Izkiko Parke Naturala

Izkiko Parke Naturala[1] naturagune babestu bat da, Arabako Mendialdean kokatuta dagoena, Bernedo (%54.97a), Arraia-Maeztu (%39.56a) eta Kanpezuko (%5.47a) udalerrien barruan.

Izkiko Parkearen hegoaldean Kinta eta Durruma Kanpezu herriak. Barrenean Muela mendia.
Izkiko Parkearen banaketa administratiboa.
Artikulu hau Natura Parkeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Izkiko mendiak».

9.081 hektareatan zabaltzen da, Izki ibaiak sortutako ibarrean. Eusko Jaurlaritzak 1998ko martxoaren 31n izendatu zuen natura parke[2].

Mugakideak aldatu

Mugakide ditu iparraldean Gasteiz mendiak, hegoaldean Toloñoko mendilerroa, ekialdean Azazetako Ega ibaia, eta mendebaldean Trebiñu.

Mendiak aldatu

Kapildui (1.175 m) mendirik garaiena da, San Kristobal (1.057 m), Muela (1.056 m), San Justi (1.028 m), Soila (990 m), Belabia (970 m) eta Arburu (1.046 m) lagun dituelarik.

Landareak aldatu

 
Parkearen zuhaitzen banaketa.

Haritza da zuhaitz mota nagusia parkean, ia basoen erdia osatuz, lau motatakoa delarik: Quercus pyrenaica, Quercus robur, Quercus faginea eta Quercus ilex.

Pagoa (Fagus sylvatica) bigarren zuhaitzik hedatuena da, azaleraren ia %28a hartuz.

Deskribapena aldatu

Arabako Lurralde Historikoaren hego-ekialdeko muturrean kokaturik dagoen Izki aldea oso-osorik sartzen da Arabako Mendialdea izeneko Eskualdean, non nekazaritza den jarduera ia bakarra eta populazio-dentsitatea oso urria den. Izki aldean izen bereko ibaiak eta ibaiadar ugariek moldaturiko erliebe gorabeheratsu, leuna, da nagusi; ibaiak eremu hareatsuak zeharkatzen ditu ibilbide osoan, Ega ibaian bukatu arte. Izki Mendiaren erdigunetik urrundu ahala, aldapak geroago eta handiagoak dira, eta landaredia geroago eta dibertsoagoa.

Inguruak kubeta-itxura du, eta bertako sakonean azpimarratzekoa da ia etenik gabe hedatzen den ameztia (Quercus pyrenaica), munduko zabalenetarikoa. Kubetaren itxitura gisa, Gasteiz mendien jarraipena diren mendi garaiek eta amildegi malkartsuek mugatzen dute inguru guztia, hegoaldetik izan ezik, bertan, Ega ibaiaren arroak Izki eta Toloño mendilerroa banatzen baititu.

Landare-formazioak oso ezberdinak eta ugariak dira —batzuk oso hedadura txikikoak—, litologiak, topografiak eta orientazioak horretarako baldintzak sortzen dituztelako. Basoetan, esaterako: ameztia, artadiak, pagadi-mota ezberdinak, Quercus robureko hariztiak, hagin-basoak eta ezkameztiak. Habitat berezien artean, berriz: zohikaztegiak eta ur karbonatuzko iturbegiak.

Izkiko harkaiztegietan hegazti interesgarriak bizi dira. Nabarmenenak: sai arrea (Gyps fulvus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), sai zuria (Neophron percnopterus) eta belatz handia (Falco peregrinus).

Halaber, basoan fauna garrantzitsua babesten da; azpimarragarriena, okil ertaina (Dendrocopos medius): Izkiko populazioa penintsulan ezagutzen den garrantzitsuena da, eta hegazti honen banaketaren hego-muga markatzen du.

Ibai-ekosistemak ongi kontserbatzen dira, eta horren adierazgarri da bertako fauna ur garbietara aski espezializatua: desman piriniarra (Galemys pyrenaicus), ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) edo igaraba arrunta (Lutra lutra).

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu