Hansel eta Gretel (alemanez: Hänsel und Gretel) Haur eta Gazte Literaturaren kokaturiko fantasiazko ipuina da. Alemaniako ahozko transmisiotik jasoa, Grimm anaiek lehen aldiz 1812an argitaratu zuten. Hansel eta Gretel neba-arreba gazteak sorgin kanibal batek bahitzen ditu, goitik behera ogiz egindako (teilatua opilezkoa eta leihoak azukre-zurizkoak dituena) etxe batek erakarriak izan direlarik.

Hansel eta Gretel
Jatorria
Egilea(k)Grimm anaiak, Jacob Grimm eta Wilhelm Grimm (en) Itzuli
Argitaratze-data1812
IzenburuaHänsel und Gretel, Hansel and Gretel, Hans en Grete eta Hannu ja Maiju
Ezaugarriak
Genero artistikoamaitagarri-ipuina
Hizkuntzaalemana
Deskribapena
Honen eragina jaso duNennillo and Nennella (en) Itzuli
Fikzioa
Argumentu nagusiasorgina, haurra eta Ipuina

Sinopsia aldatu

 
Hansel eta GreteL etxetxoa jaten

Ahozko transmisiozko ipuina izan arren Grimm anaien bertsioa da ezagunena eta hemen aztertuko dena.

Hansel y Gretel familia behartsu baten seme-alabak dira, gosetearen ondorioz basoan abandonatuak izan direnak. Bertan galduta dabiltzala, atso zahar bat bizi den opilezko teilatudun eta azukre-koxkorreko leihodun ogizko etxe batekin egiten dute topo eta barrura sartzera gonbidatuak dira haurrak. Umeek kasu egiten diote, baina atsoak, sorgina dela, Hansel kaiola batean sartzen du, hura gizendu eta gero jateko asmotan. Bitartean, Gretel bere anaia gizentzeko janaria sukaldatzera behartua da.

Sorginak Hansel jatea atzeratzea lortzen dute, oilasko hezur bat umearen hatza izango balitz bezala erabiliz, haurra gizentzen ez dela erakusteko. Hala ere, sorgina, nazkaturik, umea jatea erabakitzen du. Sorginak Greteli labera gerturatzeko eskatzen dio, barruan dagoen ogia ondo xigortua eta ondo egina dagoen begiratzeko, nahiz eta bere asmo bakarra neskatxa labean egosi eta jatea den. Baina Gretelek ez dakienarena egiten du, eta atsoa labera gerturatzen denean, nola egiten den erakusteko, neskatxak sorgina barrura bultzatzen du, burdin-hesia itxiz eta kiskalirik hiltzen delarik.

Azkenik, haurrek bertatik ihes egiten dute, sakelak sorginaren etxean topatutako urre eta harribitxiz beteta, eta etxerako bidea aurkitzea lortzen dute, bere aitarekin betirako zoriontsu biziz[1].

Egileak aldatu

 
Wilhelm[Betiko hautsitako esteka] Grimm ezkerrean eta Jacob Grimm eskuinean (1855, Elisabeth Jerichau-Baumann)

Grimm anaiak idazle alemaniarrak ziren: zaharrena, Jacob (Hanau, 1785eko urtarrilaren 4a - Berlin1863ko irailaren 20a); gazteena, Wilhelm (Hanau, 1786ko otsailaren 24a - Berlin1859ko abenduaren 16a).

Hogei urterekin, Jacobek liburuzaintza lanak egin zituen Kassel hirian eta Wilhelm liburutegi berean idazkaria izan zen. Gotingako unibertsitatean biak irakasleak izan ziren; bertatik 1837an kaleratu zituzten, Hannoverreko Ernesto Augusto I.a erregearen aurka protesta egin zutelako. Hurrengo urtean, Berlingo Humboldt Unibertsitatean hasi ziren eskolak ematen.

1812an Alemaniako ipuinen bilduma argitaratu zuten, Kinder- und Hausmärchen izenburupean ("Haurren eta etxekoen ipuinak"). 1814an beste sorta bat kaleratu zuten. Haur-literaturaren historian idatzitako ipuin ospetsuenen artean, Grimm anaiek egindakoak daude[2].

Pertsonaien deskribapena aldatu

Hansel eta Gretel ipuinetan bi pertsonaia nagusi aurkitzen ditugu: Hansel eta Gretel. Bigarren mailako hiru pertsonaiak aita, sorgina eta ama edota amaordea dira[1] .

  • Hansel: Hansel, istorioaren hasieran, buru-argia, azkarra, bere arrebarekin babeslea eta ausarta da. Ipuinaren bigarren zatian, ordea, bere papera pasiboa da, arazoen aurrean arrebak lagundu behar duelarik.
  • Gretel: Istorioaren hasieran, Gretel ahula, negartia, beldurtia esperantzarik gabekoa da. Bukaeran, ordea, bere neba sorginaren hatzaparretatik salbatzearekin batera, ausarta, bizkorra eta argia dela erakusten du.
  • Aita: Aita ofizioz egurgilea da, familia mantentzeaz arduratzen dena. Izatez maitekorra da, seme-alabengan estimu gehien sentitzen duena izanik. Babesaren eta maitasunaren sinonimoa dela esan dezakegu. Bestalde, obedientea, otzana eta esanekoa dela erakusten du, bere emazteak agintzen duena betez.
  • Ama/amaordea: Grimm anaien bertsioan, beste bertsio askotan bezala amaordea agertzen da. Hemen, honek betetzen duen papera aitaren aurkakoa da; bere ekintza eta hitzak behatuz, hotza, berekoia, manipulatzailea, agintzailea eta bihotz-gabea dela ikus daiteke.
  • Atsoa/sorgina: Hasieran, argia eta azkarra da; haragijalea denez, haurrak erakartzeko estrategia bikaina planifikatzen du. Hala ere, istorioaren bukaera aldera, inozentzia puntu bat azaleratzen du; alegia, haurrak labera gerturatzeko esatean jaramon egiten dio.

Gaiak aldatu

 
Hansel eta Gretelen omenez egindako estatua Hamburg-Winterhuden

Hansel eta Gretelen istorioan antzematen diren bi gai nagusienak biziraupena eta gosea dira. Ipuinak, Erdi Aroan (1315-1321) eman zen gosete handian izan dezake jatorria. Honek jendea kanibalismora iristera gertatu zen zenbaitetan. Hansel eta Gretelen istorioan azaldutakoarekin antzekotasuna aurkitu daiteke. Bestalde, gosea eta abandonoaren eraginez, ipuinean bi haurren biziraupena nabaritzen da. Hemen, anai-arrebek elkar lan egiten dute, kooperazioa lortuz eta biek batera gatazkatsua den arazoa konponduz. Gainera, generoari erreferentzia eginez, matxismo puntu bat ere ikus daiteke, nahiz eta oinarrituta dagoen garaiari begira normala izan daitekeen. Hala ere, ipuin klasikoetan ohikoa ez den bezala, istorioko heroia neska bat dela azaltzen du kontakizun honek, eta horrek matxismoaren ustea nolabait ezabatzen du.[3][4]

Era berean, ipuin honek, Charles Perrault edota Grimm anaiek eskuratutako Erpurutxoren istorioarekin antzekotasuna du gaiei dagokionean; haur-hilketa, gosea, kanibalismoa, eta gutxieneko kasuan, matxismoa. Gainera, Erdi Aroko behe-mailako biztanleen egoera gogortasun handiz aurkezten du, edo gutxienez garai hartako bizitza nola izan zitekeen erakusten digu. Hala ere, oinarritutako errealitateari begiratuz, maitagarri eta sorgindutako printzesarik gabekoa da hau. Ipuin honetan egurra, sua, gosea, hotza eta pertsonaien desesperazioa usaindu ditzakegu; izan ere, gehiengo ipuinetan bezala, idazle bakoitzak –heldua edo haurra– kontatzen duen istorioa bere errealitatean bilakatzen du.[3]

Interpretazioak aldatu

Bruno Bettelheim ikerlariak bere liburuko The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales kapituluan Hansel eta Gretel ipuina aztertzen du, ipuinak hitzez eta ekintzen bidez haur batek pentsatzen duena adieraziz.

Hansel eta Gretelen istorioa Erdi Aroan kokatzen da, indo-europearren hasierako elementuak mantentzen direlarik. Pertsonaiak alderdi basatian barrentzen dira, ipuinaren prozesuan heldutasunerantz eraldaketak jasanez. Kontaketa honek azaltzen duen istorioak, garai hartako errealitatean bizitako gertaerak islatzen ditu; Erdi Aroan ohikoa zen haurrak abandonatzearen ekintza azaltzen da non pertsonek bizirik irauteko egiten zutena irudikatzen den. Ondorioz, ipuineko amaren papera modu askotan interpretatu daiteke, sinbolo ezberdinetara atxikituz. Ipuinaren jatorrizko bertsioetan, ama da umeak basoan uztea erabakitzen duena, biziraun nahi izatearen ondorioz. Baina horrek amaren estereotipoaren aurka egiten duenez –alegia, haurrak maitatu eta babestearen rola betetzearena–, ama izatetik amaorde izatera pasa da beste bertsio askotan; izan ere, ama gaiztoa bada, haur baten buruan ama izateari uzten dio.

Beste ipuin askotan bezala, haurrak basoan galtzeak bakoitzaren barne bidaia irudikatzen du, gurasoen etxetik, babesetik, urrundu eta barne prozesu bat egin behar dute. Beraien inpulsibitateari eta gurasoenganako menpekotasunari aurre egin behar diote, ekintza desberdinen bidez burujabetasuna eta autokontrola lortu, modu honetan heldutasunean aurrera pausu bat eginez.

Hansel eta Gretelek lortzen dituzten harribitxiak egindakoaren saria dira, beraien izaeran sortu diren gaitasun berrien sinbolo. Honela, etxera iristean ez dira hasierako gurasoen menpeko ume txikiak, beharrez beteak, baizik eta beraien kabuz moldatu ahal diren eta lagundu ahal duten haurrak[3].

Jatorrizko ipuinean, sorginak judu-kulturako estereotipoak ditu, sorgina Gretelengandik errausteko labean hiltzen delarik. Amaiera hau, II Mundu Gerran gertatutako ankerkeriarekin lotu daiteke. Askotan, sorginak ipuinetako antagonistak izaten dira baina istorio honetan, egiten den irakurketaren arabera, hiru antagonista egon daitezke: ama/amaordea, sorgina eta Gretel. Hiru emakume hauek egiten dituzten ekintzak, norberaren biziraupenerako egindakoak dira eta horietako bakoitza justifikatu daiteke. Hala ere, hilketa soilik Gretelek egiten du. Halaber, amaren heriotzak haurren garapen psikikoa aurrera egitea bideratzen du.

Ez dezagun ahaztu jatorrizko ipuinetan eta gainontzeko egokitzapenetan aitak beti jarrera babeslea aurkezten duela, nahiz eta azkenean bere emazteak agintzen duena egin. Istorio honetan, bi haurrak ipuinaren amaieran bere aitarekin berriro elkartu eta sorginari lapurtutako altxorrekin pozik bizitzen dira. Haurrek sorginari perlak eta diamanteak lapurtzen dizkiote (bertsioaren arabera janaria edota beste altxorrak direlarik). Hauek haurren heldutasun eta indibidualizazioren saria dira; era berean, norberaren buruarekiko konfiantza handitzea, eta pentsaera eta ekintzen independentzia adierazten dute, baita etxeko ekonomian laguntzeko nahia ere.[5]

Protagonisten izaera –Hansel eta Gretelen izaera, alegia– ez da egokitzapenekin asko aldatu, genero rolak mantendu direlarik. Beraien izaera, egiten dituzten ekintzen bidez nolakoa den jakin dezakegu; halaber, pertsonaia dinamikoak eta biribilak dira. Bestalde, bi haurrek gezurrak esaten dizkiote sorginari bere etxea jaten hasten direnean: sorginak “Kirri-karra, karraska, zein dabil nire etxean ladraska?” esaten duenen, Hansel eta Gretelek “Haizea, haizea, zeruko umea” erantzuten diote. Haurrek entzuten duten ahotsa sorginarena edo norberaren kontzientziarena izan daitekeela interpretatu daiteke. Ipuin honetan, umeek jasandako garapeneko aldaketak, aldaketa fisikoak, psikikoak eta sozialak ikus daitezke; adibidez, egozentrismoa, bakardadea, beldurrak menperatzea eta sorginarekin bukatzea, eta gosearen asetzea, besteak beste.

Jatorrizko bertsioan hegaztiak (bukaerako ahatea izan ezik) ez dira agertzen. Hanselek basoan botatako ogi-mamiak basoko animaliek jaten dituzte, eta ez usoek, ohiko bertsioetan agertzen ohi den bezala. Egokitzapen gehienetan ere uso zuriek haurrei sorginaren etxetxora iristeko bidea erakusten die protagonistei, jatorrizko bertsioan ez bezala; Grimm anaien bertsioan, haurrek bidea bakarrik aurkitzen dute. Honek, istorioaren irakurketa ezberdinak egitera bideratu dezake. Sinbolikoki uso zuriak, erlijio, bakea, indarra eta zoriontasunarekin lotzen dira. Bestalde, ogi-mamiak jaten dituzten animaliek –aro horretan zegoen gosearen sinbolo izanik– haurrek aurkituko duten lehenengo arriskua adieraziko lukete.

Egokitzapenetan, hiru hegaztien agerpena dago: lehenengoak ogi-mamiak jaten ditu, bigarrengoak haurrei sorginaren etxerako bidea erakusten die eta hirugarrengoak etxera bueltatzeko bidea azaltzen die. Hiru hegaztiek beldurrak gainditzeko alde ona adierazten dute. Bestetik, jatorrizko ipuinaren bukaeran ahatea agertzen da, egokitzapen askotan beltxarga zuria dena. Honek, indarra, erlijioa, bakea eta zoriontasuna adierazten du; gainera, animalia agertzen den momentu horretan bi haurrak istorioan lehenengo aldiz banatzen dira, ekintza hori norberaren garapen pertsonalaren sustapena izanik. Hortik aurrera, Hansel eta Gretel bide ezberdinetatik joan eta bakarrik bizitzeko prest daude. Aditu batzuek, ahatea amaren sinboloa edo naturaren babesa dela esaten dute. Ahate hau erreka batean kokatzen da, eta erreka edota ura bataioarekin lotu daiteke. Haurrek etxera bueltatzeko erreka zeharkatu behar dute, trantsizioa eta hasiera berri bat sinbolizatuz. Urak aldaketa prozesua irudikatzen du, errekaren bi bazterrak erreferentziatzat hartuta. Honekin batera, basoan barrenatzea haurren inkontzientea adierazten du, hauen bakardadea edota isolamendua indartzearekin batera. Aldi berean, basoak sorginaren etxea eta gurasoen etxea banatzen ditu[3].

Nabarmena da ipuinaren gai nagusietako bat gosea dela (ogiaz irudikaturik). Honen eraginez, gurasoak haien seme-alabak basoan bakarrik uztera behartuta sentitzen dira, eurengandik edota gainontzeko herritarrenengandik janak izateari ekiditeko. Ondorioz, haurrak helduaroan goiz sartzen dira, gurasoek euren erantzukizuna alde batera utzi dutelako. Jatorrizko istorioan eta egokitzapenetan pertsonaien deskribapen fisikoa ez da ematen, ezta beraien adina zehaztu ere. Beraz, istorioa idazten duen egilearen arabera, hainbat irakurketa eta egokitzapen egin daitezke.

Aipatutakoaz gain, ipuin honek garai ezberdinetara egokitzeko gaitasuna du eta horrek, testuinguruaren arabera interpretazio ezberdinak egiteko aukera aurkezten du. Ildotik jarraituz eta Teresa Duránen artikuluari erreferentzia eginez, ipuina eta gaur egungo egoeraren arteko erlazioa honako hau izan daiteke: Hansel eta Gretel basoan barrenatzea eta zeharkatzea, munduan gosetea edota gerratearengandik aldentzeko beste herrialde batzuetara migratu beharreko haurrekin lotura egin daiteke; bestalde, ipuineko haurren gosetea munduko gosetearekin ere parekatzea lortzen da; eta azkenik, gurasoengandik abandonatuta izan diren haurrak errealitatean gertatzen den egoerarekin erlazionatzen da.[6]

Hansel eta Gretelen istorioan, gainontzeko ipuin klasikoetan ez bezala, bitxia da protagonista femeninoak ipuinean duen lekua; gehiengo kasuetan gizonezkoa izaten da neska edo emakumea salbatzen duen heroia, eta kasu honetan, alderantzizko egoera ematen da. Kontakizunean zehar Gretelek jasandako garapena nabaria da, hasiera batean neska bati inposatutako patroia betetzen baitu (negartia, beldurtia eta ahula) eta istorioaren bukaeran kontrako jarrera eta izaera bereganatzen baititu, gizarteak berez mutil bati egokitutakoak izan daitezkeenak. Era berean, Frantziako bertsio batek patroi berbera jarraitzen du: sorginaren lekuan deabrua kokatzen da, eta honek eta bere emazteak Hansel torturatzen dute, Gretel bere neba salbatuz eta hemen ere heroia izanik. Beraz, garai haietako begirunea kontuan izanda, ipuin klasikoekiko ikuspuntu berri bat emateko lagungarria gertatzen da; Hansel eta Gretel ipuinak eredu gisa jokatzen du, neskek beti printzesen eta mutilek, ordea, heroiaren papera betetzen ez dutelarik.

Irakaspenak aldatu

Ipuin honek irakurleari -gehienbat haurrei- beharrezko konfiantza eman nahi die, gurasoek aipatutako arrisku errealei zein beldur propioei aurre egiteko gai direla sinetsarazteko. Aldi berean, liburu mota honek haurrek gurasoengan duten heldutasunik gabeko menpekotasuna gainditzeko estimulua sortu eta garapen maila handiagoa lortzea areagotzen du, kidearenganako laguntzan ere konfiantza eskuratuz (Hansel eta Gretelen arteko kooperazioa erreflexu gisa dela-eta). Haurrei konfiantza ematean datza, etorkizunean munduan aurki ditzaketen zailtasun eta arriskuak menperatzeko gai direla irakatsiz, eta ondorioz, lorpen horrekin garaile sentiaraziz.[7]

Istorioaren egokitzapenak aldatu

Ipuinak aldatu

  • Abeyà, E. (1995). Hansel y Gretel. Bartzelona: La Galera. ISBN:84-246-1941-2
  • Abeyà, E. (2000). Hansel y Gretel. Bartzelona: La Galera. ISBN:84-246-2535-8
  • Barros Sola, V. (2002). Hansel eta Gretel. Madril: Cultural. ISBN:84-8055-582-3
  • Busquets, J. (2002). Hansel eta Gretel. Madril: Susaeta. ISBN:84-305-3447-4
  • Busquets, J. (2005). Txokolatezko etxetxoa. Madril: Susaeta. ISBN:978-84-305-5132-3
  • Caminos, M. (1998). Hansel eta Gretel. Donostia: Kriselu. ISBN:84-89923-43-4
  • Capdevila, R. (2002). Hansel y Gretel. Bartzelona: Cromosoma. ISBN:84-95732-08-4
  • Capdevila, R. (2002). Hansel y Gretel. Bartzelona: Círculo de Lectores. ISBN:84-226-9954-0
  • Cardeñoso, C. (1999). Cuéntame un cuento 3: cuentos de Grimm. Bartzelona: Timun Mas. ISBN:84-480-1144-9
  • Cardeñoso, C. (2009). Cuéntame un cuento de los hermanos Grimm. Bartzelona: Timun Mas. ISBN:978-84-08-08614-7
  • Cardeñoso, C. (2003). Kontaidazu ipuin bat. Donostia: Ttarttalo. ISBN:84-8091-557-9
  • Chicote, M. (2008). Cuentos clásicos para siempre. Bartzelona: Molino. ISBN:978-84-9867-277-0
  • Combes, M. (2015). Hansel y Gretel. Bartzelona: Planeta. ISBN:978-84-08-08848-6
  • Daynes, K. (2005). Hansel and Gretel. Londres: Usborne. ISBN:9781409591528
  • Dooley, J. (2009. Hansel & Gretel. Berkshire: Express publishing. ISBN:978-1-84466-518-1
  • Éditions Glénat. (2009). Hansel et Gretel. Issy-les-Moulineaux [France]: Glénat. ISBN:9782723468664
  • Gaudes, B. (2014). Hansel y Gretel. Madril: Cuatro Tuercas. ISBN:978-84-943443-2-9
  • Gidwitz, A. (2012). Una sonrisa roja como la sangre: la verdadera y horrible historia de Hansel y Gretel. Bartzelona: La Galera. ISBN:978-84-246-3779-8
  • Gipuzkoako Ikastolen Elkartea. (1991). Hansel eta Gretel. Donostia: Elkar. ISBN:84-7529-964-4
  • Gool, V. (1993). Hansel eta Gretel. Donostia: Ttarttalo. ISBN:84-8091-013-5
  • Grimm, J. (1993). La casita de chocolate. Bilbo: Cuenticolor. ISBN:84-7854-061-X
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (2005). Clásicos para contar. Madril: Libsa. ISBN:84-662-0868-2
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (1990). Grimm anaien ipuinak II. Bilbo: Gero-Mensajero. ISBN:84-271-1602-2
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (1986). Hansel eta Gretel. Bartzelona: Beascoa. ISBN:84-7546-258-8
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (2003). Txokolatezko etxetxoa. Bilbo: Gero-Mensajero. ISBN:84-271-2556-9
  • Grimm, J. eta Grimm, W. (1987). Txokolatezko etxetxoa. Madril: Susaeta. ISBN:84-305-1559-3
  • Igara. (1984). Hänsel eta Gretel. Madril: Anaya. ISBN:84-7525-168-4
  • Lagarde, L. (1984). Hansel eta Gretel. Belgika: Hemma Publishing. ISBN:2-8006-0320-82-8006-0359-3
  • Murua, M. (1999). Hansel eta Gretel. Donostia: Ttarttalo. ISBN:84-8091-541-2
  • Percy, G. (2009). Hansel eta Gretel. Bartzelona: Peralt Montagut. ISBN:978-84-8214-331-6
  • Ross, T. (1992). Hansel eta Gretel. Donostia: Ttarttalo. ISBN:84-7722-878-7
  • Satrustegi, J.M. (1974). Hansel eta Gretel. Bartzelona: Abadía de Montserrat. ISBN:84-7202-201-3
 
Hansel eta Gretelen antzezlanerako kartela (1936-1938)

Filmak aldatu

Opera aldatu

Märchenoper -maitagarrien ipuinen operak- lehen emanaldia 1893ko abenduaren 23an izan zen Alemanian, zehazki, Hoftheater de Weimar. Zuzendaria Richard Strauss (1864-11-06/1949-08-09)eta konpositorea Engelbert Humperdinck izan ziren. Hiru ekitaldi eta 11 eszena. Bi ordu irauten du.

Opera honetatik abiatuta aurkitu dezakegu haurrentzako ipuina:

  • Gioachino Rossini eta Carla Manea : Hansel eta Gretel (2016)

Irudi galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Gomez, Genaro. (2013). Grimm anaien ipuinak. Pamiela, 52-59 or. ISBN 9788476813126..
  2. Jauregi, Izaskun. Bazen behin... eta oraindik bada. (Noiz kontsultatua: 03/12/2017).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Bettelheim, Bruno. (1994). Psicoanálisis de los cuentos de hadas. Crítica, 190-197 or. ISBN 84-7423-692-4..
  4. (Gaztelaniaz) Hänsel y Gretel: Peligros de la adaptación simplificadora. .
  5. (Gaztelaniaz) Martín Garzo, Gustavo. (1998). Cuentos de Grimm. Grupo Anaya, 5-12 or. ISBN 84-207-9009-5..
  6. Durán, Teresa. (2016). «HÄNSEL Y GRETEL: ¿Por qué leer hoy...?» La página escrita (17).
  7. (Gaztelaniaz) Álvarez, Blanca. (2011). La verdadera historia de los cuentos populares. Morata, 59-62 or. ISBN 9788471126429..

Ikus, gainera aldatu

Bibliografia aldatu

  1. (Euskaraz) Gomez, G. (1999). Grimm anaien ipuinak. Nafarroa: Pamiela. ISBN 9788476813126.
  2. Grimm, KHM 015. KHM Grimm anaien ipuinen katalogoan erabilitako akronimoari deritzo: KHM Kinder- und Hausmärchen da (Haurtzaroko eta etxeko ipuinak)

Kanpo estekak aldatu