, Aspe enpresarekin.[7] 2010eko Errege egunez egin zuen debuta, Eibarren, Titinekin. Urtebete lehenago profesional bihurtzea egina zion eskaintza Aspek, baina itxarotea erabaki zuen, Fermin Escuderok hala aholkatuta.[8]

Profesionaletako txapelketa nagusietan aldatu

21 urte besterik ez zuela, 2013an, jokatu zuen estreinako aldiz Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, Juan Martinez de Irujo lagun. Ustekabean, maila ikusgarria eman zuen: adituen artean adostasun zabala dago, txapelketako atzelaririk hoberena izan zela;[9][10][11][12][13][14] partida txarrik ez zuen egin, eta titulua bereganatu zuen. Irujok asko lagundu zion horretan, pilota txarrak eta sakeak kenduz.[8] Txapelketa osoko bikoterik hoberena izan ziren, nahiz eta finala, bi tantoz aurretik zihoazela (6-4), Pablo Berasaluze aurkariaren lesioagatik irabazi zuten.[15]

 
Jose Javier Zabaleta eta Danel Elezkano, 2017. urtean.

2018ko apirilaren 9an, bigarrenez irabazi zuen Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, Joseba Ezkurdia aurrelaria lagun, Danel Elezkano eta Beñat Rezusta aurkariak 22-9 mendean hartuta.[16][17]

2019ko apirilaren 8an, berriz ere Binakako Txapelketa Nagusiaren finala jokatu zuen, berriz ere Danel Elezkano eta Beñat Rezusta aurkari zituela, eta Iker Irribarria aurrelaria lagun. Oraingoan galdu egin zuen, 22-19, partida ona jokatuta.[18]

2021ean, hirugarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Danel Elezkano aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu.

2023an, laugarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Aitor Elordi aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Unai Laso eta Ander Imaz, 22-13.[4][19] Txapelketa osoan ere bikoterik onena izan ziren Elordi eta Zabaleta, guztira jokatutako 18 partidetatik 15 irabazita.[4] Hala ere, larri heldu ziren finalera: finalerdietan Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka 19-15 galtzen ari zirela, Tolosak min hartu zuen, eta horrela lortu zuten Elordik eta Zabaletak finalerako sailkatzea.[20][21] Bikote txapeldunak Tolosari eskaini zion txapelaren zati bat.[22]

2024an, bosgarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Peio Etxeberria aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Jokin Altuna eta Julen Martija, 22-20. Final gogorra, ona, bizia eta emozio handikoa izan zen. Zabaleta nagusi zen, pilotakada indartsuak joz, baina aurkariek eutsi egiten zioten partidari. Guztira finalistek zazpiehundik gora pilotakada jo zituzten, ordu eta erdian. Jokoz gehiago izan ziren txapeldunak, eta lehen zati gogor-gogorraren ondoren, 21 eta 14 joan ziren aurretik; hala ere, latz kosta izan zitzaien azken tantoa egitea. Jokin Altunak eta Julen Martijak ez zuten etsi, eta tanto bakarrera hurbildu ziren. Azkenean, ordea, Zabaletak erabaki zuen partida, azken pilotakada indartsua errebotean sartuta.[23] Final hartan, Zabaleta izan zen, gainera, jokoan tanto gehien egin zituen pilotaria.[3]

Kirol lorpenak aldatu

Profesionaletan aldatu

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak
Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Tantoak Pilotalekua
2013 Martinez de Irujo - Zabaleta Berasaluze II.a(1) - Albisu 6-4 Bizkaia
2018 Ezkurdia - Zabaleta Elezkano II.a - Rezusta 22-9 Bizkaia
2019 Elezkano II.a - Rezusta Irribarria - Zabaleta 22-19 Bizkaia
2021 Elezkano II.a - Zabaleta Peña II.a - Albisu 22-7 Bizkaia
2023 Elordi - Zabaleta Laso - Imaz 22-13 Nafarroa Arena
2024 Peio Etxeberria - Zabaleta Altuna III.a - Martija 22-20 Nafarroa Arena

(1) Lesionatuta erretiratu zen, orpazurda hautsita, 6-4 galtzen ari zela.

Amateurretan aldatu

  • 2010: munduko txapelduna, binaka, senior mailan.
  • 2010: Espainiako klub arteko txapelduna, binaka.
  • 2009: Lezo Torneoko txapelduna.

Erreferentziak aldatu

  1. Enpresaren webguneko fitxa
  2. Etxeberria, Julen. (2024-04-01). «Bat gailurrean, bestea gorantz» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  3. a b (Gaztelaniaz) Ormazabal, Jon. (2024-03-31). «Zabaleta reivindica a los zagueros, posición de la que ya es leyenda» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  4. a b c Etxeberria, Julen. «Txapelak estaltzen du dena» Berria 2023-04-04 (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  5. «Antton Maiz: "Aurrelari onena niretzat Altuna da, eta atzelari onena Zabaleta"» EITB 2024-03-30 (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  6. Zabala Gandarias, Ibai. (2024-04-01). «Mila esker, Jose» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  7. a b c Oihana GALLO eta Maider BETELU: «Jose Javier Zabaleta. Aspeko pilotaria», Guaixe, 2011-02-10.
  8. a b c d Imanol MAGRO: «Armstrongi barkatu zion gaztea», Berria, 2013-04-23.
  9. Imanol MAGRO: «Bizitakoaz ikasten», Berria, 2013-03-27.
  10. (Gaztelaniaz) «José Javier Zabaleta ha sido la gran revelación», Mundo Deportivo, 2013-04-10.
  11. Imanol MAGRO: «Zazpirekin, barrura», Berria, 2013-02-07.
  12. (Gaztelaniaz) Igor G. VICO: «José Javier Zabaleta, zaguero de Aspe: "Estoy con golpe, con confianza y con ganas de jugar este tipo de partidos"», Noticias de Gipuzkoa, 2013-02-06.
  13. (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «Zabaleta da el golpe», Noticias de Navarra, 2013-02-11.
  14. (Gaztelaniaz) «Irujo y Zabaleta no tuvieron misericordia de Barriola», Diario Vasco, 2013-02-03.
  15. (Gaztelaniaz) Jon ORMAZABAL: «A Pablo Berasaluze se le fracturó mucho más que el talón de Aquiles», Gara, 2013-04-29.
  16. «Ezkurdia eta Zabaleta txapeldun (22-9)» Berria 2018-04-08 (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
  17. (Gaztelaniaz) G. Vico, Igor. (2018-04-09). «La tormenta perfecta» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
  18. «Elezkanok eta Rezustak irabazi dute binakako txapela» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  19. Eskudero, Jon. «Elordi-Zabaleta, merezita txapeldun» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  20. Ostolaza, Paulo. «Tolosaren lesio bat dela medio, Elordik eta Zabaletak jokatuko dute finala» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  21. SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-03-26). «Tolosaren lesioak, 19-16 irabazten zihoazela, finalerako txartela eman die Elordi-Zabaletari» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  22. «Elordi eta Zabaleta: “Txapel honen zati handi bat Tolosarentzat da”'» EITB 2023-04-02 (Noiz kontsultatua: 2023-04-04).
  23. Eskudero, Jon. (2024-03-31). «Peio Etxeberria eta Zabaleta txapeldun» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).

Kanpo estekak aldatu