Joanen Lehen Gutuna

Itun Berriko liburua

Joanen Lehen Gutuna edo, labur, 1 Joan (1 J) Bibliako Itun Berriko gutun katolikoetako bat da, Joanen hiru gutunetako lehenengoa bai eta teologikoki sakon eta garatuena ere. Gutun hau, lau Ebanjelioak lez, izenpetu gabekoa da, baina, kristau-tradizioaren arabera, Joan Ebanjelariak idatzi zuen, Ebanjelioa Joanen araberaren ustezko idazlea, tradizioz, hizkuntzaz eta pentsamoldez oso antzekoak izateagatik.[1] Gutuna koinez idatzita dago. Joanen beste gutun bien (Joanen Bigarren Gutuna, Joanen Hirugarren Gutuna) antzekoa da.

Papiro 9 (III. gizaldiaren hasiera) ezagutzen diren 1 Joanen zatirik zaharrenak: 1 J 4:11-121 J 4:14-17 txatalak.

Egilea aldatu

Gutunak ez du egilerik aitatzen. Tradizioaren hasieran, Joan Apostolua Joanen gutun honekin eta beste biekin lotuta egon zen. Joanen hiru gutunak, estilo eta gaiari dagokiola, antzekoak dira, baina Ebanjelioa Joanen arabera eta Joanen Apokalipsia nahiko bestelakoak dira. Richard Bauckman Itun Berrian jakintsuaren arabera, Joan Presbiteroa Ebanjelioa Joanen arabera eta hiru gutunen egilea izan zen,[2] orokorrean, ostera, Joan Presbiteroak bigarren eta hirugarren gutunak baino ez zituela idatzi uste da.[3]

Joan Apostolua ustezko egilea den idazlanen egiazko egilea ote den auziari joandar auzi deritzo.

Data eta tokia aldatu

Ostera ere, ezin daiteke ezer ziur esan, baina Joani Lehen Gutuna I. gizaldiaren amaieran edo II. gizaldiaren hasieran idatzi zela uste da, behintzat Ebanjelioa Joanen araberaren baino lehenago. Seguru asko, testua Asia Txikian egin zen, Efeson, hain zuzen ere.

Edukia aldatu

Joanen Lehen Gutuna gutun katolikoetako bat da, eta bost kapitulu dauzka. Ez da benetako gutuna, Joanen beste gutun biak ez lez, ez da hartzailerik aitatzen, eta ez dago ez hasierako, ez amaierako agurrik. Seguruenik, tratatu edo gutun pastoral bat da, egileak ezagutzen zuen baina izendatu ez zuen eliza-elkarte batengana edo gehiagorengana zuzenduta.

Egileak irakurleei "seme-alabatxook", "ene maiteok" eta "senideok" deitzen die. Hori jakinduriaren literaturan sarri gertatu zenez gero, gutun honi batzuetan "jakinduria-idazki" deritzo, irakurleei bizi-betetasuna ekarriko dien bizitzeko ikasbide bat aldarrikatzen duena.[4]

Egitura argi barik, gutuna hainbat gai jorratzen du, eta Kristoren gizon-egitea garrantzitsuenetako bat da. Antza denez, joandar erkidegoan Jesus benetan gizakia izan ote zen zalantzak eta adiezinak agertu ziren. Are gehiago, beharbada, erkidegotik bereizi zen Jesusen gizon-egiteari buruz dozetismoarekin lotutako ideiak zeuzkan talde bat egon zen.[5] Idazleak Jesusen gizon-egiteari uko egitea okerra dela nabarmendu zuen, eta gezurrezko jakinbide haren predikatzaileei antikristo deitzen die.[6] Idazleak azpimarratutako beste errakuntza batzuk gizakia izatez bekataria dela ukatzea eta Jesus KristoaMesiasa edo "salbatzailea"– dela ukatzea izan ziren.

Jainkoa maitasuna da aldatu

Testuak sinesleek elkar maite behar dutela nabarmentzen du, "maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa" (1 J 4:7); eta "Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita" (1 J 4:8), "Jainkoa ez du inork inoiz ikusi", baina sinesleek maitatzen badute eurekin iraungo du.[7] Gutunak Jainkoa maitasuna dela errepikatu zuen: "Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin" (1 J 4:16).

Egitura aldatu

  • Begizko testiguaren iragarpena (1:1-4)
  • Jainkoa argia da (1:5-7)
  • Bekatuari uko egin (1:8-2,2)
  • Bete aginduak, maitasunarena batez ere (2:3-11)
  • Sinestedunak munduaren aurrean (2:12-17)
  • Kontuz Kristoren etsaiekin (2:18-27)
  • Sinestedunen itxaropena (2:28-3,3)
  • Bekatuari uko egin (3:4-10)
  • Elkar maitatu (3:11-24)
  • Kristoren Espiritua eta etsaiaren espiritua (4:1-6)
  • Maite duenak ezagutzen du Jainkoa (4:7-21)
  • Sinesmenak mundua garaitu (5:1-12)
  • Azkena: konfiantza osoa (5:13-21)

Joandar koma aldatu

Joandar koma (latinez: Comma Johanneum) 5:7-8 txatalean latinezko testu-tradizio batean jatorrizkoari ez dagokion ezarpen famatua dator. Honela dio:

« 7 Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak: zeruan Aita, Hitza eta Espiritu Santua, eta hirurok bat dira. 8 Eta hiru dira lurrean testigatzen dutenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz. »
1 J 5:7-8

Joandar koma sasoi batean Jainkoaren hirutasunaren Bibliako agerkai bakarra ei zen, aditu gehienen arabera, gutunak ez zituen jatorriz Jesu Kristo eta Espiritu Santua aitatzen. Litekeena da txatal hori Vulgataren glosa lez sortu izana.

Erreferentziak aldatu

  1. «1 J 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  2. (Ingelesez) Bauckham, Richard. (2006). Jesus and the Eyewitnesses. .
  3. (Ingelesez) Schonfield, Hugh J.. (1998). «Preface to the Letters of John the Elder» The Original New Testament. The definitive translation of the New Testament in 2000 years. Shaftesbury, Dorset (Erresuma Batua): Element Books Ltd, 533-534 or..
  4. (Nederlanderaz) van Tilborg, Sjef. (1974). De brieven van Johannes. Romen Bussum, 13 or..
  5. «1 J 2:18 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  6. «1 J 4:2-3 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).
  7. «1 J 4:12 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu