Harea-arakatzea (ingelesez beachcombing) pertsona batek hondartza bateko harea arakatzean edo "orraztean" (ingelesez to comb) egiten duten jarduera da, etekin ekonomikoa ateratzeko edo ez.

Suva-ko (Fiji) hare-arakatzaileak

Historiaurrea eta aintzinaroa aldatu

Arkeologian, harea-arakatze jardunak herri ehiztari-biltzaileekin eta aztarnategietan aurkitu ohi diren maskortegiekin lotzen dira; batzuetan milaka urteko jardunaren ondorioz, zabortegi hauetan material kopuru handiak aurkitu ohi dira. Hegoafrikan eta Eritrean bildutako ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, [1] [2] harea-arakatzea Homo sapiens modernoa Homo erectus -aren azpiespezieetatik bereizi zuen jardueretako bat izan zen.

Jarduera honen aztarnak XX. mendera arte iraun du zenbait kultura indigenetan, hala nola Hegoafrikako strandloperretan.

Europarrak Hego Ozeano Barean aldatu

Beachcombing kontzeptua Hego Ozeano Barean erabiltzen hasi zen, bereziki XIX. mendean, europar konkista eta merkatal espedizioen testuinguruan agertutako abenturazaleak ugaltzearekin batera. Hitza lehen aldiz Richard Henry Dana Jr.- en Two Years Before the Mast idazlanean agertzen da (1840); geroagokoa da Herman Melville-ren Omoo-ren erreferentzia (1847)[3] non Hego Ozeano Bareko uharteetan bizi zen europar biztanleria deskribatzen zuen, hondartza eta inguruko urak "orrazten" aritzen zena flotsam, jetsam edo erabiltzeko moduko beste edozeren bila. Bizimodu nagusia harea-arakatzea zuten pertsonek ospe txarra zuten, eta gizarteak gaizkileen pare hartzen zituen; baina gehienak langabezian zeuden marinelak besterik ez ziren. Halere, baziren Ozeano Bareko uharteetan hortik bizitzea apropos aukeratu zuten pertsonak, Herman Melvillek Typee idazlanean, edo Harry Franck Vagabonding Around the World liburuetan deskribatu bezala. Robert L. Stevensonek ere harea-arakatzaileen erretratu fidela egin zuen The Ebb-Tide eleberrian (1894).

Bidai gogorren ondorioz, ez zen arraroa izaten marinel batzuek baleontzia utzi nahi izatea, Polinesiako Tahiti edo Markesa uharteetan aldi baten gelditzeko; harea-arakatzea ohiko aktibitatea zen haien artean. Halere, ontzia ustea desertziotzat hartzen zen. Kasuren batean kapitainek haren partez beste harea-arakatzaileren bat enbarkatzea onartu zezaketen; baina bestela desertorearen aurkako neurriak hartuko ziren, indigenei hura harrapatzearen truke diru saria eskainiz (eta sari hori marinelaren soldatatik kenduz).[4]

Lehen espainiar esploratzaileen garaietatik, Hego Ozeano Barean naufragoen presentzia ohikoa izan zen. Baina kopurua asko handitu zen XIX. mende hasieran, baleontziek itsaso horretan arrantzan hasi zirenetik. Kalkulatzen denez, harea-arakatzaileen %75a itsasontzitik alde egindako marinelak ziren, batez ere baleazaleak; eta %20a Australiara garraiatutako eta hango zigor kolonietatik ihes egindako kondenatu ingelesak.[5] 1850. inguruan Polinesian eta Mikronesian 2.000 harea-arakatzaile inguru zeudela kalkulatzen da. [6] Polinesian eta Melanesian naufrago eta harea-arakatzaileak komunitatean integratzen ziren, tribuko buruzagien aldetik estimazioa izaten baitzuten. Batzuek indigenen eta marinelen artean merkatal-artekari lana egiten zuten. Beste batzuek desertoreengatik ordaindutako diru-sariak eskuratzen saiatzen ziren, edo tripulazioentzat marinel berrien bila aritzen ziren (indigenak bahituz, adibidez).[7] [8] [9] Europara itzuli ziren harea-arakatzaileek Ozeano bareko uharteetako tatuaje estiloak hedatu zituzten. [10] Harea-arakatzaileen eginkizun soziala eta komertziala misiolariak iritsi zirenean amaitu zen. Uharteetan merkataritzan espezializatutako agente europarrak (palagi) agertu ziren, merkataritza-konpainien interesak ordezkatuz,[5] eta askotan harea-arakatzaile ohiek bete zituzten postu horiek.

Itsaskia eta algak aldatu

 
Alga biltzaileak Zumaian, 1996.

Esan bezala, itsaski-bilketa historiaurretik dokumentatua dagoen jarduera da; eta gaur egunean ere mantentzen da.[11]

Gauza bera esan daiteke alga-bilketari buruz: algak ekoizteko haztegi modernoak alde batera utzita, urteko zenbait arotan mareek itsas hondotik tonaka alga naturalki erauzten dituzte, gero hondartzetan pilatzen direnak. Alga hauek tradizionalki bildu izan dira, gero elikadura edo kosmetika industriari saltzeko.[12][13]

Erabilera modernoa aldatu

 
Beach Isle Virginia, Estatu Batuetako Belle Isle State Park parkean

Harea-arakatzaile moderno askok hondartzaren marearteko zonan aritzen dira, itsasoak ekarritako material naturalen bila: oskolak, fosilak, zeramika edo beira zatiak, objektu historikoak, itsas babak, egurra, botilaratutako mezuak... kuriositate edo apaingarri bezala erabiltzeko (itsas hondakinen zatirik handiena kanpo utzita, gehiena ez baita ez erabilgarria ez apaingarria). Hare-arakatze moderno honen adibide da Edmund James Banfield, zeinak XX. mende hasieran Dunk uhartean bertako landaredia, hegaztiak eta itsas bizitza aztertu zituen.[14]

Aisialdiko hare-arakatzaile sofistikatuenek ekaitzak, geografia, ozeano korronteak eta sasoiko gertakariak monitorizatzen dituzte, [15] [16] ekokontserbazioa praktikatuz (ehiza, arrantza edo bilketa agresiborik gabe)[17] eta gobernuko agentziekin lankidetzan itsasertzeko higadura, isurketak eta kutsadura kontrolatzeko. Aditu hauen artean daude: Curtis Ebbesmeyer ( Flotsametrics and the Floating World ) ozeanografoa; Deacon Ritterbush ekohezitzailea( A Beachcomber's Odyssey ); itsas beira adituak Richard LaMotte ( Pure Sea Glass ) eta CS Lambert ( Sea Glass Chronicles ); Margaret Carruthers geologoa ( Beach Stones ); Chuck eta Debbie Robinson malakologoak ( The Art of Shelling ), eta Blair Witherington eta Dawn Witherington zoologoak ( Florida's Living Beaches: A Guide for the Curious Beachcomber ).

Azken urteetan metal detektagailuak erabiltzen dituzten harea-arakatzaileak ugaritu dira. Zenbait kasutan bilaketa hauen kontura gatazkak izan dira, batez ere jarduera hauek ondare arkeologikoaren edo jabetza pribatuaren espolio bezala ulertu izan direnean.[18]

Herri kulturan aldatu

Galiziako Heriotzaren Kostan, hondoratutako ontzien hondakinak biltzea ohikoa izan da. Hortan aritzen denari raqueiro esaten zaio galegoz, wrecker ("hondoratzezale") ingelesezko hitzaren aldaera.[19]

The Wrecking Season filmean, Nick Darkek Cornwalleko ( Erresuma Batua) kostaldean duen jarduna azaldu zen, harea-arakatzearen eta wrecking-aren alde ludiko eta erabilgarria argitara emanez.

The Beachcombers, Kanadako telebistako seriea, XX. mende amaierako Columbia Britainiarreko harea-arakatzaileen bizimoduan oinarritua dago.

On Her Majesty's Secret Service filmean, James Bondek bi asteko baimena jasotzen du eta Moneypennyk nora joango den galdetzen dionean, honela erantzuten du: "Alferrarena egiteko lekuren batera. Hare-arakatzera ".

Ingelesezko terminoak zenbait aldaera sortu ditu beste hizkuntzetan:

  • Bichicome (Uruguai): jende behartsua izendatzeko erabiltzen da, bicho ("zomorroa") eta comer ("jatea") hitzen esanahiarekin nahastuz.
  • πιτσικόμης [pitsikómis] (grezieraz): marinelen jargoian.
  • Bichicoma (galizieraz): hau ere marinelen bidez hedaturik.
  • бич [bitx] eta forma bakanagoak бичкомбер [bitxkomer], бичкомер [bitxkonber] (eslaviar hizkuntzak): 1930 inguruan erabiltzen hasi zen portu inguruan ibiltzen ziren lanik gabeko marinelak izendatzeko, eta gaur egunean eskalea edo arlotea esan nahi du.1960-70 hamarkadan, bitxi hitzak beste esanahi bat hartu zuen, errepresio operazioetan atxilotutako maila baxuenetako presoak ("bizkarroi sozialak") mespretxuz izendatzeko, Siberiara edo bortxazko lanetara bidali ohi zirenak.[20]

Erreferentziak aldatu

  1.  doi:10.1038/nature06204. PMID 17943129. Bibcode2007Natur.449..905M..
  2.  doi:10.1038/35011048. PMID 10811218. Bibcode2000Natur.405...65W..
  3. H.E. Maude, Of Islands and Men (1968), 135.
  4. ABC Whipple, Yankee Whalers in the South Seas, Doubleday, New York, p 150
  5. a b H. E. Maude, Beachcombers and castaways, The Journal of the Polynesian Society 73: 3 (1964) 254–293
  6. K.R.Howe, Where the Waves Fall: A New South Sea Islands History from First Settlement to Colonial Ruler (1984), 103.
  7. Ruth Blair (1996), Typee, (Oxford World's Classics). Introduction xv.
  8. David Whippy's long journey home (retrieved 19 June 2015)
  9. ABC Whipple, Yankee Whalers in the South Pacific, Doubleday, New York, p 151
  10. .
  11. SLU, Herritar Berri. (2015-10-06). «Zelten paradisu ezezaguna» 7K revista dominical (Noiz kontsultatua: 2021-06-04).
  12. SA, Baigorri Argitaletxea. (2017-02-18). «ESKARIA GERO ETA HANDIAGOA DEN ARREN, ALGA GORRIA GUTXITZEN» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-06-04).
  13. «Biltzeko sistemak - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-06-04).
  14. Weaver, Rachael. (2012). Ecologies of the Beachcomber in Colonial Australian Literature. University of Melbourne.
  15. Richard LaMotte, Pure Sea Glass, Sea Glass Publishing (2004), 20
  16. Chuck and Debbie Robinson, The Art of Shelling Old Squan Village Publishing (1995) 22–23
  17. S. Deacon Ritterbush, A Beachcomber's Odyssey, Vol. I: Treasures from a Collected Past, Ritz Dotter Publishers (2008), 115
  18. (Gaztelaniaz) Usuario, Super. (2020-09-02). «La afición de buscar metales se encuentra en alza, gracias a la oferta en el mercado de detectores de metales de gran precisión.» Derichebourg España - Gestion Integral de Residuos (Noiz kontsultatua: 2021-06-04).
  19. (Gaztelaniaz) $fb_urllavozdegalicia. (2018-01-30). «O cura de Tallo ao raqueiro: «Non roubarás»» La Voz de Galicia (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  20. «Саидов З.А. Административно-правовые стимулы поддержки государственного сектора экономики» NB: Административное право и практика администрирования 1 (1): 15–35. 2015-01  doi:10.7256/2306-9945.2015.1.15817. ISSN 2306-9945. (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).

Kanpo estekak aldatu