José María Ryan Estrada (Bilbo, Bizkaia, 1943 – ?, 1981eko otsailaren 6a) ingeniari industriala izan zen, Lemoizko zentral nuklearreko eraikuntzen ingeniari burua, Iberdrola enpresa eraikitzailearen izenean. 1981ean ETAk bahitu zuen, eta egun batzuk geroago hil zuen, buruan tiroa emanda.

José María Ryan
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1943
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGaldakao1981eko otsailaren 6a (37/38 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
HiltzaileaEuskadi Ta Askatasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakingeniaria

ETAk bahitzea eta hiltzea aldatu

1981eko urtarrilaren 29an, ETAk bahitu zuen, eta aste bateko epea eman zuen Lemoizko zentral nuklearra egiteko obrak bertan behera utz zitezen, bestela Ryan hilko zutela mehatxatuta. Espainiako Gobernuak ez zuen men egin. Erakunde ugarik Ryanen askatasunaren aldeko manifestazioak egin zituzten[1] (besteak beste Amnistia Internazionalak), baina ETAk mehatxua bete zuen, eta buruan tiro bat emanda erail. Arkotxako baso bide batean jaurti zuen ETAk gorpua, Zaratamoko (Bizkaia) lurretan.[2]

Erailketak manifestazio handiak sortu zituen Hego Euskal Herrian zehar.

Era berean, mugarria bihurtu zen Lemoizko zentralaren proiektua bertan behera uzteko borrokan. Hilketaren ondoren, langile eta arduradunen egoera asko larritu zen Lemoizko zentraleko lanetan. Soldatak bikoiztu eta segurtasun neurriak biderkatu arren, lanak egiten jarraitzeko zailtasun operatibo handiak izan zituzten, eta 1984an obrak bertan behera gelditu ziren. Nahiz eta Iberduerok eta Espainiako Gobernuak hori ukatu, langileen artean sortu zuen zirrara eta ezinegonari ezin izan zioten bueltarik eman, ez diruarekin, ez eta polizia babes handiagorekin ere.[3]

Bizitza pertsonala aldatu

Bilbon jaioa zen, nahiz eta aitaren aldetik irlandar jatorrikoa izan. Energia nuklearraren ikasketak Estatu Batuetan eginak zituen. Pepi Murua haginlariarekin ezkonduta zegoen, eta adin txikiko bost seme zituzten: José María (9 urte), Álvaro (8), Eduardo (6), Pablo (5 urte bete zituen aitaren erailketaren biharamunean, otsailaren 7an) eta David (1).[4]

Erreferentziak aldatu