Hipotalamo

Dientzefaloaren zatia, garunaren hirugarren bentrikuluaren zorua eta albo-horma baten zati bat eratzen dituena. Errai-jardueren, oreka hidrikoaren, gorputz-tenperaturaren eta abarren kontrola hartzen du bere gain

Hipotalamoa ornodunek duten garuneko egitura da, talamoaren azpian dagoena eta dientzefaloaren azpialdea osatzen duena. Burmuineko zatia izateaz gain, guruin endokrinoa ere bada, zenbait hormona jariatzen dituelako. Gainera, sistema linbikoaren parte garrantzitsua da.

Hipotalamo
Xehetasunak
Honen parteDientzefaloa
KonponenteakKiasma optikoa
Traktu optikoa
tuber cinereum (en) Itzuli
neurohipofisia
mammillary body (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezhypothalamus
MeSHeta A08.186.211.200.317.357 A08.186.211.180.497 eta A08.186.211.200.317.357
TAA14.1.08.401 eta A14.1.08.901
FMA62008
Terminologia anatomikoa

Nerbio-sistema autonomoaren funtsezko egitura da hipotalamoa. Jakina da bere estimulazioak nerbio-sistema autonomoaren hainbat erantzun sortzen duela. Nerbio-sistema sinpatikoarekin eta parasinpatikoarekin ditu loturak.

Lotura estua mantentzen du, halaber, hipofisi guruinarekin; lotura anatomikoa ez ezik (txorten labur bidez), lotura funtzionala ere badute hipofisiak eta hipotalamoak: hori dela eta, sistema hipofisiario-hipotalamikoaz hitz egin daiteke, gorputzaren homeostasian zeregin oso garrantzitsua betetzen duena.

Anatomia aldatu

Hipotalamoa 4cm2 inguru hartzen dituen entzefaloaren atala da, helduen bolumen entzefaliko normalaren %0.3 alegia. 5-8 gramo bitarteko egitura da, eta talamo azpialdean dago, dientzefaloaren alde bentrala osatuz eta baita alboko pareten eta 3.bentrikuluaren osaketan parte hartuz. Bere kanpoko erreferentzia puntuak kiasma optikoa, gorputz mamilarrak eta tuber cinereum dira. Hipofisiarekin lotuta dago tallo hipofisiario/infundibulu bidez.

Morfogenesian, hipotalamoaren soruak infundibulua osatzen du ebaginazio bidez, eta honetatik, 2 egitura sortuko dira: neurohipofisia eta eminentzia media.

Bestalde, hipotalamoan 2 atal nagusi nabarmendu ditzakegu, bat mielinazko zuntz nerbiotsuek osatua (zeinek gorputz mamilarrak dituen) eta bestea mielina gutxidun zuntzek osatua (hipofisitik gertu dagoen gunean kokatuak, funtzio begetatiboak erregulatzeko garrantzitsua).

Hipotalamo eta hipofisi arteko konexio baskularrak porta sistema hipotalamo-hipofisiario bezala ezagutzen dira, eta hipotalamoaren kapilarrak hipofisiaren aurre lobuluarekin konektatzen ditu. Egituren irrigazioa goiko, erdiko eta beheko arteria hipofisiarioetatik dator, zeintzuk barruko karotida arteriatik datozen.  

Hipotalamoak sistema linbikoarekin konexioak ditu, eta seinale eferenteak bidaltzen ditu hiru norabidetan: atze-beherantz (entzefalo enborrera), gorantz (dientzefalo eta telentzefaloaren goikaldera) eta infundibulurantz.

Funtzio nagusiak aldatu

Hipotalamoak funtzio erregulatzailea du, hainbat prozesu erregulatuko baititu:

  • Sistema endokrino eta autonomoa (metabolismoa, errai aktibitatea, homeostasia…).
  • Erritmo biologikoak (lo/esnaldi, erritmo zirkadianoa).
  • Oinarrizko inpultsuen kontrola (gosea, sexuala, egarria) eta gorputz-tenperaturaren kontrola.
  • Emozioen erregulazioa, motibazioa, errekonpentsa, ikasketa eta memoria.
  • Sistema immunitarioan eragina.

Hipotalamoan hainbat nukleo daude, eta hauetako bakoitzak funtzio zehatz bat izango du.

Prozesu desberdinetan parte hartzeko endokrino sistema erabiltzen du (hormonen bidez). Horretarako, hipofisian eragina (beste hormonen jariaketa) izango duten hormonak jariatuko ditu, eta endokrino sisteman eragina izango du. Aldi berean, endokrino sistemak dientzefaloko beste egitura batzuetan eragina izango du, simultaneoki dientzefaloko beste egitura batzuetan eragina izango dutenak. Modu honetan, erregulazio ziklo bat eratuko da sistema endokrino eta hipotalamoaren artean. Esan dezakegu hipotalamoak bizitzarako beharrezkoak diren erantzun autonomo, endokrino eta somatoeragileen integrazioa burutzen duela.

Emozioen erregulazioa aldatu

Sistema linbikoarekin batera, emozioaren adierazpen fisiologikoaren kontrolaren arduraduna da. Kontrol hori egiteko, nerbio-sistema autonomoaren jarduera erregulatzen du, entzefaloaren enborrean duen eraginaren bidez. Komunikazio hori telentzefaloaren erdialdeko faszikuluaren bidez egiten da. Faszikulu horrek bi norabidetan lotzen ditu hipotalamoa garuneko enborrarekin, septala eremuarekin eta aurrealdeko azalaren eremuarekin. Hipotalamoan, besteak beste, amorrua, tristura, maitasun-sentsazioa eta sexu-gogobetetasuna bezalako emozioetan esku hartzen duela kontsideratzen da.

Gorputzeko ura eta egarriaren erregulazioa aldatu

Alboko hipotalamoan edo hipotalamoaren alboko eremuan egarriaren zentroa dago, automatikoki estimulatzen dena odoleko elektrolitoen kontzentrazioa handiegia denean. Egarriaren zentroaren estimulazioak ura bilatzeko portaera eragiten du eta, ikusmen gaineko nukleo eta nukleo parabentrikularra estimulatzen du. Bi nukleo horietan neurona magnozelularrak izango ditugu, hipofisi-hipotalamo traktua eratuko dutenak. Honen bidez, neurohipofisira neurona magnozelularretan ekoiztutako hormona  antidiuretikoa (ADH) eta oxitozina iritsiko dira.

Hormona antidiuretikoa giltzurrunetan eragiten du, gernuaren bidez ur-galera txikitzen du. Egarri sentsazioa, homeostasia mantentzeko berebiziko garrantzia duena, hipotalamoak sortzen du eta bere funtsezko funtzioetako bat da.

Elikagaien ahorakinaren erregulazioa aldatu

Hipotalamoak hainbat neurona-zentro ditu, gose- eta asetasun-sentsazioa erregulatzeko.

Egiaztatu da hipotalamoaren alboko eremuko alboko nukleoa lesionatzen denean ia erabat desagertzen dela elikatzeko gogoa eta desnutrizioa ematen da, izan ere, alboko nukleoa orexigenikoa izango da, hau da, ingesta bultzatzen du.

Bestalde, bitarteko eremuko tuber eremuko sabel-erdialdeko nukleoa (nukleo bentromediala), asetasunaren zentro gisa jokatzen du (anorexigenoa); eskualde hori elektrikoki modu esperimentalean estimulatzen bada, asetasun egoera gertatzen da, edozein elikagai baztertuz. Aldiz, sabel-erdialdeko nukleo horiek suntsitzen direnean, elikadura jarraitua eta jatuna sortzen da, muturreko obesitatea eragiten duena.

Gorputz-tenperaturaren kontrola aldatu

Hipotalamoa oso garrantzitsua da organismo bizidunen tenperaturaren erregulazioan:

  • Bero gehiegi egiten duenean: hipotalamoaren aurreko aldean kokatutako neurona-talde batek beroa hedatzen laguntzen duten mekanismoak aktibatzen dituzte, larruazaleko odol-hodiak dilatatuz eta izerditzea sustatuz. Atal honetan lesioak gertatzen direnean, gorputzeko tenperatura nabarmen igotzen da; hipertermia sortuz.
  • Gorputzaren tenperatura jaisten denean: hipotalamoaren atzealdean neurona batzuk organismoaren beste alde batzuetara estimuluak bidaltzen dituzte beroa sortzeko, giharren uzkurduraren ondorioz dardarak eraginez, azaleko odol-hodien diametroa murriztuz beroa galtzea eragozteko eta izerdia eragotziz. Beraz atal honetan lesioak gertatzen direnean, tenperatura gutxitzea eragiten dute; hipotermia sortuz.

Ziklo zirkadianoaren erregulazioa aldatu

Ugaztunetan, hipotalamoaren nukleo suprakiasatikoak (SCN) taupada-markagailu nagusiaren gune bat dira, portaera-erritmoak, erritmo fisiologikoak, hormonalak, biokimikoak eta molekularrak bultzatzen dituena.

Hipotalamoaren aurreko eta atzeko zatiak loaren eta esnaldiaren zikloak erregulatzen ditu; hau da erritmo zirkadianoa erregulatzen du.

Sistema endokrinoko hormonen ekoizpena aldatu

Zenbait neurohormonak sortzen ditu:

Nukleo supraoptiko eta parabentrikularretako neurona magnozelularrek hipotalamoko hormona antidiuretikoa eta oxitozina sortzen dituzte, neurohipofisian metatu eta  odolera askatzen direnak zuzenean.

  • Hormona antidiuretikoa: Basopresinak gorputzeko uraren balantzea erregulatzen du, giltzurrunetan eragina izango duena. Bestetik aipatzekoa da hipotalamoak ADHren ekoizpenean duen disfuntzioak diabetes insipidoa deritzon gaitza eragiten duela.
  • Oxitozina: Sexu-ereduekin eta ama- eta aita-portaerarekin lotuta dago. Emakumeen kasuan, oxitozina kantitate handitan askatzen da umetoki-zerbixaren eta erditze-aldiko baginaren distentsioaren ondoren, bai eta edokitzea erraztu egiten du ere, haurra eragindako titiburuaren estimulazioari erantzunez. Halaber, orgasmoarekin ere lotuta dagoela uste da, bai gizonengan bai emakumeengan. Beste 6 hormonak askatzaile eta inhibitzaile daude, hipotalamoaren neurona parbozelularrek sekretatzen dituztenak eta aurreko hipofisian (adenohipofisian) eragina daukatenak:
  • Gonadotropinen askapenerako hormona (Gn-RH): hipofisian eragiten duen dekapeptido bat da (10 aa), hormona luteinizatzailearen (LH) eta hormona folikulu-estimulatzailearen (FSH) ekoizpena eta askapena estimulatzen duena. Emakumeen hilekoaren zikloa koordinatzen du, eta espermatogenesiak gizonengan.
  • Tirotropina askatzen duen hormona (TRH): tripeptido bat da (hiru aa), prolaktinaren (PRL) eta tirotropinaren (TSH) jariapena estimulatzen duena.
  • Adrenokortikotropina askatzen duen hormona (CRH edo CRF): 41 aminoazidoko peptidoa, ACTH-aren jariaketa estimulatzen duena.
  • Hazkuntza-hormona askatzen duen hormona (GHRH), edo hazkunde-hormona askatzen duen faktorea (GRF). Faktore hori sortzen duten neuronak hipotalamoaren nukleo zuhaitzean daude. Honek hazkuntza hormonaren jariaketa estimulatzen du (GH).
  • Somatostatina: Hipofisiak eragindako hazkuntza hormonaren jarioaren hormona inhibitzailea da. TSHren ekoizpena ere inhibitzen du. Digestio-aparatuan, gastrina, sekretina, intsulina eta glukagoiaren ekoizpena murrizten ditu.
  • Dopamina: prolaktina askatzea inhibitzen duen faktorea da. Dopaminaren neurona askatzaileak hipotalamikoaren nukleoan arkuatuan daude.

Nukleo neuralak eta Neurona jariatzaileak aldatu

Hipotalamoko neuronen gorputzak nukleoetan antolatuta daude, eta hauetatik irtetzen diren axoiak konektatuko dira beste nukleoekin eta entzefaloko beste atalekin. Honi esker, komunikazio etengabea berma daiteke hipotalamo eta gainerako garunaren artean.  

Anatomikotik hipotalamoa 3 ataletan banatzen da: mediala, laterala eta peribentrikularra. Nukleoak atal medial eta peribentrikularrean daude kontzentratuta, hauek baitira erregulazio endokrinoarekin eralzionatuenak. Atal laterala aldiz, “erreleboa” kontsideratzen da, bertan hipotalamo eta entzefaloaren aurpegi atalak konektatzen baitira bertan.

Hipotalamoa zentro erregulatzaile garrantzitsu bat izango da, eta erregulazio hori hormonak jariatzen dituzten nukleo ezberdinen bidez burutuko du. Horrela, hipotalamoa 4 eremu ezberdinetan banatuko da, eta eremu horietan nukleo ezberdinak topatuko ditugu. Beste eremu batzuetan ez ditugu nukleoak topatuko baina bai, ordea, hormonak jariatuko dituzten neuronak.

Eremua Nukleoen izenak Ezaugarriak Funtzioa
IKUSMEN AURREKO EREMUA Erdiko nukleo
Alboko nukleo
Jatorriz telentzefalikoa bada ere, bere funtzioa dientzefaloaren parte den hipotalamoarekin erlazionatuta

Egitura dimorfikoa izango da ar eta emeetan; hau da, bertan kokatuko diren bi nukleo horiek tamaina eta forma ezberdina izango dute.

Gonadotropina hormona jariatzailea askatuko du (Gn-RH) eta tuber-infundibuluaren traktuaren bitartez porta sistemara eramango du (aurrehipofisira iris dadin).

Ingestan eta jokabide emozionaletan izango du eragina.

BENTRIKULU INGURUKO EREMUA Eremu honek ez du nukleo zehatzik, baina bertan neurona isolatuak topatuko ditugu. III. bentrikulutik gertuen kokatuko den eremua izango da, estua eta luzea. Neurona horiek hormona erregulatzaile askatzaile ezberdinak askatuko dituzte  tuber-infundibulu traktura.
ALBOKO EREMUA Alboko eremuko alboko nukleoa Zuntzez osatuta egongo da, eta horien artean neurona isolatuz osatutako nukleo dispertsoak agertuko dira. Ingestarekin erlazionatuta egongo da, nukleo orexigenikoa delarik (ingesta bultzatzen du).
BITARTEKO EREMUAREN KIASMA EREMUA (AURREKOENA) Aurreko nukleoa
Kiaisma gaineko nukleoa
Ikusmen gaineko nukleoa
Paraventricuaris nukleoa
Termoerregulazioarekin loturiko nukleoa izango da
Betsaretik argiaren informazioa jasoko du eta epifisira eramango du.
Neurona magnozelularrak kokatuko dira bertan. Hipotalamo-hipofisi traktua eratuko dute eta oxitozina neurohipofisira garraiatuko dira.
Neurona magnozelularrak kokatuko dira bertan. Hipotalamo-hipofisi traktua eratuko dute eta ADH neurohipofisira garraiatuko dira.
BITARTEKO EREMUAREN TUBER/INFUNDIBULU EREMUA (BITARTEKOA) Bizkar erdialdeko nukleoa
Sabel erdialdeko nukleoa
Infundibulu nukleoa
Tuber nukleoa
Kitzikatzen denean jokaera oldarkorra agertzen dela ikusi da, beraz, jokaera emozionalekin erlazionatuta daudela esaten da
Asetasun nukleoa deritzo, alboko eremuko alboko nukleoaren aurkako funtzioa beteko duelako, hau da, anorexigenikoa da.
Hormona erregulatzaile askatzaile ezberdinak bideratuko ditu tuber-infundibulu traktuaren bitartez adenohipofisira.
Hormona erregulatzaile askatzaile ezberdinak bideratuko ditu tuber- infundibulu traktuaren bitartez adenohipofisira.
BITARTEKO EREMUAREN MAMILA EREMUA (ATZEKOENA) Hipotalamoaren atzeko nukleoa
Mamila gorputzak
Mesentzefaloaren akuaeduktuaren gai grisarekin erlazionatuta egongo da, eta analgesiarekin eta portaera emozionalarekin lotura izango du.
Nukleorik aipagarriena erdialdeko nukleoa izango da. Oroimenarekin erlazionatzen dira eta hipokanpoarekin lotuta daude fornixaren bidez.

Hipotalamoarekin erlazionatutako gaixotasunak aldatu

  • Korsakoff-en sindromea:  mamila gorputzaren erdaildeko nukleoarekin erlazionatuta agertzen da. Sindrome honetan epe laburreko memoria ezin da finkatu eta pazienteak istorioak sortzen dituzte, fabulazio motako istorioak, gogoratzen ez duten hori asmatuz. Tiamina faltagatik ere endekatu daitezke mamila gorputzak.
  • Obesitatea: Hipotalamoan asetasun zentroa eta gose zentroa daude. Gose zentroa beti aktibo dago, eta asetasun zentroaren aktibazioaren bidez soilik inhibituko da. Leptina hormona peptidiko bat da, asetasun zentroan hartzaileak dituena. Bai leptinaren genea akasduna badago, bai leptinaren hartzaileak akasdunak badira, asetasun zentroa ez da aktibatuko eta gose zentroa etengabe aktibo egongo da, polifagia eraginez.
  • Basopresinaren jariapen desegokiaren sindromea: ADH gehiegi jariatzen da hipotalamotik, adibidez biriketako kartzinoma edo kartzinoma ADH jariatzaileen ondorioz. Beraz, hiponatremia, hiperbolemia eta hipoosmolaritatea agertzen dira.
  • Diabetes geza: Poliuria eta polifagia sintomak duenez, diabetesa deitzen da, baina gernuan glukosarik agertzen ez denez, geza deitzen zaio. Zentrala edo nefrogenikoa izan daiteke, hipotalamoarekin erlazioa duena zentrala izanik. Diabetes geza zentrala ADHren sintesian edo jariaketan eragina du. Gaixotasun honen sindromearen kausak traumatismo kraneal, tumore intrakraniala eta kirurgia intrakranial baten ondoriozko egorea izan ahal dira. ADHa hipotalamoak jariatzen duenez, ikus daiteke hipotalamoaren akatsen ondorioz sortzen dela diabetez geza. Basopresina zelula jariatzaileen %15a nahikoa da gorputzeko likidoen homeostasia mantentzeko, beraz, hipotalamoaren suntsipen ia osoa edo gune supraoptiko hipofisiarioko suntsipena behar dira diabetes geza zentrala izateko.
  • Kartzinomak: Hipotalamoko edozein zelula motak gehiegi proliferatzen badu, tumoreak sortuko dira, adibidez, meningioma, gliomas, germinomas edo teratomas.

Erreferentziak aldatu

  • Lange: Fisiopatologia de la enfermedad. Tobias Else; Gary D. Hammer.
  • Drake, RL.. (2015). Gray. Anatomía para estudiantes.. Elsevier España ISBN 8491136088
  • Netter, FH. (2015). Atlas de Anatomía humana. Elsevier Masson.
  • OMS,OPS (ed.). «Hipotálamo». Biblioteca virtual de salud, Descriptores en Ciencias de la Salud.

Kanpo estekak aldatu