Helen Adams Keller (Tuscumbia, Alabama, 1880ko ekainaren 27a - Easton, Connecticut, 1968ko ekainaren 1a) idazle, aktibista eta hizlari estatubatuarra izan zen.

Helen Keller

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHelen Adams Keller
JaiotzaTuscumbia (Alabama)1880ko ekainaren 27a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaCoolidge Hill Road (en) Itzuli
Dana Street (en) Itzuli
HeriotzaEaston (Connecticut)1968ko ekainaren 1a (87 urte)
Hobiratze lekuaWashingtongo Katedral Nazionala
Heriotza moduaberezko heriotza: eritasuna
Familia
AitaArthur Henley Keller
AmaCatherine Adams
Ezkontidea(k)ezkongabea
Familia
Hezkuntza
HeziketaRadcliffe College (en) Itzuli
The Cambridge School of Weston (en) Itzuli
Harvard Unibertsitatea
Perkins School for the Blind (en) Itzuli
Hezkuntza-mailaArtean graduatua
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Anne Sullivan
Jarduerak
Jarduerakidazlea, hizlaria, saiakeragilea, militante politikoa, sindikalista, bakearen aldeko aktibista, sufragettea, hizkuntzalaria eta autobiografialaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaIndustrial Workers of the World (en) Itzuli
Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
National Woman's Party (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaThe New Church (en) Itzuli
Alderdi politikoa Amerikako Alderdi Sozialista

IMDB: nm0445656 68397
Find a Grave: 567 Edit the value on Wikidata

1882an, 19 hilabete zituela, sukar baten ondorioz gor eta itsu geratu zen. Horren ondorioz komunikatzeko gaitasuna galdu zuen. Hala ere bere kasa hainbat zeinu asmatu eta idazle izatera heldu zen. 12 liburu eta hainbat artikulu idatzi zituen.

Aktibista moduan eskubide zibil eta politikoen aldeko lana egin zuen. Sozialista zen eta horren ondorioz FBIk espiatu zuen.

1915ean Helen Keller International izeneko fundazioa sortu zuen munduko itsuen alde.

Biografia aldatu

Helen Keller Adams 1880ko ekainaren 27an jaio zen, Tucumbia (Alabama) izeneko herrixka batean eta 1968ko ekainaren 1ean Easton herrian zendu zen. Bere aita, Arthur Henley Keller kapitaina, prentsako editorea zen eta ama, Kate Adamas Keller, landaketara dedikatu zen.

Haurtzaroa eta gaixotasuna aldatu

1882ko otsailean, 19 hilabete zituela, sukar batek eraginda gor eta itsu geratu zen. Horren ondorioz komunikatzeko gaitasuna galdu zuen, hau da, mutu funtzionala deritzona alegia. Sukarra izan aurretik ibiltzeko eta hitz batzuk esateko gaitasuna zuen, baina gaixotasunak ikusmenetik eta entzumenetik at utzi zuen Helen. Hurrengo urteak oso gogorrak izan ziren bai Helenentzat baita bere familiarentzat ere, denbora luzez Helen kontrolatu ezinik egon baitziren; hala nola, neskaren jarrera ezkorra, eta agresibitateagatik.

Hellenek 6 urte zituela, gurasoak etsita Baltimorera laguntza eske joan ziren. Bertako medikuak Helen beste pertsonak bezala diziplina eta hezkuntza jasotzeko askatasun osoa zuela aipatu zien gurasoei, horretarako gorren hezitzaile espezialista batengana joatea aholkatu zien, Alexander Graham Bellengana zehazki. Honek Michael Anagnosen iritzia nahi zuen. Gizon hau, gaur egun Perkinseko itsuen eskola denaren zuzendaria baitzen. Helenen kasua ikusita, eskolako ikasle ohi batengan pentsatu zuen kasu larri hartarako. Emakume hori Anne Sullivan zen. Annek bost urte zituela ikusteko gaitasuna galdu zuen Trakoma izeneko gaixotasun bategatik. Ondorioz, lehen aipatutako Perkins eskolara joan zen. Pare bat ebakuntza egin ondoren ikusteko gaitasuna berreskuratu zuen eta goi mailako ikasketak egin zituen. Annek Heleni komunikatzeko gaitasuna eta askatasuna eman zion. Helenen bizitzak izugarrizko bira eman zuen, gauzen esanahia, komunikazioa... ikastea lortu baitzuen. Helen idazle izatera heldu zen, eta 12 liburu eta hainbat artikulu idatzi izan zituen.

Anne Sullivan irakasle pertsonala eta laguna izan zen Helenen bizitza guztian zehar. Hasiera ez zen oso ona izan Helenen jarrera ezkorra eta diziplina faltagatik, baina Annek gogor egiten zuen hau aldatzearren. Horretarako etxeko lorategian zuten etxola batera joan ziren biak denbora batez, etxeko presioa zela eta. Annek Helenen eskua harturik gauzen izenak esku alfabetoaren bidez erakusten zizkion, baina Helenentzat jolas bat bezala zen. Eskuan egiten zizkion hatzen mugimenduak ez baitzuten zeresanik neskarentzat. Saiatuz eta itxaropena galdu gabe Anne eta Helen lorategian zuten ur-bonbarekin zeudelarik, Helenek “ura” hitza ikasi zuen. Handik aurrera Helenen aldaketa izugarria izan zen: komunikatzeko gaitasuna landu zuen Anneren laguntzarekin eta behin hori lortuta, irakurtzen ikasi zuen. Hatz puntekin alfabetoa ikasiz, eta geroago Braille sistemarekin idazteko makinetan idatziz. Horretarako ere Anneren laguntza ezinbestekoa izan zuen. Aipatzekoa da, Helenek ere hitz egiten ikasi zuela, bere hatzak Anneren ezpainetan jarriaz eta eztarriko bibrazioak sentituz. Gogora dezagun, sukarra izan aurretik hitz batzuk esaten zituela. Hala ere, ez zuen hitz egiteko trebetasun handirik izan, baina hitz egiten ikasteko zuen irrika eta ametsa asetu zituen.

Ikasketak aldatu

Helen Cambridgeko eskolara joan zen 1896an. 1900.urtean, Radcliffko unibertsitatean sartu zen. Bertako bizitza oso zaila suertatu zitzaien bai Anneri baita Heleni ere. Lan pilaketa izugarria baitzen. Unibertsitatean zeuden bitartean Helen bere bizitzari buruz idazten hasi zen, Braille bidez idatziz. 1903an The Story of My Life liburua argitaratu zuen. Nahiz eta hasieran arrakastarik ez izan, geroago obra klasikoa bilakatu zen.

1904ko ekainaren 28an Helen unibertsitatean graduatu zen. Urte berean, San Luiseko erakustaldi batean jende aurrean lehen aldiz hitz egin zuen. Helen eta Anne hurrengo urteetan hitzaldiak ematen ibili ziren hara eta hona haien esperientziak eta bizitzak kontatuz. Helenek bere bizitza kontatzen zuen bitartean Annek esandako esaldi bakoitza interpretatzen zuen jendearengana argi eta garbi iristeko. Helen eta Annek haien bizitza hitzaldietan eta liburuen salmentetan oinarritu zuten. 1918an liburuen eskaera gutxitu arren, Helen eta Annek bidaiatzen jarraitu zuten, lehen aipatutako hitzaldiak emanez.

Laguntzaileak aldatu

Anne Helenen bizitzaren oinarria bihurtu zen, baita Helen Anneren bizitzarena ere. Anne John Macyrekin ezkondu zen 1905.urtean. 1914.urte inguruan Anneren osasuna okertzen joan zen. Ondorioz etxean laguntzeko Polly Thompson izeneko emakume bat kontratatu zuten. Ez zuen esperientziarik pertsona gor eta itsuekin, baina Helenen gertuko pertsona bat bilakatuko zen beranduago.

 
Helen Keller eta Anne Sullivan.

Helen, Anne eta John Forest Hillsera joan ziren (New York. 1915.urtean Helen Keller International izeneko fundazioa sortu zuen George Kesslerrekin batera. Forest Hillseko etxea, fundazioarentzat lana egiteko erabiltzen zuen, bertan diru kontuak eramateko besteak beste, baina ez zen diru bilketaz soilik arduratzen, itsuen bizi-kalitatea eta baldintzak hobetzeko kanpainak egiten zituen. Garai hartan egoitzetan baztertuak izaten baitziren inongo eskubiderik gabe. Bere etengabeko kemena oinarrizkoa izan zen hauen baldintzak aldatzeko.

Anne Sullivan 1936an hil zen. Izugarrizko aldaketa izan zen Helenentzat Anne gabe aurrera jarraitzea, baina Polly Thompson bere alboan egon zen laguntzeko 1957.urtean buruko isuri bat jasan zuen arte. Ez zen guztiz errekuperatu eta handik gutxira, 1960.urtean, Polly ere hil egin zen. Polly hil ondoren Winnie Corbally izango zen Helen hil arte ondoan edukiko zuen pertsona.

Ekintza politikoak aldatu

Keller mundu mailan hizlari eta idazle famatua bilakatu zen. Gaigabezia duten pertsonen babesle gisa oroitzen da beste era askoren artean. Bakezalea, sozialista eta jaiotza kontrolaren aldekoa zen. 1915.urtean, lehen aipatu dugun bezala, Helen Keller International (HKI) erakundea George Kessler eta berak sortu zuten. Erakunde hau ikusmenaren, osasunaren, eta elikaduraren ikerketan oinarritzen zen. 1920.urtean American Civil Liberties Union(ACLU) izeneko erakundea sortzen lagundu zuen. Erakunde honek, Ameriketako Estatu Batuko legeak eta Konstituzioak pertsona bakoitzaren banakako eskubideak defendatzen eta zaintzen zirela ziurtatzea zuen helburu. Helen Annerekin batera berrogei herrialde baino gehiagotan izan ziren. Japoniarrek gustuko zuten antza, behin baino gehiagotan bisitatu baitzuten Japonia.

Bere garaiko Ameriketako Estatu Batutako presidenteak ezagutu zituen Helenek. Grover Clevelandik hasi eta Lyndon B. Jonhson arte. Pertsonai ospetsu batzuen laguna ere izan zen, hala nola, Alexander Graham Bell, Charles Chaplin eta Mark Twain. Keller eta Mark sektore batzuek oso erradikalak bezala kontsideratu zituzten XX.mende hasieran, eta ondorioz, haien iritzi politikoak ezkutatu nahi izan zituzten.

Partidu Sozialistako Eugene V. Debsi laguntza eman zion presidentziarako kanpaina guztietan. Keller Alderdi Sozialistako kide bat izan zen eta langileriaren alde idatzi zuen 1909tik 1921 arte. 1912.urtean Helen Munduko Langile Industrialekin batu zen.

Obrak eta sariak aldatu

Helenek guztira hamabi liburu argitaratu eta hainbat artikulu idatzi zituen. Bere lehen lanetako bat, 11 urterekin burutu zuen, 1891.urtean, The Frost King izenekoa. Lan honen inguruan salaketak izan ziren, Margaret Canbyren The Frost Fairies obraren plagioa zelakoan. Ikerketa egin zen honen inguruan eta Helenek kriptomnesia bat esperimentatu zuenaren hipotesia azaldu zuten, hau da, Helen obraren istorioaz gogoratzen zen bere subkontzientean zuelako, baina ez zuen oroitzen istorio hura The Frost Fairies zela eta obrak idazlea zuela. 22 urterekin, 1903.urtean hasieran aipatu bezala, bere autobiografia kaleratu zuen, Anne Sullivan eta Anneren senarraren laguntzarekin unibertsitatean zelarik, The Story of My Life. Helenek berak idatzitako hitzak daude bertan eta 21 urte arteko bizitza kontatzen du. 1908.urtean beste obra bat argitaratu zuen, The World I Live In. Bizitzarekiko sentitzen zuena kontatzen digu irakurleoi. Out of the Dark 1913.urtean argitara eman zen eta horretan sozialismoaren inguruan mintzatu zen.

Bere Autobiografia espirituala, My Religion izenekoa, 1927 urtean kaleratu zen, Light in My Darkness liburuarekin batera. Emanuel Swedenborgen irakaskuntza defendatzen zuen; Emanuel teologoa eta kristaua zen eta Bibliaren irakaskuntzei interpretazio espirituala ematen zien. 1957. urtean "The Worked Miracle" izeneko drama pelikula aurkeztu zen, bertan Anne Sullivanek Helenen lehenengo komunikazio formak erakusten zituen, Helen neskatila bat zelarik. 1959.urtean obra hau Broadwayen aurkeztu zuten eta arrakasta izugarria izan zuen hurrengo urteetan. 1964.urtean Helenek Lyndon Johnsonek emandako sari gorena jaso zuen: "Presidential Medal of Friendship" izenekoa. Urte bat geroago “Hall of Fame”ko emakume nagusia hautatu zuten New Yorkeko Nazioarteko Azokan.

Akita txakurraren bizitakoa aldatu

Akita txakurra: Japoniako txakur arraza bat da. Izen hau Japoniako herri txiki bati zor dio. Helen Kellerrek 1937.urtean Japoniara egindako bidai batean Akita bisitatu zuen eta bertako Hachiko izeneko txakur famatuagatik galdetu zuen. Txakur hau 1935ean hil zen. Berak Akita txakur bat eduki nahi zuenez, Kamikaze-go izeneko txakur bat oparitu zioten. Honek hilabete bateko bizitza zuen. Gaixotasun batengatik hil egin zenean, Japoniako gobernuak opari ofizial modura bere anaia zen Kenzan-go oparitu zion 1938.urtean. Helen Kellerrek aldizkari batean honako adierazpenak egin zituen orduan: "noizbat aingeru bat izan bada lurrazalean, hori Kamikaze izan da. Badakit ez dudala beste edozein animaliarengandik jasoko hainbesteko goxotasunik. Akita txakurrak gustatzen zaizkidan gaitasun guztiak ditu, gentila da, soziala eta konfidantzazkoa".

Bere bizitzako azken urteak aldatu

Helenek 1961ean lehenengoz garuneko hodietako istripu bat eduki zuen, ondoren gehiago eduki zituelarik. Honen ondorioz bizitza publikoa alde batera uzten joan zen eta bere bizitzako azken urteak Arcan Ridgeko bere etxean igaro zituen. Kellerrek 87 urte zituela, bere heriotza baino pixkat lehenago, bere lagun bati zera esan zion: "urte ilun eta isil hauetan, Jainkoak nire bizitza ezagutzen ez dudan asmo batentzat erabiltzen aritu da, baina egunen batean ulertuko dut eta orduan asetuta sentituko naiz". 1968ko ekainaren 1ean, Arcan Ridgen, Helen Keller lotan zegoelaik hil egin zen. Bere gorpua Bridgeporten erre zuten eta bere hileta Washington D.C.ko Katedral Nazionalean egin zuten. Geroago bere errautsak Anne Sullivan eta Polly Thomsomnenak zeuden lekutik gertu utzi zituzten.

 
Helen Keller Braille sisteman irakurtzen.
 
Anne_Sullivan_-_Helen_Keller_memorial

Helen Kellerren bizitzaren antzezpenak aldatu

Helen Kellerren bizitza askotan antzeztua izan da. 1919. urtean lehenengo antzezlana egin zen Deliverance izeneko film mutuan, pelikula honetan bere bizitza kontatzen zen estilo melodramatiko batean. Baina berari benetan eginiko omenaldia 1957.urtean idatzi zen Langile Miragarria izeneko antzezlana izan zen, hau bere autobiografian (Nire Bizitzaren Historia) oinarritua dago. Drama bat da eta Anne Sullivanek komunikatzen nola irakasten dion ikusten da. 1959ko urriaren 19an obra hau Broadwayen aurkeztu zen eta arrakasta handia eduki zuen, ia hiru urtez egon baitzen han ikusgai. 1962an zinemara eraman zen lana eta Oscar Sarietarako izan ziren Helen Kellerren papera egin zuena eta Anne Sullivanen papera betetzen zuena. Aktoresak hauek izan ziren: Patty Duke eta Anne Bancroft hurrenez hurren. Biek Oscarra irabazi zuten. Ondorengo urteetan antzezlan gehiago egin dira bere bizitzari buruz, gehienak aipatutako horretan oinarrituta.

Hil ondorengo ohoreak aldatu

  • 1999. urtean Helen Keller, Gallup zerrendan XX.mendeko pertsona miretsiena bezala izendatu zen.
  • 2003. urtean, Alabaman bere omenez bertako txanpon batean zizelkatua dago bere irudia. Alabaman ere bai, Sheffield herrian, Helen Kellerren Ospitalea izeneko osasun-zentrua eraiki zen, bere omenez eraikia hain zuzen.
  • Helen Keller izena duten kaleak daude. Hala nola, Getafen (Espainia), Loden (Israel) eta Lisboan (Portugal).
  • Haur hezkuntzako ume gor eta mutu funtzionalentzako Mysoren, Indian, Helen Keller izeneko eskola sortu zen. Sotzailea K.K Srinivasan izan zen.
  • 2009ko urriaren 17an, Helen Kellerren irudiaren brontzezko estatua bat gehitu zen Alabamako Areto Nagusirako kolekziorako. Bertan Helen Keller agertzen da zazpi urte zitueneko momentu batean, ur-bonba baten ondoan. Momentu hau bere bizitzan oso garrantzitsua izan zen, orduan lehen aldiz ulertu baitzuen hitz bat. Hitz hau Water (ura) izan zen. Anne Sillivaneri bere eskuan W-A-T-E-R hitza esku alfabetoaren bidez adierazi zion. Estatuaren oinarrian hau dago idatzita Braille sisteman: "Munduko gauzarik hoberenak eta ederrenak ezin dira ez ikusi ezta ikutu ere eta gainera bihotzean sentitu behar dira".

Bibliografia aldatu

  • The Frost King (1891).
  • The Story of My Life (1903).
  • The World I Live In (1908).
  • Out of the Dark (1913).
  • My Religion edo Light in my Darkness (1927).
  • Berg, Shelley (2000). Character Education Connections for School, Home, and Community: A Guide for Integrating Character Education (en inglés). NPR. ISBN 9781887943284.
  • Dormash, Y. (2013). Cogito, ed. Psicología general (tomo 3, vol. 1) (en ruso). ISBN 978-5-89353-383-5.
  • Gantschacher, Herbert (2009). Wilhelm Jerusalem - Helen Keller - Briefe (en inglés).
  • Gevinson, Alan (1997). University of California Press, ed. Within Our Gates: Ethnicity in American Feature Films, 1911-1960 (en inglés). ISBN 9780520209640.
  • Hallum, John (2012). General Books, ed. Biographical and Pictorial History of Arkansas (vol. 1) (en inglés). ISBN 9781236370945.
  • Herrmann, Dorothy (1999). University of Chicago Press, ed. Helen Keller: A Life (en inglés). ISBN 9780226327631.
  • Keller, Helen (2003). The Story of My Life (en inglés). Random House LLC. ISBN 9781588362988.
  • Keller, Helen (2012). La historia de mi vida. Renacimiento. ISBN 9788484727361.
  • Loewen, James W (1995). Lies My Teacher Told Me (en inglés). Turtleback Books. ISBN 9780613706476.
  • Mofid, Kamran (2002). Globalisation for the Common Good (en inglés). Shepheard-Walwyn. ISBN 9780856831959.
  • Ohles, John F. (1978). Greenwood Publishing Group, ed. Biographical Dictionary of American Educators (vol. 1) (en inglés). ISBN 9780313040122.
  • Roberts, Jerry (2009). Encyclopedia of Television Film Directors (en inglés). Scarecrow Press. ISBN 9780810863781.
  • Rumeu, Silvia (2015). Prende la luz Escritos de Helen Keller ante la ceguera social. Arteacción.
  • Smith & Deland, ed. (1888). Northern Alabama (en inglés).
  • Vujicic, Nick (2012). Your Life Without Limits: Living Above Your Circumstances (en inglés). Random House. ISBN 9780307731067.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu