Inauteriak Euskal Herrian

jendeak mozorroturik ospatzen duen jaia

Euskal Herriko inauterietan antzinako tradizioari atxikitakoak (bereziki herri txikietan), nahiz hiri eta herrietan ospatzen diren inauteriak daude. Toki batetik bestera egun desberdinetan ospatzen dira: Zubieta eta Iturenen urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean izaten dira; Tolosako inauteriak inauterien ohiko egunetan ospatzen dira, Ostegun Gizen egunetik  Astearte Inautea (edo Asteartita) egunera arte, hausterre-egunaren bezperan; azkenik, Algorta, Plentzian, Bilboko Santutxu auzoan eta Errenterian, besteak beste, Piñatako inauteriak ospatzen dira, ohiko inauterien ondorengo hurrengo asteburuan.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Inauterien gaineko zortzi bitxikeria.

Jatorria aldatu

 
Iturengo joaldunak, tunturroa buruan, joareak bizkarrean, ardi larrua soinean.

Julio Caro Baroja antropologoaren arabera, “Inauteri” hitzak hiru osagai ditu: INAU aldaera, -TE atzizkia eta -ERI atzizkia. Lehen elementuak “karnabal” esan nahi du; -TE atzizkiak “garaia” adierazten du eta -ERI atzizkia bizioekin dago erlazionatuta. Antropologoaren arabera, ospakizun hau erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan oinarritzen da eta hortik dator “inauteri” hitzaren esanahia.[1]

Euskal inauterien jatorria ez dago argi, eta hau azaltzen duten hainbat hipotesi daude. Gehienak “Karnabal” hitzaren etimologian oinarritzen dira. Aditu batzuek erromatar kulturako Saturnal eta Lupercalia jaietan oinarritzen direla esaten dute. Beste batzuek Garizumarekin eta honek daukan haragia jateko debekuarekin lotzen dute (hortik, Euskal Herriko eremu batzuetan inauteriei “aratusteak” ere deitzen zaie, “haragia uzte”-tik datorrena).

Hala ere, esaten da euskal inauteriek beste jatorri bat dutela. Tradizioa neguaren amaierarekin eta udaberriaren helduerarekin dago lotuta. Ehiza, arrantza edo nekazaritzatik bizi zirenentzat, urtaro aldaketa oso garrantzitsua zen, baina artzainentzat batez ere. Hauek urte erdia mendian bizitzen igarotzen zuten eta elur-garaian etxeetan babesten ziren, ia janaririk gabe. Horregatik, neguaren amaiera ezinbestekoa zen haientzat, bizitza berri bat zekarrelako. Gosete eta hotz garaia atzean uzteko, janariz, edariz eta musikaz beteriko festa bat ospatzen zen. Hauetan zenbait erritu eta sakrifizio gauzatzen ziren lurraren eta emakumeen emankortasuna ziurtatzeko edota etxe-abereak basapiztien atzaparretatik zaintzeko.[2][3]

Jaiak aldatu

 
Unanuko inauterietako mamuxarroak.
 
Tolosako inauteriak zezen plazan.

Hego Euskal Herrian Francoren diktaduran zehar jai hauek debekatu eta asko galzorian egon ziren. Toki batzuetan, Tolosan esaterako, jarraipena izan zuten garai hartan, Udaberri jai moduan.

Nafarroan bereziki atxiki da antzinako inauteri tradizionala: Ituren eta Zubietako inauteriak, Lantzeko inauteria eta Unanuko inauteriak dira bereziki lehengo inauteri tradizioari eusten diotenak. Berako inauterietan, berriz, tradiziozko inauteriari elementu berriak erantsi dizkiote, hala nola artzain eta inudeen desfilea eta dantza.

Araban Zalduondoko inauteriak dira ezagunak. Haietan, Markitos pertsonaia erretzen da. Salcedon, Porretero izeneko pertsonaia epaitu eta teilatu batera botatzen da azkenean.

Gipuzkoan, Tolosa eta Donostiako hiri inauteriak dira jende gehien biltzen dutenak. Lezon molde tradizionaleko inauteria sortu zuten XX. mendearen bukaeran, Trapujale pertsonaiarekin. Oiartzunen Ihotik egiten dira, Intxixu, basandre eta sorginen pertsonaiekin batik bat. Gerra aurretik hasitako usadioa da eta urte asko ezerezean egon ondoren, herritarrek berreskuratu eta berriro martxan jarri zen.[1] Inauterien aurreko asteburuan, Arditurriko mendi zoleetatik ateratzen dira, udala hartu eta hiru egunera berriro Kataxulo haitzulora bueltatzen dira.

 
Durangoko Surrandien konpartsa
 
Arteako Kokomarroak

Bizkaian, Enkarterrin hain zuzen, Carrascoliendas dute izena eta parte-hartzaileek oilar beltz bat eskuan, koplak abesten zituzten oilar beltzaren historia eta orduko kontuei buruz.[4]Durangon Surrandien konpartsa irteten da kalez kale, hartza lagun, zapatu karnabalez, Jaizale taldeko txistularien eta Tabira Musika Bandaren doinu hotsean. Eskuan putxikak eramaten dituzte ingururatzen direnak zirikatzeko.[2]Artean (Arratia) Kokomarroak irteten dira kalejiran eta "kuberue" izeneko panpina erretzen dute epaitu ondoren.[3]

Lapurdin Kaskarotek eta azkenean erre egiten den Zanpantzar izeneko pertsonaiak dute protagonismo berezia. Batez ere Uztaritzeko inauteria da tradizioari lotuta jarraitzen duena.

Nafarroa Behereko inauterietan desfile bat egin ohi da, Kabalkada izenekoa. Honetan parte hartzen duten pertsonaiarik ezagunenak Bolantak dira. Dantzariak dira eta lepotik zetazko koloretako zintak daramatzate. Desfilearen amaieran joaten dira. Hauetaz aparte Zaldikoak, Zapurrak, Makilaria, Erraldoitxoak eta abar joaten dira.

Zuberoan Maskaradak izaten dira garai honetan. Maskaradak ere inauteriekin daude lotuta. Pertsonaiak bi multzotan banatuta daude: beltzak eta gorriak. Gorriak garbi eta dotore jantzita doaz eta haien kolore nagusia gorria da. Horietan daude txerrero, artzaina, gatuzain, kantiniersa eta zamaltzaina, besteak beste. Beltzak, itxura zarpailtsu eta zikinarekin, musikarien atzetik doaz desfilea itxiz: ijitoak edo buhameak, berzkinak edo kauterak, zorrotzaileak eta eskaleak.

 
Oiartzungo Ihotik
 
Inauterietako pertsonai nagusien kokapena
 
Inauterietako pertsonaia nagusi batzuen infografia
Inauteri-eguna Izen herrikoiak
Inauteri-osteguna Ostegun Gizen, Orokunde, Orakunde, Sasi-koipatsu, Eguen Zuri, Eguen Lardero, Lerdo-egün, Otsabilko Eguna
Inauteri-ostirala Ostiral Melar
Inauteri-larunbata Larunbat Erdiko, Larunbat Erdipurdi
Inauteri-igandea Aratiste eguna, Domekei Karnabala, Zaldunita, Zalduniota
Inauteri-astelehena Astelenita, Asteleniota
Inauteri-asteartea Asteartita, Martisen Aratiste

Historia aldatu

Euskal Herriko Inauteriak aipatzen dituzten lehenengo dokumentuak Erdi Aroakoak dira. Hala ere, aurrehistoriatik ospatzen direla uste da, hala nola, gizakiak artzain bihurtzen hasi zirenetik.

Frankismoaren garaian, Elizak indar handia zuen eta ez zitzaion komeni hainbeste eduki pagano zuen festa bat onartzea. Horregatik, inauteriak guztiz debekatu zituzten. Herri gehienek ospatzeari utzi zioten, baina Unanuan adibidez, diktaduran zehar Inauteriak ospatzen jarraitu zuten. Diktadura amaitu ondoren, 80-90eko hamarkadetan, herri gehienek ohitura berreskuratu zuten. [5][6]

Gaur egun, bi inauteri mota ospatzen dira Euskal Herrian. Alde batetik, ospakizun tradizionalei eta mitologiari lotuago daudenak, eta bestetik, modernoagoak.

 
Lesakako Zakuzaharrak

Tradizionala aldatu

Inauteri tradizionalak, natura eta antzinako ohiturekin erlazionatuta daude. Hasieran, artzain eta baserritarrak animalien larruekin mozorrotzen ziren. Mitologiarekin lotuak zeuden eta, herriaren arabera, hainbat ospakizun egiten ziren. Gaur egun, tradizio horiek errespetatzen jarraitzen dira eta herri batzuk oso ospetsuak egin dira.  Lantzeko inauteriak, adibidez, ospe handia lortu du. Euskal Herrian eta Europan, Zuberoako maskaradak dira inauteri tradizional ospetsuenak. Hainbat herrialdetan maskaraden bertsio propioak egin dituzte, Andorran, Suedian edo Alemanian, besteak beste.[4][5][6]

 
Tolosako inauteriak

Modernoa aldatu

Inauteri modernoei buruz hitz-egiten denean, Tolosako Inauteriak dira ospetsuenetarikoak. Inauteri mota honetan, karrozak dira elementu garrantzitsuenak. Kolore eta argiz betetako karrozen desfile bat egiten da, gehienetan musikarekin lagunduta. Tradizioarekin zerikusi gutxiago dauka eta ikusgarriagoak dira. Normalean, urtez-urte aldatzen dira.

Pertsonaia nagusiak aldatu

Atorrak (Mundaka) aldatu

Atorrak, Inauterietako Igandeetan ateratzen dira Mundakan. Normalean, bandako zuzendaria izan ezik, guztiz zuriz janzten dira. Zuzendaria praka eta kapela beltzarekin ateratzen da. Musikarekin batera, burkoaren azala janzten dute. Batzuetan buru-aurpegiak estaltzen dira eta beste batzuetan ez. Aurpegia estaltzen ez dutenak bibote handi batekin joaten dira. Lehen, kirruz egindako soinekoak erabiltzen zituzten. Gaur egun, edozein oihal mota erabiltzen da. Bi gona zuri daramatzate, horietako bat buruan sartuta. Herritik zehar beraien instrumentuak jotzen dituzte, portura iritsi arte. Bertan, petril baten gainean jartzen dira eta ekitaldiak egiten dituzte. Urtero abesti berri bat asmatzen dute eta aurreko urteetako abestiekin batera abesten dute.[8]

Hartza (Arizkun, Ituren, Zubieta...) aldatu

 
Hartza Aurtitzen joaldunez inguratuta.

Gizon edo gazte batek bere gorputza artilez estaltzen du eta hartzarena egiten du. Arizkunen hartzarekin hartzaren zaintzailea doa eta, hau, hartzari lotuta dago, hartzak ihes ez egiteko. Bitartean, hartza kaleko jendea izutzen saiatzen da. Festa hau, beste hainbat lekutan ospatzen da.[8]

 
Iturengo joalduna

Joaldunak (Ituren eta Zubieta) aldatu

Zubietako joaldunek ator zuria janzten dute, Iturengoek, aldiz, ardi larruzko txalekoa. Gerrian ardi larrua jartzen dute eta bertan joareak lotzen dira. Oso garrantzitsua da gerriko ardi larrua, honen kokapenaren arabera joarearen soinua desberdina delako. Galtza urdinak janzten dituzte eta oinetan larruzko zein gomazko abarkak. Ttuntturroa izeneko txapela eramaten dute; honek metro erdiko altuera eta kukurutxo forma dauka. Bertan kolorezko oihalezko xingolak jartzen dituzte eta txapelaren puntan oilar lumak izaten dituzte.

Joaldunak eskuan zartailua darama. Heldulekua egurrezkoa da eta honen soka zaldi ileekin dago eginda.

Bizkarrean bi joare txiki daramatzate, eta gerri atzean beste bi handi. Joareak modu oso zehatzean ipinita daude joaldunari kalterik ez egiteko eta nahigabean soinua egin ez dezaten. [9]

Zanpantzar (Lapurdi eta Nafarroa Behera) aldatu

Lapurdin eta Nafarroa Beherean, Zanpantzar lastozko panpina da pertsonai nagusia. Inauterietako azken egunean epaitu eta erre edo itotzen dute. Panpina hiltzearekin batera gaitzak ere hiltzen direla esaten da. "Zanpantzarrak" joaldunei buruz hitz egiteko erabiltzen den hitza ere bada, baina Ipar Euskal Herrian pertsonai hau desberdina da.[8][9]

 
Markitos

Markitos (Zalduondo) aldatu

Zalduondo herriko maisuari Larderako ostegunean opariak egiteko ohitura zegoen. Haur bakoitzak txorizoa edo arrautzak oparitzen zizkion.

Markitosak metro eta erdiko altuera izaten du. Hezurdura egiteko bi makil erabiltzen dituzte, batekin gorputza eginez eta bestearekin besoak. Praka zaharrak jartzen dizkiote eta hauek goroldioz betetzen dituzte. Gorputzeko goiko aldea edozein koloretako atorra batekin estaltzen dute, goroldioaz betetzen berriz ere. Arroparekin amaitzeko atorraren gainetik jertse bat jartzen diote. Lapiko bat jartzen dute burua balitz bezala, eta hau kartoizko maskara batekin estaltzen dute. Oinetan lehenago larruzko abarkak jartzen zizkioten, baina gaur egun botak erabiltzen dituzte.[8][9]

 
Miel Otxin

Miel Otxin (Lantz) aldatu

Lantzeko inauterietako pertsonai nagusia Miel Otxin da. Erraldoia bi pago-adarrekin egiten da. Batekin besoak egiten dira eta bestearekin gorputzaren beste atal guztiak. Burua kartoizko maskara eta txapel batekin estaltzen da, eta lepoa painelu batekin tapatzen da. Ator estanpatu bat eta galtza urdinak ditu jantzita. Hiru metrotako altuera dauka eta gorputza goroldioz eta belar idorrez betea dauka.

Gazte batek Miel Otxin eramaten du, eta aldi berean dantzatzen da. Zaldikoak Ziripot ez du bakean uzten eta etengabe  lurrera botatzen saiatzen da. Txatxoak zaldikoa uxatzen saiatzen dira eta Ziripot lurretik altxatzen laguntzen dute. Burdingileak galderoi batekin doaz eta ibilbidearen leku zehatz batzuetan ingudeak dituzte zaldikoari lagundu ahal izateko.

Asteartean Zaldikoa eta Ziripot gabe Miel Otxin erraldoia plazara eramaten dute eta bertan eskopeta batekin bi tiroz hiltzen dute. Hil ondoren Miel Otxin erre egiten dute eta Txatxoek Zortzikortzikoa dantzatzen dute haren inguruan.[8][9]

 
Mamuxarroak

Mamuxarroak (Unanua) aldatu

Unanuko inauterien berezitasuna burdinazko maskara misteriotsuak dira. Herriko zazpi gazte Mamuxarroz  janzten dira. Atorra eta flanelazko galtzontzilo zuriekin, gerriko gorri eta beltza daramate. Gerrian ezkilak eta kaskabiloez betetako larruzko zinta bat dute; oso soinu berezia egiten dute. Buruan xingola eta apaingarriz beteriko txanoa janzten dute. Horren azpitik, kolorezko zapiak. Katolak izeneko maskara berezi hauek arinak eta erosoak dira. Maskara hauek burdin xaflekin eginda daude, eta duela ehun urte ingurukoak dira. Eskuetan bi metro eta erdiko hurritz-makilak dauzkate, kalean harrapatzen duten edozein egurtzeko.

Mamuxarroak mozorrotu eta gero, Unanuko kale maldatsuetatik korrika doaz jendearen atzetik, hauek harrapatzeko eta egurtzeko intentzioarekin. Beranduago, etxez-etxe eskatzen joaten dira afari bat egin ahal izateko eta, eguna bukatzeko, dantzaldi bat eskaintzen dute.[8][9] Altsasuko momotxorroen antzeko rola jokatzen dute.

 
Zuberoako zamaltzainen ilustrazioa

Zamaltzainak (Zuberoa) aldatu

Zamaltzainek zaldi burua eta buztana duen egurrezko armazoi bat daramate lepotik zintzilikatuta. Eskubiko eskua, zaldiaren buruari lotuta dago. Janzteko era oso definituta dago: jaka gorria, bularralde zuria urrezko apaingarriekin, praka beltzak belaunetaraino, beheko aldean urrezko parpailetan amaiturik. Oinetan, galtzerdi eta zapatila zuriak eta, haien gainean, zangozorro beltzak zinta txikiekin. Buruan, buruko gorri bat.

Pertsonaia honen lana berezia da. Gerrian daraman zaldi armazoiak dantzatzeko trabak jartzen dituenez, dantzari trebeenak izaten dira paper hau egiten dutenak. Zamaltzainei buruz egindako lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira. Horretaz gain, Agosti Xahok 1855. urtean egindako deskribapenaren arabera, sorbaldatik jausten ziren zintak Luzaideko Bolanteenak bezalakoak ziren, eta praka zuriak ziren, beltzak izan beharrean.[8][9]

 
Zakuzaharren ilustrazioa

Zaku Zaharrak (Lesaka) aldatu

Lesakako Zaku Zaharrak inauterietako igandean ateratzen dira. Zaku Zaharrak prestatzeak lan handia dakar. Hiru zaku erabiltzen dituzte, bat gorputz enborrerako eta beste bi zango bakoitzerako. Forma eman ahal izateko, urrian egindako bigarren mozketan bildutako belar idorra erabiltzen da, meheagoa baita. Burua oihal zuri batez estaltzen dute, begiak eta ahoarentzako zuloak eginez. Azkenik lastozko txapela daramate.

Ibilaldian zehar elkar bultzatzen dute eta jendea izutzen dute. Taberna guztiek ardoa eskaintzen diete. Ikusleak aztoratu ondoren Zaku Zahar guztiak herriko plazarantz abiatzen dira.[7]

Intxixuak (Oiartzun) aldatu

 
Intxixua

Oiartzungo ihoteetako pertsonai basatiak  dira. Zakuz eta larruz egindako arropa basatia daramate. Buru haundi bat izaten dute, ile, hortz, begi, sudur eta adar haundiz osatua. Arropan apaingarri moduan, hezurrak, oilo hanka…eramaten dituzte. Gomazko abarkak izaten dituzte. Makil edo goraizeak ere izaten dituzte jendea zirikatzeko. Intxixu bakoitza auzo batekoa denez, edo auzo bat ordezkatzen duenez, auzo horretako kolorezko zapi bat eramaten du.[8]

Inauterien oinarrizko egutegi bat aldatu

Urtarrilarekin batera hasten da inauteri garaia. Zuberoako maskaradak, Lapurdiko kaskarotak eta beste zenbait inauteri goiztiar hasten dira urtarrilean. Data nagusiak, ordea, otsailean izaten dira. Esaterako, 2023an otsailaren 16an izan zen Ostegun gizen eta 21ean Inaute asteartea. Inauteri garaiko hainbat festa azaltzen dira inauterietako oinarrizko egutegi honetan. Hiri eta herrietan ospatzen diren inauteri modernoak ez dira sartu egutegi honetan. 2024ko datak azaltzen dira taulan, baina beste urte batzuetako datak asmatzeko erreferentzia ona izan daiteke.[9][10] Maskaraden eta kaskaroten egutegi osoa bukaeran azaltzen da aparte.

2024ko inauteriak
Astelehena Asteartea Asteazkena Osteguna Ostirala Larunbata Igandea
Urtarrilaren 22
Astelehena


Urtarrilaren 23
Urtarrilaren 24 Urtarrilaren 25
Osteguna


Urtarrilaren 26
Ostirala


Urtarrilaren 27
Larunbata
Urtarrilaren 28
Igandea
Urtarrilaren 29
Astelehena
Urtarrilaren 30
'Asteartea

* Zubieta, Aurtitz eta Ituren: Mozorroak eta Joaldunak

Urtarrilaren 31
Otsailaren 1
Osteguna
Otsailaren 2
Ostirala
Otsailaren 3
Larunbata
Otsailaren 4
Igandea
Otsailaren 5
Otsailaren 6
Otsailaren 7
Otsailaren 8
Otsailaren 9
Ostiral mehea
Otsailaren 10
Otsailaren 11
Otsailaren 12
Inaute astelehena
Otsailaren 13
Otsailaren 14
Otsailaren 15
Otsailaren 16
Ostirala

Ziburu: Sorgin gaua

Otsailaren 17
Otsailaren 18
Igandea
Otsailaren 19
Otsailaren 20
Otsailaren 21
Otsailaren 22
Otsailaren 23
Otsailaren 24

Larunbata

Otsailaren 25

Zuberoako maskaraden egutegia (2024) aldatu

 
2009ko Maskaradak Barkoxen.

Batetik Zuberoako maskaradak ezagutu behar dira, 15 saio egiten dira, asko dira eta lau hilabetetan kokatzen dira, urtarriletik apirilera arte. 2024ko maskaradaren datak hauek dira:[11]

  • Urtarrilak 21, igandea: Pagola
  • Urtarrilak 27, larunbata: Ezpeize > Urtarrilak 28, igandea: Ezpeize
  • Otsailak 11, igandea: Maule-Lextarre > Otsailak 11, igandea: Iruri
  • Martxoak 23, larunbata: Aloze
  • Apirilak 27, larunbata: Pagola

Aurreko urtean, 2023ko maskaradaren datak hauek izan ziren:[11]

Kaskaroten egutegia (2024) aldatu

 
Kaskarotak

Urtea hastearekin batera hasten dira kaskarotak dantzan eta eskean. Goiztiarrenak Beskoitzekoak izan ziren 2024an, urtarrilaren 6an egin zuten lehen ateraldia. Urtarrileko eta otsaileko asteburutan Lapurdiko hainbat herritako gazteak puska-biltzen, dantzan eta kantuan ibiltzen dira.

  • Urtarrilak 6 larunbata. Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Bois auzoa, Mentaberriko borda, Larestako borda, Iribarnegarraia, Eiheralde, Hasparren errepidea, Larreburua, Donamartinia)
  • Urtarrilak 7 igandea Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Paoueta, Agerria, Placeu)
  • Urtarrilak 13 larunbata Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Enseigne bidea, Xelaia, Sorueta, Jauberria, Patarria, Arbaldegia)
  • Urtarrilak 14 igandea Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Ganderatzia, Etxeparia, Pilota Plazako bidea, Tratuenia, Belsusari, Martindegia)
  • Urtarrilak 20 larunbata Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Txandondegia, Gainekoetxea, Bide Handia, Gerezieta, Harrieta)
  • Urtarrilak 21 igandea Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Iruitea, Bidartea, Gortiaga, Pikassharia, Ospitalia, Alzueta, Otxokolttipia)
  • Urtarrilak 27 larunbata
    • Uztaritzeko kaskarotak - Izartxo. (Baionan)
    • Itsasuko kaskarotak - Ataize.
    • Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Urt bidea Iturbidia, Etxekoborda, Beherartia, Mendilerroen bidea, Harranburua)
  • Urtarrilak 28 igandea
    • Itsasuko kaskarotak - Ataize.
    • Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Larreista, Mixeleta, Iturraldia, Leizaraga, Behotegia)
  • Otsailak 3 larunbata
    • Uztaritzeko kaskarotak - Izartxo. (Arruntza auzoan)
    • Itsasuko kaskarotak - Ataize.
    • Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin. (Harriaga, Irigoinia, Imistola, Larrondoa, Ildaska)
  • Otsailak 4 igandea
    • Uztaritzeko kaskarotak - Izartxo. (Heraitze auzoan)
    • Itsasuko kaskarotak - Ataize.
  • Otsailak 10 larunbata Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin.
  • Otsailak 11 igandea
    • Uztaritzeko kaskarotak. Uztaritze
    • Donibane Lohizuneko kaskarotak - Begiraleak.
    • Kanboko kaskarotak - Jeikadi.
    • Beskoitzeko kaskarotak - Oinak Arin.
  • Otsailak 18 igandea Kanboko kaskarotak - Jeikadi.
  • Otsailak 24 larunbata Biriatuko kaskarotak


Erreferentziak aldatu

  1. «Nondik gatoz» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  2. «Surrandi, Surrandi -» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-06).
  3. «“Kuberue” erre dabe Arteako Kokomarroek aratusteetan - Artea» Begitu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  4. (Gaztelaniaz) Garmendia Larrañaga, Juan. (2007). El carnaval. ISBN 978-84-8419-079-0..
  5. Debia. (2014-02-27). «Inauteriak Euskal Herrian» BlogaBoga (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  6. (Gaztelaniaz) Rodriguez, Haritz. (2016-02-13). «Guía de carnavales tradicionales, rurales y ancestrales de Europa» Tokitan (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  7. dantzan.eus. «Zaku zaharrak» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-19).
  8. «Intxixua» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  9. «Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).
  10. «Inauteriak 2023 oinarrizko egutegia» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  11. a b c dantzancom. «Zuberoako Maskaradak 2023 egutegia» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).

Kanpo estekak aldatu