Guillaume de Machaut (Reimsetik hurbil, 1300 aldean - Reims, 1377ko apirila), Machau edo Machault izenez ere ezaguna, frantziar musikagile eta poeta izan zen. Frantziako XIV. mendeko musikagile eta poeta ospetsuena izan zen.

Guillaume de Machaut

Bizitza
JaiotzaReims, 1300
Herrialdea Frantzia
HeriotzaReims, 1377 (egutegi gregorianoa) (76/77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, poeta, idazlea eta kantugilea
Lan nabarmenak
Mugimenduamusika klasikoa
Erdi Aroko musika
Genero artistikoaars nova
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

IMDB: nm5588753 Spotify: 26CZyrNgtF9nzfUE8C8LFd Musicbrainz: 465ece07-367f-42f6-92b4-165a88180199 Songkick: 101987 Discogs: 833970 IMSLP: Category:Machaut,_Guillaume_de Allmusic: mn0001538744 Find a Grave: 20398230 Deezer: 1617880 Edit the value on Wikidata

Poeta gisa lirika molde berriak landu zituen, gaiak ia betikoak, didaktika alorrekoak eta alegiak, erabili bazituen ere. Obra liriko ugari idatzi zuen Ars nova deituriko teknika-moldeen barnean (rondoak, baladak, lai eta virelai poema-moldeak, gorteko musika). Voir-Dit («Egiaren esana») bere olerki ezagunenak, poeta adinduaren eta goi mailako neska gazte baten arteko amodioa du gai nagusia; poema horrek eragin handia izan zuen ondoko olerkariengan.

Musikaren arloan era askotariko lanak sortu zituen, elizkoiak eta profanoak, motetea eta erlijiotik kanpoko abestiak garatuz. Bere lanik ezagunena Messe de Nostre Dame («Andre Mariaren meza») konpositore bakarrak sortutako lehen meza polifonikoa da. XV.-XVI. mendeetako meza polifonikoen aitzindaritzat jo izan da.

Biografia aldatu

Guillaume de Machaut 1300. urte aldera jaio zen, Reimsen inguruko lekuren batean. Izan ere haren abizenak, Reimsetik hogeitamar km ekialdera dagoen Machault hiriaren izenetik eratorria dela dirudi. 1323an Joanes, Luxemburgeko kondea eta Bohemiako erregearen idazkari bilakatu zen[1]. Handik aurrera, Europan zehar egiten zituen bidaietan (Pragara, esate baterako) eta espedizio militarretan lagundu ohi zion erregeari[2]. Garai berean apaiztu zen, eta 1330ean Verdungo kalonje egin zuten, 1332an Arraskoa eta Reimskoa 1338an[3].

1346an Joanes erregea Crécyko guduan hil zenean, Machaut haren alaba Bonneren (1349an izurri beltzak jota hil zena) eta beste aristokrata batzuen zerbitzari bihurtu zen, hala nola, Karlos II.a Nafarroakoarena eta 1364an Frantziako errege bihurtu zen Karlos, Normandiako dukearena[2]. Izurri beltzaren atzaparretatik ihes egitea lortu zuen eta Reimsen bizi izan zen hil arte, konposizioak eginez eta bere lanaren eskuizkribuak zuzentzen.

1377an hil zenean, beste konpositore batzuek haren omenezko elegiak idatzi zituzten. Horietako bat François Andrieu izan zen.

Lanak aldatu

 
Guillaume de Machauten Dame, mon cuer en vous remaint rondoaren eskuizkribua

Guillaume de Machautek, gutxi gorabehera, 400 poema idatzi zituen, tartean 235 balada, 76 rondo, 39 virelay, 24 lay, 10 complaint eta 7 chants royaus. Forma poetiko eratu edo itxi hauek garatzeko eta kodetzeko lan asko egin zuen. Eskema bati jarraiki planeatutako errimak eraikitzen maisua zen, teknikari dagokionez, eta horregatik XVI. mendeko erretorikoen aitzindari izan zen. Era berean, forma erreflexiboak erabiltzen dituen moduak bere pentsaera filosofikoa agerian lagatzen du.

Bere poema askok ez dute musikarik, berarentzat garrantzitsuena poema bera idaztea baitzen, eta lehenbizi egitea, ondoren hari musika jartzea baino. Motete ugari ere sortu zituen erlijio gaiekin edo gerraren eta preso izatearen minei buruz, baina bere lan gehienek gorteko maitasuna dute gaia: dama batenganako mendekotasuna, edo poetaren pozak eta atsekabeak kontatzen dituztenak.

Bere lan liriko gehienak poema narratiboak edo dit izenekoak dira (kontakizunak edo literalki «esanak», ez baitira abestuak izateko, errezitatzeko baizik): esate baterako Le Remède de Fortune («Fortunaren konponbidea») eta Le Voir Dit («Benetako kontakizuna»). Lehen pertsonan idatzi ohi ziren eta zortzi silabatako pareatuetan, denak bat izan ezik, garai hartako roman frantsesen erara. Roman de la Rose ezagunaren konbentzio asko jarraitzen ditu: amets eta pertsonaia alegorikoen erabilera, kontalari-maitalea bere dama ase nahian edo berriro erakarri nahian aritzea, etab.

Aldi berean, zalduneriako kronika poetiko bat idatzi zuen, Prise d'Alejandrie («Alexandriaren konkista», 1369ren ondoan idatzia) Petri Lusignangoaren, Jerusalem eta Txipreko erregearen gorabeherekin, eta baita kontsolamendurako (Karlos Nafarroakoaren omenez idatzi, Frantzian preso zegoela, Bibliako eta Antzinateko indartsu izateko ereduak edo exempla erabiliz) eta filosofia moraleko lan poetiko batzuk ere.

Esan bezala, bere lanak eragin zuzena izan zuen, besteak beste, Eustache Deschamps, Jean Froissart, Christine de Pisan, Errenato I.a Napolikoa, Geoffrey Chaucer eta beste egile askorengan.

Lan narratibo nagusiak aldatu

  • Jugement du roy de Behainge («Bohemiako erregearen epaia», 1330eko hamarkadaren bukaera): Kontalariak maitalea hil zitzaion damaren eta bere damak traizio egindako zaldunaren arteko eztabaida entzuten du, bietatik zein den zorigaiztokoena erabakitzeko. Kontalariak Bohemiako erregeari eskatzen dio laguntza epaia emateko. Erregeak alegoriak kontsultatzen ditu eta zalduna erabakitzen dute garaile.
  • Le Remède de Fortune («Fortunaren konponbidea», 1341 aldera): Kontalariari bere damak galdetzen dio ea topatu duen poema berea den. Kontalaria ihesi doa, baina itxaropenak kontsolatu egiten du lorategi batean eta maitale ona izaten erakusten dio. Horrela bere damarekin itzultzen da.
  • Dit du Lyon («Lehoiaren kontakizuna», 1342): Kontalaria uharte magiko batera iristen da eta lehoi batek dama eder bat dagoen lekura darama. Zaldun zahar batek ikusten duena zer den azaltzen dio eta maitale hobea izan dadin gomendioak ematen dizkio.
  • Dit de l'Alérion edo Dit des Quatre Oiseaux («Lau txorien kontakizuna», 1349ren aurrekoa): Maitasun sinbolikoari buruzko ipuina. Kontalariak lau txori aireratzen ditu eta guztiek egiten diote ihes, baina, egun batean, lehena eta gogokoena zena beregana itzultzen da.
  • Jugement du roy de Navarre («Nafarroako erregearen epaia», 1349): Bohemiako erregearen epaia lana jarraiki, dama batek kontalariari errua egozten dio zalduna egiteagatik epaiaren irabazle. Nafarroako erregeari galdetzen diote eta poeta kondenatzen du.
  • Dit de la Fontaine amoureuse edo Livre de Morpheus («Maitasunaren iturriaren kontakizuna», 1361): Kontalariak bere damarengandik bereizi behar duen maitale etsia ezagutzen du. Bi gizonak iturri magikora iristen dira; bertam loak hartzen ditu eta ametsetan damak kontsolamendua ematen dio maitaleari.
  • Le Voir Dit («Benetako kontakizuna», ziur aski 1361 eta 1365 artean idatzia). Autobiografikoa izan liteke, Péronne d'Armentières izeneko 19 urteko neskatxarekin izandako maitasun harremana oroituz. Mauchauten maisulantzat hartzen da. Poemak maitalearen tristura eta bere damarengandik urruntzea eta maitaleari buruz esaten diren gaitz esanak agertzen ditu. Zorigaiztoko maitaleek trukatzen dituzten gutun eta poema lirikoen bidez osaturik dago.
  • Prise d'Alejandrie («Alexandriaren konkista», 1369ren ondoan idatzia).
  • Prologue («Hitzaurrea», 1372 aldean). Bere lanei buruzko poesia tratatua da. Izenburu hori eman zion, bere lanen bildumaren hitzaurrerako idatzi zuelako.

Diskoak aldatu

  • 2002 - "Intégrale des motets", Ensemble Musica Nova, dir. Lucien Kandel, Zig-Zag Territoires 021002.2 (2 CD).
  • 2009 - "Ballades", n°. 23, 37, 13, 28, 21, 29, 22, 17, 19, 34, 14, Ensemble Musica Nova, Lucien Kandel zuz., Aeon AECD 0982.
  • 2010 - "Messe de Notre-Dame", Ensemble Musica Nova, Joseph Rassam, organoa, Lucien Kandel zuz., Aeon, AECD 1093.
  • 2011 - "Guillaume de Machaut. Sacred and secular music. Messe de Nostre Dame", Ensemble Gilles Binchois, Dominique Vellard zuz., Brilliant Classics 94217 (3 CD eta Cd-rom-a).

Erreferentziak aldatu

  1. McComb, Todd M.. Guillaume de Machaut (c.1300-1377). in: Early Music FAQ. medieval.org.
  2. a b Eisenstein, Robert. About Guillaume de Machaut. in: The Medieval Lyric. mtholyoke.edu.
  3. Guillaume de Machaut (c. 1300-1377). Machaut.weebly.com.

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Guillaume de Machaut