Jose Etxenagusia

margolari espainiarra

Jose Etxenagusia Errazkin (Hondarribia, 1844ko otsailaren 1a - Erroma, 1912ko urtarrilaren 31), Etxena izenaz ezaguna, euskal herritar margolari akademizista izan zen[1].

Jose Etxenagusia

Bizitza
JaiotzaHondarribia1844ko otsailaren 1a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaErroma1912ko urtarrilaren 31 (67 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: malaria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
MugimenduaOrientalismoa

Biografia aldatu

 
Goian: Samson eta Dalila. Behean: Alfontso VIII.a Gaztelakoak Gipuzkoako foruak zin egitea, 1200. urtean. Biak dira Jose Etxenagusiaren lanak.
 
Venecia (dama con abanico en el balcón), Jose Etxenagusiarena.

Sari ugari irabazi zuen, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Haren obra Bilbon, Donostian eta Edinburgon dago, batez ere.

Hamalau urte zituela, Bergarako Errege Mintegian hasi zen ikasten; margotzen hasia zen ordurako, eta oliozko lehen koadroak orduan egin zituen.

Hemezortzi urte zituela, Burgosa joan zen, baina, giroa gustukoa ez zuela-eta, Bilbora aldatu zen; Bilbon Tuterako Burdinbide Konpainian hasi zen lanean. Lan hori egiteaz batera, marrazki eta margolaritzako eskoletara ere joaten zen; aldi berean, bilbotar pintoreekin harremanetan jarri zen.

Urte haietan ordea lehertu zen Bigarren Karlistaldia (1872-1876), eta, denbora batez, Bilboko hiriaren defentsan parte hartu behar izan zuen Etxenagusiak; 1873an, Baionara joan zen, pintura ikasten jarraitu nahi baitzuen. Garai hartan, marrizkigintzaren arazoak landu zituen batez ere; horrekin batera, paisaia batzuk ere egiten zituen.

1875ean, Donostian, izeba bat hil zitzaion gerran zaurituta; iloba utzi zuen oinordeko, eta, era horretan, Etxenagusiak bere betiko ametsa bete ahal izan zuen: Italiara joatea. 1876an, Erroman hartu zuen egoitza. Han ere, ikasten jarraitu zuen, hainbat eskolatan; leku askotako margolariak ezagutzeko aukera izan zuen, gainera. Gehien interesatu zitzaiona kolonia ingelesa, prerrafaelistena, izan zen; haien buru zen Dante Gabriel Rossettiren adiskide mina izatera heldu zen. Garai hartan, kanpotarrek ezin zutela izena ikasi-eta, Echena deitura berria jarri zioten, eta hala izenpetu zituen berak ere handik aurrera bere lanak. Laster hasi ziren Echenaren koadroak ondo saltzen Erromako merkatuan.

Madrilgo denda batean erakusketa bat egin zuen (1881), eta lan guztiak saldu zituen. Euskal Herrian egonaldi laburrak eginik, Hondarribian umetan kopiatzen zituen lan erlijiosoak gogoratu zitzaizkion, eta orduan hasi zen beretzen Alemaniako nazaretarren ideiak. Hala, 1882an, Hondarribiko Santa Maria elizan horma-pintura bat egiten hasi zen, Pasioaren eszena bat ageri duena.

Erromara itzulita, Jesusen pasioaren eta heriotzaren gaiak behin eta berriz lantzen hasi zen, beti ere Jesukristoren irudia nola adierazi asmatu nahian; Erromako auzo judura joan ohi zen, aurpegien ereduak hartzeko. Horren fruitu gisa, Municheko Errege Akademian Llegada al Calvario koadroa erakutsi zuen 1883an; Madrilgo Erakusketa Nazionalera joan behar zuen koadroak, baina, hori baino lehen, Erroman jarri zuen erakusgai, eta harrera ezin hobea izan zuen nazioarteko prentsan.

Madrilgo erakusketan, 2. klaseko domina besterik lortu ez zuen arren, oso kritika onak izan zituen.

Gorabehera askoren ondoren, koadroa Parisa joan zen, eta han Goupil galeristak erosi zuen; hark Ingalaterrara eta Eskoziara eraman zuen, eta arrakasta izugarria izan zuen.

Aldi berean, Bilbon ziharduen Echenak lanean, Bizkaiko Diputazioaren eskaeraz probintzia-jauregi berriko sabaiak apaintzeko marrazkiak egiten. Batez ere gai erlijiosoko lanak egiten zituen, ordea: Samson eta Dalila (1887), Emakume adulteroaa (1888), hoberenetako bat. 1890ean, Erroman, beste lan handi bat egin zuen, Gipuzkoako foru-jauregiko beirateetarako, Gaztelako Alfontso VIII.a Gaztelakoa Gipuzkoako foruak zin egiten agertzen duena; marrazkiak Municheko Mayer Etxe ospetsura bidali ziren, eta lana 1900ean bukatu zen.

1892an, Donostiako Lore Jokoetan, bi akuarela aurkeztu zituen Echenak, Irrintzi eta Leokide y Oninza. Lehenak batez ere –gizon bat irrintzi egiten– arrakasta handia izan zuen, eta, Erromara itzulita, beste bertsio bat egin zuen, olioz. Margolari-lanaz gainera, irakasle ere jardun zuen urteotan, Erromako Chigi Akademian: ikasle izan zituen, besteren artean, Alejandrino Irureta, Ignacio Zuloaga eta Alberto Arrue.

Lana utzi gabe, izen handia zuela Europan, 1911n hil zen; bizirik zegoela, nazioarteko kotizazio handiena lortu zuen euskal artista izan zen Echena.

Prerrafaelista ingelesengandik baino gertuago egon zen Echena nazaretar alemanen lan moralizatzaile eta sinbolikoetatik; baina ingelesek hain maite zituzten koloreen distira eta argitasuna ere, beirate gotikoen antzekoa, asko interesatu zitzaion. Bestalde, xehetasunen ardurak errealismo fotografikora hurbildu zuen. Honela esan ohi zuen: “Artea bidea besterik ez da, inoiz ez helmuga”.

Lan nabarmenduak aldatu

  • Kristo, Golgotan
  • Alfontso VIII.a Gaztelakoak Gipuzkoako foruak zin egitea, 1200. urtean
  • Baketzea
  • Labairuren erretratua
  • Samson eta Dalila

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jose Etxenagusia