Guardia Gorria (errusieraz: Красная гвардия) 1917ko Errusiar Iraultzan parte hartzea izan zuen langileek osatutako erakundea izan zen.

Goardia Gorriko kideak fabrika batean.

Ezaugarriak aldatu

“Goardia gorria” izena, antza denez, lehen aldiz Vladimir Bontx-Bruievitx boltxebikeak bota zuen, eta 1917ko martxoaren 26an Alderdi Boltxebikeak “Behin-behineko Gobernuari buruz” deitutako adierazpenean erabiltzeak, izen honi ospe handia eman zion. Guardia Gorria erakunde “barreiatu” bat zen, hau da, tokiko guardia gorriek tokiko agintea zuten (eta ez beti egitura berarekin, soldata berarekin edo araudi berarekin), ez zegoen Errusia Osoko mailako Guardia Gorrien aginterik. Erakundea, Behin-Behineko Gobernu burgesaren indar polizialekiko kontra-botere bat izan zen, batez ere langile-auzoetan funtzionatzen zuena. Hala, “Botere bikoitzaren” aroko fenomeno tipiko bat izan zen. 1917ko uztailean, soilik Petrograden, 20.000 eta 30.000 guardia gorri zeuden, euren burua Konstantin Jurenev zelarik. Moskun ere Guardia Gorria oso handia zen, beste hiri batzuetan ez hainbeste (Leonard Schapiroren arabera, Urrian, Errusia osoan 200.000 guardia gorri zeuden)[1].

Historia aldatu

Sorrera aldatu

 
Leon Trotsky Goardia Gorriari zuzentzen.

1917ko martxoan Petrograden eta apirilean Moskun, sortu zen langile erakundeetako bat izan zen. Guardia Gorria, ez zuen ez Sobietak ez Alderdi Boltxebikeak sortu[1].

Sobietak 1917ko otsail-martxoan Petrogradeko Sobietak “Polizia herriak aukeratutako milizia batez ordeztea” Behin-Behineko Gobernua osatzeko baldintza bezala jarri bazuen ere, azkenean milizia hori Udal-milizietan, eta ez langile milizietan oinarritzea onartu zuen. Bestalde, egia bazen ere boltxebikeek eragin handia zutela Guardia Gorri ezberdinengan, eta hiri ezberdinetan Guardia Gorriak sortzea bultzatu zutela; kideak ez ziren soilik boltxebikeak, eta Goardia Gorri ezberdinek ez zuten Alderdiarekiko lotura formal organikorik[1].

Batez ere Lantegietako Komiteek (fabzavkomi) eta Sindikatuek sortu zuten Guardia Gorria, bere lehen helburuetako bat lantegiak sabotajearengandik eta lapurretengandik babestea izan zen. Kidetza boluntarioa zen (nahiz eta langile erakunderen batek, batez ere boltxebikeek edo gertukoren batek abalatuta izateak, kide gisa onartua izateko errazten zuen), eta euren armak Otsaileko Egunetan arpilatutako armategi tsaristetatik zetozen nagusiki. Guardia Gorriak ez zuen uniformerik, eta eskumuturrekoa erabiltzen zuen identifikazio gisa. Martxoan Petrograden sortu baziren ere, Petrogradeko Guardia Gorriaren lehen estatutuak apiril bukaeran egin ziren. Askotan (Petrograden hala ez bazen ere), Guardia Gorriak tokiko Sobieten ardurapean zeuden, eta kasu gutxi batzuetan, tokiko komite boltxebikeen pe[1].

Goardia Gorriaren jarduera aldatu

Goardia Gorria uztailean klandestinitatera joan bazen ere, abuztuan berriz itzuli zen: Petrogradeko Guardia Gorriak paper handia izan zuen Korniloven Estatu-kolpea garaitzen: Behin-Behineko Gobernuak armak eman behar izan zizkien (eurak izan baitziren Estatu-kolpeari aurre egitera atera ziren lehenak) eta gerora arma horiek itzultzeari uko egin zioten. Hala, Alderdia armatuta geratu zen. Urriko Iraultzaren egunetan, Petrograden eurek hartu zituzten hiriburuaren puntu garrantzitsu gehienak: Neva ibaiko zubiak, Kresti kartzela eta posta eta telegrafo zerbitzuaren eraikina. Neguko Jauregiaren kontrako erasoan parte hartu zuten 11.000 soldaduetatik, 3.000 bat guardia gorriak ziren. Hurrengo egunetan, hirian bertan izan ziren matxinada kontrairaultzaileen (Kerenski-Krasnov matxinada eta junkerren matxinada) kontrako borrokan Gobernu Sobietarra defendatu zuten. 1918ko urtarril eta otsailean, Ukrainan Radaren eta Sobieten arteko borroken testuinguruan izan ziren Kharkoveko eta Kieveko matxinada gorrietan ere paper handia jokatu zuten[1].

Armada Gorria eta desegitea aldatu

1918ko otsailean Armada Gorria sortzerakoan, Guardia Gorria honen ernamuina izan zen. Hala ere prozesua ez zen guztiz automatikoa izan: toki batzuetan tokiko guardia gorriek ez zuten bat egin Armada Gorria osatzeko prozesuarekin (toki batzuetan boltxebikeak ez ziren beste fakzio batzuk, anarkistak, maximalistak edo eseristak, indartsuak izan ahal zirelako, edo Armada bakar bat osatzeko pausuarekin desados egon zitezkeelako); baina Armada Gorriko lehen brigadetako kide gehienak Guardia Gorritik etorri ziren. Guardia Gorria 1918ko apirilean disolbatu zen[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f Guardia Gorria, K17, 2017-08-30. CC0 Domeinu Publikoa

Kanpo estekak aldatu