Itsasorako Lasterketa

Itsasorako Lasterketa (frantsesez: Course à la mer; alemanez: Wettlauf zum Meer; nederlanderaz: Race naar de Zee) 1914ko irailaren 17tik 1914ko urriaren 19ra ingurura arte gertatutako ofentsiba-eraso militar bat izan zen, Mugen guduan (abuztuaren 7tik irailaren 13ra arte) alemaniarrek garatutako lehenengo erasoak gelditzean. Aipatutako eraso honen amaieraren kausa nagusiena Marneko lehen gudua (Irailaren 5etik 12ra arte) izan zen.[1] Aliatuen lehen garaipen nagusia Mendebaldeko Europan, Alemaniarrei Pariserako bide zuzena moztea lortu zuten. Jarraian Aliatuek antolatutako Aisneko lehen gudua (irailaren 13tik 28ra arte), alemaniarren armada iparraldetik erasotzeko intentzioarekin, Itsasorako Lasterketaren aurrekari gisa identifikatu da, aurrerago garatuko zen posizio gerraren oinarriak finkatu zituelako. Eraso honen emaitza eztabaidatua da, bi aldeek bere burua garaile izendatu baitzuten.[2] Horren ondorioz, gerraren hurrengo fasean Aliatuek zein alemaniarrek elkar inguratzen saiatu ziren, iparreko hegalak erasotuz. Gudaren amaieran inork ez zuen aurrerapen nabarmenik lortu eta lubaki-gerrari ekin zioten, zeinek 1918ra arte iraungo baitzuen.[3]

Itsasorako Lasterketa
Lehen Mundu Gerra
Mendebaldeko Frontea
Itsasorako Lasterketa 1914an
DataIrailaren 17tik urriaren 19ra
LekuaFrantzia, Belgika
Koordenatuak49°30′N 2°48′E / 49.5°N 2.8°E / 49.5; 2.8
EmaitzaImpasse
Gudulariak
 Alemaniar Inperioa  Belgika
Britainiar Inperioa Britainia Handia
 Frantzia
Buruzagiak
Alemaniar Inperioa Erich von Falkenhayn Belgika Alberto I.a
Britainiar Inperioa John French
Frantzia Joseph Joffre

Aipagarria da bestalde hainbat egilek azkenengo mendean zehar Itsasorako Lasterketari hainbat hasiera eta amaiera data ezberdin eman dizkiotela, adostasunik erdietsi gabe. Lehenengo data zehatzak proposatu zituena James Edmonds britainiar historialaria izan zen, 1925. urtean. Haren ustez irailak 15 eta urriak 15 artean garatu zen gertakaria, hala ere, hurrengo urtean irailaren 17tik urriaren 19ra iraun zuela aldarrikatu zuen.[2] Handik aurrera hainbat proposamen gehiago izan ziren, adostasunik lortu gabe. Hala ere, historialari gehienak ados daude azaroaren hasierarako lubaki-gerra jada hasia zela.[1]

Borroka garatu zen lurraldeak, Pikardia, Artois eta Frantziar Flandria alegia, hurrengo bost urtetan fronte estatiko baten gudu-zelai bihurtu ziren.

Aurrekariak aldatu

Garapen estrategikoak aldatu

XVII Plana aldatu

Sakontzeko, irakurri: «XVII Plana»

XVII Planaren garapenaren ondorioz, Joseph Joffre jeneralak 1911n sortutako ofentsiba-estrategia, frantziar estatuaren bakealdiko armadak bost armada-gorputz osatu behar izan zituen, erreserbako dibisio talde bat erantsita, erreserbako beste sail batekin hegaletan. Honen arrazoia Europa mailan gerra piztean, Frantzia eta Alemaniar Inperioaren artean nagusiki, estatuak galdutako Alsazia eta Lorrenako lurrak errekuperatzeko prest egotea zen. Guztira, bi milioi soldadu Épinal, Nancy eta Verdun-Charleville-Mezières lerroaren inguruan kokatu ziren, baita erreserbako armada bat ere Sainte-Menehould eta Commercy inguruan. 1871. urteaz geroztik hamasei trenbide-lerro eraiki ziren Frantziako Estatu Nagusiak Alemaniako mugara tropak azkar garraiatzeko. Honen helburua mugaren beste aldean kokatutako Alemaniako hamairugarren armadaren kontra modu eraginkorrean eraso egitea zen. Frantziako hedapenak gertu egon behar zuen Lorrainen edo Belgikan. Germaniarrek erreserbako tropak erabiliko zituztela aurreikusten zen, eta alemaniarren armadaren zati handi bat errusiar mugan kokatuta egongo zela ere bazekiten. Honen ondorioz, mendebaldeko alemaniar armadak tropa nahiko izango zituen Belgikan zehar erasotzeko. Hegoaldeko Alsazia-Lorrenako lurrak nahiko desbabestuta utziko zirela aurreikusten zuen XVII Planak.[4] Honekin batera, Lehen Mundu Gerran eragin erraldoia izango zuen artilleriaren garapena azkar eta ondo egokitu zen gerraurreko Frantzian, hurrengo urteekin alderatuta ekoizpena oraindik ere baxua izan arren. 1913ko urrian Joffrek zuzendutako Frantziako Estatu Nagusiaren kontseilu batean, artileria armada bakoitzaren menpe zeuden erregimentu zehatz batzuek soilik izango zutela agindu zen. Distribuzio honen helburua armaden arteko artilleria eskaerak asetzea zen, baita dibisio gehienen mugikortasunari eragitea ere. Honekin, historialariek zera interpretatu dute, Joffreren asmoa artilleria berria setio-artilleria bihurtzea zela, ez landa-artilleria.[1]

 
Frantziar zalditeria Parisen gerraren hasieran.

1905ean frantziar inteligentziak alemaniar Estatu Nagusiari maniobren mapa bat lapurtzea lortu zuen, non alemaniar tropen posizioak mendebaldean azaltzen ziren. Maparen idazkiak jarraituz, alemaniar armadak belgiar hiri-gotorlekuak setiatuko zituztela jakin izan zuten.[4]

Eraso alemaniar bat Belgikako hego-ekialdetik Mézières aldera eta bestea Lorraine iparretik Verdun, Nancy eta Saint Dié aldera aurreikusi ziren. Alemaniarrena asmoak jakinda, aurretik 'XVI Plana' izeneko ofentsiba eraldatu egin zen, XVII Plana bihurtu arte. Plan berri honen helburua Belgikatik sar zitekeen germaniar ofentsiba kontuan izatea zen. Egoera berrira egokitzeko frantziar Lehenengo, Bigarren eta Hirugarren armadek Épinal eta Verdunen artean kontzentratu behar zituzten beren tropak, Alsazia-Lorrenaren aurrean. Bitartean, Bosgarren armada Montmédy-tik Sedan eta Mézières hirien inguruan kokatu zen, Laugarren armadaz lagunduta, Verdungo mendebaldean kokatuta. Azken honen helburua ekialderantz abiatzeko prest egotea zen, Alemaniaren baizko inbasio baten hegoaldeko hegala erasotzeko, edo hegoalderantz abiatzeko prest egotea, Lorrenako iparraldeko hegalaren kontra jotzeko. Ez zen xedapen formalik ezarri Britainiar Armada Espedizionarioarekin (BAE-BEF) bateratutako operazio bat antolatzeko, hala ere, 1911n Marokoko Krisiaren testuinguruan britainiarrek Frantziako Estatu Nagusiari zin egin zioten gerra piztekotan sei dibisio Maubeuge aldean kokatuko zirela. [5]

Schlieffen-Moltke Plana aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Schlieffen plana»

Alemaniar estrategiak lehentasuna eman zion Frantziaren aurkako erasoari, Errusiarekiko frontea hasieran jarrera defentsiboz jokatuko zuten, Paris erori arte. Pentsaera honek 1891tik, lehenengo plana garatu zenetik, ez zuen aldaketa handirik jasan. Frantzian aurrez aurreko erasoak suntsigarriak eta ugariak izango zirela espero zen, arrakasta mugatuak ekarriko zituztenak, batez ere frantziarrek eta errusiarrek Alemaniarekin mugan zituzten gotorlekuak modernizatu ondoren. Honengatik, Alfred von Schlieffen, Alemaniar Inperioaren Oberste Heeresleitungaren (OHL, "Estatu Nagusia") agintariak, 1891-1906 urteetatik aurrera Frantziako mugan kokatutako gotorlekuak gailentzeko planak sortu zituen. Alboetatik garatutako eraso bat izan zen oinarrizko ideia, zeinak tokiko nagusitasuna izango zuen eta garaipen erabakigarria azkar lortu ahal izango zuen. 1906. urterako jada zehazturik zen maniobrak neutrala zen Belgika gurutzatuko zuela, zuzenean Pariserantz abiatzeko. Schlieffen-en ondorengoak, Helmuth Von Moltkek, plana moldatu zuen frantziarren erantzun posibleen aurka prest egoteko. Haren ustean erasoa oraindik Belgikatik garatu beharko zatekeen, baina zuzenean Frantziaren erditik eraso bat garatzeko prest ere egon beharko ziratekeen. Guztira 1.700.000 gizonek gauzatuko zuten erasoa. Alemaniako armada nagusiak Belgikan zeharkatzean hegoalderantz joko zuen, Frantziarantz. Maniobra honen ondorioz frantziar armadak ezkerreko hegalean bilduta geratuko zirela espero zen, atzera egin ezinik; beren burua bakea eskatzera behartuta ikusiz.[4]

Gerraren hasiera aldatu

Mugen Gudua: abuztuak 7 - irailak 6 aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mugen gudua»

'Mugen gudua' izena jaso duen gudu multzoak Frantziako armadak Marneko lehen guduan lortutako garaipenera arte egindako operazio guztien izen orokorra da. Lehenengo borrokak 1914ko abuztuaren 4an hasi ziren, bai Belgikako ekialdean, alemaniar armadak gidatua, zein Alsazia-Lorrena eremuan, Frantziak gidatua, aurretik aipatutako bi planak garatzen hastean. Frantziarrek Mulhouse hartu zuten abuztuaren 11n alemaniar kontraeraso batek kanporatu eta Belfort aldera erretiratu ziren arte. Impasse honekin ez asetuta, frantziar Estatu Nagusiak ofentsiba agindu zuen fronte osoan zehar; Lorrenako gudua izenarekin ezaguna (abuztuaren 14tik 25era iraun zuena). Eraso nagusi hau Morhange eta Sarrebourgeko guduekin hasi zen. Frantziar Lehen Armada Sarrebourgerantz eta Bigarren Armada Morhange aldera aurreratu ziren sei egunetan zehar. Morhange inguruko Château-Salinseko udalerria abuztuaren 17an hartu zuten eta hurrengo egunean Sarrebourg bera. Hala ere, garaipen hauek ez zuten luze iraungo; alemaniar 6. Armadak, 7.ak lagunduta, kontraerasoari ekin zion abuztuaren 20an. Erasoaren ondorioz Bigarren Armada Morhangera iritsi baino lehen atzera egitera behartu zuten eta Lehen Armadaren kontrolpeko Sarrebourg hiria birkonkistatu zuten. Garaipenez baliatuz, Alemaniako armadek muga zeharkatu eta Nancy-rantz aurrera egin zuten, hiriaren ekialdean gelditu arte.[6]

 
Mugen guduaren fronte ezberdinak erakusten dituen mapa, ingelesez.

Hegoaldean frantziar armadak Mulhouse berreskuratu zuten abuztuaren 19an, nahiz eta egun batzuk geroago berriz ere atzera egiten, Lorrenako porroten ondorioz. Abuztuaren 24an Mortagneko gudua gertatu zen; Vosgeseko lurraldean alemaniar armadak aurreratzeko egindako saiakera, garaipen txikia lortu egin zuena, aurrerago frantziar kontraeraso batek lurrak berreskuratu zituen arren. Abuztuaren 20an alemaniar kontraeraso handia hasi zen, Neufchâteau hirirantz. Eraso hau, alemaniar 4. eta 5. armadek garatutakoa, Ardennetan zehar sartu zen. Kasualitatez, egun berean frantziar Hirugarren eta Laugarren Armadek Ardenetan zehar ofentsiba propioa garatzea erabaki zuten, aldi berean Lorrenan garatzen ari zen borrokarekin laguntzeko. Aurkako armadek laino itxiean topatu zuten elkar hurrengo egunean eta frantziarrek alemaniarrak tropa 'laguntzaile' gisa gaizki identifikatu zituzten. Abuztuaren 22an Ardenetako gudua frantziar erasoekin hasi zen, haien akatsaz konturatuta. Borroka hau bi aldeentzat suntsigarria izan zen, honen ondorioz frantziarrak abuztuaren 23ko gauan erretiratu ziren. Hirugarren Armadak Verdun aldera egin zuen atzera, alemaniar 5. Armadak atzean izanik eta Laugarren Armadak Sedan eta Stenay aldera egin zuen atzera. Amaieran, Meuseko guduak (abuztuak 26-8) geldialdi unea lortu zuen, alemaniar tropak bi egunez geldituta geratuz.[7]

Abuztuaren 5ean, Alemaniako indar aurreratuak Lieja eta Liejaren inguruko Posizio Gotortuko gotorlekuak harrapatzen saiatu ziren. Egun berean BAEko lehen unitateak Frantzian lehorreratu ziren eta Frantziako tropek Alemaniako muga zeharkatu zuten berriz ere. Liejako hiria abuztuaren 6an erori zen, oraindik inguruko gotorlekuak harrapatu gabe zeudenean. Abuztuaren 12an Halengo gudua gertatu zen, non Belgikar metrailadoreek Alemaniar zalditeriaren zati handi bat guztiz akabatzea lortu zuten. BAEren tropa mugimenduak abuztuaren 16an amaitu ziren. Guztira lau infanteria-dibisio eta zalditeria-dibisio bat Frantziara lekualdatu ziren. Abuztuaren 12an, bestalde, lehenengo bost super-20 mm-ko alemaniar Howitzer (17 tona) eta lau bateria austriar 305 mm-koak (12 tona) iritsi ziren Liejako ingurura, eta geratzen ziren forteen defentsak bonbardatzen hasi ziren sistematikoki, harik eta azken gotorlekua abuztuaren 16an erori zen arte.[4] Abuztuaren 18an, alemanak Meuse ibaian aurrera egiten hasi ziren Namur alderantz, eta Belgikako zelaiko armadak atzera egiteari ekin zion Gete aldean zituen posizioetatik. Belgikako gobernuak abuztuaren 18an Bruselatik ihes egin zuen eta Frantziarako bidea zabaltzeko borroka hasi zen, Geten belgikarren alemaniarren erasoak gelditzen saiatu zirenean. Abuztuaren 20an, Alemaniako 1. Armadak Brusela oposiziorik gabe hartu zuen, eta Belgikako armada Anberesera iritsi zen, germaniar unitate aurreratuen interferentzia gutxirekin. Beste fronteetean, Tienen inguruan, belgikarrek 1.630 hildako izan zituzten. Hurrengo egunean Belgikako armada Anberes aldera erretiratzen hasi zen, alemaniarrentzat Namurrerako bidea irekita utzita. Hauek astirik galdu gabe Longwy eta Namur abuztuaren 20an setiatzen hasi ziren. Mendebaldera, frantziar Bosgarren Armada Sambre ibaian multzokatu zen, Charleroiko bi aldeen kontrola mantenduz. Ezkerreko hegalean frantziar Zalditeria Gorputzak, André Sordet Jeneralaren aginpean, Mons-en BAErekin lotzea lortu zuen.[7]

Belgikako erresistentziak eta alemaniarrek frankoen aurrean zuten beldurrak, alemaniarrek Schrecklichkeit ("Beldurgarri") politika ezarri zuten Belgikako zibilen aurka inbasioa gertatu eta gutxira, non sarraskiak, exekuzioak, bahiketak eta hiri eta herrien erreketa gertatu ziren, eta Belgikako bortxaketa bezala ezagutu zen.

 
1914ko Charleroi eta Monseko guduak erakusten duen mapa.

Frantziar Bosgarren Armadak alemaniar 2. eta 3. Armadei aurre egin zien ekialdetik eta iparraldetik. Bosgarren Armadak Sambre ibaiaren beste aldetik erasotzeko ahalmena izan baino lehen 2. Armadak Charleroiko guduan eta Namurren eraso egin zuen abuztuaren 21ean. Alemaniar 3. Armadak Meuse ibaia zeharkatu eta frantziarren eskuineko hegala erasotu zuen. Abuztuaren 23an Bosgarren Armadak hegoalderantz atzerakada hasi zuen inguratuta geratzea saihesteko. Saint-Quintineko guduan jasotako porrotaren ostean frantziar atzerapenak jarraitu zuen. Abuztuaren 22an BAEk aurrera egin zuen eta hurrengo egunean Monseko guduan borrokatu zuen, alemaniar 1. Armadaren aurkako ekintza batean. Borrokaren helburua Alemaniar Inperioaren erasoa moteltzea izan zen, eta hau lortu zuten. Hala ere, BAEk atzera egin behar izan zuen bi egun geroago, 1. Armada britainiarren eskuineko hegalaren defentsa gainditzen hasi zenean. Frantziar Bosgarren Armadak Sambreren berriz ere gurutzatu zuen, Frantzian barrena ihes eginez. Mugimendu honek britainiarren hegalaren zati bat inguratuta utzi zuen. Namur abuztuaren 25ean errenditu zen, egun berean Anberesetik garraiatutako Belgikar armada batek Malineseko guduan alemaniarren aurka borrokatzen zuen bitartean. [7]

Frantziar porrotaren ostean Lorrenako guduan, irailaren 3rako Frantziako Bigarren Armadak Nancy-tik gertu dagoen Grand Couronné-ko gainetara erretiratu zen, Pont-à-Mousson, Champenoux, Lunéville eta Dombasle-sur-Meurthe herrien inguruan defentsa-arku bat osatuz. Grand Couronné-ko gudua (irailaren 4tik -13ra) hurrengo egunean hasi zen; alemaniar 7. eta 6. armadek aldi berean St. Dié eta Nancyko hiria bera erasotzean, frantziar Bigarren Armada Hirugarren Armadari errefortzuak bidaltzen ari zen bitartean. Borroka odoltsua izan arren frantziar jeneralek lau gorputz baino gehiago erretiratu ahal izan zituzten ezker hegaleko armadak indartzeko. Irailaren 13an, kontraeraso batean, frantziarrek Pont-à-Mousson eta Lunévilleko herriak berreskuratu zituzten eta Seille ibaitik gertu aurreratzen jarraitu zuten. Momentu honetan frontea egonkortu zen.

Atzerakada Handia: abuztuak 24 - irailak 7 aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Atzerakada Handia»

Frantziar Bosgarren Armada Sambre ibaiatik 10km-ra atzeratu zen Charleroiko guduaren ondorioz (abuztuak 22), hurrengo egunean, 23an, Sambreko hegoaldetik erretiratze orokorra egin zuen. BAEk abuztuaren 24an Monsen borrokatu zuen, alemaniar 7. eta 6.armadek Frantziako Lehen eta Bigarren armadak atzera bota zituzten bitartean Saint Dié eta Nancyren artean erasotuta, Hirugarren armadak Verdunetik ekialdera posizioak hartu zituen 5. armadaren erasoen aurka, Laugarren eta Hirugarren Armadek Montmédyko hegoaldean, Sedan, Mezières eta Fumay hirien artean, 4. alemaniar armadaren aurrean. Bostgarren armada Fumayren ekialdean zegoen. Frantziarren mendebaldeko hegalean, BAEk Maubeugetik Valenciennesera zihoan lerroa luzatu zuen, 1. armadaren aurka eta von Beselerren destakamentua Anberesen garaitu zuen Belgikako Armada.

 
Britaniar tropak Marneko guduan, 1914ko abuztuaren amaieran.

Abuztuaren 26an, germaniar indarrek Valenciennes hartu eta Maubeuge hiriaren setioa agindu zuten, irailaren 7ra arte iraungo zuena. Alemaniarrek Lovaina suntsitu zuten eta Le Cateau-n BAEk eta 1. armadak borrokatu ziren. Longwyko goarnizioa handik gutxira errenditu zen eta hurrengo egunean Royal Marines eta Royal Naval Air Service (RNAS) britainiar unitateek Ostenden lehorreratu ziren; egun berean alemaniar tropek Lille eta Mezières okupatu zituzten. Arras abuztuaren 27an erori zen eta frantziar kontraeraso bat Saint Quentingo guduari hasiera eman zion. Abuztuaren 29an Bostgarren Armadak alemaniarren 2. armadari eraso egin zion Oise ibaiaren hegoaldean, Vervinsetik Mont d'Orignyra, baita ibaiaren mendebaldetik ere, Mont Dorignytik Moy aldera Somme ibaiaren ertzean. Britainiarrek bitartean La Fèreko mendebaldean Oise ibaiaren lerroa mantendu zuten. [8] Laon, La Fère eta Royeko herriak alemaniarren eskuetan geratu ziren abuztuaren 30ean, baita Amienseko zentru neuralgikoa ere, hurrengo egunean. Amiens aurreko asteetan BAEren operazio zentrua izan zen Monsera mugitu baino lehen. Irailaren 1ean Craonne eta Soissons erori ziren eta 5ean BAEk bere atzerakada gelditu zuen, alemaniarek Clayera iritsi ziren (Parisetik 10km-ra), Reims erori zen, alemaniar tropek Lilletik alde egin zuten eta Marneko lehen gudua hasi zen; dena egun berean. Marneko guduak 12ra arte iraungo zuen, Atzerakada Handiaren amaiera markatu zuena.[9]

Irailak 4rako Aliatuen erasoek 7. eta 6. alemaniar armaden aurrerakada moteltzea lortu zuten St. Diéko mendebaldean eta Nancyko ekialdean, non bigarren armada bere ezkerreko hegala erretiratu zen Nancy eta Toulgo hirien artean iparralderantz begiratzeko. Zulo bat sortu zen Bigarren eta Hirugarren armaden artean Verdunen, ipar-mendebaldeko Revignyrako bidean, 5. alemaniar armadaren aurrerakadaren ondorioz. Laugarren armada Sermaizerantz erretiratu zen, Marne ibaiaren mendebaldean, jarraian ibaia berriz gurutzatuz Somponserantz mugitzeko, alemaniarren 4. armadaren aurka, Châlons eta Retheletik zetorrena. Bederatzigarren armada berriak Mailly-n hasten zen lerroaren defentsan ari zen, 3. armadaren aurka, Mezièresetik erasotzen zuena. 2. Armadak aurrera egin zuen Marletik, Aisne eta Vesle ibaiak zeharkatuz, Reims eta Fismes artean Montmorterantz, Bederatzigarren eta Bosgarren Armaden bidegurutzetik iparraldera Sézanne-n. Bosgarren Armadak eta BAEk Oise, Serre, Aisne eta Ourq hegoaldera erretiratu ziren, 2. Armadak Guise-tik Laon, Vailly eta Dormans-era zihoan lerroa jarraituta. 1. Armadak Montdidierretik, Compiègne aldera eta gero hego-ekialderantz alde egin zuen, Montmirailera. Frantziako Seigarren Armada berriak BAEren ezkerrarekin elkartu egin zen Marneren mendebaldean Meaux-en, Pontoiserantz Parisko barrutiaren iparraldean. Alemaniarrek frantziar goarnizioak Estrasburgon, Metzen, Thionvillen, Longwyn, Montmédy-n eta Maubeugen setiatu zituzten (azken hau jada aste batez setiatuta egon zen). Belgikako armada Anberesen inguruan kokatuta zegoen orokorrean eta Liejan, gerraren hasiera alemaniarrek azkar babesleen gainetik igaro arren, gotorlekuko tropek kokaleku estrategiko batzuetan oraindik defentsan jarraitu zuten.[8]

Ekialdeko frontearen egoera aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Ekialdeko Prusiako ofentsiba (1914)»
 
Tapiauko herria Ekialdeko Prusian (egungo Gvardeysk, Kaliningradeko Oblasta) Errusiako armadaren eraso baten ondorioz, 1914.

Uztailaren 28an Austria-Hungariako Inperioak Serbiako Erresumari gerra deklaratu zion eta handik egun batzuetara; abuztuaren 1ean, Polonian lehenengo talkak hasi ziren. Alemaniarrek Libau (egungo Letoniako Liepāja) bonbardatu zuten itsasotik abuztuaren 2an eta abuztuaren 5ean Montenegrok Austria-Hungariari gerra deklaratu zion. Abuztuaren 6an Austria-Hungaria eta Errusiaren arteko gerra egoera ofizial egin zen eta Serbiak Alemaniar Inperioari gerra deklaratu zion. Montenegrok eta Alemaniak elkarri gerra deklaratu zioten 8an. Errusiar Inperioak, bere partetik, hasierako erasoa bitan banatu zuen. Armadaren zati batek Ekialdeko Prusia inbaditu zuen, Königsbergeko forte-hiria azkar hartzeko helburuarekin. Armadaren beste zatiak, bitartean, Galitzian Austriarren aurka borrokatu zen. Abuztuaren 12an Britainiak eta Frantziak Austria-Hungariari gerra deklaratu zioten austriarrek Sava ibaia gurutzatzen zuten bitartean. Hurrengo egunean Lehen Serbiar Inbasioa hasi zen. Abuztuaren 17an, Stallupönengo guduan, Hermann von François alemaniar generalak errusiarrak garaitu zituen lehen aldiz austriarrek Cergo guduan Serbiarren aurka talka egiten zuten bitartean. Abuztuaren 19 - 20 artean Gumbinnengo gudua gertatu zen Ekialdeko Prusian, non Errusiako armadak garaipen txiki bat lortu zuen.[7]

Abuztuaren 21ean Austria-Hungariarrek Serbiatik ihes egin zuten jasotako porroten ondorioz. Austriar jeneralek inbasioa prestatu gabe hasi zuten, etsaiak aste batean errendituko zela pentsatuz eta armadak azkar janari eta hornidurarik gabe geratu zen. Honekin, gainera, serbiarrek metro bakoitzaren defentsa egin zuten, austro-hungariar heriotzak milaka izateraino. Serbiarrek gerrilla taktikak erabili zituzten inbasioa moteltzeko, eta Austriako armada ez zen aurre egiteko prestatua. Honen ondorioz heriotza zibilak milaka izan ziren baita Estatu Nagusiak agindutako fusilamenduengatik, argazkietan "arazorik gabe" erakusten zirenak, beste serbiar guztientzat mezu izateko intentzioarekin.[9] Abuztuaren 26tik 30era Tannenbergeko guduan Alemaniako armada txikiago batek Errusiarren lehen armada suntsitu zuten, Ekialdeko Prusiako erasoaldia ia osoki zapuztuz. Galitzian, bitartean, Kraśnikeko lehen gudua gertatu egin zen. Lembergeko gudua hasi zen egun berean, baita Komarów eta Gnila Lipako guduak ere, guztiak Errusiar Polonian. Ålanden alemaniar SMS Magdeburg itsasontziak lehorreratu zen errusiar eskuadroi baten erasoaren ondorioz. [7]

Marneko eta Aisneko Lehen Guduak: Irailak 6-28 aldatu

Joffrek, Irailaren hasieran agintaritza militarrean hainbat aldaketa egin eta gero (kaleraketak eta armada berrien sorrera, nagusiki), Frantziako tropak Alemaniako mugara garraiatu zituzten trenbideak erabili zituen. Lorrenatik eta Alsaziatik Seigarren Armada berri bat osatzeko hainbat dibisio itzuli ziren, Michel-Joseph Maunoury jeneralaren agindupean, Joffre XVII Planaren ezintasunaz konturatzean.[10] Seigarren Armada bederatzi dibisio eta bi zalditeria dibisiok osatuko zuten, eta haren helburua alemaniarren bultzada gelditzea izango zen. Irailaren 10erako, hogei infanteria dibisio eta hiru zalditeria dibisio mugitu ziren guztira mendebalderantz, Alemaniako mugatik Frantziako erdigunera eta mendebaldera. Honekin indar-oreka 44 alemaniar 56 franko-britainiarren aurka izatera aldatu zen. Irailaren 4an, Joffrek Seigarren Armadari agindu zion ekialderantz erasotzeko Ourcq-etik Château Thierry-rantz, BAEk Montmirailerantz egiten zuen bitartean, Marneko ibaiaren inguruan, eta Bosgarren Armadak iparralderantz, eskuineko hegala Bederatzigarren Armadak babesturik Saint Gond-eko paduretan zehar. Lehen, Bigarren, Hirugarren eta Laugarren armada frantsesek, ekialdean, Verdun eta Toul artean kokatuta eta aurreratzen ari ziren 5., 6. eta 7. armada alemaniarren erasoei aurre egin behar zieten. Alemaniarren helburua Ruperto Bavariako Printzeak gidatutako tropek iparraldetik Nancytik hegoaldera zeuden defentsen aurkako eraso inguratzaile bat garatzea zen; 6. eta 7. armadak Metz hiriko artilleria astunez indartzen ziren bitartean, eta irailaren 4an berriro eraso zuten Mosa ibaian zehar.[4]

Guduak (osatu gabeko zerrenda) aldatu

Izena Data Emaitza
Pikardiako lehen gudua 1914ko irailaren 22tik 26ra Garailerik gabe
Flireyko gudua 1914ko irailaren 19tik urriaren 11ra Alemaniar garaipena
Alberteko lehen gudua 1914ko irailaren 25etik 29ra Garailerik gabe
Arrasko lehen gudua 1914ko urriaren 1etik 4ra Garailerik gabe
Monchy-au-Boiseko gudua 1914ko urriaren 5etik 29a Alemaniar garaipena
La Basséeko gudua 1914ko urriaren 10etik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Armentieresko gudua 1914ko urriaren 13etik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Messinesko gudua 1914ko urriaren 12tik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Yserreko gudua 1914ko urriaren 16tik 31ra Belgiar-Frantziar garaipena

Yserreko frontearen sorrera

Ypreseko lehen gudua 1914ko urriaren 19tik azaroaren 22ra Garailerik gabe

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Ingelesez) Doughty, Robert A.. (2005). Pyrrhic victory: French Strategy and Operations in the Great War.. Belknap ISBN 978-0-674-01880-8...
  2. a b (Ingelesez) Edmonds, James E.. (1926). Military Operations France and Belgium 1914: Mons, the Retreat to the Seine, the Marne and the Aisne August–October 1914.. Macmillan ISBN 58962523...
  3. Reichsarchiv (Potsdam). (1929). Der Herbst-Feldzug 1914 : im Westen bis zum Stellungskrieg, im Osten bis zum Rückzug.. Mittler PMC 257238467. (Noiz kontsultatua: 2019-07-25).
  4. a b c d e (Ingelesez) Strachan, Hew. (2001). The First World War: To Arms.. Oxford Unibertsitatea ISBN 978-0-19-926191-8...
  5. (Ingelesez) Peaple, Simon. (2022). From Maubeuge to the Rhineland: History of the 1st Division in the Great War. Helion ISBN 9781912866205..
  6. (Ingelesez) Zubert, Terence. (2007). The Battle of the Frontiers: Ardennes 1914. The History Press Ltd. ISBN 9780752444246..
  7. a b c d e (Ingelesez) Skinner, Terence; Stacke. (1922). Principal Events 1914–1918. .
  8. a b (Ingelesez) Tyng, Sewell. (2007). The Campaign of the Marne 1914. Green and co. ISBN 9781594160424...
  9. a b (Ingelesez) Hastings, Max. (2013). Catastrophe: Europe Goes to War 1914. Knopf Press ISBN 9780307597052..
  10. (Ingelesez) Tuchman, Barbara. (2014). The Guns of August. Random House Trade.

Kanpo estekak aldatu