Hondoko mikrouhin erradiazioa

Isotropikoki behatzen den mikrouhin-erradiazioa, 2,725 K-eko gorputz beltzari dagokiona. 1,06 mm-an du bere uhin-luzerarekiko intentsitate espektral maximoa. Unibertsoa hedatzen ari denaren eta Big Bang teoriaren froga finkoenetariko bat da.

Kosmologian, hondoko mikrouhin erradiazioa edo mikrouhin erradiazio kosmikoa unibertso guztia betetzen duen erradiazio elektromagnetikoa da. 1964. urtean aurkitu zuten, horren bila propio ibili barik, AEBko bi fisikarik, Arno Penziasek eta Robert Wilsonek. Beste batzuk hasita zeukaten bilaketa 1940. hamarkadan, baina hondoko erradiazioaren aurkikuntza ia kasualitatez gertatu zitzaien Penzias eta Wilsoni Bell Laborategientzat antena berri batean lanean ari zirelarik. Hurrengo hamarkadan, 1978. urteko Nobel Saria eman zieten egindako aurkikuntzagatik.

Irudian, hondoko mikrouhinen erradiazio kosmikoak tenperaturan duen anisotropia ikus daiteke.

Hondoko mikrouhinen erradiazio kosmikoa aurkitzea Big Bang teoriaren aldeko beste froga indartsu bezala agertu zen. Big Bang teoriaren arabera, unibertsoa sortu zuen leherketa handiaren oihartzuna litzateke, gaur arte iraun duena. 2,725 K-eko tenperaturako gorputz beltzaren ezaugarriak ditu, eta mikrouhinen maiztasuna du, zehazki 160,2 GHz-ekoa; maiztasun horri 1,9 mm-ko uhin-luzera dagokio. Kosmologo askoren ustez, erradiazio horixe da Big Bang teoriaren froga nagusia.



Kanpo estekak aldatu