Irmandiñoen matxinadak

Irmandiñoen matxinadak XV. mendean Galiziako Erresuman izandako bi matxinada izan ziren, nobleen eskubide feudalak amaitzeko helburua zutenak.[1][2] Behe Erdi Aroko krisialdiko nekazal matxinadetako bat izan ziren,[3] kataluniar remencesen edo balear foráneoen antzekoa.[4] Atsekabea antolatzeko, nekazariek ermandadeak sortu zituzten.

Sandiásko gaztelua, Irmandiñoek 1467an suntsitua

Gaztelako koroari loturik zegoen arren, Galiziako Erresumak bere ezaugarri bereziak mantendu zituen; nekazale-gizartean feudalismoak izugarrizko boterea izaten zuen, jaun sekularra ala klerikoa izanik. Gainera, bere orografia menditsuak penintsulatik banatzen zion. Galiziako jauntxoek— Osoriotarrak Monforte de Lemosen eta Sarrian, andradetarrak Pontedeumen, moscosotarrak Vimianzon, eta abar— botere gehiegi zuten eta nekazariez abusatzen zuten.[5] Gauzak horrela, bitan matxinatu ziren basailuak: 1431 eta 1435 artean Fusquenlla ermandadea (galizieraz: Irmandade Fusquenlla) eta 1467 eta 1469 artean Irmandiñoen Gerra Handian (galizieraz: Grande Guerra Irmandiña). Arrakasta izan ez zuten arren, gaztelar erregeentzat deigarri izan ziren eta errege-erregina katolikoek hasitako zentralizazio-prozesuan handikien gehiegikeriak zigortuak izan ziren.

Fusquenlla Ermandadea aldatu

Fusquenlla Ermandadea (galizieraz: Irmandade Fusquenlla) 1431. urtean sortu zuten, Andradeko jaunaren lurretan, Nuno Freire Andradekoak "o Mao"k bere basailuak tratatzen zituen gogortasun ikaragarriagatik. Matxinada Puentedeume eta Betanzos eskualdeetan hasi, eta Lugo eta Mondoñedoko apezpikutzetatik eta Santiagoko artzapezpikutzatik hedatu zen. Roi Xordok, Ferrolgo edo A Coruñako leinu baxuko kapareak, zuzendu zituen Irmandade Fusquenllako tropak. Roi Xordo irmandiñoen porrotaren ondorengo errepresioan hil zuten (1435).

Irmandiñoen Gerra Handia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Irmandiñoen Gerra Handia»

Irmandiña Gerra Handia 1467 eta 1469 bitartean gertatu zen. Alonso Lanzósek aurreko urteetan hasi zituen Ermandade Orokor (galizieraz: Irmandade Xeral) bat eratzeko prestakuntzak, hainbat udalen laguntzarekin (A Coruña, Betanzos, Ferrol, Lugo). Hauek mugimenduaren hasierako motor gisa jardun zuten. Kasu honetan, irmandiñoen matxinada benetako gerra zibila izan zen, gizarte osoaren parte-hartzea izan zuena.

Ondoz ondoko urteetan uzta txarrak eta izurriteak izan ziren nagusi. Tavera-Fonseca epaiketaren lekukoen arabera, irmandiñoek 80.000 lagun inguruko tropak izango lituzkete. Irmandiñoen Gerraren antolaketan eta zuzendaritzan hainbat gizarte taldek parte hartu zuten: nekazariak, hirietako jendea, noblezia baxua, kaparetasuna eta baita kleroko kideak ere (eliz egiturako kide batzuek ekonomikoki lagundu zieten irmandiñoei). Mugimenduko buruak behe nobleziakoak ziren (kapareak). Pedro Osoriok Galizia erdialdean jardun zuen, batez ere Compostela inguruan, Alonso Lanzósek Galiziako iparraldeko matxinada zuzendu zuen eta Diego Lemos irmandiñoen ekintzen buru izan zen Lugoko hegoaldean eta Ourenseko iparraldean. Mugimendu irmandiñoaren gorakada posible izan zen Carlos Barros G. adituaren aburuz, Behe Erdi Aroko galiziar gizartean «pentsamolde justiziazale eta jauntxoen kontrakoa», jauntxoek egindako bidegabekeriak arbuiatzen zituena, nagusia izaten zen. Azken finean, jauntxoak «gaizkile»tzat hartzen ziren.[6]

Irmandiñoen etsaiak, funtsean, noble laikoak, gaztelu eta gotorlekuen jabeak eta eliza eta monasterio nagusien arduradunak izan ziren. Irmandiñoek 130 gaztelu eta gotorleku inguru suntsitu zituzten Irmandiñoen Gerraren bi urteetan. Lemos, Andrade eta Moscoso leinuak irmandiñoen jomuga gogokoenak izan ziren. Irmandiñoek, aitzitik, ez zieten elizgizonei eraso egin. Hasiera batean, irmandiñoen haserrea jasan zuen nobleziaren zati batek Portugalera edo Gaztelara ihes egin zuen. 1469an, Pedro Madruga jaun feudalak Portugaletik ekin zion erasoari, beste noble batzuen eta Santiagoko artzapezpikuaren indarren laguntzarekin. Gudaroste feudalek, gerrarako makineria hobea zutenek (Pedro Madrugaren tropek arkabuz modernoak erabiltzen zituzten), irmandiñoak garaitu zituzten, beren buruzagiak atxilotu eta hilez. Pedro Madrugaren tropen garaipena, neurri batean, Gaztela eta Portugalgo erregeen laguntzagatik eta Irmandiñoen indarren zatiketagatik izan zen.

Egungo memoria historikoa aldatu

1980tik aurrera Moechen Irmandiñoen jaialdia ospatzen dute, non Moecheko gazteluaren aurkako erasoa gogoratzen duten. Abuztuaren 18ko gauerdian pregoia irakurri eta, ondoren, "Asalto ao Castelo" antzezten dute, Irmandiñoen matxinadak gogoratzeko.

1996tik, Vimianzon, uztaileko lehen larunbatero Irmandiñoen Matxinadaren antzezpen bat egiten da, "Asalto ao Castelo" izenekoa. Antzerki emanaldia da, bataila batekin eta gaztelua hartzearekin amaitzen dena. Gainera, musika-kontzertuak eta pintxo jardunaldiak daude herriko lokaletan.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Valdeón Baruque, Julio. (1975). Los conflictos sociales en el Reino de Castilla en los siglos XIV y XV. Madril: Siglo XXI ISBN 9788432301889..
  2. Devia, Cecilia. (2009). La violencia en la Edad Media: la rebelión irmandiña. Vigo: Academia del Hispanismo ISBN 9788496915497..
  3. (Ingelesez) Vicens Vives, Jaime. (1967). Approaches to the History of Spain. Berkeley: University of California Press, 76–79 or..
  4. Payne, Stanley G.. (1973). A History of Spain and Portugal. 1 Madison: University of Wisconsin Press, 175 or. ISBN 0-299-06270-8..
  5. MacKay, Angus. (1977). Spain in the Middle Ages: From Frontier to Empire, 1000–1500. New York: St. Martin's Press, 176–177 or. ISBN 0-312-74978-3..
  6. Barros, Carlos. (1990). Mentalidad justiciera de los irmandiños, siglo XV. Madril: Siglo XXI de España ISBN 9788432306785..

Kanpo estekak aldatu