Hiperbatona figura erretoriko bat da, esaldi batean hitzen ordena logikoa aldatuz lortzen dena. Prozedura zehatz edo generikoari hiperbasis deritzo. Erdi Aroko prosan, batez ere amaiera aldera, latinezko prosan, erruz erabili zen. Literatura barrokoan oso ohiko baliabidea izan zen.

Etimologia aldatu

Greziera klasikotik hainbat hizkuntzatara zuzenean eraman den kultur hitza da. Jatorrizko ὑπέρβατον (hyperbaton) "hurrenkera aldaketa", "leku-aldaketa" izen-elkarteez euskaratu daiteke. Latinezko ordaina ere erabili izan da erretorika eta literatura eskuliburuetan: inversio.

Formak aldatu

Lau hiperbaton mota bereizten dira:

  1. Tesia, bi elementu konposatuen artean hitz bat txertatzean datza.
  2. Parentesia, esaldi batean interjekzio edo esaldi bat beste intonazio batekin txertatzean datza.
  3. Anastrofea. Elkarren ondoan egon behar zuten esaldiko bi elementuen leku-aldaketa.
  4. Histerologia, hitzen ordena aldatzean datza; lehenengo esaten da geroago joan behar zena.

Adibideak aldatu

Oro har, batere ohikoak ez diren joskera aldaketak hiperbatontzat har daitezke.

Lirikan oso ohikoa izan da beti baliabide estilistiko hau. Barroko garaian maiz erabili izan zen figura erretoriko hau. Oihenartek, esate baterako, baditu horrelakoak neurtitzetan nahiz atsotitzetan:

«

Aingerua hanbatekin,
Hitz hauekin,
Nazarete hirira
Etor zedin berri haren
Mariaren,
Heltzeko beharrira.

»
Eguberri-koplak[1]

Prosan ere adibideak nahiko erraz topa daitezke. Jean Etxeparek, esaterako, berdintasunezko konparazioetan, bezain eta bezainbaten ondoren adjektiboa jarri beharrean, gramatikan ohikoa den legez, lekuz aldatzen du, aurrerago edo atzerago jarriz:

« Beltza da ba kafea nauzun bezain, kafea beroa da behar bezala, bainan kafe-liparrik ez du gure kafeak: dena xikorea da kafe hau! »
Jean Etxepare, Beribilez[2]

Adibide honetan ironia ere badago, hiperbatonaz gain:

« Behazue oinetarat: zola bera zilarrezkoa da, harri pikatuz balitz bezain zangoarentzat gogor. / Xoratuak gaude zonbait minutaz, kokatzen ahal girenak oro. Halako othoitz-leku bat balu etxe bakotxak, segur hemen guhauri bezen bat bihotza uzter litzaikeela bizizaleer. »
Jean Etxepare, Beribilez

Koblakari eta bertsolarien ohiko errekurtsoa da. Esate baterako, Jose Maria Iparragirreren Zibilak esan naute abestian aditz laguntzailea lekuz aldatuta, ezkerretara aurreratuta:

« Jesus tribunalian

zutenian sartu

»
Jose Maria Iparragirre, Zibilak esan naute

Euskaraz ez da batere ohikoa aditza ezkerretara aurreratzea, hiperbatontzat, histerologiatzat, jotzen dira honelakoak:

«

Musde bele zegoen haritz tontorroan,
Haidorrik zadukala gasna bat mokoan,
Aldiz axeri Yauna goizdanik yaikia,
Zebillan non eraiki bere gosaria.

»
Martin Goihetxe, Fableak edo Alegiak[3]

Erreferentziak aldatu

  1. «Arnaud Oihenart: Oihenarten gaztaroa neurtitzetan (1657)» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  2. «Jean Etxepare Bidegorri: Beribilez (1931)» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).
  3. «Martin Goihetxe: Fableak edo Alegiak (1852)» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-04).

Kanpo estekak aldatu