Idazlan

idatzizko testu


Idazlan hitza erabiltzen da arlo akademikoan eta, oro har, literatura eta kazetaritza munduan, komunikazio gaitasunaren alor bateko azken ekoizpenei buruz hitz egiteko. Hizkuntzen irakaskuntzan azken ekoizpenak ahozkoak eta idatziak izan daitezke. Idatziei, oro har, idazlana esaten zaie.

Lehen Hezkuntzako ikasle batek eskuz egindako idazlana.
Arlo akademikoan, bigarren hezkuntzan, irakasle batzuek erabilitako ebaluazio txantiloia.
Idazlanen heteroebaluazioan erabilitako tresna bat. Idazlanak zuzentzeko eta ebaluatzeko txantiloi bat. H, A, D, S, O, I, E, U, K... letrak erabiltzen ditu irakasleak ikasleari hobetu beharreko kontu batzuk markatzeko, ohar gehiegi idatzi gabe eta txarto dagoena ondo berridatzi gabe. Hurrengo urratsa autozuzenketa litzateke edota berdinen arteko zuzenketa.
Idazlanak ebaluatzeko eta kalifikatzeko txantiloi xinple bat. Autoebaluazio eta koebaluazioa egiteko EAEn benetan erabili zen tresna.

Arlo akademikoan aldatu

Gehiago jakiteko, irakurri: «Komunikazio konpetentzia»
Gehiago jakiteko, irakurri: «Testu tipologia»

Komunikagaitasunaren dimentsio hau asko landu izan da mundu akademikoan. Testu mota batzuk, batez ere, asko landu izan dira.

Normalean irakasleek honako prozedura erabiltzen dute, gutxi gorabehera:

Ereduak aldatu

Landu nahi den testu mota bereko eredu batzuk eskaintzen dira. Ereduak analizatzen dira. Testu mota horretan egon behar duten elementuak identifikatzen dira. Testu mota horretan erabilgarriak diren elementuak identifikatzen dira.

Eredu onak lortzeko baliabide ona izaten dira zenbait estilo-liburu, non testu mota bakoitzeko eredu on bat eskaintzen saiatzen diren, askotan iruzkin baliotsuekin.

Kontsignak aldatu

Gehienetan, irakasleek ereduak eskaintzeaz gain, kontsigna edo eskaera bat egiten diete ikasleei. Halako testu motako, halako gaiari buruzko[1], halako neurriko (zenbat hitz, zenbat karaktere), halako epean (denbora mugatu ohi da).

Zuzenketak aldatu

Idazlanen ebaluazio eta kalifikazioari, oraindik ere, zuzenketa deitu ohi zaio. Hitzak badu problema bat: zuzentasun gramatikal eta ortografikoari garrantzi apartekoa ematen zitzaion garaietako oihartzuna da.

  • "Paraleloen" arteko zuzenketa, ikasleen artekoa, koebaluazioa. Idatzi duenaren antzeko maila duten beste ikasleak, oso trebeak izaten dira zuzentzerakoan zenbait elementu identifikatzen. Askotan garrantzitsuena ondo zuzentzen dute eta azalekoa pasatzen zaie. Zuzentze ariketa horretan ikasten dela uste da.
  • Irakaslearen zuzenketa, heteroebaluazioa. Garrantzitsuena behar bezala zuzentzen eta azalekoenari ez ikusiarena egiten saiatu beharko litzateke irakaslea[2], beti ere ikasleari, bere ikasketa prozesuan, laguntzeko helburuarekin.[3][4][5]

Dozena bat gomendio testuak zuzentzeko aldatu

 
Idazlanak kalifikatzeko txantiloi zahar bat.

IVAPeko estilo-liburuan[6], (237-238 or.) Administrazioan lan egiten duten eta idazten duten langileei honako aholkuak ematen zizkien 2005ean argitaraturiko estilo-liburuan:

  • 1.- Arau nagusia: lehen irakurraldian ulertzen ez denak, oro har, ez du balio, eta, beraz, berriro idatzi beharko. Beste modu batean esanda: idazki bat ulertzen ez bada, erruduna ez da irakurlea izaten, idazlea baizik, izan ere idazlea ez da gauza izan ideiak argi eta garbi aditzera emateko.
  • 2.- Idazki guztiek ez dute zuzenketa bera eskatzen: idazkia zenbat eta luzeagoa, korapilatsuagoa edo garrantzitsuagoa izan idazkia, orduan eta zorrotzagoa izan beharko idazlearen lana. Alde horretatik garbi dago ez dela gauza bera hiruzpalau lerroko ofizio bat begiztatzea edo milaka lagunek irakurriko duten liburu bat inprimategirako prestatzea.
  • 3.- Aukera izanez gero, testu bat idazten amaitu, eta zuzentzen hasi arte, tarte bat pasatzen uztea komeni da. Labetik atera berri den idazkia argia iruditzen zaigu gehienetan, ulergarria, ondo idatzia; hozten denean, berriz, zalantzak sortzen dira eta baita gaizki-ulertuak ere. Kontuan izan hau: zenbat eta tarte luzeagoa utzi testua amaitzen denetik zuzentzen hasten garen arte, orduan eta eraginkorragoa gure zuzenketa; ondo azalduta zirudiena, egunak pasatu ahala, ilun, aspergarri eta eskasa bihurtzen zaigu.
  • 4.- Zuzentzaile ortografiko automatikoak izugarrizko laguntza ematen digu azaleko zuzenketak egiteko orduan. Dena dela, ez zaitez gehiegi fida: batzuetan zuzenak diren hitzak zuzentzen dizkigu; beste batzuetan akats nabarmenak beren horretan uzten ditu; eta larriena: edukiak eta testuaren antolaketa ukitu ere ez ditu egiten.
  • 5.- Idazkia luzea bada, ona da (begientzat, ez ekosistemarentzat) inprimatzea eta paperean zuzentzea.
  • 6.- Irakurri testua ahots gora, askotan gertatzen baita “ikusi” ez dugun akats bat gerora “entzutea”.
  • 7.- Eutsi koherentziari zuzentzeko orduan. Erabaki baten alderdi on eta txarrak hausnartu ondoren erabakia hartzen bada, sendo gorde behar dugu testuan barrena, irizpideak behin eta berriro aldatu gabe.
  • 8.- Kontraesana ematen badu ere, begiek txikikerietara jotzen dute maiz, garrantzirik gabeko akats txikietara, begi bistakoak izan beharko luketen okerretan erreparatu ere egin gabe. Gomendio bat: ez begirik kendu, ez izenburuei, ez tamaina handiko hitzei , ez zenbakiei, ez hilen izenei eta horrelakoei, hortxe ezkutatzen baitira hanka-sartzerik potoloenak.
  • 9.- Burutik behatzetarainoko zuzenketa egiteko astia dugunean, hau da, akats “ñimiñoen” bila gabiltzanean, bada teknika interesgarri bat: testua zuzendu “ulertu” gabe, arreta ez galtzeko. Horretarako, hitzez hitz irakurri behar da; are gehiago: batzuek atzekoz aurrera irakurtzen dute.
  • 10.- Kontuz ibili zuzenketak garbira pasatzerakoan, ez dadila gerta paperean egindako lan ona itzulipurdika geratzea, zuzenketok ordenagailura pasatzerakoan hanka sartu dugulako.
  • 11.- Betiere kontuan izan laguntzarik eraginkorrena beste pertsona batek emango dizula. Laguntzaile horrek irizpide berriekin egingo dio aurre idazkiari, zuk topatu ez dituzun akatsak aurkituko ditu, eta ideia berriak emango. Bigarren pertsona hori ondo aukeratzea garrantzitsua da: testuak jorratutako gaian aditua den batek edukiari buruzko iruzkinak egingo ditu; hizkuntza gaitasun ona daukanak idazkiaren hizkera eta estiloa hobetzeko gomendioak emango dizkigu; azkenik, gaiarekin zerikusirik ez duen lagun batek edo lagun-talde batek informazioa eman dezake gure idazkiak izan dezakeen harreraren inguruan (irakurgarritasuna, kontu ilunak, interesa...) .
  • 12.- Azken oharra (eta ez garrantzi gutxiagokoa azkena izateagatik): une batetik aurrera, zuzenketaren zuzenketaz, nekatu egiten da zuzentzailea. Onartu ezazu: ez dago testu perfekturik.

Euskarria: paperean ala pantailetan idatzi? aldatu

 
Eskuz idazteak memorizazioan eta ideien ordena ezartzean laguntzen du.
 
Gailu elektronikoen laguntzarekin idazterakoan arreta galtzea errazago omen da, aldez aurreko entrenamendurik gabe.
« Eskuz idatzitako idazketak memorizazioan eta oroitzapenean laguntzen duen bitartean, idazketa digitalak ez du efektu hori neurri berean lortzen (Mueller and Oppenheimer 2014; Longcamp et al. 2005, 2008). Eskuz idaztea, eskuz marraztea, eskuz jostea edo eskuz egindako antzeko motrizitate-trebetasun fin-finak garatzea eskatzen duten aktibitateak ordezkatzen ditugunean, horrelako jarduerak ordezten ditugunean sinpleagoak diren beste batzuekin, hala nola atzamar pare bat pantaila batetik irristatzea, funtzio exekutiboen garapenarekin lotura estua duten jarduerak kentzen dizkiegu haur eta nerabeei (Diamond, 2013). Hainbat modalitatetako distrakzioz eta zarataz betetako mundu honetan, garunaren funtzio exekutiboek horiek inhibitzeko eta gure helburuak lortzeko plan bat egiten zentratzeko aukera ematen digute (van der Fels, et al, 2015). Aldez aurreko entrenamendurik gabe, gure arreta erraz da "bahitzeko modukoa". »

—"Alfabetatze digital egokiak esan nahi du teknologia noiz baztertu behar den jakitea".[7]


Ebaluazioa aldatu

 
Idazlan bat ebaluatzeko eta kalifikatzeko zenbait adierazle. (Iturburua: ISEI-IVEI; esteka bat goian eskuinean jatorrizko dokumentua ikusteko).
 
Idazlanak ebaluatzeko eta kalifikatzeko errubrika bat.

Hobetzeko dauden elementurik garrantzitsuenak identifikatu eta hurrengo baterako iradokizunak.

Garai batean, idazlanak zuzendu egiten ziren, akatsen zenbaketa egiten zen eta hizkuntzaren zuzentasun gramatikalari-eta garrantzi handia ematen zitzaion. Azken hamarkadetan, zuzentasunaz gain beste hainbat elementu ebaluatzen dira. Azken hamarkadetan ebaluazio-tresna mota asko erabili izan dira, batez ere errubrikak eta kontrol-zerrendak. Ebaluatzerakoan neurtzen da noraino bete diren helburu komunikatiboak[8] eta hobetzeko dauden elementuak identifikatzen dira helburu horien lorpen maila igotzeko.

Idazlanak zuzentzeko honako irizpideak aipatzen ziren ISEI-IVEIk argitaraturiko dokumentu batean aldatu

Ebaluazio-irizpideen azalpena

Hizkuntza idatzia ebaluatzeko irizpideak hiru bloketan[9] antolatu dira:
□ Komunikazio-egoerara egokitzea (Gaitasun Soziolinguistikoa)
□ Koherentzia eta kohesioa (Gaitasun Diskurtsiboa)
□ Morfosintaxia, lexikoa eta ortografia (Gaitasun Linguistikoa)

1. Komunikazio-egoerara egokitzea. Gaitasun Soziolinguistikoa.

Egokitasuna propietatearen bidez testua komunikazio-egoerarekin eta testuinguruarekin lotzen da. Hala, testuak komunikazio-egoeraren parametroak islatzen ditu: solaskideen jarrera, komunikazio-asmoa, ekoizpen- eta harrera-kanala... eta horiek testuari dagokion hizkuntza-erregistroaren ezaugarriak markatzen dituzte.
Halaber, testua komunikazio-egoerak eskatutako gaiari lotzen zaio.
Hauek dira egokitasunarekin zerikusia duten adierazleak:
- Helburua. Ea atazan proposatutakoa errespetatzen den ala ez: deskribatzea, kontatzea, azaltzea, argudiatzea.... eta ea kontsignako agindua betetzen den (idatzi narrazio bat, idatzi albiste bat, idatzi gutun bat...).
- Gaiarekiko lotura. Ea informazioa esanguratsua den emandako komunikazio egoerari erreparaturik eta ea ikasleek ekoitzi behar duten testu-generorako egokia den. Ea proposatutako komunikazio-egoera kontuan izanik, informazioaren kantitatea nahikoa den eta kalitateari begira esanguratsua den.
-Hizkuntza-erregistroa. Ea erabilitako hizkuntza-aldaera edo erregistroa (formala, ez-formala...) ondo egokitzen zaion proposatutako hizkuntza atazari.
-Testu-generoari dagozkion beste zenbait adierazle: argudioen garapena, objektibotasuna/subjektibotasuna, igorlearen eta hartzailearen agerpena testuan, aditz pertsonari eustea... (Ezaugarri hauek balioetsiko dira beti ere eskatutako testuan esanguratsuak badira).

2. Koherentzia eta kohesioa. Gaitasun diskurtsiboa.

 
Umorezko testu bat idazlanen estiloen karikaturekin eta euskara irakasle baten iruzkinekin.
Koherentzia propietatearen bidez testua, oro har, zentzu-unitate gisa antolatzen da.
Informazioaren aukeraketan eta horren antolaketan egitura jakin bat ikusten da.
Kohesioa propietateak biltzen ditu testuko informazioaren arteko loturak ahalbidetzen dituzten hizkuntza-mekanismoak. :Mekanismo horiek, batez ere, bi motakoak dira: morfosintaktikoak eta lexikoak.
Hauek dira koherentziarekin eta kohesioarekin lotutako adierazleak:
-Informazioaren garapena eta koherentzia. Ea informazioa modu esanguratsuan aukeratzen den, eta ea ez dagoen kontraesanik, alferrikako errepikapenik, betelanik... eta ideiak eta datuak modu logikoan garatzen diren.
-Testu-egitura. Ea eskatutako testuaren egitura errespetatzen den: narrazioa, deskripzioa...
-Kohesio-mekanismoak. Ea testuko atalak ongi lotzen diren, testu lokailu eta antolatzaile egokien bidez, erreferentea galdu gabe, gaiaren garapena bermatuz.

3. Morfosintaxia, lexikoa eta ortografia. Gaitasun Linguistikoa.

Gaitasun Linguistikoa propietatearen bidez testua arau gramatikaletara egokitzen da. Arau morfosintaktikoen eta ortografikoen erabilera zuzena eta lexiko egokiaren erabilera dira irizpidea nagusiak.
Hauek dira adierazleak:
-Morfosintaxia. Ea egitura morfosintaktiko zuzenak eta askotarikoak erabiltzen diren.
-Lexikoa. Ea eskatutako gaiari ondo egokitzen zaion lexikoa erabiltzen den.
-Ortografia. Ea hizkuntzaren oinarrizko ortografia arauak errespetatzen diren. (Eta testua idazmakinaz edo ordenagailuz idatzita badago, ea oinarrizko ortotipografia arauak errespetatzen diren).

Kalifikazioak aldatu

 
Eskala bat hartu edo beste bat hartu, eta aldatu egiten dira gutxiegi, nahikoa, ongi, oso ongi, bikain eremuen zabalera,

Kalifikazioa ebaluazio prozesuan une batean egiten den "argazki" moduko zerbait da.

Arlo akademikoan, askotan, irakasleari ikasleen maila neurtzeko eskatzen zaio. Kalifikazioak hitz gutxitan (gutxiegi, nahiko, ondo, oso ondo, bikain) edota zenbakiekin (1-10) emateko ohitura nahiko hedatuta dago Euskal Herriko hezkuntza sistemetan. Garai batean esanahi lanbrotsuago zuten esamoldeak ere erabili izan ziren ('Hobetu beharko', 'Aurrerapen egokia', etab.).

Erreferentziak aldatu

  1. EGA azterketetako idazlanetan erabilitako gai batzuk
  2. (Gaztelaniaz) Cassany, Daniel. (2019-11-19). “Reparar la escritura” para aprender a escribir. (Blogge@ndo blogean egindako laburpena) (Noiz kontsultatua: 2019-11-20).
  3. «Testu Idatziak Zuzentzeko Orientabideak_EUSK_Lehen_Hezkuntza- 2012 - Nafarroako Gobernua - Hezkuntza Saila - Argitalpenak» dokumen.tips (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  4. «Komunikazio gaitasuna: testu idatzien ekoizpena. Zuzenketarako orientabideak - 2012 - Nafarroako Gobernua - Hezkuntza Saila - Argitalpenak» www.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  5. Azkarate, Gorka. (2006-04-01). Euskara: Idazlanetako estiloak (karikaturak eta iruzkinak) - Umorezko testu bat idazlanetan aurki daitezkeen estiloen karikatura eginez eta irakasle batek horrelako muturreko testuen aurrean pentsa dezakeena islatuz. (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  6. IVAPeko estilo liburua. Herri-Ardularitzaren Euskal Erakundea = Instituto Vasco de Administración Pública 2009 ISBN 84-7777-290-8. PMC 920237316. (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  7. (Gaztelaniaz) ana.guillamon_378. (2021-04-11). «Las redes sociales y las TIC en el aula» FECYT (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
  8. Nafarroako Gobernua. Hezkuntza Departamentua: KOMUNIKAZIO GAITASUNA: TESTU IDATZIEN EKOIZPENA - Zuzenketarako orientabideak - Ebaluazio diagnostikoa - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
  9. Arruti, Izaro; Prieto, Sandra. (2022-09). «Hezkuntza soziolinguistikoa. Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena» BAT SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIA 122-123 (1): 11–38.  doi:10.55714/bat-122123.1. ISSN 2659-5176. (Noiz kontsultatua: 2023-10-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu