Gilbordura elementu lerden konprimituetan gertatzen den ezegonkortasun elastikoa da. Fenomeno honengatik, konpresio-norabide nagusiarekiko zeharkako desplazamendu nabarmenak sortzen dira.

Fenomeno hau, ingeniaritza estrukturalean, batez ere zutabeetan agertzen da. Zutabe edo elementu lerdenak akzio-esfortzu axial handiak jasaten baditu, gilbordurarengatik flexio gehigarri bat izango du.

Sarrera aldatu

Gilborduragatik agertzen den makurdurak zutabe edo edozein elementu lerdenaren konpresiorako erresistentzia izugarri mugatzen du. Batzuetan, konpresiozko karga axial batengatik, gilbordura-karga kritikoa deiturikoagatik, ezegonkortasun elastiko bat gerta daiteke. Orduan, deformazioa handitzen da, ondorioz, tentsio gehigarriak sortzen dira, haustura tentsioa gainditzen da eta elementu estrukturala hondatzen da. Makurdura-gilborduraz gain, tortsio-gilbordura edo tortsio-momentu gehiegizkoagatik sortutako gilbordura dago.

Gilborduragatik egiturak huts egiteko era desberdinak daude. Elementu estruktural batentzat hauetako batzuk egiaztatu behar dira sarritan; honela aplikatutako kargak, karga kritikoetatik urrun daudela ziurtatzen da. Ondorengoak dira gilbordura gertatzeko era arruntenak:

  • Makurdura gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua albo baterantz flexionatzen da zeharkako sekzioan aldaketarik eta biraketarik jasan gabe.
  • Tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua ebaketa zentroarekiko biratzen da.
  • Flexio-tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua aldi berean biratu eta flexionatzen da zeharkako sekzioan aldaketarik jasan gabe.
  • Albo-tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan flexioan dagoen elementuak flexio-planoarekiko makurdura normala eta aldi berean ebaketa zentroarekiko biraketa jasaten ditu.

Flexio-gilbordura aldatu

Zutabe eta saretetako barra konprimituek, lerdentasun mekanikoaren arabera, hainbat eratan huts egin dezakete.

  • Zutabe oso lerdenek gilbordura elastikoagatik huts egiten dute eta sentikorrak dira zutabearen gilbordura lokala eta egitura osoaren gilbordurarekiko.
  • Lerdentasun ertaina duten zutabeetan; eraikuntza-inperfekzioak eta heterogenotasunak oso nabariak izaten dira, eta batzuetan gilbordura ez-elastikoa gerta daiteke.
  • Zutabe baxuek, hau da, lerdentasun txikia dutenek, gehiegizko konpresioagatik huts egiten dute, gilborduraren efektuak garrantzitsuak izan aurretik.
 
Konpresioaren ondorioz sortzen den gilbordura.

Kanpo estekak aldatu