Irrati-uhinak erradiazio elektromagnetiko mota bat dira, espektro elektromagnetikoan argi infragorria baino uhin-luzera handiagoa duenak. Irrati-uhinen maiztasuna 30 hertzio (Hz) eta 300 gigahertzio (GHz) bitartean egoten da[1]. 300 gigahertziotan uhin-luzera 1 milimetrokoa (mm) eta 30 hertziotan 10.000 kilometrokoa (km) da. Euriak eragindako uhin-indargabetzeak gutxiago eragiten dio uhin horiei. Ahotsa garraiatzeko erabiltzen dira batez ere.

Dipolo baten animazioa, eremu elektrikoaren lineak adieraziz. Erdiko antena bi hari metaliko bertikalez eginda dago, horien luzera uhin-luzeraren erdia izanik. Hari horiei korronte alterno bat aplikatzen zaie (alde positibo eta negatiboa alternatzen da) ageri ez den irrati transmisore batekin. Eremu elektrikoaren lineak, irrati-uhinak dira eta hauek ia argiaren abiaduran bidaiatzen dute. Animazioa handiki astirotua dago.

Uhin elektromagnetiko guztien antzera, lurraren atmosferan argiaren abiaduratik hurbil garraiatzen du eta argiaren abiaduran hutsean. Irrati-uhinak azeleratutako partikula kargatuek sortzen dituzte; esaterako, korronte elektriko aldakorrek.[2]

Naturan irrati-uhinak argiak eta objektu astronomikoek emititzen dituzte. Artifizialki, aldiz, transmisoreen bidez sortu eta irrati-hargailuekin jasotzen dira antenak erabiliz. Egungo teknologian hainbat lekutan erabiltzen da: irrati komunikazio mugikorra, irrati-difusio, radar, irrati-nabigazio sistema, satelite bidezko komunikazio, haririk gabeko sare eta abar. Maiztasun ezberdineko irrati-uhinek lurraren atmosferan hedapen ezaugarri ezberdinak dituzte: i) uhin luzedunek objektuetan difraktatu dezakete lurraren gainazala jarraituz; ii) uhin laburragodunek ionosferan islatu eta lurraren gainazalera buelta daitezke, eta, azkenik, iii) uhin oso laburdunak hedatzeko gaitasun eskasak dituzte (distantzia laburreko lerrozuzeneko hedapenera mugatzen dira).

Irrati-uhinak ezin dira libreki zabaldu eta Euskal Autonomia Erkidego mailan, Azaroaren 11ko 240/1986 Dekretuak erregulatzen du, Maiztasun Modulatutako Uhin Metrikoetako Irrati-hedapeneko emisorentzako baimena emateko prozedura adierazten duena, hain zuzen ere.[3]

Aurkikuntza eta ustiapena aldatu

Irrati-uhinak James Clerk Maxwell fisiko-matematiko eskoziarraren behaketa elektriko eta magnetikoei esker aurreikusi ziren 1867an.[4] Maxwellen ekuazioak argi- eta elektromagnetismo-uhinak azaltzen zituen espaziotik garraiatzen, partikula kargatu batek hedatzen zituztenean eta azelerazio bat jasotzen zuten bitartean. 1887an Heinrich Hertz-ek sortu zituen irrati-uhinak lehen aldiz bere laborategian, argi-uhinen propietate berdinak betetzen zituela frogatuz.[5] Horiek, «uhin hertziarrak» izendatu ziren.

Bestalde, komunikaziorako lehen aldiz 1890an erabiliak izan ziren, Guglielmo Marconi-ri esker. Berak garatu zituen lehen irrati transmisore eta hargailuak. Irrati-uhin terminoak «uhin hertziarrak» terminoa ordezkatu zuen 1912. urte inguruan.

Irrati-uhinak eta mikrouhinen alderaketa aldatu

Irrati-uhinen eta Lurreko mikrouhinen arteko desberdintasunak honako hauek dira:

  • Lurreko mikrouhinak norabide bakarrekoak dira; irrati-uhinak, berriz, norabide orotarakoak.
  • Euriak eragindako uhin-indargabetzearekiko mikrouhinak irrati-uhinak baino sentikorragoak dira.
  • Irrati-uhinak itsasoan zein beste objektuetan islatzen direnez gero, seinale bikiak jaso daitezke.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) A. Altgelt, Carlos. (1968). The Worl's Largest "Radio" Station. , 9 or..
  2. (Ingelesez) W. Ellingson, Steven. (2016). Radio Systems Engineering. Cambridge University Press, 608 or. ISBN 9789261191214..
  3. Euskal Herriko A.ren A. Kultura eta Turismo saila.
  4. (Ingelesez) PM, Harman. (1998). The natural philosophy of James Clerk Maxwell. Cambridge University Press ISBN 0-521-00585-X..
  5. J., Rubin. (2011). Heinrich Hertz: The Discovery of Radio Waves. .

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu



Espektro elektromagnetikoa

 gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak 
Koloreak

  ultramorea morea urdina berdea horia laranja gorria infragorria