George Washington (1732ko otsailaren 22a1799ko abenduaren 14a) Ameriketako Estatu Batuetako armadako buruzagia izan zen Independentzia Gerran (1775-1783) eta, Britainia Handiari gailendu ostean, Estatu Batuetako (AEBetako) lehen presidentea izan zen zortzi urtez (1789-1797).

George Washington

Estatu Batuetako Armadaren Komandante

1798ko uztailaren 13a - 1799ko abenduaren 14a
James Wilkinson (en) Itzuli - Alexander Hamilton

1. Ameriketako Estatu Batuetako Presidentea

1789ko apirilaren 30a - 1797ko martxoaren 4a
Office established (en) Itzuli - John Adams
Hautetsia: 1788-89ko Amerikako Estatu Batuetako hauteskunde presidentziala, 1792ko Amerikako Estatu Batuetako hauteskunde presidentziala
1. Ameriketako Estatu Batuetako Presidente-Hautetsia

1789ko urtarrila - 1789ko apirilaren 30a
← baliorik ez - John Adams
Hautetsia: 1788-89ko Amerikako Estatu Batuetako hauteskunde presidentziala
Society of the Cincinnati (en) Itzuli lehendakari

1783ko ekainaren 19a - 1799ko abenduaren 14a - Alexander Hamilton
Estatu Batuetako Armadaren Komandante

1775eko ekainaren 15a - 1788ko abenduaren 23a
member of the Virginia House of Burgesses (en) Itzuli

1758 - 1776
Bizitza
JaiotzaWestmoreland konderria (Virginia)1732ko otsailaren 22a
Herrialdea Britainia Handiko Erresuma  (1732ko otsailaren 22a -  1776ko uztailaren 4a)
 Ameriketako Estatu Batuak  (1776ko uztailaren 4a -
BizilekuaFiladelfia
Westmoreland konderria (Virginia)
New York
Mount Vernon
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaMount Vernon eta Mount Vernon (Virginia)1799ko abenduaren 14a (67 urte)
Hobiratze lekuaWashington's Tomb (en) Itzuli
Mount Vernon
Heriotza moduaberezko heriotza: Epiglotitisa
acute laryngitis (en) Itzuli
Familia
AitaAugustine Washington
AmaMary Ball Washington
Ezkontidea(k)Martha Dandridge Custis Washington  (1759ko urtarrilaren 6a -  1799ko abenduaren 14a)
Anai-arrebak
Familia
LeinuaWashington family (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, nekazaria, kartografoa, geometer (en) Itzuli, ingeniaria, estatu-politikaria, iraultzailea, idazlea eta army officer (en) Itzuli
Altuera74 hazbete
Jasotako sariak
KidetzaFramazoneria
Amerikako Sozietate Filosofikoa
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Société d'agriculture de Paris (en) Itzuli
Society of the Cincinnati (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Adar militarraArmada Kontinentala
Ameriketako Estatu Batuetako Armada
Graduamajor general (en) Itzuli
lieutenant general (en) Itzuli
General of the Armies of the United States (en) Itzuli
koronel
Parte hartutako gatazkakAmeriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra
Philadelphia campaign (en) Itzuli
Frantsesen eta Indiarren Gerra
Boston campaign (en) Itzuli
Battle of Fort Necessity (en) Itzuli
New York and New Jersey Campaign (en) Itzuli
Northwest Indian War (en) Itzuli
Braddock Expedition (en) Itzuli
Battle of the Monongahela (en) Itzuli
Battle of Jumonville Glen (en) Itzuli
Yorktown campaign (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEstatu Batuetako Eliza Episkopalianoa
Alderdi politikoahautagai independente

Allocine: 37001 Allmovie: p369907
Musicbrainz: b0eb9de7-74d7-4177-9ac0-4f54cf462c76 Find a Grave: 6781 Edit the value on Wikidata

Armada matxinoaren buruzagi izendatu zuten 1775ean. Hurrengo urtean, britainiarrak Bostonetik egotzi zituen, baina New Yorken porrot egin zuen urte haren hondarrean. Hala ere, Delaware ibaia gurutzatu zuen eta etsaia ustekabean harrapatu zuen. Estrategia haren ondorioz, matxinoek bi armada britainiar atzeman zituzten, Saratogan eta Yorktownen.

Zatikatze indarren eta porrotaren aurka borrokatuz eta kongresuarekin, estatu kolonialekin eta frantziar aliatuekin negoziatuz, armada eta aberri ahul bati eutsi zion. 1783an, guda amaitu ostean, Mount Vernongo etxaldera joan zen.[1]

1780ko hamarkadaren amaieran aberri jaioberriaren konfederazioaren artikuluen ahuleziaren beldur zela, Filadelfiako Bilkurako lehendakaria izan zen eta bertan 1787ko AEBetako konstituzioaren zirriborroa bultzatu zuen. 1789an, AEBetako presidente bilakatu zen eta gobernu berriaren usadio eta ohitura ugari finkatu zituen. Britainia Handiaren eta Frantziaren arteko gudek urratzen zuten mundu batean bizirik irauteko gai izango zen herrialde sendo bat sortu gura zuen. 1793ko bere neutraltasun aldarrikapenak kanpoko gudak saihestu zituen. Gobernu zentral indartsu bat ezartzeko, zerga sistema, banku nagusia eta barne-zorra sortu zituen. Bere ospea erabili zuen Jeffersondarren aurka egiteko eta 1795ean Britainia Handiarekin sinatutako Jay Itunaren karietara bake hamarkada bat hasi zen. Alderdi Federalistan inoiz sartu ez arren, haren programaren alde agertu zen eta sorkuntzaren bultzatzaileetako bat izan zen. Washingtonen agur-hitzaldia dohain errepublikazaleen eta kanpoko guden aurkako aldarrikapenaren eredutzat hartzen da.

Gaztaroa aldatu

George Washington 1732ko otsailaren 22an jaio zen, Pope Creekeko familiaren etxaldean, gaur egungo Westmorelandeko Colonial Beach konterritik hurbil, Virginian. Augustine Washingtonen eta haren bigarren emaztea Mary Ball Washingtonen lehen semea izan zen. Aitak eta anaia nagusiak hezi zuten etxean.[2]

Gaztetandik, Washington soro-neurtzaile izan zen eta, beraz, bere sorterria, Virginia, eta ingurumariak ondo ezagutzeko parada izan zuen. 1748an nekazari karrerari ekin zion eta Blue Ridgeko mendebaldeko Farifax Baroiaren lurrak neurtzeko kontratatu zuten. 1749an, lehen kargu publikorako izendatu zuten, Culpeper konderriko neurtzaile, eta Lawrence Washington haurriderdiaren bitartez, mendebaleko lurrak ustiatu gura zituen Ohio konpainian interesatu zen. 1751n, George eta haurrideerdia Barbadosera joan ziren, Bush Hill etxera, Lawrencen birikeriak hobera egingo zuelakoan. Hori izan bide zen atzerrira joan zen aldi bakarra. 1752ko Lawrenceren heriotzaren ostean, George Washingtonek familiaren etxaldearen zati bat jarauntsi zuen eta Lawrenceren koloniarekiko urgazlearen betebehar batzuk bere gain hartu zituen.

1752an, Virginia miliziako barrutiko jeneral urgazle izendatu zuten, horrek hogei urterekin komandante bihurtu zuen. Haren beharra bere gudaletxean miliziaren trebatzeaz arduratzea zen. Hogeita bat urte zituenean, Fredericksburgen, hargin beltz sartu zen.

1753ko abenduan Robert Dinwiddie Virginiako gobernadoreak Ohioko mugako frantziarrei ultimatum mezu bat helarazteko bidali zuen Washington. Hark frantziar militarren indarra eta asmoak ere baloratu behar zituen. Mezua Le Boeuf frantziar gotorlekuei luzatu zien, gaur egunean Pennnsylvaniako Waterford hirian, baina haiek ez zioten jaramonik egin Ohio lurraldetik at ateratzeko mezuari eta hori zela eta bi botere kolonialak munduko guda bidetik abiatu ziren. Washingtonen auzi horren txostena Atlantikoko bi aldeetan askok irakurri zuen.

Frantsesen eta indiarren gerra (Zazpi urteko guda) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Frantsesen eta Indiarren Gerra»

1754an, Dinwiddiek George Washington teniente koronel izendatu zuen, eta frantsesak Fort Duquesnetik egozteko agindu zion. Tanacharisonek gidatutako indiar aliatuekin batera Washingtonek Joseph Coulon de Jumonvillek agintzen zuen 30 gizoneko frantziar esploratzaileen taldea harrapatu zuen, zelata batean. Hala ere, Fort Necessityn frantziar eta indiarren armada handiago eta hobeto gotorturiko batek Washington eta aliatuak zanpatu zituen. Kapitulazioaren zehaztapenetako batek George Washingtonek Jumonville Glen borrokan esploratzaileak eta haiekin batera gidaria hil zituela adierazi zuen. Frantziarrek askatu zutenean, Washington Virginiara itzuli zen, bertan, kargutik kendu baino lehen, dimisioa eman zuen.

1755ean, Washington Edward Braddock britainiar jeneralaren laguntzailea izan zen zorigaiztoko Monongahelarako espedizioan. Hartan, Ohio lurraldea berreskuratzeko ahalegin handia egin zuten, baina Braddock hil zuten eta espedizioa porrot itzela izan zen. Hala ere, Washington Monongahelako heroia izan zen. Gudu-zelaian gora eta behera ibili omen zen britainiar eta virginiar borrokalariak biltzen ordenan atzera egiteko. Ekintza horren ondorioz, Washingtoni mugetako aginte zail bat eman zioten Virginiako mendietan eta koronel, eta Virginiar indar armatu guztien nagusi izendatu zuten.

1758an, Washington Forbes espedizioaren partaide izan zen brigada-jeneral bezala. Espedizio hartan, frantziarrak Fort Duquesnetik bota zituzten eta britainiarrak Pittsburghen kokatu ziren. Urte haren hondarrean, Washingtonek armada bertan behera laga zuen eta hurrengo hamasei urteetan politikari eta nekazari ibili zen.

Guden arteko garaiak aldatu

Frantsesen eta Indiarren Gerrako atsedenaldi batean, Martha Dandridge Custisen lagun batzuek aurkeztu zioten. Hura, alarguna zen eta Pamunkey ibaiko hegoaldeko ertzean bizi zen. George bitan baino ez zen bere etxera joan ezkontzeko eskatu aurretik; elkar ezagutu eta hiru astetara besterik ez. Georgek eta Marthak 27 urte zituzten, 1759ko urtarrilaren seian, ezkondu zirenean. Ezkontza Martharen etxean egin zen, Etxe Zurian zeritzonean; geroago, AEBetako lehendakariaren etxeak izen bera izango zuen. Ezkonberriak Mount Vernonera bizitzera joan ziren eta Georgek politiko eta nekazari tuckahoe baten bizimodua hartu zuen. Bikotea ondo konpondu zen elkarrekin eta Marthak aurretik izandako bi seme-alaba hezi zituzten. Seme-alaba haiek Martharen eta Daniel Parke Custisenak ziren: John Parke custis eta Martha Parke Custis edo “Jackie” eta “Patsy”. George eta Marthak ez zuten inoiz seme-alabarik izan. Ziurrenik, nafarreriak eta birikeriak antzu utziko zuten. Gerora, biloba bi hezi zituzten: Eleanor Parke Custis (”Nelly”) eta George Washington Parke Custis (“Washy”), haien aita 1781ean zendu zenean.

Alargun aberatsa batekin ezkondu zenez Washingtonen ospea eta ondarea nabarmen handitu ziren. 18.000 akreko (73 km2) Custis etxaldearen herena bereganatu zuen eta gainontzekoa Martharen umeen izenean ustiatu zuen. Berak, askotan, lur-sailak erosi zituen eta Mendebaldeko Virginian lurrak eman zizkioten frantziar eta indioen aurkako gudan emandako zerbitzuen truke. 1775erako, Washingtonek Mount Vernonen tamaina bikoiztu zuen, 6.500 akre eta 100 esklaborekin. Heroi militarra eta landa-jabe ospetsua zenez funtzionario lokal egin zuten eta Virginako probintziako legebiltzarrerako, Burgeseen etxea, hautatu zuten. Fairfaxeko epailea ere izan zen eta Alexandrian, Virginian, izan zuen epaitegia 1760tik 1774ra.

George Washingtonek 1769ko erresistentzia mugimenduan paper nagusia jokatu zuen. Beraren lagunak, George Masonek, zirriborratu zuen proposamenaren alde egin zuen. Hartan, Townshend legeak atzera bota arte, ingeles salgaiei boikota egiteko aldarrikapena egiten zuten. Parlamentuak 1770ean Townshend legeak kendu zituen.

Washingtonek haien herrikideak defendatzeko interes bizia ere agertu zuen. 1771ko otsailaren 21ean, adibidez, Neil Jamesoni gutun bat idatzi zion Jonathan Plowman Jr. Baltimoreko merkatariaren izenean. Boston fragatak Plowmanen itsasontzia bahitu zuen debekaturiko salgaiak esportatzeagatik. Eskutitzean, Washingtonek Jamesoni laguntza eskatu zion itsasontzia berreskuratzeko.

1774ko lege jasanezinei “gure eskubide eta pribilegioen” aurkako eraso iritzi zien. 1774ko uztailean Fairfax Ebazpenak egin zituen bilkura-burua izan zen. Haietan, beste gauzen artean, Kongresu Kontinentala egiteko eskatu zuten. Abuztuan, Virginiako lehenengo batzarrera joan zen eta lehen Biltzar Kontinentalarako ordezkari izendatu zuten.

Amerikar iraultza aldatu

1775ko apirilean borroka piztu ondoren, Washington bigarren Kongresu Kontinentalean uniforme jantzita agertu zen. Horrela, gudarako prest zegoela adierazi nahi izan zuen. Washingtonek bazeukan ospea, eskarmentu militarra, karisma, militar itxura, abertzale sutsua izateko sona, eta gainera hegoaldea bere aldekoa zen, batez ere, Virginia. Komandanteburua ez zuela izan nahi esan bazuen ere, ez zegoen besterik. Kongresuak 1775ko ekainaren 14an armada kontinentala sortu zuen. Hurrengo egunean, Masachusetseko John Adamsen izendapenean, Washington maior-jenerala aukeratu zuten eta Kongresuak komandanteburu izendatu zuen.[3]

1775ko uztailean, Washingtonek bere gain hartu zuen Kontinental armadaren aginpidea Cambridgen, Masachusets, Bostongo setioan. Haren armadaren bolbora falta larriaz jabetu zenean, Washingtonek iturri berriak lortzeko eskatu zuen. Britainiar bolborategiak arpilatu zituzten (baita Karibeko batzuk ere) eta haiek egiteko zenbait ahalegin ere egin zuten. 1776. urtearen hondarrean, hornidura nahikoa (2,5 milioi libra gutxi gorabehera) lortu zuten, batez ere, Frantziatik. Geldialdi luzean, Washingtonek armada berrantolatu zuen eta artilleria Dorchester Gainetan hirira begira ipini zuenean, britainiarrek erretiratu behar izan zuten. Bostonetik atera zirenean, Washingtonek New York hirira mugitu zuen armada.

 
George Washingtonek Delaware zeharkatzen du 1776an.

Kongresu kontinentaleko gainerako abertzaleen zeharo aurkakoak izan arren, britainiar egunkariek goresten zituzten Washingtonen gaitasun militarrak eta nortasuna. Are gehiago, Parlamentuko bi alderdiek miresten zituzten amerikar jeneralaren adorea, jasapena eta armadakideen ongizatearen gaineko ardura eta edozein britainiar xumek haien armadaburuengan espero izango zituen ahalmenen eredutzat hartu zituzten. Washingtonen politikari uko egiteak misio militarrari lotutako eta alderdien borroka guztien gainetik zegoen armadaburuaren ospea ezarri zuen.

1776ko abuztuan, William Howe jeneral britainiarrak itzelezko erasoari ekin zion, bai lehorrean, bai itsasoan. Xedea, New Yorkez jabetzea eta hitzarmen negoziatua eskaintzea zen. Armada kontinentalak, momentu hartan Estatu Batu independente sortu berrien armada dagoeneko, britainiarrei buru egin zien Long Islandeko batailan; guda osoko borrokarik handiena. Washingtonen armada nekez irten zen borroka hartatik eta atzera egin behar izan zuen New Jerseyn zehar. Porrot horrek armada kontinentalaren geroa kolokan utzi zuen, baina 1776ko abenduaren 25ko gauean, Washingtonek kontraeraso jo zuen eta armadaren abangoardian Delaware ibaia zeharkatu zuen. Ekintza hartan, 1000 hessear atzeman zituzten Trentonen, New Jerseyn.

1777ko irailaren 11n, Brandywine borrokan Washington garaitu zuten. Irailaren 26an Howe Washingtoni gailendu zitzaion eta Philadelphiara sartu zen inolako oztoporik gabe. Washingtonen armadak alferrik eraso zion Germantowngo garnizioari urrian. Bitartean, New Yorkeko Saratogan Burgoyne harrapatu zuten. Howek ezin izan zion lagundu eta azkenean errenditu behar izan zen. Bataila haren ondorioz, Frantzia gudan sartu zen amerikarren aldean eta iraultza mundu-guda bilakatu zen. Washingtonek Philadelphia galdu zuenean, biltzarkide batzuek Washington agintetik kendu nahi izan zuten, baina Washingtonen aldekoek haren alde egin zuten eta arerioek atzera egin behar izan zuten.

Washingtonen armadak 1777ko abenduan Valley Forgen ezarri zuen kanpalekua. Neguan, armadako 10000 gizonetatik 2500 hil egin ziren, gaixotasun edo hotzak jota. Hurrengo udaberrian, berriz, armada Valley Forgetik atera zen ordena zorrotzean. Von Steuben baroiak ikuskatutako trebatze programari esker gertatu zen aldaketa hori. Baroi hori prusiar estatu nagusiko beteranoa izan zen eta Alemaniatik ekarri zuten armada amerikarra antolatzeko. 1778an britainiarrek Philadelphiatik atera ziren eta New York hirira gorde ziren. Bitartean, Washington New Yorken inguruetan geratu zen, eta 1779an, John Sullivan jeneralak (Washingtonen gidaritzapean) lur-kiskaliko kanpaina egin zuen New York estatuko iparraldean Tory eta irokesen erasoen mendekua hartzeko. Kanpaina hartan, berrogei bat herrixka irokes txikitu zituen. 1781ean frantziarrek itsasoan lortutako garaipen baten ondoren amerikar eta frantziarrek Virginian britainiar armada bat atzeman zuten. 1781eko urriaren 17an, britainiarrak Yorktownen errenditu zirenean, borroka amaitu zen. Gudako eta gudaren osteko arrakastek ospetsua egin bazuten ere, Washingtonek borrokatu zen bederatzi batailetatik hiru besterik ez zituen irabazi.

1783ko martxoan, Washingtonek haren eraginaz baliatu zen armadako ofizialen talde bat sakabanatzeko. Talde horrek haien atzeratutako ordainketak zirela eta, kongresuaren aurka egiteko mehatxua egin zuen.

Parisko itunean (1783ko irailean sinatu zen), Ameriketako Estatu Batuetako independentzia onartu zen. Washingtonek armada sakabanatu zuen eta azaroaren 2an soldaduei hitzaldi hunkigarria bota zien. Azaroaren 25ean, Britainiarrak New Yorketik atera ziren eta Washington eta gobernadorea hiriaz jabetu ziren. Fraunces tabernan, abenduaren 4an, Washingtonek ofizialei agur esan zien eta abenduaren 23an komandanteburu kargua utzi zuen. Zintzinato erromatar jeneralak egin zuen moduan hark ere boterea errefusatu zuen eta haren etxaldera bildu zen. Denbora tarte hartan Konfederazioaren artikuluen pean AEBek ez zuten lehendakaririk izan eta gobernuaren antolaketa ezberdina zen.

Washingtonen Mount Vernonerako erretiroa ez zen luzea izan, izan ere, mendebaldeko mugarako esplorazio bidaia egin zuen 1784an eta 1787ko udan Filadelfiako konbentzio konstituzionalera joan zen. Konbentzio hartan, aho batez, lehendakari hautatu zuten, baina gutxitan hartu zuen parte eztabaidetan (artikulu batzuen aurka edo alde bozkatu zuen arren). Haren ospeak batasuna eta ordezkarien lana bultzatu zituen eta ordezkari haiek lehendakariaren kargua Washington gogoan zutela arautu zuten. Hori zela-eta, lehendakaria haren kabinetea osoa aukeratzeko gai izango zen konstituzio berrian. Konbentzioaren ostean haren ospea eta eraginaren karietara askok konstituzioa onartu zuten, Virginiako biltzarrak ere, eta azkenean 13 estatuek sinatu zuten.

Agintaldia 1789-1797 aldatu

Hautatzaileen batzarrak Washington aho batez aukeratu zuen 1789ko, eta berriro 1792ko hauteskundeetarako. Bera izan da bozen %100a jaso zuen bakarra. John Adams izan zen bere presidenteordea. Washingtonek AEBetako lehendakari kargua zin egin zuen 1789ko apirilaren 30ean New Yorkeko Federal Hall-en, berak hasiera batean nahi ez bazuen ere.

AEBetako lehenengo kongresuak Washingtoni 25.000 dolar ordaintzeko bozkatu zuen, 1789an soldata handia zena. Washingtonek, jadanik aberatsa, uko egin zion, izan ere, oso estimatzen baitzuen funtzionario publikoaren haren ospea. Hala ere, Kongresuak berriro eskatu zionean, onartu behar izan zuen. Kongresuak etorkizuneko lehendakarigaiak ahalik eta elkargorik handienetik ateratzea nahi zuen eta soldataren beharra ez zuen batek hartzea aurrekari arriskutsua zitekeen.

Washington karguaren hotsaz eta zeremoniaz arduratu zen; haren ezaugarriak eta tituluak errepublikazale samarrak izan zitezen eta ez europar erregeen gortekoak bezain hanpatuak. Horretarako, “Mr. President” titulua gurago zuen eta ez iradokitzen zizkioten beste izen handientsuak.[4]

Washington gaitasun handiko administraria eta nortasunen eta trebetasunen epaile dohatsua izan zen. Normalean, azken erabakia hartu baino lehen kabinetearen bilkurak egiten zituzten. Eguneroko lanetarako: sistematikoa, kementsua eta txukuna zen eta erabakitzailea bazen ere, beti eskatzen zizkien besteen aburuak.

Washingtonek bigarren agintaldi batean izan zen lehendakaria, gogoz kontra baina. Hala eta guztiz ere, hirugarren bati uko egin zion, eta horrela, gehienez bi agintaldien ohitura ezarri zuen. Ohitura hori lege bilakatu zen konstituziorako 22. zuzenketan.

Barneko auziak aldatu

Washington ez zen alderdi politiko bateko kidea eta ez zuen haiek sortzea nahi, beldur baitzen gobernuari arazoak eta moteltasuna sor ziezazkioketela. Aholkulari hurbilenek, hala ere, lehenengo alderdi-sistema ezarri zuten, bi fakzio sortu baitziren 1790etik aurrera. Alexander Hamiltonek, Washingtonen gobernuko Diruzaintza Idazkariak, plan handiak zituen kredituan oinarritutako eta, gainera, finantzen aldean indartsu izango zen herrialde bat finkatzeko. Hartara, Hamiltonek Alderdi Federalistaren funtsak ezarri zituen. Thomas Jefferson, berriz, ideologia errepublikazale baten alde agertu eta mugimendu horren buru jarri zen. Gogor egin zien Hamiltonen ekimenei, nazio barneko kontuetan banku zentralaren gaian batez ere. Washington bat zetorren Hamiltonekin eta bere big government kontzeptuarekin (gobernu zentral, edo federal, indartsua).

1791n, Kongresuak destilatutako alkoholen gaineko zerga batek kexuak sortu zituen mugetako barrutietan, batez ere, Pennsylvanian. 1794an, Washingtonek kexatiak epaitegietara deitu zituenean, kexua matxinada handia bilakatu zen, Whiski iraultza delakoa, hain zuzen ere. Armada federala oso txikia zenez, Washingtonek 1792ko milizia legea erabili zuen Pennsylvania, Virginia eta beste estatu batzuen miliziak biltzeko. Gobernadoreek tropak bidali zituzten eta Washingtonek aginpidea hartu zuen.

Barruti matxinoetara joan zenean, ez zen borrokarik gertatu, baina horrek agerian utzi zuen gobernu berriak bazuela gaitasuna bere burua defendatzeko. Bitan besterik ez zuten AEBetako lehendakariek eurek aginpidea hartu, eta hau izan zen horietako bat. Hori ere izan zen gobernu federalak konstituzio berriaren pean estatu eta herritarren gainean autoritatea ezartzeko indar militarra erabili zuen lehenengo aldia.

Kanpoko auziak aldatu

1793an Frantziako gobernu iraultzaileak Edmond-Charles Genêt, “Genêt hiritarra“ deitutakoa, bidali zuen AEBetara. Gênetek amerikar ontziei itsaslapurretak egiteko baimen gutunak banatu zizkien britainiar ontziak harrapa zitzaten. Aldi berean, britainiar eta frantziarren arteko gudan amerikarrak euren alde jarri zitezen hiri nagusietan sozietate demokrata-errepublikar sare bat antolatu zuen. Washingtonek barne interferentzia hau arbuiatu zuen, sozietate horiek baliorik gabe utzi eta Genêt Frantziara itzularazi zuen.

Hamiltonek eta Washingtonek Jay hitzarmena negoziatu zuten britainiarrekin, komertzio harremanak normalizatzeko, mendebaldeko gotorlekuetatik botatzeko eta Iraultzak lagatako zorrak kitatzeko. John Jayk negoziatu zuen eta 1794ko azaroaren 19an sinatu zuten. Jeffersondarrak Frantziarren alde zeuden eta gogor egin zioten hitzarmenaren kontra. Hala ere, Washingtonek eta Hamiltonek iritzi publikoari eragin zioten eta Senatuaren berrespena lortu zuten. Britainiarrek Aintzira Handien inguruko gotorlekuak hustu, Kanadar muga ezarri, Iraultza aurreko zor asko kitatu eta Mendebaldeko Indietako koloniak irekin zizkioten amerikar komertzioari. Are gehiago, hitzarmenak britainiarrekiko guda saihestu zuen eta bake hamarkada oparo bat ekarri zuen. Beste alde batetik, hitzarmenak frantsesak iraindu zituen eta eztabaida politikoetako gai nagusia izan zen.

Auzitegi Gorenerako izendapenak aldatu

Auzitegi Gorenerako izendapenak
Izena KarguaUrtea
John Jay Epaile nagusia  1789
William Cushing Epaile elkartua  1789
John Rutledge Epaile elkartua  1789
James Wilson Epailea  1789
John Blair Epailea  1789
James Iredell Epailea  1790
Thomas Johnson Epailea  1792
William Paterson Epailea  1793
John Rutledge Epaile nagusia  1795
William Cushing Epaile nagusia (izendapena kolokan) 1796
Samuel Chase Epailea  1796
Oliver Ellsworth Epaile nagusia  1796

Agur-hitzaldia aldatu

Washingtonen agur-hitzaldia (1796an jendaurreko gutun gisa argitaratu zen) amerikar balio politikoen adierazpenik esanguratsuena izan zen. Washingtonek berak zirriborratu zuen, Hamiltonen laguntzarekin eta, besteak beste, honetaz hitz egin zuen: konstituzioaren garrantziaz, legearen indarraz, alderdiak izatearen kalteaz eta herritar errepublikazaleen benetako dohainez. Hitzaldian, beste alde batetik, hauxe esan zuen: “moralitateak gobernu popularraren iturria izan behar du” eta “arrazoiak eta eskarmentuak erlijioa printzipiorik gabe ezin dela gailendu dioskute” —horrela, gizartearekiko erlijioaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen—.

Washingtonek ohartarazi zuen herri-aferetan kanpoko eraginen kontra eta Amerika Europako aferetan sartzearen aurka. Era berean, alderdikerien aurka gaztigatu zuen eta politikariei on komunaren alde egiteko esan zien. Amerikak, esan zuen, arreta jarri behar die soilik amerikar interesei. Herrialde guztiekin salerosketan jarduteko aholkatu zuen, baina, Europako gudetan eta epe luzerako aliantzetan sartzearen aurka hitz egin zuen.

Washington eta esklabotza aldatu

George Washington hamaika urte bete zituen unetik izan zen pertsona esklaboen jabe, hil arte. Lehen sorta heredentzia bidez jaso zuen, eta hil baino lehenago, bere etxalde Mount Vernonen asignatutako 317 pertsonen propietatea kontrolatzen zuen. Bere testamentuan ezarri zuenez, bere esklaboak askatzeko agindu zuen, baina 317 haietarik 123 ziren bakarrik pertsonalki Washingtonenak. Gehienak emazteak jasotako heredentzia batekoak izan ziren, eta horiek ezin ziren askatu orduko Virginiako legeen arabera. 123 esklabo pertsonalak, ordea, 1800. urtean libre bilakatu ziren, Washington hil ondoren.

Mount Vernonen baldintzak ez ziren bereziki krudelak, beste plantazio virginiar batzuekin alderatuta, non tabakoaren landaketaren ekonomia koloniala eta gizarte antolakuntza esklabotzaren instituzioan oinarritzen zen. Washingtonen esklaboek elkarren arteko ezkontzak baimenduak zituzten, eta erlijio desberdinak edukitzeko askatasun erlatiboa (erlijio afrikarrak barne). Hala ere, esklaboak pozik inon bizi zirenik esatea okerra litzateke, eta izatez, ihes saiakerak egon ziren Mount Vernonetik, batzuk arrakastatsuak.[5] Eta izatez, indarkeria ere gertatzen zen, eta horren inguruko iritzia aldekoa izan zuen Washingtonek. Gutunetan gordea dago etxaldeko arduradun bati agindu ziola honako: "Egon beti zure jendearekin han. Ez dago beltzek lana ondo eta lasai egiteko beste modurik; izan ere, begirale batek bizkarra ematen dienean, gehienek lana arinduko dute, edo erabat alfer geratuko dira. " Zigor gogorrak onartzen ziten (batzuetan "zuzenketa" eufemismoak deskribatua, correction) "lotsagabea" izatearen laido itxuraz arinengatik ere bai. 1793an, Washingtonek aurreko urte batzuetako kontu batzuk idatziz jarri zituelarik, emakumezko jostun esklabo bati emandako zigorra egokia izan zela gogoratu zuen, nola plantazio kudeatzaileak gogo bereokia zuela salatu zuen, baina hala ere, emakumea zigortzeko gogo berezirik izan gabe, baimena eskatu zion Washingtonek. Ugazabak erantzun zuen baietz, "emakumezko hau edo beste zerbitzariren batek ez badu bere eginbeharra bidezko bidez egiten, edo lotsagabeak badira, zuzendu egin behar dira."[6]

 
Zergak ordaintzeko prestaturiko dokumentua, 1788. urtekoa, jabetza batzuk zehaztuz: 26 zaldi eta 12 urtetik gorako beltz esklaboak, izenarekin zerrendatuak.

Washingtonen ekintzek eta adierazpen pribatuek esklabotzari buruz zuen jarreran eboluzio luzea iradokitzen dute, esperientzian eta kontzientziaren iratzartze posiblean oinarrituta. Hala ere, Washingtonek ez zuen adierazpen publikorik egin esklabotza edo askapenari buruz Virginiako legegile gisa, ezta buruzagi militar edo Estatu Batuetako presidente gisa ere. Gaztetan, esklabo gehienek egiten zuten bezala jokatzen zuen: esklabo-lanez erabat baliatzen zen, jende esklaboa erosi eta saltzen zuen, eta baita zorren ordainketa gisa langile esklaboak onartu ere beste jabe batzuengandik, haurrak barne, mailegu bat kobratzeko era gisa.

Amerikako Iraultzaren ondoren (1775 – 1783), bere adierazpen pribatuak, bere Virginiako pareen jarrera ekonomiko eta politikoekin baino gehiago abolizionistekin lerrokatu ziren, 1789 inguruan, esklabotzaren gaineko bere "damua" hain indartsu bihurtu zen arte, non azkenean testamentua idatzi zuen bere langile esklaboak askatzeko. George Washington izan zen bere esklabo guztiak askatzen zituen AEBetako errepublikao "aita fundatzaileen" esklabo-jabeen artean, bere esklabo guztiak askatu zituen bakarra. Benjamin Franklin, James Madison edo Thomas Jeffersonek egin ez zuena egin zuen, beraz, hil ondoren izan bazen ere.[5]

Erretiroa eta heriotza aldatu

1797an lehendakari kargua utzi eta gero, Mount Vernonera itzuli zen sentsazio lasaigarri batekin. Abeltzaintzari lotu zitzaion eta urte hartantxe, destilategi bat eraiki zuen, errepublika berriko handienetakoa. Bi urte geroago, destilategi hark 11.000 galoi whiski ekoitzi zuen.

1799ko uztailaren 17an, John Adams lehendakariak Washington armada guztien teniente jeneral izendatu zuen eta baita Frantziaren aurkako balizko guda baterako era zitezkeen armaden buru ere. 1798ko uztailaren 13tik, 1799ko abenduaren 14ra, AEBetako armadaren ofizialik zaharrena izan zen. Larrialdien aurkako behin-behineko armada baten planetan ere parte hartu zuen.

1799ko abenduaren 12an Washingtonek ordu batzuk eman zituen zaldi gainean etxaldeak ikuskatzen elur, kazkabar eta elur busti pean. Gau hartan afaltzera arropak aldatu barik jesarri zen eta hurrengo goizean hotzeri, sukar eta eztarriko infekzio larri batek hartuta altxatu zen. Abenduaren 14ko gauean hil egin zen haren etxean, 67 urte zituelarik. Artatu zuen James Craik medikuak (lagun min-mina izan zena) eta Washingtonen idazkari pertsonalak, Tobias Lear, inguratu zuten momentu hartan.

Oroitarri edo obeliskoa aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «George Washington | Life, Presidency, Accomplishments, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  2. (Ingelesez) «Washington's Youth» George Washington's Mount Vernon (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  3. «George Washington - General of the Armies - Continental Army» www.thenmusa.org (National Museum of the United States Army) (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  4. (Ingelesez) «George Washington» The White House (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  5. a b (Ingelesez) «Ten Facts About Washington & Slavery» George Washington's Mount Vernon (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  6. (Ingelesez) Wiencek, Henry. «George Washington and Slavery» Encyclopedia Virginia (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).

Kanpo estekak aldatu