Giza geografia giza populazioa (kokapena, bilakaera demografiko eta espaziala, eta abar) aztertzen dituen geografiaren atala da (zentzu zabalean, geografia ekonomikoa, historikoa, politikoa, eta abar ere hartzen ditu bere baitan)[1]. Hori dela eta, ikerketa kualitatiboak erabiltzen dituen zientzia hau geografiaren bi atal nagusienetako bat da, bestea geografia fisikoa izanik.

John Snow-ren mapa, Londreseko 1854ko epidemiako kolera kasuen multzokatzea erakusten duena. Giza geografiaren erabileraren lehen kasuetako bat da.

Lurraren propietate fisikoak deskribatzera eta teorizatzera zuzenduta egon ez zen lehen lan geografikoetako bat John Snow medikuak Londreseko kolera agerraldia irudikatzeko egin zuen mapa bat da. Osasun-geografiaren adibide goiztiarrenetako bat da. Hala ere, giza geografiari buruzko lehen lan osoa, Anthropogeographie izenekoa, Alemanian agertu zen 1899an, Friedrich Ratzel geografoaren eskutik. XX. mendearen hasieran, geografo frantziarrek (Paul Vidal de La Blache, Albert Demangeon, Max Derruau, Élisée Reclus) bultzada handia eman zioten geografiaren adar honi. Azken horren La Nouvelle Géographie universelle, la terre et les hommes lana giza geografia ikuspuntu ekologikoa kontuan hartuta garatu zuen lehena izan zen.

Giza geografia sortzeko erabiltzen diren metodoak geografia orokorrarenak dira gehienetan. Prozedura kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiltzen dira, besteak beste inkestak, analisi estatistikoak, ereduen formulazioa, kasuen ikerketa, etab. tresna kuantitatiboei dagokienez, eta kualitatiboei dagokienez, orokorrean giza zientzietan (demografian, antropologian, historian, soziologian) erabiltzen diren guztiak.

Eremuak aldatu

Denboran zehar, giza geografia adarretan zatitzen joan da. Honako hauek dira nagusienak:

  • Geografia kulturala: Arau eta produktu kulturalen eta haien arteko harremanen azterketa da. Hizkuntzak, erlijioak eta beste fenomeno kultural batzuk espazioan eta denboran zehar nola aldatzen diren edo mantentzen diren aztertzen du.
  • Garapen-geografia: Gizakien bizitza-maila eta bizi-kalitatea aztertzen ditu.
  • Geografia ekonomikoa: Sistema ekonomikoek espazioan duten kokapena, egitura eta beste faktore batzuk aztertzen ditu, bai eta ekonomiak eta ingurune fisikoak duten harremana ere, esaterako natur baliabideen banaketa espaziala eta antzekoak.
  • Osasun-geografia: Osasuna eta gaixotasunak aztertzen ditu ikuspuntu geografikotik.
  • Geografia historikoa: Egungo ikuspuntutik historiak duen interpretazioari euskarri geografikoa ematen dio, eta iraganean "erreal" izandako material geografikoak ere aztertzen ditu. Eskualdeak denboran zehar nola aldatu diren ere ikertzen du.
  • Geografia politikoa eta geopolitika: Prozesu politikoek dituzten ondorio espazialak aztertzen ditu, bai eta, kontrako zentzuan, espazioak prozesu politikoei nola eragiten dien.
  • Demografia eta biztanleriaren geografia: Kokapen espazialak eta toki bakoitzeko inguruneak populazioen banaketa, osaera, hazkunde eta beste zenbait faktoreri nola eragiten dion aztertzen du. Gizakiak ez diren beste izaki bizidunak ere aztertzen ditu demografiak (zentzu honetan biogeografiarekin lotura estua du).
  • Geografia soziala: Teoria sozialei eta soziologiari lotutako geografia da, eta fenomeno sozialek duten osagai espaziala aztertzen du.
  • Mugikortasun-geografia: Mugikortasunari lotutako fenomeno geografikoak aztertzen ditu.
  • Giza kokaguneen geografia: Adar honetan hirien geografia sartzen da, eta giza kokaguneek dituzten ondorio geografikoak aztertzen ditu. Hirien, herrien eta populazio trinkoko guneak aztertzen ditu batez ere, eraikinak, azpiegiturak, sareak, jarduera ekonomikoak eta antzeko beste esparru batzuk esaterako.

Erreferentziak aldatu

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Geografia. .

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.