Hilekoaren ziklo

Emakumearen obulazioarekin zerikusia duten fenomenoen multzoa, eskuarki 28 eguneko iraupena izaten duena. Ernalketarik egon ezean odoljarioa gertatzen da (hilekoa edo menstruazioa)

Hilekoaren zikloa edo ziklo menstruala emakumeengan eta primate emeengan elkarren segidako bi hilekoen artean dagoen denboraldia da, hots, hileko baten lehenengo eguna eta hurrengo hilekoaren lehenengo egunaren arteko denbora tartea. Emakumeengan denboraldi horren batezbestekoa 28 egunetakoa da.

Hilekoaren zikloa

Faseak aldatu

Menstruazioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Menstruazio»

Emakumeengan lehenengo menstruazioa 8 eta 16 urte bitartean agertzen da, aldakorra izanik latitude eta emakumearen arabera.

Menstruazioa edo hilekoa zikloaren lehenengo egunean gertatzen da. Endometrioa (umetokiaren barnean dagoen mukosa) kanporatzen da, odolarekin batera (odol-hodi ugari baititu). Odoljario horrek haurdunaldiaren eza agerian jartzen du.

Hilekoak 3 eta 5 egun arteko iraupena du, normala izanik ere 2-7 egun artekoa.

Aurre-obulazioa aldatu

Fase folikularra ere deitua, zikloaren 13. egunera iritsi ohi da. Obulutegi-folikulua (obulu duena) garatu egiten da, hipofisiak askatzen duen FSH hormonaren eraginez. Aldi berean, folikuluak -garatzen den heinean- estrogenoak ekoizten ditu (batez ere, estradiol), eta estrogeno horiek endometrioaren birsorkuntza bultzatzen dute. Estrogenoek ere FSHren ekoizpena inhibitu eta LH hormonaren ekoizpena bultzatzen dute.

Obulazioa aldatu

Zikloaren erdialdean (14. egun inguruan) gertatu ohi da. Obulua askatu egiten da obulutegi-folikulutik, hau bere heltze prozesuaren gailurrera iristen denean. Heltze prozesu horretan zeregin oso garrantzitsua betetzen dute FSH eta LH hormonek.

Askatutako obulua umetokira iristen da umetoki-tronparen zehar mugituz.

Espermatozoide batek obulua ernaltzen badu enbrioiaren garapena abiatuko da. Ernaldu ezean, obulua deuseztatu egiten da eta hurrengo menstruazioan kanporatu egiten da.

Post-obulazioa aldatu

Fase luteoa ere deitua, obulazioaren ondotik (14. egunetik) zikloaren bukaeraraino hedatzen da (28. egunera).

Fase honetan folikulua -obulua askatu ondoren- endekatu eta gorputz luteoa bihurtzen da. Honek progesterona hormona ekoizten du kontzentrazio handitan. Era berean, progesteronak FSH eta LH hormonen sintesia inhibitzen du (ikus irudia). Progesteronak ere umetokia eta endometrioa egokitzen du enbrioia -ernalketa gertatu bada- giro egokian hazi dadin.

Ernalketarik ezean gorputz luteoa ere endekatu egiten da, eta progesteronaren sintesia amaitzen da. Honekin batera endometrioaren gainbehera hasten da, hurrengo menstruazioarekin kanporatua izanik.

Ernalketa bada gorputz luteoa ez da endekatzen, eta haurdunaldi osoan irauten du. Horrek esan nahi du progesterona ere etengabe sortzen dela eta endometrioa haurdunaldi osoan mantentzen dela (ez baitago hilekorik).

Progesterona antikonzeptibo gisa erabiltzen da, LH eta FSH hormonen sintesia inhibitzen duelako, eta hormona horiek gabe obulaziorik ez dagoelako.

Kanpo estekak aldatu

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Hileko