Gin[1] destilatutako alkoholdun edaria da, nagusiki ipuru (Juniperus communis) aleek emandako dasta duena. Jatorriz Herbehereetakoa, mundu osoan hedaturik dago gaur egun. Eskuarki 40 gradu izan ohi du, baina 60 gradukoak ere daude. Gozoa, lehorra edo erdi-lehorra izan daiteke. Beste edariekin nahasturik (gin tonic) edo hutsik edan daiteke.

Gin
jenever (en) Itzuli
Historia
Honen izena dujenever (en) Itzuli

Historia aldatu

Gina Espainiar Herbehereetan asmatu zuten, XVII. mendearen erdialdean, eta jenever izena eman zitzaion (nederlanderaz; ustez, Franciscus Sylvius mediku eta anatomistak destilatu zuen lehenengoz. Handik Ingalaterrara iritsi zen 1688ko Iraultzaren ondoren. Garagardoa egiteko erabiltzen ez zen garagar soberakina destilatzen hasi ziren, eta egiten hain erraza zen edari merkea bere egin zuten metropoliko eta kolonietako britainiarrek.[2]

Fabrikazioa aldatu

Alkohola latz duen edari gogorra da gina, %40 eta %50 artean. Alkohol hori laboreetatik sortzen da: garagarra, garia, zekalea edo oloa ernatu, lehortu eta eho egiten da. Irina beratu eta berotuta, aleak zuen fekula azukre sinple, sakarosa, bihurtzen da. Gehitutako legamiak azukre hori alkohol bihurtuko du. Alkohol hori fintzeko destilatu egingo da, hiru aldiz destilatu: lehenengoan irinaren muztioa kenduko zaio, beste bietan aho sabaira aparteko dasta emango dioten landareak erantsiko zaizkio.[3]

Ginak derrigor behar duen landare bakarra ipurua da, ipar-ipurua (Juniperus communis). Ginean ez bezala, tankerako beste edari batzuk egiteko hego-ipurua (Juniperus oxycedrus), ere onartzen da. Ipar-ipuruaren fruitu koxkorrak dira ginari bere oinarrizko dasta erantsiko diotenak. Oinarrizkoa diot, gin bakoitza aparteko landare nahasketak osatu eta jantzi egingo baitu. Adibidez, Citadelle frantziar ginak hango eta hemengo hemeretzi landare erakusten ditu botilan: Frantziako ipar-ipurua, izar-anisa (Illicium verum), bioleta zuztarra (Viola sp.) eta azitraia (Satureja sp.), Espainiako limoi azala (Citrus limon) eta arbendola (Prunus dulcis), Indiako intxaur muskatua (Myristica fragans) eta kardamomoa (Elettaria cardamonum), Alemaniako aingeru-belarra (Angelica archangelica), Marokoko martorria (Coriandrum sativum), Mexikoko laranja azala (Citrus x sinensis), Txinako erregaliza (Glycyrrhiza glabra), Javako piperbeltza (Piper cubeba), Mediterraneoko mihilua (Foeniculum vulgare), Italiako ostargi-belar horiaren zuztarra (Iris pseudacorus), Sri Lankako kanela (Cinnamomum verum), Indotxinako kassia (Cinnamomum aromaticum), Afrikako melegeta (Aframomum melegueta) eta Herbehereetako kuminoa (Cuminum cyminum).[3]

Ginarekin prestatutako koktelak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Gin da erabili beharreko hitza Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua arabera, eta ez *Ginebra.
  2. Irazustabarrena, Nagore. Gin tonic: malariaren eta eskorbutoaren aurkako edabea. Argia astekaria, 2012ko martxoak 25, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-21).
  3. a b Errekondo, Jakoba. Gin jantzia. Argia astekaria, 2012ko maiatzak 29, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-22).

Kanpo estekak aldatu