Gertrudis de la Fuente

Gertrudis de la Fuente Sánchez (Madril, Espainia 1921eko abuztuaren 21a - ib., 2017ko urtarrilaren 23a) biokimikaria, farmazian doktorea eta Ikerkuntza Zientifikoen Kontseilu Nagusian (CSIC) ikerkuntzako irakasle izan zen. Entzimologian espezializatua, Biokimikan espainiar aitzindari izan da. Espainiar Gobernuak olio toxikoaren sindromearen konponbiderako eratutako komisioa koordinatzearen arduradun izan zen.[1] Alberto Sols biokimikariarekin batera, Gertrudisen lana erabakigarria izan zen Entzimologiaren Institutuaren sorkuntza eta garapenean, “Alberto Sols” Ikerkuntza Biomedikoen Institutuan bihurtuko zena, CSIC eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren zentro mistoa.[2]

Gertrudis de la Fuente

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGertrudis de la Fuente
JaiotzaMadril1921eko abuztuaren 21a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril2017ko urtarrilaren 23a (95 urte)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Complutense Unibertsitatea
Isabel Katolikoa Institutua
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakbiokimikaria
Enplegatzailea(k)Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia
Madrilgo Unibertsitate Autonomoa
KidetzaSociedad Española de Bioquímica y Biologia Molecular (en) Itzuli

Biografia aldatu

Gertrudis de la Fuente 1921eko abuztuaren 21ean jaio zen Madrilen. Zientzialari garrantzitsua ez ezik, emakume argia, eskuzabala, arduratsua eta saiatua zen. Familia umilekoa zen, aita burdinbideetako langile. Baina familiak, kulturarekiko eta jakintzarekiko gogoa sustatzen jakin zuen, baita justizia eta berdintasunarekiko konpromisoa ere. Horrela, Gertrudisek oso gaztetatik erakutsi zuen ikasteko eta jakiteko etengabeko nahia.  

Sei urte zituenean, familiarekin batera Caceresko burdinbideetako herrixka batera lekualdatu zen. Bertan burutu zituen lehen mailako ikasketak, landa gune hartan emakumeek lehen edo bigarren mailako ikasketetatik haratago ikasten ez zutelarik.[3] Honen ondorioz, ezin izan zuen bertan batxilergora sarbide izan, 1935.urtera arte bere aita jubilatu eta hiriburura bizitzera itzuli ziren arte.[4] Berehala nabarmendu zen, geometriarekiko grin handia erakutsiz.

Gizartearen oztopoak aldatu

Bere haurtzaroan, treneko makinista izatearekin amesten zuen, baina garai horretan gizonezkoentzat bakarrik esleituta  zeuden lanbide horiek. Emakumeek soilik lehen edo bigarren hezkuntzara sarbidea izan zezaketen.  Gertrudisek XX. mendearen erdialdean emakume espainiarrek zituzten arazo klasikoak pertsonifikatu zituen: hezkuntza eskuraezina, lanbide pentsaezinak eta gizonezkoen azpitik kokatzen zituzten aurreiritziak.[5] Baina, familiak erakutsitako baloreen artean, berdintasuna egoteaz gain, aitonaren ahotik entzun zituen honako hitzak: “Horretarako balio badute, neskek ere ikasi egin behar dute.” Horrela, erraza izan ez bazen ere, bere ikasteko nahiari jarraituz, batxilergoa amaitzea lortu zuen, 1942.urtean, 21 urterekin, bere ikasketak eten behar izan baitzituen Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz.[6]

Ikasketak eta eginiko ibilbidea lan munduan aldatu

Batxilergoa amaituta, bere etorkizuna Kimikan zegoela ulertu zuen. 1948an Madrilgo Complutense unibertsitatean Kimika Zientzietan lizentziatu zen,[6] non biokimikarekiko interesa piztu zitzaion. Kimikako unibertsitate ikasketak burutzen zituen heinean, Fisika Zientzietako karrerako klaseetara joaten zen, matrikulatua egon ez arren, irakasleekin zuen harreman onari esker. Farmazia Fakultatean, Angel Santos Ruiz Biokimikako katedradunarekin doan lan eginez hasi zuen bere ikertzaile ibilbidea. Aldi berean, lehen hezkuntzako eskola batean zientzietako klaseak ematen zituen, horrela eskuratuz lehenengo soldata. 1950ean doktoradutza tesia egiteko beka bat lortu zuen 1954an amaitu zuena. Tesia amaitu baino lehen Alberto Sols ezagutu zuen, eta honek berarekin lan egitea eskatu zion. Horrela, tesia amaitutakoan bere laborategian sartu zen, berarekin batera ikerketa ugari eginez eta artikuluak idatziz, besteak beste, Nature aldizkari ospetsuarentzat.[7]

1956.urtean, kolaboratzaile postua lortu zuen CSIC-ean oposizioz. Urte horretan, lantaldea Ikerkuntza Biologikoen Zentrora lekualdatu zen, Gregorio Marañon Institutuaren parte bilakatuz, zeinetan Sekretario izan zen.  1960an, ikertzaile plaza lortu zuen, urte gutxitan Ikerkuntza Irakasle izatera iritsiz. 1970ean, CSICeko Entzimologia Institutu izena dagoeneko harturik, lantaldea Madrileko Unibertsitate Autonomoko Medikuntza Fakultatean kokatu zen. Fakultate honetan, Gertrudis ad honorem katedratikoa izendatua izan zen, biokimikako irakaskuntza garatu eta fakultate berria abian jartzeko. Ia 20 urtez, institutu honen Sekretario izan zen.[6] Bestalde, oso modu aktiboan parte hartu zuen bai Biokimikako Elkarte Espainiarraren baita Biokimikako Elkarteen Federazio Europearraren sorreran ere.

1981ean, olio toxikoaren sindromearen ikerkuntza koordinatzera zuzendua izan zen, urtebete geroago, “Comisión Asesora de Toxicología” –ko lehendakari bihurtuz.

Azken urteak aldatu

Klaseak ematen eta tesiak gidatzen jarraitu zuen jubilaziora arte. 70 urterekin, 1991.urtean, utzi zuen bere lanbidea. Gertrudisen legatua film labur batean jasoa izan zen, 2016ko udaberrian estreinatu zena Gertrudis (la mujer que no enterró sus talentos) izenburupean. 95urterekin hil zen, 2017ko urtarrilaren 23an, biriketako gaixotasun baten ondorioz.[5]

Ekarpenak aldatu

Nature aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen lehenengo ikertzailea izan zen, bertan, Angel Santos Ruizek esleitutako legamiaren pirubiko deskarboxilasaren ikerketaren zati bat argitaratu baitzuen.[6] Alberto Sols-ekin ikerkuntza ugari burutzeaz gain, artikuluak ere idatzi zituzten aldizkari ospetsu honetarako.

Bai bere argitalpen zientifiko ugarietan, baita oro har bere ibilbide profesionalean ere, azpimarratzekoa da inguruan zituen pertsonei laguntzeko sentsibilitate paregabea agerian geratzen zela. Bere irakaspenak ez dira soilik zientifikoak izan, baita etikoak ere, solidaritate amaigabea erakutsiz.

Zientziari egindako ekarpenen artean azpimarratzekoa da Medikuntza ikasketen curriculumean biokimika sartu izana, orduan, ez baitzen entzimen ikerketa aintzat hartzen gaixotasunen diagnostikoan. Izan ere, ikerketa ugarik (asko berak gauzatuak) erakusten zuten entzimek gaixotasun jakin batzuen diagnostikoan paper garrantzitsua jokatzen zutela.[7]

Entzimologian espezializatutako lehen emakume espainiar biokimikaria izanik, erabakigarria izan zen bere lana Alberto Sols-ekin batera CSIC-ari atxikitutako Entzimologia Institutuaren sorreran eta garapenean.[2]

Sindrome toxikoaren konponbidearen bilaketarako gobernuak sortu zuen komisioa koordinatzearen arduradun izan zen. Olio toxikoaren sindromea, 1981eko udaberrian Espainian gertatutako pozoitze masiboa izan zen. Asmo industrialekin gauzatutako koltza olioaren desnaturalizazioak eragin zuen, giza kontsumorako merkatuan amaitu baitzuen, 20.000 pertsona baino gehiagori eraginez eta 300 hildakotik gora utziz.  Sindrome toxikoari dagokionean eginiko ekarpenaz gain, entzimologiaren, patologia molekularraren eta azukreen metabolismoaren inguruko proiektu ugari burutu zituen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Gertrudis de la Fuente, bioquímica | Efemérides | Mujeres con ciencia» Mujeres con ciencia (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  2. a b (Gaztelaniaz) «La científica Gertrudis de la Fuente es homenajeada - csic.es» www.csic.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  3. (Gaztelaniaz) «Gertrudis (La mujer que no enterró sus talentos)» fibabc (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  4. «Fallece a los 95 años Gertrudis de la Fuente, pionera de la bioquímica» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  5. a b (Gaztelaniaz) noticias.universia.es. «Gertrudis de la Fuente, una científica para recordar» Noticias Universia España (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  6. a b c d S.L., Desarrollo4App,. «Gertrudis de la Fuente (1921–2017) | Revista de la Sociedad Española de Bioquímia y Biología Molecular | SEEBM» www.sebbm.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).
  7. a b (Gaztelaniaz) «Gertrudis de la Fuente, primera bioquímica española - innovación en español» innovaspain 2017-07-25 (Noiz kontsultatua: 2018-05-11).