Herritartasuna antzinako Grezian

Antzinako Grezian, herritartasuna pertsona baten eta hiri-estatu edo polis-aren arteko harremana zen. Greziar garaiaren aurretik banakoak tribu edo ahaide-talde bati lotuta zeuden, eta herritartasunarekin erlazio konplexuagoak, ahaide-erlaziorik gabekoak banako eta estatuaren bitartean, eratu zituzten.[1] Herritartasunak abantailak eta eskumenak zituen baina baita ere betebeharrak. Herritarrak gizonezkoen komunitatea zen eta emakumea kanpoan gelditzen zen. Metekoak edo hirian bizi ziren atzerritarrak edo kanpotarrak, eta esklabuak ere komunitate horretatik kanpo gelditzen ziren.[2]

Herritarrek zitzuten eskubideak mota askotakoak ziren: politikoak, juridikoak, erlijiosoak, gizarte mailako abantailak. Betebeharrak, bestetik, fiskalak eta militarrak ziren.[3]

Herritarrak izateko baldintzak aldatu

Esaterako, Atenasen herritarra izateko beharrezkoa zen hirian jaioa eta beste herritar baten semea izatea. Gainera, fisikoki haurrak ezin zuen akats fisikorik izan. Aitak semea onartzen bazuen, honek herritartasuna eska zezakeen; bestela, ez. Kanpotarrek arazo asko izaten zituzten herritarrak izateko. Espartan, esaterako, bakarrik bi pertsonek lortu zuten. Kanpotarrek titulu hori eskuratzeko meritu baten bat lortua izana beharrezkoa zuten.[4]

Herritarrak erregimenen arabera aldatu

Antzinako Greziaren hirietan hiru motatako erregimen edo agintera bereizi ziren:

  • Herritarrak Arkehre edo boterearen parte direnean: herritar guztiek gai publikoen gestioan hartzen zuten parte, batzarretan eta biltzarretan bilduz edo epaitegietan magistraturen parte izanik. Hiritat aktiboak ziren hauek.
  • Herritar batzuk aktiboak diren bitartean beste batzuk magistraturetan ez dute parte hartzen; herritar horiek, hala ere, batzarretan eta, batzutan, auzitegietan parte hartzen dute. Eskema horretan herritar batzuk aktiboak dira baina beste batzuk bakarrik partzialki.
  • Herritar batzuk aktiboak diren bitartean, beste batzuk pasiboak dira, hau da, ez dira ez batzarretan ezta ere auzitegietan parte hartzen. Bigarren horiek nahiz eta eskubide politikoak ez izan, besteak bai eta herritarren denominazioa dute. Aristotelesen ikuspegitik pasiboak sasiherritarrak izango lirateke.[5][6]

Herritarren abantaila politikoak aldatu

 
Atenasen aurkitutako taulatxoak. Epaimahiak antolatzeko zozketan erabiltzen ziren.

Politikoki herritarrek gai publikoen gestioan parte har zezaketeen:

  • Plisen batzarretan bilduz (Ekklesía Antzinako Atenasen edo Apella Espartan) edo kontseilutan (Boule Atenasen, gerusia Espartan).
  • Magistratu moduan arituz edo herriak haien esku jarritako beste agindu-postuetan: arkonte, estratego, diruzain...
  • Epaitegien juztizia ezartzen.

Eskubide hauek arlo politikoa gainditzen zuten zeren eta herritarrak hausnartzeko boterean, botere betearazlean eta botere judizialean parte har zezakeen.

Eskumen juridikoak aldatu

  • Propietatearen eskubidea: eskumen garrantzitsua zen hau. Horri esker herritarrak polis barruan lur zati bat ahal zuen izan. Testuetan esaldi honekin adierazten zen: enktésis gès kai oikias, lurra eta etxea izateko eskubidea. Eskumen hau oker baten ondorioz galdu egiten zen; ondorioz, herritar batek, eskumen eta abantailekin batera, bere ondarea galdu egiten zuen. Atenasen horri atimia esaten zitzaion eta oso zigor degradantea zen.
  • Epaitegietara jotzeko eskubidea eta berme juridiko guztiak izateko eskubidea. Gizo batek, herritar izanik, epaitegietan haien enteresen defentsarako ekintzak aurrera eraman zitzakeen.

Gizarte laguntzak aldatu

Herritarrek, bestetik, beste abantail ugari zituen, tartean bizitzeko laguntzak. Modu batez, hiriak herritarren bizitza errazten zuen, batez ere bizitzeko ogibide eskasak bazituzten:

a) Atenasen, espektakuluetara eta erlijo-festetara joateagatik, esaterako Dionisiar jaietara, herritarrak diru-laguntza bat eskuratzen zuen. Horri esker, hasieran, herritar pobreenek horrelakoetan parte hartzeko aukera zuten. Denborarekin, laguntza orokortu zen eta nahikoa zen festan egotea, besterik gabe, laguntza horiek eskuratzeko. Halaber, iruzurrak oso zigortuta zeuden.

b) Janari-urritasun garaietan eta garia garestitzen zenean, hiriak herritarren artean dohainik edo oso merke banatzen zuen. Laguntza hori eskuratzeko herritarrak bere izaera adierazi behar zuen.

c) Egoera latzetan, batez ere gerra garaietan, herritar pobreenei laguntzeko neurri bereziak dekratatu ahal ziren.

Erlijio eskumenak aldatu

 
Sakrifizio baten irudia. K.a. 430-420 urteko irudia.

Herritarrek erlijio ekintza guztietan parte hartzeko eskubidea zuten:

  • Sakrifizioak: sakrifizioak dira polisen erlijio ekintza nagusiak. Horren bitartez polisa jainkoekin jartzen da harremanetan. Hildako animalien parte bat jainokei eskaintzen zien eta, horretarako, erretzen ziren. Beste partea, haragia, partehartzaileen artean banatzen zen jateko. Atzerritarrak normalean horrelako zeremonietatik baztertuta zeuden.
  • Erljio festetan parte hartzea.
  • Apaizak izateko eskubidea: apaizak izateko eskubidea herritarrek bakarrik zuten eskubidea. Dena dela, herritarra izatea ez zen nahikoa: pertsona osoa izan behar zen, hau da, akats fisikorik gabe, jaiotzez legitimoa izatea, edozein krimenetan inplikaziorik gabekoa... Atimiarekin zigortuek ezin zuten apaizak izan.

Betebehar militarrak aldatu

 
Herritarrek polisen defentsan lagundu behar zuten.

Herritarra soldaduska egitera behartuta zegoen. Betebehar hau zentzu batzutan eskubidea zen ere bai. Hiri gehienetan aberastasunaren arabera funtzio desberdinak betetzen zituzten armadan. Aberastasuna garrantzitsua zen zeren eta soldadu edo militar bakoitzak bere armak eta jantziak erosi behar baitzituen. Beharrezkoa zenean, bestetik, metekoek eta esklabuek ere erroldatzeko aukera izan zezaketeen baina unitate desberdinetan.

Atenasen herritarrak 20 urtetik 49 urte arte gerrara joateko deialdia jaso zezaketeen. Hogei urte baino lehen herritar gazteek formakuntza militarra eta zibila jasotzen zuten; garai horretan leku gotortuetan biltzen ziren eta Khôran edo polisen inguruko landetan zaintzan lanetan ibiltzen ziren. 50 urtetik 59 urte arte herritarrak harresien defentsarako deituak izan zitezkeen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu