Jekaterina Dmitrievna Kuskova (errusieraz: Екатери́на Дми́триевна Куско́ва; Ufa, Errusiako Inperioa, 1869ko abenduaren 5agreg./azaroaren 23ajul. - Geneva, Suitza, 1958ko abenduaren 22a) errusiar ekonomista eta kazetaria izan zen; kritika politikoaren idazlea eta politikari bezala bi alderdi politiko fundatutakoa. Mende aldaketaren garaian “marxismo legalaren” teoriko nagusienetako bat izan zen, eta sozialismoa eta liberalismoa elkartzen saiatu zen.

Jekaterina Kuskova

Bizitza
JaiotzaUfa1869ko abenduaren 5a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaGeneva1958ko abenduaren 22a (89 urte)
Jarduerak
Jarduerakekonomialaria eta editorea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata

Hastapen sozialistak aldatu

XIX mendeko hazken hamarkadan lotu zitzaion mugimendu iraultzaileari, lehenik mugimendu populistetan, bere jaioterri Ufan eta Saratoven (gerora Alderdi Eserista fundatu zuen Viktor Txernov ezagutu zuen). Hori dela eta 1893an lehen aldiz atxilotua izan zen. Erbestera joan zen, non Plekhanov ezagutu zuen, eta haren eraginez, marxismoarekin bat egin zuen. 1898an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata (marxista) fundatzean parte hartu zuen Kuskovak. Hala ere, Kuskovaren pentsamendua ez zen marxismo ortodoxoarekin bat: bere ustez marxismoak langile mugimenduaren askapenaren baino, Errusiarenmodernizazioa” justifikatzeko balio zuen (feudalismotik kapitalismora). Hori zela eta, Kuskovaren (eta haren bidaide Piotr Struveren) arabera, langile borroka sindikalismotik haratago ez zen joan behar, eta Alderdi Sozialistaren punturik garrantzitsuena “askatasun politikoa” lortzea zen. Jekaterina Kuskovak 1899an Kredoa idatzi zuen, “marxismo legalaren” oinarriak biltzen zituen liburuxka (Kuskovak ez zuen dokumentu hori oinarrizko doktrina-liburuxka bezala idatzi, baina hainbeste fama hartu zuen, ezen horrela ezagutzen hasi ziren, berak jakin gabe). Kuskovaren arabera, kapitalismoa fenomeno aurrerakoi bat zen bereziki Errusian, eta kapitalismoaren garapenak langileei on egin ahal zien, hauen aspirazio ekonomikoak bete zituzkeelako, beraz, sozialisten eginbeharra ez zen botere politikoa erdiestea, baizik eta liberalekin elkarlanean “askatasun politikoa” lortzea, eta klase-borroka esfera ekonomikoan uztea. Leninek, Kredoa gogor eraso zuen bere idatzietan, adibidez, Zer egin? liburuan. Plekhanov berak ere kritikatu zituen, eta errusiar sozialdemokraten erbesteko antolakundetik baztertua izan zen Kuskova[1].

Liberalismora biraketa aldatu

Langile mugimenduaren barruan “marxismo legalaren” ildoa garaitua izan zenez, geroztik, Kuskovak eta bere kideek mugimendua utzi zuten. 1903an “Askapenaren Batasuna” sortu zuen Jekaterina Kuskovak Struverekin batera, 1905an Alderdi Demokratiko Konstituzionalistaren ernamuina izan zena. Bigarren alderdi horren fundazio-prozesuan ere parte hartu zuen Kuskovak, hasiera batean Alderdi Kadetearen Naxa Zhizn (Gure Bizitza) egunkaria editatzeko lanean ibili zen. 1905an berriz izan zen atxilotua Georgi Gapon apaizarekin (1905eko Iraultzari hasiera eman zion manifestazioa antolatu zuen apaiza) zuen harremana zela eta. Alderdi Kadetearen zuzendaritzarako aukeratua ere izan zen (iturri batzuen arabera denbora laburrez egon zen zuzendaritzan, beste batzuen arabera ez zuen izendapena onartu), baina 1910an alderdia utzi zuen, eskuinera gehiegi joan omen zelako eta Gobernuarekin kolaboratzeko itxaropenak izaten hasi zelako. Bere ikuspegi liberal-sozialista zela eta, Kuskovak sozialista erreformistekin harremana mantendu zuen, berriz beste alderdi bateko kide egin ez bazen ere. Garai horietan, aldaketa liberal demokratikoa lortzeko tresna moduan logia masonikoak baloratu zituen Kuskovak, errusiar mugimendu masonikoa indartu zuelarik[1].

1914an Kuskovak guda inperialista babestu zuen. 1917an, otsaileko iraultzaren ostean Behin-behineko Gobernuaren alde egin zuen (bere senarra eta antzeko ibilbide ideologikoa egindako Sergei Prokopovitx ministroa zen). Kuskova garai horietan, bera bezalako beste sozialista “patriotiko” batzuekin (guda inperialistaren aldeko, koalizio-Gobernuaren aldeko eta boltxebikeen zeharo aurkakoekin) elkartzen zen, behin-behineko Gobernua eta haren politika babesteko; are egunkari bat, Vlast Naroda (“Herriaren Boterea”) atera zuen asmo horiekin. Halako posizioek, Kuskova Kerenskirengandik oso hurbil ezarri zuten. Konferentzia Demokratikoko eta Aurre-parlamentuko kide izan zen. Urriko Iraultza deitoratu zen, eta Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeetara aurkeztu zen, aukeratua izan ez bazen ere. 1921an Errusia utzi zuen eta erbestetik (Berlinetik eta Pragatik) egunkari zurietarako artikuluak idazten zituen. Naziek Praga hartzerakoan Suitzara joan zen bizitzera. Genevan hil zen 1958an[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Kuskova, Jekaterina» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).