Indonesiako historia gaur egungo Indonesiako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da.

Lehen historia aldatu

 
Prambanan (Java), Mataram dinastiaren garaian eraikia, hego-ekialdeko Asiako tenplu hinduen multzo handienetakoa.

Hondakin arkeologikoek erakusten dutenez, Homo erectus-a, Javako gizona esaten zaiona, Indonesian bizi izan zen duela 500.000 urte arte. Homo sapiens-ak orain dela 40.000 urte iritsi ziren[1]. K. a. 2000 inguruan, Taiwango austronesiarrak iritsi ziren, egungo biztanleria gehiena osatzen dutenak; austronesiarrak uhartedian zehar hedatu ahala, jatorrizko biztanle melanesiarrak zokoraturik gelditu ziren ekialde muturreko uharteetan[2]. K. a. VIII. menderako arroza zelai hezeetan hazteko teknika menderatzea lortu zuten. Teknika horiek eta nekazaritzarako baldintza bikainek, herri, hiri eta erresuma txikien loraldia ahalbidetu zuten K. a. I. mendean. Gainera, haren kokapen estrategikoari esker, salerosteak ere azkar garatu ziren. Izan ere, Indiako erresumarekiko zein Txinarekiko merkataritza Kristo baino zenbait mende lehenago sortu zen. Harrezkero, salerosketek moldatu zuten Indonesiako historia.

Merkataritzaren eraginez, VII. mendetik aurrera, Srivijaya itsaso-erresuma boteretsua loratu zen Sumatran. Horren bidez, hinduismoa eta budismoa inportatu ziren. VIII. eta X. mendeen artean, Sailendra eta Mataram dinastien goraldia eta gainbehera gertatu ziren Javan. Garai hartakoak dira Borobudur, Ratu Boko eta Prambanango monumentu ederrak[3]. X. mendeko lehen laurdenean, Mpu Sindok-ek erresumaren erdigunea ekialdera aldatu zuen, Mataram aldetik Brantas ibaiaren haranera, eta Isyana dinastia sortu zuen[4]. 1030 aldean, Sondako Erresuma berrezarria izan zen mendebaldeko Javan. Baliko Erresuman, berriz, Warmadewa dinastiaren esku gelditu zen X. mendean. XIII. mendean, Majapahit erresuma hindua sortu zen ekialdeko Javan, eta Gajah Madaren agindupean haren eragina ia egungo Indonesia eta Malaysia osora hedatu zen[2].

Merkatari musulmanak hego-ekialdeko Asiara goiz iritsi baziren ere, Indonesian populazio musulmanen lehendabiziko zantzuak XIII. mendekoak dira, Sumatrako iparraldean. Ezari-ezarian, Islama beste eskualde batzuetara hedatu zen, eta XVI. mendearen amaierako bilakatu zen Java eta Sumatrako erlijio nagusi. Balin gehienek jarraitu zuten hinduista izaten[2].

Garai koloniala aldatu

 
Te-faktoria Batavian, 1860ko hamarkadan.

Lehenengo europarrak 1512an iritsi ziren Indonesiara, Javara hain zuzen ere. Francisco Serrão buru zuten portugaldar merkatariak saiatu ziren hainbat espeziaren merkataritza monopolizatzen. Herbeheretarrak eta ingelesak geroago heldu ziren. 1602an, Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainia sortu zen, XVII. eta XVIII. mendeetan uhartediko europar botere nagusia izan zena. Portugaldarrek ekialdeko Timor besterik ez zuten atxiki[2].

Porrot baten ostean, konpainia 1800ean desegin zen; orduan, Herbehereetako gobernuak Ekialdeko Herbeheretar Indiak kolonia nazionalizatutzat hartu zituen. 1883ko abuztuaren 27an, Krakatoa uharteko Perbuatan sumendiak leher egin zuen; uharte erdia itsasperatzeaz gain, tsunami izugarriak eragin zituen, Java eta Sumatra uharteetan hainbat herri suntsitu zituztenak. 36.000 pertsona inguru hil ziren[5].

 
Japoniar tropak Javan, Bigarren Mundu Gerran.

Garai kolonialaren aldi gehienean, herbeheretarren kontrola lausoa izan zen, zenbait kostaldetan izan ezik. Baina XX. mendearen hasieran, egungo Indonesia osora hedatu zen haien nagusitasuna. Bigarren Mundu Gerran, 1942ko martxoan, Japoniak Indonesia inbaditu zuen, herbeheretarren agintea deuseztatuz. Hasieran askatzailetzat hartu bazituzten ere, japoniarren okupazioa basatia eta zapaltzailea izan zen, eta independentziaren aldeko mugimendua, ordura arte erreprimitua, bizkortu zen[2]. 1945eko abuztuan, Japonia errenditu eta bi egun geroago, Sukarno buruzagi nazionalistak independentzia adierazi zuen; bera hautatu zuten errepublika sortu berriaren lehenbiziko presidente. Herbehereak beren agintea berrezartzen saiatu ziren; alabaina, borroka armatu eta diplomatiko latzaren ondoren, 1949ko abenduan Indonesiaren independentzia onartu behar izan zuten.

Indonesia burujabea aldatu

Sukarno demokraziatik autoritarismo aldera lerratu zen. Armada eta Alderdi Komunistaren (Partai Komunis Indonesia, PKI) indarrak orekatuz agintean irautea lortu zuen. 1965eko irailaren 30ean, armadak estatu-kolpe saiakera bat indargabetu zuen. Armadaren erantzuna komunisten aurkako garbiketa bortitza izan zen; komunistez gain, sindikalistak, emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak, irakasleak eta baita txinatar jatorriko pertsonak ere jazarriak izan ziren, eta 500.000-1.000.000 lagun hil zituzten[6].

 
Suharto presidente militarra izan zen 1967-1998 bitartean.

Orduko Sukarnoren aginpidea erabat ahuldurik zegoen eta, 1968ko martxoan, Suharto jenerala, armadaren burua eta zapalkuntzaren arduraduna, presidente izendatu zuten, AEBen babesarekin. Haren agintaldian atzerritar inbertsioak eta baliabide naturalen ustiapena bultzatu ziren. 1975 ondoren oso lasterra izan zen garapena. Nekazaritzaren ekoizpena indartzen hasi zen, eta independentziaz geroztik aurreneko aldiz biztanleria baino lasterrago hazi zen elikagai hornidura. Nolanahi ere, Suhartoren gobernuari ustelkeria eta oposizioa bortizki erreprimitzea leporatzen zizkioten ahots ugarik. Esate baterako, Ekialdeko Timorren 100.000 lagun izan ziren erailak, Indonesia 1976an bertan sartu zenez geroztik.

1980ko hamarkadan Indonesiako ekonomia aukerek gora egin zuten, petrolioaren eta beste mineralen esportazioek nazioaren garapena finantzatu izanari esker. Alabaina, oraindik ere arazo larria zen elikagai hornidura, Indonesiako biztanleria gero eta ugariagoaren beharrei erantzuteko. Mundu Bankuak eta Nazio Batuek Indonesiako garapenaren aldeko egitarauan parte hartu zuten; egitarau horiek nekazaritza eta arrantza hobetzea, biztanleen hazkundea murriztea, eta manufakturak zabaltzea zuten helburu. 1991ko azaroan, 100 lagunetik gora hil ziren Ekialdeko Timorren, indonesiar osteek hileta batean jendetzari tiro egin ziotenean, eta protesta handiak izan ziren nazioartean. 1993an, seigarren agintaldirako hautatu zuten Suharto presidente.

1996ko uztailean, Jakartan, poliziak oposizioko Indonesiar Alderdi Demokratikoari eraso egin ziolarik, istilu izugarriak izan ziren kalean, polizia bereziak gogor zapaldu zituenak: bi pertsona hil zituzten, zauritu asko izan zen eta autoak eta eraikinak dozenaka suntsitu zituzten. Kaleko jendeak Megawati Sukarnoputriren izena aldarrikatzen zuen; Megawati, Indonesiako fundatzailearen alaba, Suhartoren aurkari nagusia zen. Suharto presidenteari esker irabazi ekonomikoak handiak izan ziren, baina haren gobernua guztiz autoritarioa zen, ez oposiziorik ez kritikatik onartzen ez zuena. Suhartorena ez bezala, Megawatiren ospea asko hazi zen garai hartan, gobernua Indonesiar Alderdi Demokratikoaren buruzagitzatik kentzen saiatu arren; analista politiko askok iragarri zuten erronka egingo ziola Suhartori, 1998ko hauteskundeen ondoren, Suharto bere zazpigarren agintaldian sartzen baitzen.

 
Unibertsitate ikasleen eta polizien arteko liskarrak 1998ko maiatzean.

Baina 1998ko finantza krisiaren ondorioz, eta gizarte krisi orokor baten baitan, 1998ko maiatzaren 21ean Suhartok dimisioa eman behar izan zuen hauteskundeen aurretik, eta bere presidenteorde Bacharuddin Jusuf Habibie ipini zuen estatuburu. Habibiek, hasieran behintzat, herria baketu zuen, sistema politikoa liberalizatuz, eta Suharto familiaren enpresak deseginez; ekonomian ere gauzak zerbait hobetu ziren. Baina krisi ekonomikoa erabat ezin gainditurik, eta aurreko erregimenaren lotura estuak zituelarik, Habibiek ez zegoen egoera erosoan, ez indonesiarren begietan, ez nazioarteko iritzian. 1999an Ekialdeko Timorrek Indonesiatik independizatzearen alde bozkatu zuen, 25 urteko okupazioaren ostean. 2002an independentzia lortu zuen, XXI. mendean burujabe bihurtutako lehen herrialdea izanda.

XXI. mendean, erreforma garaia iritsi zen Indonesiara. Prozesu demokratikoak, autonomikoak barne, indartu egin ziren. 2004an egin ziren Indonesiako lehendakaritzarako lehen hauteskunde zuzenak, eta Susilo Bambang Yudhoyono segurtasuneko ministro ohia aukeratu zuten lehendakari. Urte bereko abenduaren 26an, Banda Aceh estatutik kilometro batzuetara epizentroa zuen lurrikarak, Richter eskalan 9,2 gradukoak, 210.000 hildako eragin zituen (320.000 mundu osoan). 2005an, Aceh-ko gatazka armatua amaitu zen bake akordio baten bidez[7].

Azken urteak aldatu

2014ko uztailean, Jakartako gobernadore Joko Widodok irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Botoen %53 eskuratu zituen Widodok, eta haren aurkari Prabowo Subianto jeneral ohiak, %46. Azken bi asteetan tentsio uneak izan ziren, izan ere, hasierako datuek oso emaitza estuak aurreikusten zituzten, eta bi hautagaiek garaipena aldarrikatu zuten. Prabowok iruzurtzat jo zituen emaitzak[8]. 2014ko abuztuaren 21ean, hauteskundeak Joko Widodok irabazi zituela erabaki zuen Indonesiako Auzitegi Konstituzionalak. Prawobo Subiantok ez zuen onartu Jakartako gobernadorearen garaipena, eta iruzurra erabatekoa izan zela argudiatu zuen. Haren helegitea baztertu eta hasierako emaitza berretsi zuen auzitegiak. Froga nahikorik ez zuela aurkeztu argudiatu zuten epaileek[9].

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Finding showing human ancestor older than previously thought offers new insights into evolution. terradaily.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-22).
  2. a b c d e Szczepanski, Kallie. Indonesia. asianhistory.about.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-22).
  3. Borobudur, Ratu Boko eta Prambanan. borobudurpark.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-22).
  4. Cœdès, George. The Indianized states of Southeast Asia. books.google.co.id (Noiz kontsultatua: 2016-8-22).
  5. Kortabarria Olabarria, Beñardo. Lurrikarak sumendiak ikertzeko. in: Deia-ren D2 atala. zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-22).
  6. Oppenheimer, Joshua. Suharto’s Purge, Indonesia’s Silence. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-23).
  7. Aceh rebels sign peace agreement. in: BBC News. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-8-23).
  8. Bozak irabazita, Joko Widodok aginduko du Indonesian 2019 arte. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-23).
  9. Indonesiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin du Widodoren garaipena. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-23).

Kanpo estekak aldatu