Harmonium

mihi libreko haize instrumentua

Harmoniuma (harmonio edo, batzuetan, armonio ere ikusten da idatzirik, oker)[1][2] haize instrumentu bat da, teklatuaz jotzen dena, organoaren kidekoa. Musika tresna hau, Europan zabaldu zen forman, altzari baten tamainakoa da, eta airearen zirkulazioa pedalek eragindako hauspo mekanismo baten bidez egiten da. Teklak sakatzean, hauspoak bultzatzen duen airea mihietarantz bideratzen da.

Harmonium
Deskribapena
Motawind instrument with keyboard (en) Itzuli, sets of free reeds (en) Itzuli eta non-piped organ (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena412.132
Jotzaileaharmonium player (en) Itzuli
AsmatzaileaChristian Gottlieb Kratzenstein (en) Itzuli eta Alexandre-François Debain

Hodi organoak baino eramangarriagoak ziren mihi libreko harmoniumak; horregatik, eliza txikietan eta etxe partikularretan asko erabiltzen ziren XIX. mendean, nahiz bolumen eta tonu gama mugatuak zituzten. Normalean, eskuko teklatu bat edo, batzuetan, bi izaten zituzten. Europan asmatu zen arren harmoniuma, 1850 eta 1920 bitartean, mihi libreko milioika harmonium egin ziren Estatu Batuetan eta Kanadan, eta horietako asko esportatu egin ziren, baita Europara ere.[3]

Historia aldatu

 
Zelesta bat (Stetson University)

Harmoniuma XIX. mendearen hasieran sortu zuen lehenengoz Gabriel Grenié frantsesak, berak asmatua baitzuen xafla metalikoaren printzipioa mendebaldean, mihi libreak, alegia. Hastapen hartan, «organo adierazkor» esaten zioten. Alemanian hasi zen pixka bat garatzen zen, XIX. mendearen hasieran, baina eraikitzaile frantses batzuek 1840tik aurrera hasi ziren Greniéren asmakuntza aurrera eramaten. Alexandre-François Debain eraikitzaile ezagunak «harmonium» hitza asmatu eta babestu zuen, musika tresnaren patentea aurkeztu baitzuen 1842an. Garatzaileen artean, garrantzitsua izan zen Auguste Mustel, zelestaren asmatzailea; berak eta beraren semeek harmonium oparoak eraiki zituzten hiru belaunalditan.[4]

Frantzian arrakasta industrial handi bat izan ondoren XIX. mendearen bigarren erdian, harmoniuma Alemanian, Ingalaterran eta Estatu Batuetan garatu zen, altzari estilo astunagoarekin, Frantziako soiltasunarekin alderatuta. Airea transmititzeko moduak ere aldaketa nabarmena izan zuen: Frantziako harmoniumak airea kanpora botatzen zuen bitartean, alemanek eta amerikarrek airea barnera xurgatzen zuten.[5]

Bat-bateko bilakaera izan zuen bere arkitekturan, britainiarrek Indiara eraman zutenean, han eragin handi bat izan baitzuen berehala. Ordura arte Mendebaldean ezagutzen zen harmoniumak aldaketa batzuk jasan zituen: Indiako aldaeran, abeslariak aldi berean eseri, haizea ponpatu, eskuekin notak markatu eta abestu zezakeen. Harmoniumaren egituraren barruko eskala tonala do sostenitu maiorreko eskala tonalera (C#M) aldatu zen.

XIX. mendearen amaieran, Kalkutan (India) Dwarkanath Ghosek harmoniuma aldatu zuen, airea esku batez ponpatu ahal izateko, beste eskuak melodia bakarrik jotzen zuen bitartean; horrek arrakasta handia izan zuen Indian eta Pakistan osoan.[6]

Funtzionamendua aldatu

 
Holandako harmonium bat, 1930ekoa

Soinu uniformea lortzeko, zangoekin eragindako pedalen hauspoetako airea tarteko hauspo sekretu edo erreserbatu batera pasatzen da, presio konstantean. Hala ere, espresio izeneko erregistroari esker, airea zuzenean sartzen ahal da hauspoetatik mihietara, eta, hala, interpreteak soinu adierazgarriagoak lor ditzake (forte, piano, staccato...).

Tiratzaileen bidez eragindako erregistro sistema bat ere badu, mihi joko (multzo) batzuetara edo besteetara airea pasatzeko aukera ematen duena. Sistema horren bidez, soinu desberdinak sortzen dira tinbrean, altueran edo ñabarduran; gainera, teklatua bi ataletan banatu daiteke. Harmonium batzuek erregistro bat ere badute, belaunekin eragiten dena eta mihi guztietatik airea pasatzeko aukera ematen duena. Hala, bi teklatu edo hiru teklatu desberdin simulatzen dira, erosotasunez.

Organo zaharretan bezala, harmoniumaren teklatua bi zatitan moztuta dago, eta, horri esker, ezkerreko edo eskuineko eskuaren zatia bakoitza modu batera erregistra daiteke. XIX. mendean, eraikitzaileek belaunekin eta hanka orpoekin eragiteko sistema berriak asmatu zituzten, interpreteak musika efektuak egin zitzan teklatua jotzeari utzi gabe. Organo batekin bezala, interpreteak hiru zortzidun jo ditzake tekla bakar batekin, erregistrazioari esker.[7]

Akustika aldatu

 
Mason & Hamlin harmonium baten bi mihi.

Harmonium batek sortzen ahal dituen ondorio akustikoak mihi librearen mekanismoaren emaitza dira. Funtsean berdinak dira Mendebaldeko eta Indiako harmoniumetan.

Hermann von Helmholtz fisikariak Die Lehre von den Tonempfindungen als physiologische Grundlage für die Theorie der Musik (Tonuaren sentsazioak, laburki) fundazio-lana argitaratu zuen, 1863an. Horretarako, harmoniuma erabili zuen maiz, afinazio-sistemak probatzeko:[8]

«Musika-tresnen artean, harmoniuma, tonu uniformeki iraunkorra duelako, tonu kalitatearen izaera sarkorra eta toleranteki bereizten ahal diren konbinazio-soinuak direla eta, bereziki sentikorra da intonazioaren zehaztugabetasunekiko. Eta bibragailuek afinazio delikatu eta iraunkorra onartzen dutenez, oso egokia iruditu zitzaidan, tonu sistema perfektuago bati buruzko esperimentuetarako».[8]

Bi teklatu eta modu desberdinean afinatutako bi erregistro multzo erabiliz, aldi berean konparatu ahal izan zituen, alde batetik, intonazio pitagorikoa, eta, bestetik, intonazio doia eta tenperamentu berdina. Horrela, ikusi ahal izan zituen tenperamentuei dagozkien harmoniagabetasun mailak. Zortziduna 28 tonutan zatitu zuen, 12 tonalitate minorreko eta 17 maiorreko modulazioak intonazio doian egin ahal izateko, afinazio horretako zortzidun estandarraren zatiketarekin dagoen disonantzia gogorrean sartu gabe. Alabaina, tresnaren antolamendua oso zaila zen jo ahal izateko.[8] Beste tresna aldatu edo berri batzuk erabili ziren, helburu esperimental eta hezitzaileekin; bereziki, Bosanqueteko teklatu orokorra 1873an eraiki zen, zortzidun bakoitzeko 53 tonuko eskala berdin-tenperatuarekin erabiltzeko. Praktikan, harmonium hori 84 teklarekin eraiki zen, digitazioa errazteko.[8]

César Franck, Debain harmonium batekin

John William Struttek ere harmoniuma erabili zuen doitasunez maiztasuna zeharka neurtzeko metodo bat asmatzeko, gutxi gorabehera ezagutzen diren tenperamentu tarteak eta haien sakaldia erabiliz.[9] Harmoniumak abantaila bat zuen: gaintono argiak eskaintzen zituen, bi entzulek sakaldien zenbaketa fidagarria egin zezaten, nota bakoitzeko bat. Hala ere, Struttek aitortzen zuen hauspoan presio konstante bat mantentzea zaila dela eta, horren ondorioz, maiz gertatzen direla fluktuazioak tonuan.[9]

 
XIX. mendeko harmonium eramangarri bat, mihi ilara batekin.

Tonuak sortzean, mihi harmonium bat akordeoi edo kontzertina[10] baten antzekoa da, baina ez instalazioaren aldetik begiratuta; izan ere, akordeoi bat bi eskuetan hartuta jotzen da, eta harmonium bat zoruan jartzen da egurrezko karkasa baten barruan (horrek ekar lezake lehen begiratuan piano batekin nahastea). Harmoniumak presio edo xurgatze hauspoekin funtzionatzen du. Presio hauspoek tarte zabalagoa uzten dute bolumena aldatzeko, hauspoen pedalei azkarrago edo motelago eragiten dieten kontuan hartuta. Europan, mihi organo oro da harmonium, berdin da presio edo xurgapen hauspoak izan. Presio hauspoak dituzten harmoniumak ekoiztea zailagoa eta garestiago zenez jo zuten Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan xurgatze hauspoak erabiltzera.

Harmonium batean maiztasunak hauspoen puzte presioaren araberakoak dira; oinarrizko maiztasuna jaitsi egiten da batez besteko presioarekin alderatuta, baina berriz ere handitu egiten da presio altuetan, zenbait hertzetan, nota larriak egiteko.[11] Amerikar harmoniumen kanaberaren neurketek oszilazio sinusoidala erakutsi zuten, bat-bateko presio trantsizioekin, kanabera markoaren gainetik eta azpitik tolesten denean.[12] Funtsezko maiztasuna kanaberaren erresonantzia mekanikoaren bera da.[13] Musika tresnaren gaintonoak funtsezkoarekiko harmonikoak dira, ez-harmonikoen ordez,[14] baina gaintono ez-harmoniko ahul baten berri ere eman zen (6,27f).[15] Funtsezko maiztasuna zeharka dator, baina zeharkako modu ahulagoak eta bihurriagoak ere neurtu ziren.[16] Edozein bihurdura modu kitzikatzen da, kanaberaren eraikuntzan asimetria txiki bat baldin badago. Neurketan, frogatu zen kanaberak indar handiagoz sortzen duela funtsezko maiztasuna, modu zeharkako edo tortsional bigarren batekin batera, azken horiek iragankorrak baitira.[16]

Badirudi ez direla orain arte aztertu, alde batetik, erradiazio patroiak, eta, bestetik, erresonantzia kaxaren eta mihien arteko akoplamendu efektuak tinbrean.

Mihiaren bibrazioaren ezohiko fisikak zuzeneko eragina du harmoniumaren interpretazioan, zeren eta, tresna jotzerakoan, haren dinamikaren kontrola mugatua eta sotila baita. Harmoniumaren mihi librea marko metaliko batean errematxatuta dago, eta airearen fluxuaren mende dago, hauspotik ponpatzen dena gordailuan zehar, mihia bultzatuz eta oszilazio autokitzikadura eramanez eta soinua sortuz aire fluxuaren norabidean.[12] Aerodinamika berezi hori ez-lineala da, hau da, kanaberak bibratzeko izan dezakeen desplazamendu anplitude maximoa indargetze indarren fluktuazioek mugatzen baitute; beraz, ondoriozko soinu presioa konstantea da.[14] Gainera, ponpaketa presioaren atalase bat dago, eta horren azpitik kanaberaren bibrazioa oso txikia da.[15] Atalase horren barruan, hazkunde esponentziala dago, eta kanaberaren anplitudeen denboran txikiagotu egiten da.[17]

Harmoniuma Euskal Herrian aldatu

Fabrikatzaileak aldatu

Organoen fabrikazioak tradizio luzea izan du Euskal Herrian, XVI. mendeaz geroztik, eta organogileak asko izan dira, bereziki Oñatin, Arantzazuko santutegiarekin loturik, baita Azpeitian ere, Akilino Amezuak sortutako lantegien bitartez.[18] Langintza horrek etenik gabe jarraitu zuen, aro modernora iritsi arte, besteak beste Eibarko Helmholtz Elektronika enpresaren eskutik.[19]

Tradizio organogile horri loturik, alde batetik, eta akordeoi fabrikazioaren itzalpean, bestetik, zabaldu ziren harmoniumak egiteko lantegiak. XIX. mendearen bigarren erdialdean, harmoniuma Europan sortu zen urteetan, egiaztatuta dago Euskal Herriko eskualde batzuetan bazirela harmonium egileak.[20]

Harmonium ezagunak aldatu

 
Tolosako Saint-Sernin Lizeoko harmoniuma, Debain egilearen domina.

Euskal Herrian gordetzen den harmonium zaharrenetako bat Arratzuko (Busturialdea) Santo Tomas elizan dago. Pariseko Alexander Père et Fils[21] etxeak eraiki zuen, 1850. urtearen inguruan. 2008an berriztatua izan zen eta gaur egun erabiltzen da Urdaibaiko Organoak jaialdian.[22] Kontuan hartuta Alexandre-François Debainek harmoniumaren patentea 1842an erregistratu zuela, pentsa daiteke munduan erabiltzen den harmonium zaharrenetako bat dela.[23]

Bildumak aldatu

Euskal Herrian ezagutzen den harmonium bilduma osatuena Oiartzunen (Gipuzkoa) dago.[24] Bilduman 15 harmonium daude katalogatuta; horietatik 11 Soinuenea herri musikari buruzko museoan gordetzen dira.[25]

Harmoniumaren erabilera aldatu

Musika tresna hau bereziki musika liturgiko edo erlijiosoa interpretatzeko erabili ohi da Euskal Herrian, batzuetan beste lekuetan entzun badaiteke ere[26] ―gehienetan gizonezko interpretatzaile edo joleekin, baita inoiz emakumezkoekin ere.[27]

Hala ere, musikari batzuek harmoniuma erabiltzen dute, besteak beste, musika garaikidea sortzeko. Horien artean daude Orbel musika taldea[28] eta Ibon Urizar.[29]

Erreferentziak aldatu

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > harmonium» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  2. «Euskalterm > harmonium» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  3. (Ingelesez) «Carpenter Organ Company (1899)» Vermont Phoenix: 4. 1899-09-01.
  4. (Ingelesez) «Auguste Mustel: CelestaThe silvery sounds of Heaven : Interlude» web.archive.org 2022-09-28 (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  5. (Ingelesez) Vishwas R. Gaitonde. (2022-09-25). «The Birth, Death, and Reincarnation of the Harmonium | The Mantle» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  6. (Ingelesez) «Harmonium – The Indian heritage of Music | Daily Music Roll» web.archive.org 2021-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  7. (Frantsesez) «L'harmonium Alexandre Père et Fils» web.archive.org 2022-03-15 (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
  8. a b c d Hermann Helmholtz (1954) On the Sensations of Tone. Londres, Dover Publications. ISBN 978-0486607535.
  9. a b (Ingelesez) John William Strutt. (1879). «On the Determination of Absolute Pitch by the Common Harmonium 1 | Nature» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  10. «Soinuenea > Kontzertina» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  11. (Ingelesez) James P. Cottingham, Christopher H. Reed eta Michael Busha. (1999-01-25). «Variation of frequency with blowing pressure for an air‐driven free reed: The Journal of the Acoustical Society of America: Vol 105, No 2» web.archive.org  doi:10.1121/1.425800. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  12. a b (Ingelesez) «Reed vibration in western free-reed instruments» web.archive.org (ICA2007) (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  13. (Ingelesez) Neville H. Fletcher eta Thomas D. Rossing. (1991). The Physics of Musical Instruments. Springer-Verlag New York Inc. ISBN 978-0387941516. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  14. a b (Ingelesez) St. Hilaire, A. O.. (1976-07-22). «Analytical prediction of the non-linear response of a self-excited structure» Journal of Sound and Vibration 47 (2): 185–205.  doi:10.1016/0022-460X(76)90717-3. ISSN 0022-460X. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  15. a b (Ingelesez) «The motion of air‐driven free reeds: The Journal of the Acoustical Society of America: Vol 105, No 2» web.archive.org 2022-06-19  doi:10.1121/1.426334. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  16. a b Paquette, Ammon; Vines, Justin; Cottingham, James P.. (2003-10-01). «Modes of vibration of air‐driven free reeds in transient and steady state oscillation» The Journal of the Acoustical Society of America 114 (4): 2348–2348.  doi:10.1121/1.4781137. ISSN 0001-4966. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  17. (Ingelesez) Arthur O. St Hilaire; Theodore A. Wilson; Gordon S. Beavers. (1971-10). «Aerodynamic excitation of the harmonium reed» Journal of Fluid Mechanics 49 (4): 803-816.  doi:10.1017/S0022112071002374. ISSN 1469-7645. (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
  18. (Gaztelaniaz) E. Elizondo Iriarte. (2001). La organería romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940). Capítulo 3. La Organería Española (1882-1940), Aquilino Amezua y Jaúregui (1847-1912). .
  19. Enpresaren sorrera eta lehen Helmholtz organoaren diseinua (1958-1961),. (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  20. Javier Ramos Martínez. (2004). Zumarragako trikitrixa eta bere ingurua (1920-2004). Zumarragako Udala ISBN 987-8488182031..
  21. (Gaztelaniaz) «Alexandre Père et Fils» Museo virtual del Órgano 2021-07-13 (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  22. UOJE. «Urdaibaiko Organoak - 2022ko kontzertuak» UOJE (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  23. (Gaztelaniaz) «Urdaibaiko Organoak 2021» web.archive.org 2021-10-27 (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  24. Oiartzungo Udala. «Oiartzun urtekaria 2021» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  25. «Bildumak kontsultatu - Soinuenea» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  26. «Dokuteka: Juan Mari Beltran:» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  27. «Manex Pagola, Biziaren altzotik...» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  28. (Frantsesez) Platero, Laurent. (2022-12-16). «Orbel, la volupté du dark» www.mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  29. «Bizarra - Mikel Etxegarai & Iban Urizar» archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu