Inertzia kognitiboa gizabanako batek gai, sinesmen edo estrategia bati buruz duen pentsatzeko moduaren orientazio berezi baten aldaketari aurre egiteko joera da, hots, dena delakoari buruz pentsatzeko moduan aldaketarik ez gauzatzeko joera. Literatura klinikoan eta neurozientzietan, arazo edo gai bati erantzuteko beharrezkoak diren prozesu kognitiboak sortzeko motibazio falta gisa definitu ohi da. Inertzia termino fisikoa erabiltzen da denbora kopuru esanguratsu batean erabili den prozesamendu kognitiboaren metodoaren zurruntasuna eta aldaketarekiko erresistentzia nabarmentzeko. Askotan sinesmenaren iraunkortasunarekin nahasten da, baina, inertzia kognitiboa, informazioa interpretatzeko moduaren iraunkortasuna da, eta ez sinesmenak berez duen iraunkortasuna.

Inertzia kognitiboak hainbat alorretan izan du eragina: besteak beste, osasunaren edo ingurumenaren, balio politiko iraunkorren eta zeregin-aldaketako defiziten berehalako mehatxuarekiko axolagabekerian. Ekonomia- eta industria-psikologoek interes handia agertu zuten fenomeno horren inguruan, markarekiko leialtasuna aldatzeko erresistentzia, taldeko ideia-jasa eta enpresa-estrategiak azaltzeko. Eremu klinikoan, gaixotasunak diagnostikatzeko tresna gisa erabili da, hala nola, gaixotasun neurodegeneratiboak, depresioa, eta antsietatea.

Kritikoek adierazi dutenez, terminoak gehiegi sinplifikatzen ditu pentsamendu-prozesu erresistenteak, eta ikuspegi integratzaileagoa iradokitzen dute, motibazioa, emozioa eta garapen-faktoreak barne hartzen dituena.

Historia aldatu

Inertzia kognitiboaren ideiak, epistemologia filosofikoan ditu sustraiak. Inertzia kognitiboaren murrizketari buruzko lehen aipamenak Platonek idatzitako elkarrizketa sokratikoetan daude; Sokratesek aurkakoaren sinesmenekin eraikitzen du bere argudioa, iritsi nahi duen ondorioetarako premisa moduan erabiliz. Hori egitean, Sokratesek, aurkakoaren pentsamendu-falazia argitaratu nahi du, iritzia aldatzera bultzatuz, edo bere pentsamendu-prozesuak kontraesanean daudela dioen errealitateari aurre egitera.[1][2] Aristotelesen metodo silogistikoan ere, ikusten da estilo kognitiboaren iraunkortasunari aurre egiteko modua: premisen trinkotasun logikoa erabiltzen du, gainerakoak ondorioen baliozkotasunaz konbentzitze aldera.[3]

XX. mendearen hasieran, Müllerrek eta Pilzeckerrek (lehen psikologo esperimentaletako bi), honela definitu zuten pentsamenduaren iraunkortasuna (inertzia kognitibo bezala ulertu daitekeena): "Ideien joera, behin kontzientzian sartu ondoren, kontzientzian askatasunez berriro sortzekoa". Müllerrek, ideien iraunkortasuna deskribatu zuen, estrategia kognitibo zaharrak inhibitzeko bere gaitasun eza irudikatuz, silabak aldatzeko lan batekin egin zuena. Bere emaztea, aldiz, estrategia batetik bestera erraz aldatzen zen. Nortasunaren lehen ikertzaileetako batek, W. Lankesek, iraunkortasuna "borondate indartsu batek indargabetuta" bezala definitu zuen[4]. Besteak beste, horienak izan ziren Inertzia Kognitibo terminoaren erabileraren aitzindariak; trastorno neurodegeneratiboak dituzten, hausnar egiten duten edo depresioa duten pazienteen sintomak aztertzeko erabili dira gerora. [5][6]

Adibide bat jartzearren, argi ikusi daiteke, Friedmanek eta Brownek egindako ariketa batean, nola biltegiratzen eta integratzen dituzten gizabanakoek ezagutza berriak eta lehendik zeuden ideiak. Ariketako parte-hartzaileei galdetu zieten, ea non uste zuten zeudela hainbat herrialde eta hiri, latitudearen ikuspuntutik. Parte-hartzaileek erantzun ostean, informazio zuzena eman zitzaien; ondoren, berriro ere probatui zituzten, hainbat kokapen berriren inguruan galdetuz. Gehienak gai izan ziren herrialde eta hiri berriak kokapen latitudinal zuzenetik hurbilago kokatzeko. Izan ere,lehen emandako informazio berriarekin kokapen geografikoaren ulermen kognitiboa eguneratu zuten. Gainera, lehen aldiz informazio zuzena ematerako garaian, zuzenean jasotako ezagutza berri horri ez ezik, lotutako informazioari ere eragin ziola ikusarazteko lagundu zuen. Hala ere, Inertzia Kognitiboaren efektu txiki bat egon zen; izan ere, zenbait eremutan ez zuen eragin informazio zuzenak, eta ikertzaileek iradoki zuten informazio zuzenari eta aurkeztutako kokapen berrien inguruko ezagutza-lotura faltak eragin zuela.[7]

Sikologia kognitiboa aldatu

1960an, William J. McGuirek, inertzia kognitiboaren teoria, psikologia sozialaren eta psikologia kognitiboaren teoria azaleratuetan oinarritu zuen, eta trinkotasun kognitiboan zentratua. McGuirek inertzia kognitiboa terminoa erabili zuen, informazio berria eskuratu ondoren, ideia bat prozesatzeko modua aldatzeko hasierako erresistentzia azaltzeko, ideiarekin gatazkan sartzen zena.[8][9]

Inertzia kognitiboari buruz, McGuirek egindako hasierako ikerketan, parte-hartzaileek hainbat gairekin ados egoteko probabilitateari buruzko iritzia eman zuten. Astebete geroago, beren iritzia eman zuten gaiei buruzko mezuak irakurri zituzten berriro. Mezuak gertakari gisa aurkezten ziren, eta parte-hartzaileek gaien probabilitateari buruz zuten ustea aldatzea zuten helburu. Mezuak irakurri eta berehala, eta astebete geroago, gaien probabilitateari buruzko ebaluazioa egin zitzaien berriro parte-hartzaileei. Mezuekin eta gaiei buruzko hasierako balorazioekin lotutako informazioaren inkoherentziagatik deseroso, McGuirek uste zuen parte-hartzaileak motibatuta sentituko zirela beren probabilitate-balorazioak aldatzeko eta mezu faktikoekin koherenteagoak izateko.[10][11] Aldiz, mezuen eta gaien informazioari buruzko pentsamenduaren koherentziaranzko aldaketa indartsuagoa bihurtu zen, denborak aurrera egin ahala. Horri informazioaren "filtrazioa" deitu zaio.[11] Aldaketarik eza, gizabanakoak jada zituen pentsamendu-prozesuetan izandako iraunkortasunaren ondorio zela arrazoitu zen, parte-hartzaileari bere hasierako iritzia behar bezala ebaluatzeko gaitasuna eragozten ziolako, edo McGuirek zioen bezala, inertzia kognitiboa zuelako.[8]

Ondorio batzuk aldatu

Osasun publikoan aldatu

Talde-inertziak kognitiboak, hau da, gizabanakoen azpimultzo batek gai bat ikusi eta prozesatzeko duen moduak, ondorio kaltegarriak izan ditzake, sortzen ari diren gaiak eta lehendik daudenak maneiatzeko moduan.[12]

1918an, Estatu Batuetan, Espainiako gripea zela eta, matxinadak egon ziren. Horrekiko ia interes gabeko jarrera izan zuten herritarrek. Hori azaltzeko ahaleginean, Tom Dicke historialariak proposatu du, inertzia kognitiboa izan zela pertsona askok gripea serio ez hartzearen kausa. Garai hartan, estatubatuar gehienak sasoiko gripearekin ohituta zeuden, eta tratatzeko erraza izaten zen narritaduratzat hartzen zuten. Gutxi kutsatzen zituen eta oso azkar pasatzen zen, zailtasun gutxirekin, eta ia inoiz ez heriotzarekin. Gripeari buruzko pentsamolde hau kaltegarria izan zen Espainiako gripea prestatu, prebenitu eta tratatzeko beharrerako. Izan ere, beranduegi hartu zituzten horren aukako neurriak, eta, bere hedapen azkarraren eta forma birulentoaren ondorioz, historiako pandemiarik hilgarrienetako bat bihurtu zen.[12]

Gaur egun, aldaketa klimatiko antropogenikoa ukatzea inertzia kognitibo moduko bat dela diotenak badaude. Aurkikuntza zientifikoek frogak aurkeztu badituzte ere, oraindik batzuek – baita Estatu batzuek ere – ukatu egiten dute beren eragina, (indarrean dauden garapen-ereduen alde eginez).[13]

Taldeko erlazioetan aldatu

Politikan aldatu

Ideologien iraupenenaren eta talde politiko bateko kide izateari ez uztearen arrazoia honako hau dela iradoki da: denboran zehar, gizabanakoak ideia-multzokatzeen inguruan izan duen hautematearen inertziaren ondorio da. Gizabanakoak onar dezake bere perspektibaren aurkako baieztapen bat egiazkoa dela, baina baliteke hori nahikoa ez izatea gai osoa prozesatzeko moduaren balantza makurrarazteko.[14]

Gobernu-erakundeak, askotan, erresistenteak edo glazialki geldoak izan daitezke eraldaketa sozial eta teknologikoarekin batera aldatzeko. Funtzionamendu txarraren frogak argiak direnean ere, inertzia instituzionalaren modu horrek asko iraun dezake.[15] Francis Fukuyama politologoak adierazi duenez, gizakiek berezko balioa ematen diete aldarrikatzen eta jarraitzen dituzten arauei; bereziki ordena eta egonkortasuna sortzen duten erakunde sozial zabalenetan. Hamarkada askotako gainbehera ekonomikoaren ondoren, Erresuma Batuak EB uzteko egindako erreferenduma mugimendu dramatikoaren adibidetzat hartu zen, gobernuaren inertzia-aldi luze baten ondoren.[15]

Pertsonen arteko harremanetan aldatu

Gure bizitzan pertsonek betetzen dituzten rolen ikuspegi mugiezina ere inertzia kognitiboaren modu bat dela iradoki da. Eskola batean, ikaskide bat amarekin edo aitarekin ezkonduko balitz nola sentituko liratekeen galdetu zitzaienean, ikasle askok esan zuten ezin izango zutela ikaskidea aitaorde/amaorde paperean ikusi. Ikasle batzuek balizko harremana intzestua iruditzen zitzaiela esan zuten.[16]

Rolen inertzia hori, ezkontzarekin eta dibortziatzeko probabilitatearekin ere lotu da. Ezkondu aurretik elkarrekin bizi diren bikoteei buruzko ikerketek erakusten dute dibortziatzeko aukera gehiago dituztela, elkarrekin bizi izan ez direnek baino. Eragina, batez ere, elkarrekin bizi diren bikoteen azpitalde batean ikusten da, etorkizun- eta ezkontza-itxaropenei buruz gardenak izan ez direnetan. Denbora batez elkarrekin bizi ondoren, rolen inertzia kognitiboa nagusitu egiten da, eta bikotea ezkondu egiten da, erabakia erabat prozesatu gabe; askotan bikotekidearekin eta ideiarekin erabat konprometitu gabe. Elkarren arteko arazoak eta harremaneko konpromiso-mailak nahita prozesatzen ez badira, estresa, eztabaidak, asegabetasuna eta dibortzioa areagotu daitezke.[17]

Aplikazioak ekonomian aldatu

Inertzia kognitiboa enpresa- eta kudeaketa-eremuan aipatu ohi da, erreferentzia egiteko kontsumitzaileek produktuak etengabe erabiltzeari, taldeen brainstorming-saioetan ideia berritzailerik ez egoteari, eta lehiaren estrategietan aldaketarik ez egoteari. [18][19][20]

Markei leialtasuna aldatu

Hasieratik, bezero berriak lortzea eta atxikitzea enpresa baten arrakastaren funtsezko zatia da. Zerbitzu bat, produktu bat, edo bezeroak atxikitzeko probabilitatea ebaluatzeko, enpresa askok gogobetetasun-inkestak osatzera gonbidatzen dituzte bezeroak, produktu edo zerbitzu bat erositetik berehala. Hala ere, asebetetze-inkesta erosketa-puntua amaitu eta berehala osatu ezean, bezeroaren erantzuna enpresari buruz dagoen pentsamoldean oinarritzen da, eta ez esperientziaren benetako kalitatean. Produktua edo zerbitzua oso negatiboa edo positiboa ez bada, bezeroak enpresarekiko sentitzen duenarekin lotutako inertzia kognitiboa ez da aldatuko, ezta produktua edo zerbitzua eskasa denean ere. Gogobetetze-inkesta horiek ez dute enpresek behar duten informaziorik izango, lehiakideen aurrean bizirautea ahalbidetuko dien zerbitzu edo produktu bat hobetzeko.[21]

Brainstorming-ean eragina aldatu

Inertzia kognitiboak eragina du taldeko brainstorming-saioetan ideiak ez sortzean; izan ere, talde bateko norbanakoek ideia-ibilbide bati jarraitzen diote, eta ibilbide horretan brainstorming-saioan proposatutako lehen ideian oinarritutako ideietara mugatzen dira. Ideien ibilbide horrek ideia berrien sorrera eragozten du, taldearen helburua lortzeko funtsezkoa zena.[18][22]

Taldeko ideia-zaparradan, inertzia kognitiboari aurre egiteko ahaleginean, ikertzaileek enpresa-ikasleak elkarrizketa indibidualak edo talde elkarrizketak egitera bultzatu zituzten, ideia-jasarako. Elkarrizketa indibidualeko bertsioan, enpresa-ikasle guztiek beren ideiak zerrendatzen zituzten eta zerrendaren inguruko elkarrizketa sortzen zuten; taldeko elkarrizketaren bertsioan, berriz, ideiak azpitaldeetan jartzen ziren, eta ikasleek horietan sartzeko eta hitz egiteko aukera zuten. Gero, askatasunez, beste azpitalde batera pasatzeko aukera ere. Talde elkarrizketaren ariketak inertzia kognitiboari aurre egin ahal izan zion; azpitaldeetan ideia ezberdinak sortzea ahalbidetuz. Gainera, norbanako bat azpitalde ezberdin batera pasatzen zen bakoitzean, ideiak prozesatzeko bere modua aldatu behar zuen, inertzia kognitiboaren aurka,  ideia berritzaileagoak eta kalitate handiagokoak sortuz.[22]

Enpresa- edo konpetentzia-estrategiak aldatu

Estrategia kognitiboak aldaketetan dabiltzan enpresen girora egokitzea erabakigarria izan ohi da; tentsio ekonomikoko garaietan, enpresak arrakasta izateko edo porrot egiteko arrazoia izan daiteke.[23] 1980ko hamarkadaren amaieran, Erresuma Batuan, higiezinen agenteen estrategia kognitibo lehiakorrak ez ziren aldatu, nahiz eta higiezinen merkatu gero eta deprimituago baten zantzuak eduki, eta gainbeheraren zantzuak ezagutzeko gai izan. General Millsek, jada beharrezkoak ez zirela ikusi arren, denbora luzez errotekin lan egiten jarraitu izana, inertzia kognitiboaren adibide da: enpresek enpresaren jarduera moduaren pentsamoldea aldatzeari uko egiten diote askotan.[20]

Ezagunagoa da Polaroideko goi-zuzendaritzaren kasua: inertzia kognitiboa, enpresaren lehiakortasun-estrategia ez eguneratzearen faktore nagusietako bat izan zen. Zuzendaritza ziur zegoen kontsumitzaileek kalitate handiko kopia fisikoak nahi zituztela, eta enpresak bertan irabaziko zuela dirua. Polaroidek, bere estrategia aldatzeko, filmen ordez hardwarea saltzera bideratzeko izan zuen ezintasunaren ondorioz, kolapsatu egin zuen, naiz eta merkatu digitalean ikerketa eta garapen handia izan.[24]

Terapian eta diagnosi klinikoan aldatu

Egoera bati buruz pentsatzeko modua aldatzeko ezintasuna izan da depresioaren arrazoietako bat. Gogoeta edo pentsamendu negatiboen iraunkortasuna depresioaren eta antsietatearen larritasunarekin lotuta egon ohi da. Hausnarketa-maila altuak dituzten pertsonek emaitza baxuak lortzen dituzte malgutasun kognitiboaren eskaletan, eta arazoak dituzte arazo edo gai bati buruz pentsatzeko modua aldatzeko, baita beren pentsamendu-prozesua kontraesaten duten gertaerak aurkezten zaizkienean ere.[6]

Depresioari aurre egiteko estrategia eraginkorrak deskribatzen zituen artikulu batean, inertzia kognitiboa gainditzeko metodo sokratikoa iradokitzen zen. Pazientearen sinesmen inkoherenteak hurbil aurkezten dituenez eta sinesmen horien atzean dituen pentsamendu-prozesuak ebaluatzen dituenez, terapeuta gai da gauzak beste ikuspegi batetik ulertzen laguntzeko.[1]

Teoria alternatiboak aldatu

Ikertzaile batzuek ezeztatu egin dute inertzia kognitiboaren ikuspegi kognitiboa, eta ikuspegi holistikoa iradokitzen dute; egungo erreferentzia-esparrua indartzen duten motibazioak, emozioak eta jarrerak kontuan hartzen dituena. Hauek dira ikuspegi horietako batzuk:[25]

Arrazoiketa arrazoitua aldatu

Arrazoiketa arrazoituaren teorian, norbanakoak modu jakin batean pentsatzeko duen joera, bere motibazioek bultzatzen dutela proposatzen da, askotan norberari buruz negatiboki ez pentsatzeko sortzen dena. Gizabanakoaren joera kognitiboak eta emozionalak pentsamendu, sinesmen edo portaera bat justifikatzeko erabili ohi dira. Inertzia kognitiboan ez bezala (non gizabanako batek informazioa prozesatzeko orduan duen orientazioa ez da aldatzen, dela informazio berria ez delako guztiz bereganatzen, dela joera kognitibo batek blokeatzen duelako), arrazoibide arrazoituak orientazioa benetan aldatu, edo berdin mantendu dezake, orientazio horrek gizabanakoari mesede egiten dion ala ez kontuan hartu ondoren.[25]

Inertzia kognitiboaren eginkizuna ebaluatzeko, online egindako azterlan luze batean, parte-hartzaileen iritziak jaso ziren, hainbat gai politikori buruzko bi irakurketa egin ondoren. Parte-hartzaileek lehen irakurketaren ondoren eman zuten beren iritzia, eta gero bigarren irakurketa bat eman zitzaien, informazio berriarekin. Hasierako iritzia berresten edo ezeztatzen zuen gaiari buruzko informazio gehiago irakurri ondoren, parte-hartzaile gehienek ez zuten iritzia aldatu. Bigarren irakurketako informazioari buruz galdetu zitzaienean, iritzia aldatu ez zutenek, beren hasierako iritzia berresten zuen informazioa indartsuagotzat jo zuten, beren hasierako iritziaren kontrako informazioa baino. Parte-hartzaileek hasierako informazioa ikusi zuten moduaren iraunkortasuna haien motibazioan oinarritu zela diote, hasierako iritzia zuzena zen horretan egote aldera.[26]

Zurruntasun edo inertzia sozio-kognitiboa aldatu

Psikologia sozialaren ikuspegitik, gizabanakoak etengabe ari dira inguruan duten munduari buruzko sinesmenak eta jarrerak prestatzen eta moldatzen, besteekiko elkarrekintzan oinarrituta. Gizabanakoak arreta jartzen duen informazioa, aldez aurreko esperientzian eta munduaren ezagutzan oinarritzen da. Inertzia kognitiboa, informazioaren prozesamenduaren eguneratzean funtzionamendu txarra izateaz gain, munduari eta haren funtzionamenduari buruzko suposizioek, malgutasun kognitiboa eragotz dezakete.[27] Familia nuklearraren ideiaren iraunkortasuna inertzia sozio-kognitibo gisa proposatu da. Familiaren egituran joera aldakorrak egon arren (belaunaldi anitzeko familiak, guraso bakarrekoak, mistoak eta sexu bereko gurasoak dituztenak), familia baten ideia arauemailea XX. mendearen erdialdean sortutako familia nuklear baten ideian oinarritua dago (hau da, ama, aita eta seme-alabak). Ikuspuntu horren inertziari eusteko hainbat eragin sozial proposatzen dira, besteak beste, komunikabideen irudikapenak, langile klasearen genero-rolen iraunkortasuna, etxeko rolen mantentzea, ama langileak izan arren…[28]

Brainstorming egiten den taldeetan, inertzia kognitiboaren fenomenoa beste ondorio psikologiko batzuen ondorio dela argudiatu da; hala nola, taldeko autoritate-figura batekin bat ez etortzearen beldurra, edo ideia berriak baztertuak izatearen beldurra.[29] Egiaztatu da, internet bidez egindako brainstorming-taldeek kalitate handiko ideia gehiago sortzen dituztela: hitz egiteko arazoa eta ideien arbuiatzearen beldurra gainditzen dutelako.[22]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Overholser, James C.. (2011). «Collaborative Empiricism, Guided Discovery, and the Socratic Method: Core Processes for Effective Cognitive Therapy» Clinical Psychology: Science and Practice 18 (1): 62–66.  doi:10.1111/j.1468-2850.2011.01235.x. ISSN 1468-2850. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  2. Simons, Herbert W.. (2017). Persuasion in society. (Third edition. argitaraldia) ISBN 978-1-138-82565-9. PMC 975176277. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  3. The Oxford handbook of Aristotle. Oxford University Press 2012 ISBN 978-0-19-518748-9. PMC 760975614. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  4. E., Bernstein,. (1924). Quickness & intelligence : an enquiry concerning the existence of a general speed factor. Univ. Pr PMC 252432277. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  5. Santangelo, Gabriella; D'Iorio, Alfonsina; Maggi, Gianpaolo; Cuoco, Sofia; Pellecchia, Maria Teresa; Amboni, Marianna; Barone, Paolo; Vitale, Carmine. (2018-08). «Cognitive correlates of “pure apathy” in Parkinson's disease» Parkinsonism & Related Disorders 53: 101–104.  doi:10.1016/j.parkreldis.2018.04.023. ISSN 1353-8020. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  6. a b Koval, Peter; Kuppens, Peter; Allen, Nicholas B.; Sheeber, Lisa. (2012-12-01). «Getting stuck in depression: The roles of rumination and emotional inertia» Cognition and Emotion 26 (8): 1412–1427.  doi:10.1080/02699931.2012.667392. ISSN 0269-9931. PMID 22671768. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  7. Friedman, Alinda; Brown, Norman R.. (2000). «Updating geographical knowledge: Principles of coherence and inertia.» Journal of Experimental Psychology: Learning, Memory, and Cognition 26 (4): 900–914.  doi:10.1037/0278-7393.26.4.900. ISSN 1939-1285. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  8. a b McGuire, W. J.. (1960). «Cognitive consistency and attitude change.» The Journal of Abnormal and Social Psychology 60 (3): 345–353.  doi:10.1037/h0048563. ISSN 0096-851X. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  9. McGuire, William J.. (2013-07). «An Additional Future for Psychological Science» Perspectives on Psychological Science 8 (4): 414–423.  doi:10.1177/1745691613491270. ISSN 1745-6916. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  10. P., Abelson, Robert. ((1968)). Theories of cognitive consistency : fl a.. Rand McNally PMC 488119412. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  11. a b MCGUIRE, WILLIAM J.. (1966). «The Current Status of Cognitive Consistency Theories» Cognitive Consistency (Elsevier): 1–46. ISBN 978-1-4832-2828-0. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  12. a b Zárate, Michael A.; Reyna, Christine; Alvarez, Miriam J.. (2019). «Cultural inertia, identity, and intergroup dynamics in a changing context» Advances in Experimental Social Psychology (Elsevier): 175–233. ISBN 978-0-12-817167-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  13. Bellamy, Brent Ryan. «Petrorealism» Fueling Culture (Fordham University Press): 259–262. ISBN 978-0-8232-7393-5. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  14. Jost, John T.; Hardin, Curtis D.. (2010-11-12). «On the Structure and Dynamics of Human Thought: The Legacy of William J. McGuire for Social and Political Psychology» Political Psychology 32 (1): 21–58.  doi:10.1111/j.1467-9221.2010.00794.x. ISSN 0162-895X. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  15. a b Zantvoort, Bart. (2016-10-02). «Political inertia and social acceleration» Philosophy & Social Criticism 43 (7): 707–723.  doi:10.1177/0191453716669195. ISSN 0191-4537. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  16. Catton, William R.. (1969-02). «What's in a Name? A Study of Role Inertia» Journal of Marriage and the Family 31 (1): 15.  doi:10.2307/350001. ISSN 0022-2445. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  17. Stanley, Scott M.; Rhoades, Galena Kline; Markman, Howard J.. (2006-10). «Sliding Versus Deciding: Inertia and the Premarital Cohabitation Effect» Family Relations 55 (4): 499–509.  doi:10.1111/j.1741-3729.2006.00418.x. ISSN 0197-6664. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  18. a b Jablin, Fredric M.; Seibold, David R.. (1978-12). «Implications for problem‐solving groups of empirical research on ‘brainstorming’: A critical review of the literature» Southern Speech Communication Journal 43 (4): 327–356.  doi:10.1080/10417947809372391. ISSN 0361-8269. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  19. Han, Heesup; Kim, Yunhi; Kim, Eui-Keun. (2011-12). «Cognitive, affective, conative, and action loyalty: Testing the impact of inertia» International Journal of Hospitality Management 30 (4): 1008–1019.  doi:10.1016/j.ijhm.2011.03.006. ISSN 0278-4319. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  20. a b Narayanan, V.K.; Zane, Lee J.; Kemmerer, Benedict. (2010-10-13). «The Cognitive Perspective in Strategy: An Integrative Review» Journal of Management 37 (1): 305–351.  doi:10.1177/0149206310383986. ISSN 0149-2063. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  21. Mattila, Anna S.. (2003-06-01). «The Impact of Cognitive Inertia on Postconsumption Evaluation Processes» Journal of the Academy of Marketing Science 31 (3): 287–299.  doi:10.1177/0092070303031003006. ISSN 0000-0000. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  22. a b c Dennis, Alan R.; Valacich, Joseph S.; Carte, Traci A.; Garfield, Monica J.; Haley, Barbara J.; Aronson, Jay E.. (1997-06). «Research Report: The Effectiveness of Multiple Dialogues in Electronic Brainstorming» Information Systems Research 8 (2): 203–211.  doi:10.1287/isre.8.2.203. ISSN 1047-7047. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  23. Habersang, Stefanie; Küberling‐Jost, Jill; Reihlen, Markus; Seckler, Christoph. (2018-08-13). «A Process Perspective on Organizational Failure: A Qualitative Meta‐Analysis» Journal of Management Studies 56 (1): 19–56.  doi:10.1111/joms.12341. ISSN 0022-2380. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  24. Tripsas, Mary; Gavetti, Giovanni. (2017-08-28). «Capabilities, Cognition, and Inertia: Evidence from Digital Imaging» The SMS Blackwell Handbook of Organizational Capabilities (Blackwell Publishing Ltd): 393–412. ISBN 978-1-4051-6405-4. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  25. a b Kunda, Ziva. (1990). «The case for motivated reasoning.» Psychological Bulletin 108 (3): 480–498.  doi:10.1037/0033-2909.108.3.480. ISSN 1939-1455. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  26. Stanley, Matthew L.; Henne, Paul; Yang, Brenda W.; De Brigard, Felipe. (2019-01-16). «Resistance to Position Change, Motivated Reasoning, and Polarization» Political Behavior 42 (3): 891–913.  doi:10.1007/s11109-019-09526-z. ISSN 0190-9320. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  27. Stein, Johan. (1997-09). «How Institutions Learn: A Socio-Cognitive Perspective» Journal of Economic Issues 31 (3): 729–740.  doi:10.1080/00213624.1997.11505962. ISSN 0021-3624. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  28. Uhlmann, Allon J.. (2005-04). «The Dynamics of Stasis: Historical Inertia in The Evolution of the Australian Family» The Australian Journal of Anthropology 16 (1): 31–46.  doi:10.1111/j.1835-9310.2005.tb00108.x. ISSN 1035-8811. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  29. Dillehay, Ronald C.; Insko, Chester A.; Smith, M. Brewster. (1966). «Logical consistency and attitude change.» Journal of Personality and Social Psychology 3 (6): 646–654.  doi:10.1037/h0023286. ISSN 1939-1315. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).

Kanpo estekak aldatu