Glaziologia

Glaziarrak, horiekin erlazioa duten prozesuak eta horiek paisaian dituzten ondorioak aztertzen dituen zientzia.

Glaziologia (latineraz glaciesizotz” eta grezieraz λόγος (logos) "hitza", "adierazpena"; biak elkartuz "izotzaren azterketa") glaziarren azterketa zientifikoa da, izotza eta izotzarekin zerikusia duten fenomeno naturalen azterketa barneratzen dituena. Glaziologia diziplina arteko zientzia da, geofisika, geologia, geografia fisikoa, geomorfologia, klimatologia, meteorologia, hidrologia, biologia eta ekologia barneratzen dituenak. Glaziarrek gizakiongan eduki ditzaketen eraginak giza geografiaren eta antropologiaren eremuak hartzen ditu.[1]

Deskribapena aldatu

 
Morrena laterala Behe-Theodul Glaziarrean Gorner Glaziarrarekin elkartzen (Zermatt, suitza).

Glaziologiak antzinako eta gaur egungo fenomeno ugari aztertzen ditu. Fenomeno hauek, zabalera, distribuzioa, zergatiak, ezaugarriak, prozesuak, dinamikak, sailkapenak eta uraren inplikazioa solido eran dira, naturan aditzera eman daitekeen forma guztietan (glaziarrak, izotza, elurra, txingorra eta abar).

Ikerketa esparru honek hainbat arlo aztertzen ditu, Antartika eta Groenlandiako izotz-mantuetatik, antzigar eta txingorreko izotz-partikuletara, mendiko glaziarretatik, elurretik, izotz ozeanikotik, aintzira-izotzetatik eta ibai-izotzetik igaroz. Bestalde, permafrostaren ikerketa, aldizka izozte-urtzeak jasaten dituzten lurzoru izoztuak, geokriologia deituriko atalari dagokio.

Historia aldatu

Gizakiak aspaldian izan du interesa elurrarekiko, izotzarekiko zein glaziarrekiko. Horren ondorioz, glaziarren inguruko erreferentzia anitz topa daitezke saga islandiar zein aintzinako hainbat kontakizunetan. Glaziologia disziplina zientifiko modura XVIII. mendean sortu zen. Hainbat izan ziren sorrera horren eragileak, besteak beste, eremu polarretara eginiko esplorazio bidaiak eta Europan aisialdi garaia Alpeetan igarotzen zuen gizarte klasearen emendioa. Ondorioz, izotz eta elurraren inguruko interes zientifikoa sustatu zen. Glaziologiaren sorrera eta garapena estuki loturik dago geografia glazialarekin. Sorrera honetan, berebiziko garrantzia izan dute Mijaíl Lomonósov geografo errusiarraren lanek, zeina XVIII. mendean Errusiako Itsas Armadak, hainbatetan Siberiako artikora bidali zuen ordezkapen geografikoak egitera. 1763an, “Iparraldeko itsasoetako zeharbideen deskribapen laburra eta siberiar ozeanoa zeharkatuz ekialdeko Indietara iristeko aukeraren demostrazioa” izeneko lana argitaratu zuen. Lan horretan, izotz-mugimenduen lege orokor bat proposatu zuen, eta bertan emandako oinarrizko sailkapena oraindik ere onartua da. Errusiako geografia-eskolak, Lomonosov-en legatuari jarraituz, ikuspegi integratzailearekin ikerketarekin jarraitu zuen. Gerora, beste hainbat ikerketa garrantzitsu egon dira munduko beste lurraldeetan,  Ignaz Venetz Suitzarrak buruturikoa, Agassiz-eko teoria glaziala edota William Morris Davisen ziklo geografikoaren teoriaren egiaztapena bultzatu zuen geografia glazialaren modelizazioa. Egun ezagutzen dugun glaziologia bere horretan, ez zen XX. mendera arte sortu, britaniarrek eta italiarren buruturiko lanen ondorioz batik bat.  II. mundu gerraren amaieran indarra hartu zuen, emandako garapen teknologikoen eta gerra jarduerek eskatzen zuten tundra eta eremu polarren ezagutza geografikoaren garapenaren eraginez. [2][3]

Hainbat dira arlo honen aitzindariak[4]:

  • 1703: Johann Heinrich Hottinger-ek “Descriptio montium glazialium Helveticorum” lana argitaratu zuen, non izotz-mendien jatorria eta mugimenduak zalantzan jartzen dituen.
  • 1706: Johann Jakob Scheuchzer-ek "Suitzako historia naturala" argitaratu zuen, non Alpeetako glaziarren azterketa zientifikoa burutzen duen.
  • 1779: Horace-Bénéimts de Saussure (1740-1799) “Voyage dans les Alpes” argitaratu zuen, 1787an Mont Blancera igo zen bere altuera neurtzeko; glaziar hitza ezartzen du “glacière” hitzaren ordez.
  • 1821: Ignace Venetz-ek (1788-1859) Bloke Erratikoak “klima glaziarretan” garraiatu zirelaz konbentzitu zuen  Jean de Charpentier-i (1786-1855).
  • 1840: Louis Agassizek (1807-1873), 1837an izotz aroaren existentzia zientifikoki frogatu ondoren,  “Étude sur les glaziers” lana argitaratu zuen. Garai berean, Jules Dumont d'Urville Adeliako lurretara iritsi zen eta James Clark Ross Ross itsasoa, Antartikako mendikatea eta bi sumendi (Erebus eta Monte Terror) zeharkatu zituen izotz-harresia gaindituz.
  • 1881: François-Alphonse Forelek izotz geruzen inguruko lehen ikerketa sistematikoa argitaratu zuen.

Klima aldaketaren eragina glaziarretan aldatu

XX. mendean, Lurra 0.6± 0,2 ºC-z berotu zen batez beste. 1800 urteaz geroztik emandako berotze azkarra, maila globalean neurtu izan da. 2019an, batazbesteko tenperatu globala XX.mendeko batazbestekoa baino 0.95 ºC altuagoa izan zen, erregistratutako bigarren urterik beroena bihurtu zelarik. Erregistraturiko 10 tenperaturarik altuenetatik 9 2010az geroztik eman dira. [5]

Klima aldaketak glaziarretan eragin nabarmena dauka. Penintsula Antartikoaren inguruan esaterako, tenperatura munduko batez bestekoa baino sei aldiz gehiago berotzen ari da. 1950-2000 bitartean airearen tenperatura 2,5 ºC-tan igo zen. Eskualde horretako berotze azkarra 1930ko hamarkadan hasi zen. Urteko airearen batez besteko tenperatura -9 ºC isotermoa hegoalderantz mugitu da, izotz-xaflen kolapsoa eta glaziarren errezesioa eraginez. Berotze erritmo hau ezohikoa den arren, ez da aurrekaririk gabea, James Ross uhartetik erauzitako izotz laginetan ikusi denez, duela 600 urte hasi zen berotze fasea, gerora azkartzen joan dena. [6]

Glaziarren errezesio globala aldatu

Mundu osoan zehar, glaziarrak murriztuz eta deuseztatuz doaz. Egun behatzen den itsas mailaren igoeraren %75aren eragile dira glaziarren errezesioa eta igoera termikoa. Glaziarrek erantzun-denbora laburra dute, ondorioz, aire-tenperaturaren aldaketei eta prezipitazioei azkar erantzuten diete. Munduan zehar, eremu menditsuetako hainbat glaziar bertoko giza-populazioentzako ur iturri garrantzitsua dira, garai lehorretan hornidura iturri garrantzitsuak direlarik. Glaziarren paper garrantzitsu hau glaziarren errezesioarengatik mehatxaturik dago. [7]

Emakume glaziologoak aldatu

Glaziologian emakumeen parte hartzea disziplina bera bezainbeste hedatzen da denboran nahiz eta emakumeen ekarpen zientifikoak garaiko egoera soziopolitikoen eraginez mugatuta egon diren. 1948an argitaratu zen lehen aldiz emakume batek idatziriko artikulu zientifiko bat, "Journal of Glaciology" aldizkarian azaldu zena, aldizkariaren sorreratik urtebetera. 80ko hamarkadara arte, ordea, ez ziren ehunera iritsi emakumeek idatziriko artikulu zientifikoak disziplina honen baitan. [8]

Hona hemen zenbait emakume glaziologo [8]:

 
Erin Christine Pettit Rothera estazioan

Erreferentziak aldatu

  1. Benn, Douglas I.. (1998). Glaciers & glaciation. Arnold ISBN 0-340-58431-9. PMC 38329570. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  2. (Ingelesez) Clarke, Garry K.C.. (1987). «A short history of scientific investigations on glaciers» Journal of Glaciology 33 (S1): 4–24.  doi:10.3189/S0022143000215785. ISSN 0022-1430. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  3. (Ingelesez) Pering, Tom. (2009). The History and Philosophy of Glaciology. http://www.volcano-blog.com/uploads/6/9/7/6/6976040/the_history_and_philosophy_of_glaciology.pdf or..
  4. (Ingelesez) Robin, Gordon de Q.; Swithinbank, Charles. (1987). «Fifty years of progress in understanding ice sheets» Journal of Glaciology 33 (S1): 33–47.  doi:10.3189/S0022143000215803. ISSN 0022-1430. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  5. (Ingelesez) Davies, Bethan. (2020). Climate Change. .
  6. (Ingelesez) Davies, Bethan. (2021). Glacier change in Antarctica. .
  7. (Ingelesez) Global glacier recession. .
  8. a b (Ingelesez) Hulbe, Christina L.; Wang, Weili; Ommanney, Simon. (2010). «Women in glaciology, a historical perspective» Journal of Glaciology 56 (200): 944–964.  doi:10.3189/002214311796406202. ISSN 0022-1430. (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).

Kanpo estekak aldatu