Heterocephalus glaber

Heterocephalus glaber, sator-arratoi biluzi ere esaten zaiona, Heterocephalidae familiako karraskari histrikomorfoetako espeziea da, haren generoko bakarra[3]. Afrika ekialdean (nagusiki Etiopian, Kenian eta Somalian ) bizi den lur azpiko karraskari txikia da. Haren ezaugarri fisikorik nabarmenena ile gabezia da, antza bitxia ematen dion ezaugarria. Duen dieta dela-eta, leku anitzetan izurritzat jotzen da; izan ere, tuberkulu eta sustraiez elikatzen da eta laboreak kaltetzen ditu.

Heterocephalus glaber
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaRodentia
FamiliaBathyergidae
GeneroaHeterocephalus
Espeziea Heterocephalus glaber
Rüppell 1842[2]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia70 egun
Masa1,5 g (pisua jaiotzean)
33,9 g (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina11
Eguneko zikloacrepuscular (en) Itzuli
Genomaren kokapenadnazoo.org… eta ensembl.org…

Arestian Afrikako beste sator-arratoi batzuekin batera familia bakarrean sailkatu bazen ere (Bathyergidae), ikerketa berrien emaitzen ondorioz, bereizitako familia batean sailkatu da, alegia, Heterocephalidae familian[4][4][5]. Sator-arratoi biluziak ezohiko ezaugarri fisikoak ditu, lur azpiko ingurune gogorrean haztea ahalbidetzen diotenak, besteak beste. Horiek guztiek fisiologo, biologo eta biokimikarien intereseko espezie bihurtu dute. Esaterako, ugaztun poikilotermo bakarra da, ia erabat ektotermikoa (odol hotzekoa) gorputzaren tenperatura erregulatzeko duen gaitasuna dela eta[6]. Gainera, denbora luzez bizitzeko ahamena eta minbiziaren zein oxigeno gabeziaren aurreko erresistentzia handia du. Areago, sator-arratoi biluziak ez du minik sentitzen larruazalean eta tasa metaboliko zein arnasketa-tasa oso baxuak ditu. Aipatu beharrekoa ere bada sator-arratoi biluzia eta Damaralandiako sator-arratoia (Cryptomys damarensis) ezagutzen diren ugaztun eusozialen espezie bakarrak direla, alegia, sozialitate-mailarik handiena duten bakarrak[7][8].

Fisiologia aldatu

Minaren aurreko sentikortasun eza aldatu

Sator-arratoi biluziak ez du neuropeptidorik azalean minaren transmisioaz arduratzen diren zentzumen-zuntzetan. Faltan dituen neuropeptido horien artean P substantzia izenekoa dago. Beste ugaztun askotan, neuropeptido horren askapenak neurona-aktibitatea areagotu eta minaren aurreko defentsa-erantzunak hobetzen ditu. P substantziaren faltan, beraz, sator-arratoi biluziak ez du defentsa-erantzunik garatzen gainontzeko ugaztunontzat mingarriak diren estimuluen aurrean.[9] Ez du minik sentitzen, adibidez, azidoarekin edo kapsaizinarekin tratatzen denean. Kapsaizina txile-piperren osagaia da, ugaztunei narritadura eta sumindura eragiten diena. P substantziarik adierazten ez badu ere, neuropeptido horrentzako neurokinina 1 hartzailea (NK1) adierazten du bizkarrezur-muinaren eskualde batean.[9] Hori dela eta, P substantzia exogenoa txertatu ostean, minaren seinaleztapenak gainontzeko ugaztunetan bezala funtzionatzen du kapsaizinaren aurrean baina ez, ordea, azidoaren aurrean.[10]

Ikertzaileek ondorioztatu dute erresistentzia hori espeziearen egokitzapen-mekanismoa izan litekeela. Izan ere, sator-arratoi biluzia aireztapen urriko espazioetan bizi da, ehunetan azidoen metaketa eragin dezaketen karbono dioxido maila altuen pean. P substantziaren gabezia karraskarietan ohikoak diren hainbat jokaera ez edukitzerarekin ere lotu da: histaminak eragindako sumindura eta ondoriozko harramazkada-jokabidea, adibidez.[11]

Minbiziaren aurreko erresistentzia aldatu

Espezie honek erresistentzia handia du tumoreen aurrean; hala ere, litekeena da erabat immune ez izatea tumoreekin lotutako patologien aurrean. p16 genea da erresistentzia horren eragile posibleetako bat. Gene horrek kontaktu bidezko inhibizioa eragiten du; hau da, zelula-zatiketa eteten du zelulak elkarrekin kontaktu fisikoan sartu bezain laster. Ugaztun-espezie guztietan, sator-arratoi biluzia barne, kontaktu bidezko inhibizioa p27 geneak bideratzen du; gene berberak inhibitzen du proliferazioa ere, baina p16ak baino zelula-kontzentrazio askoz handiagoetan. Sator-arratoi biluzian, ordea, p16 genea gainadierazirik dago. Gauzak horrela, gene bien arteko elkarrekintzak bikoizturiko defentsa moduan dihardu kontrolik gabeko zelula-hazkundearen aurrean. Kontrol gabeko proliferazioa bide da, hain zuzen, minbizi-zelulen ezaugarri bereizgarrietako bat.[12]

2013. urtean proposatu zen espezie honen minbizi gabeziaren arrazoietako bat duen masa molekular oso altuko azido hialuronikoa izan zitekeela. Azido hialuronikoa bost aldiz luzeagoa da minbizia edukitzeko joera duten bai gizaki eta bai laborategi-animalietan ere.[13][14][15] Emaitzak biltzen zituen txostena hilabete geroago argitaratu zen Nature aldizkariaren azalean.[16] Hilabete gutxi batzuk geroago, Rochester Unibertsitateko ikerketa-talde berak ikusi zuen sator-arratoi biluziak akatsik gabeko proteinak ekoizten zituzten erribosomak zituela.[17] Bi aurkikuntza horiek direla eta, Science aldizkariak 2013ko "Urteko ornoduna" izendatu zuen sator-arratoi biluzia.[18]

2016an argitaraturiko ikerketa batek bi sator-arratoi biluzitan topaturiko tumore gaiztoen berri eman zuen.[19][20][21] Bi animalia horiek, ordea, zoologikoetan itxian hazitakoak ziren; beraz, % 21eko oxigeno-edukia zuen ingurunean hazi ziren, oso oxigeno-eduki handia euren bizileku naturalarekin alderatuta.[22] Aditu askok ondorioztatu zuten gehiegizko oxigeno-edukia izan litekeela tumore-sorreraren eragilea.

Golango gainetako sator-arratoi itsua (Spalax golani) eta Judeako mendietako sator-arratoi itsua (Spalax judaei) ere erresistenteak dira minbiziaren aurrean, baina erresistentzia hori beste mekanismo batzuen ondorio da.

Bizitza-luzera aldatu

Sator-arratoi biluziaren bizitza-luzerak ere interesa piztu du adituen artean; izan ere, haren tamaina duen karraskari batentzat harrigarriki luzea da, zehazki 32 urtera artekoa[23]. Areago, ezagutzen diren karraskarien artean luzeen bizi dena da[24]. Espeziaren heriotza-tasa ez da adinarekin batera handitzen eta, beraz, ez zaio ugaztun gehienen ereduari doitzen, hau da, ez zaio doitzen Gompertz-Makeham heriotza-tasaren legearekin definitu ohi den ereduari[25].

Sator-arratoi biluziak minbiziaren aurreko erresistentzia sendoa du[26] eta funtzio baskularra hobeki mantentzen du bizitzan zehar bizitza-denbora laburragoa duten arratoiek baino[27]. Haren bizitza-luzeraren arrazoia eztabaidagai da, baina, ikertzaileek uste dute estres handiko boladetan metabolismoa apaltzeko duen gaitasunari zor diola, eta horrek estres oxidatiboak eragiten duen adinari loturiko kaltearen aurrean babesten duela. Gaitasun hori "bizitza pultsuka bizitzeko gaitasun" bezala ezagutzen da[28]. Bestalde, proteinen egonkortasunak ere bizi-luzeraren luzapenarekiko harremana izan lezakeela uste da[29].

Egitura soziala aldatu

Sator-arratoi biluzia intereseko animalia da bere tamainako karraskaria izateko oso bizitza luzea duelako. Naturan, erreginak 17 urte bizi daitezke, baina erreginak ez direnak ez dira 2-3 urte baino gehiago bizi[30]. Ezaugarri biologiko nabarmenena da beste zenbait batiergidorekin batera ugaztun-espezieen artean eusoziala den bakarra dela; hau da, soilik ugalketan espezializaturiko indibiduoak ditu, eta koloniako gainerako indibiduoak antzuak dira, zenbait intsektu-espezietan gertatzen den moduan, hala nola inurri, erle eta termitetan[31]. Nagusiki langileek euren ebakortzekin zulatutako lurpeko tuneletan[32], gune komunak dituzte zeintzuetan substantziak iraizten dituzten eta horietan iraulkatzen diren koloniako usain komuna mantentzeko. Lurpeko tuneletan, kontaktuan daude erreginaren gernuarekin. Erreginaren gernuak oraindik detektatu ez diren hormona bereziak ditu, eta koloniako gainerako emeak eta ar gehienak antzu mantentzen ditu. Erregina hiltzen edo desagertzen denean, gernuak eragindako antzutasuna desagertu, eta beste eme batek hartzen du haren postua. Hurrengo erregina nor izango den erabakitzeko, emeen artean hiltzeraino borrokatzen dira.

Erreginak orno espezializatuak ditu, gainerako emeak baino luzeago bilakatzen dutenak[33]. Bizkarrezurraren beheko zatia luzatu egiten da lehen edo bigarren haurdunaldiaren ostean, heren bat luzatu arte. Erreginaren kumaldi batek 3 eta 12 kume artean ditu, nahiz eta 27 fetu izatera ere hel daitekeen. Ohiko kolonia batean 20 eta 300 indibiduo artean daude arrak eta emeak kontuan hartuta. Horietatik 1-3 arrek emea ernaltzen dute[32] eta gainerako indibiduoak langile, zerbitzari edo soldaduak dira[34]. Langileek tunelak egin eta janaria bilatzen dute, zerbitzariek erregina eta haren kumeak zaintzen dituzte eta, soldaduek tunelak babesten dituzte suge, azeri, arrano eta hontzen erasoetatik.

Argazki galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
  2. Rüppell. (1842). in: Bathyergidae. Mus. Senckenbergianum Abh., 99 or..
  3. Mammal species of the world : a taxonomic and geographic reference. (3rd ed. argitaraldia) Johns Hopkins University Press 2005 ISBN 0801882214. PMC 57557352. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  4. a b Kingdon, Jonathan, 1935-. The Kingdon field guide to African mammals. (Second edition. argitaraldia) ISBN 9781472925312. PMC 907676449. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  5. Handbook of the mammals of the world. ISBN 9788496553491. PMC 304148757. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  6. (Ingelesez) Animals, Jennifer Welsh 2011-10-12T17:10:40Z. «Naked Mole Rat Genome May Hold Key to Long Life» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  7. (Ingelesez) O'Riain, M. Justin; Faulkes, Chris G.. (2008). Korb, Judith ed. «African Mole-Rats: Eusociality, Relatedness and Ecological Constraints» Ecology of Social Evolution (Springer Berlin Heidelberg): 207–223.  doi:10.1007/978-3-540-75957-7_10. ISBN 9783540759560. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  8. (Ingelesez) Burland, Tamsin M.; Bennett, Nigel C.; Jarvis, Jennifer U. M.; Faulkes, Christopher G.. (2002-05-22). «Eusociality in African mole-rats: new insights from patterns of genetic relatedness in the Damaraland mole-rat ( Cryptomys damarensis )» Proceedings of the Royal Society of London. Series B: Biological Sciences 269 (1495): 1025–1030.  doi:10.1098/rspb.2002.1978. ISSN 0962-8452. PMID 12028759. PMC PMC1690998. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  9. a b (Ingelesez) Brand, Antje; Smith, Ewan St. J.; Lewin, Gary R.; Park, Thomas J.. (2010-12-21). Izquierdo, Ivan ed. «Functional Neurokinin and NMDA Receptor Activity in an Animal Naturally Lacking Substance P: The Naked Mole-Rat» PLoS ONE 5 (12): e15162.  doi:10.1371/journal.pone.0015162. ISSN 1932-6203. PMID 21200438. PMC PMC3006196. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  10. Park, Thomas J Lu, Ying Jüttner, René Smith, Ewan St. J Hu, Jing Brand, Antje Wetzel, Christiane Milenkovic, Nevena Erdmann, Bettina Heppenstall, Paul A Laurito, Charles E Wilson, Steven P Lewin, Gary R. (2008-01). Selective Inflammatory Pain Insensitivity in the African Naked Mole-Rat (Heterocephalus glaber). Public Library of Science PMC 679480882. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  11. St John Smith, Ewan; Blass, Gregory RC; Lewin, Gary R; Park, Thomas J. (2010-01). «Absence of Histamine-Induced Itch in the African Naked Mole-Rat and “Rescue” by Substance P» Molecular Pain 6: 1744–8069-6-29.  doi:10.1186/1744-8069-6-29. ISSN 1744-8069. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  12. Seluanov, Andrei Hine, Christopher Azpurua, Jorge Feigenson, Marina Bozzella, Michael Mao, Zhiyong Catania, Kenneth C. Gorbunova, Vera. Hypersensitivity to contact inhibition provides a clue to cancer resistance of naked mole-rat. National Academy of Sciences PMC 678808275. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).
  13. (Ingelesez) Zimmer, C. (2013-06-19). «A Homely Rodent May Hold Cancer-Fighting Clues» New York Times.
  14. Callaway, Ewen. (2013-06-19). «Simple molecule prevents mole rats from getting cancer» Nature  doi:10.1038/nature.2013.13236. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  15. (Ingelesez) Briggs, H. (2013-06-19). «Naked mole-rat gives cancer clues» BBC News.
  16. Tian, Xiao; Azpurua, Jorge; Hine, Christopher; Vaidya, Amita; Myakishev-Rempel, Max; Ablaeva, Julia; Mao, Zhiyong; Nevo, Eviatar et al.. (2013-07-18). «High molecular weight hyaluronan mediates the cancer resistance of the naked mole-rat» Nature 499 (7458): 346–349.  doi:10.1038/nature12234. ISSN 0028-0836. PMID 23783513. PMC 3720720. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  17. Azpurua, Jorge; Ke, Zhonghe; Chen, Iris X.; Zhang, Quanwei; Ermolenko, Dmitri N.; Zhang, Zhengdong D.; Gorbunova, Vera; Seluanov, Andrei. (2013-10-22). «Naked mole-rat has increased translational fidelity compared with the mouse, as well as a unique 28S ribosomal RNA cleavage» Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America 110 (43): 17350–17355.  doi:10.1073/pnas.1313473110. ISSN 0027-8424. PMID 24082110. PMC 3808608. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  18. (Ingelesez) «Notable Developments» Science 342 (6165): 1444–1444. 2013-12-20  doi:10.1126/science.342.6165.1444. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  19. (Ingelesez) Delaney, M. A.; Ward, J. M.; Walsh, T. F.; Chinnadurai, S. K.; Kerns, K.; Kinsel, M. J.; Treuting, P. M.. (2016-05). «Initial Case Reports of Cancer in Naked Mole-rats ( Heterocephalus glaber )» Veterinary Pathology 53 (3): 691–696.  doi:10.1177/0300985816630796. ISSN 0300-9858. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  20. (Ingelesez) Fleur, Nicholas St. (2016-02-19). «Two Naked Mole Rats, Seemingly Immune to Cancer, Got Cancer» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  21. (Ingelesez) «Cancer Detected in Naked Mole Rats» The Scientist Magazine® (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  22. Welsh, J. S.; Traum, T. L.. (2016-10-12). «Regarding Mole Rats and Cancer» Veterinary Pathology 53 (6): 1264–1265.  doi:10.1177/0300985816646434. ISSN 0300-9858. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  23. «Naked mole-rat (Heterocephalus glaber) longevity, ageing, and life history» genomics.senescence.info (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  24. (Ingelesez) Buffenstein, R.. (2002-05-29). «The Naked Mole Rat--A New Record for the Oldest Living Rodent» Science of Aging Knowledge Environment 2002 (21): 7pe–7.  doi:10.1126/sageke.2002.21.pe7. ISSN 1539-6150. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).[Betiko hautsitako esteka]
  25. (Ingelesez) Ruby, J Graham; Smith, Megan; Buffenstein, Rochelle. (2018-01-24). «Naked mole-rat mortality rates defy Gompertzian laws by not increasing with age» eLife 7: e31157.  doi:10.7554/eLife.31157. ISSN 2050-084X. PMID 29364116. PMC PMC5783610. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  26. (Ingelesez) Buffenstein, Rochelle. (2008-05). «Negligible senescence in the longest living rodent, the naked mole-rat: insights from a successfully aging species» Journal of Comparative Physiology B 178 (4): 439–445.  doi:10.1007/s00360-007-0237-5. ISSN 0174-1578. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  27. (Ingelesez) Csiszar, Anna; Labinskyy, Nazar; Orosz, Zsuzsanna; Xiangmin, Zhao; Buffenstein, Rochelle; Ungvari, Zoltan. (2007-08). «Vascular aging in the longest-living rodent, the naked mole rat» American Journal of Physiology-Heart and Circulatory Physiology 293 (2): H919–H927.  doi:10.1152/ajpheart.01287.2006. ISSN 0363-6135. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  28. (Ingelesez) «Ugly Duckling Mole Rats Might Hold Key To Longevity» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  29. (Ingelesez) Perez, V. I.; Buffenstein, R.; Masamsetti, V.; Leonard, S.; Salmon, A. B.; Mele, J.; Andziak, B.; Yang, T. et al.. (2009-03-03). «Protein stability and resistance to oxidative stress are determinants of longevity in the longest-living rodent, the naked mole-rat» Proceedings of the National Academy of Sciences 106 (9): 3059–3064.  doi:10.1073/pnas.0809620106. ISSN 0027-8424. PMID 19223593. PMC PMC2651236. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  30. Buffenstein, Rochelle; Jarvis, Jennifer U. M.. (2002-05-29). «The naked mole rat--a new record for the oldest living rodent» Science of aging knowledge environment: SAGE KE 2002 (21): pe7.  doi:10.1126/sageke.2002.21.pe7. ISSN 1539-6150. PMID 14602989. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  31. Jarvis, J. U.. (1981-05-01). «Eusociality in a mammal: cooperative breeding in naked mole-rat colonies» Science (New York, N.Y.) 212 (4494): 571–573.  doi:10.1126/science.7209555. ISSN 0036-8075. PMID 7209555. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  32. a b Jarvis, J. U. M.; Bennett, N. C.. (1993-10). «Eusociality has evolved independently in two genera of bathyergid mole-rats — but occurs in no other subterranean mammal» Behavioral Ecology and Sociobiology 33 (4): 253–260.  doi:10.1007/bf02027122. ISSN 0340-5443. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  33. (Ingelesez) San Diego's Animals. Mammals: Naked Mole-rat. (Noiz kontsultatua: 2013-03-23).
  34. (Ingelesez) Sherman, Paul W. (1992). Naked mole rats. Scientific American, 72-79 or..


Kanpo estekak aldatu