Gau-saguzar ertaina (Nyctalus noctula) Eurasian eta Afrikan topa dezakegun saguzar espeziea da. Gau-saguzarren artean hedatuena da[1].

Gau-saguzar ertain
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaNyctalus
Espeziea Nyctalus noctula
(Schreber, 1774)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Habitatbaso
Zabalera0,344 m
Eguneko zikloagaueko

Tamaina handiko saguzar hau, Euskal Herrian aurki daitezkeen noktuluen artean tamaina ertaina duena da. Luzera handiko migrazioak burutzen dituen Europako saguzar gutxi horietako bat da. Euskal Herrian kolonia gutxi batzuk ezagutzen diren arren, Europa hegoaldean, eta batez ere Iberiar Penintsulan, oso espezie urria da. Ondorioz, saguzar honen inguruko informazio nahiko gutxi dago.

Deskribapena aldatu

Tamaina handiko saguzarra da, esan bezala, 48 eta 58 mm bitarteko besaurrea eta 20-30 gramoko pisua izan dezake. Gorputzaren luzera 8 cm-raino iritsi daiteke eta hego-luzera 32-40 cm ingurukoa izan ohi da. Aurpegia zabala eta zapala da, mutur motz eta handiarekin. Ahoa irekitzean bi guruin parotideo zuri handiak nabarmentzen zaizkio. Belarrien forma generoaren bereizgarria da eta tragoak perretxikoi forma du. Tamaina berriz, Nyctalus leisleri eta Nyctalus lasiopterus generokideen artekoa da eta zeharkako 4-5 tolesdura izan ohi ditu kanpoaldean.

Ilajea sendo eta arrea da, sabelaldean bizkarrean baino argiagoa. Patagioak, belarriak eta muturra, berriz, arre oso ilun kolorekoak dira. Hegoak gainerako gau-saguzarren antzerakoak dira, luze eta estuak, eta ile asko izan ohi dute gorputzaren aldean. Kalkaneoa uropatagioaren ertzaren erdiraino iristen zaie eta lobulu postkalkaneo oso garatua izan ohi dute.

Banaketa aldatu

Europa, iparraldeko Afrika, Ekialde Hurbila eta Asian bizi den saguzarra da[2]. Iberiar penintsulan presentzia oso urria du, Portugalen zita bakarra baitago eta Espainian ere kopurua ez baita oso handia.

Nafarroan 2 kolonia ezagutzen dira, Iruñerria eta Zangotza inguruetan. Biak ale ar sedentarioz osaturik daude urtearen zati gehienean. Araldian, iraila eta azaroa bitartean, emeak gehitzen dira kolonietara eta garai honetan taldearen tamaina asko handitzen da. Iruñerriko kolonian 100 ale inguru biltzen dira udazkenean, baina urtean zehar litekeena da 50 baino gutxiago egotea. Zangotzan, aldiz, koloniaren tamaina 20 eta 50 aleren bueltan dago[3].

Bestalde, Ipar Euskal Herrian zenbait kolonia ugaltzaile deskribatu dira baina ez dago haien inguruko datu askorik.

Habitata aldatu

Basoetan bizi den saguzarra da eta zuhaitzetan egon ohi dira kolonia gehienak. Hala ere, badira gizakiak sorturiko erakinetan koloniak ezarri dituzten taldeak ere. Europa erdialdean pagoak dira espezie honek gehien erabiltzen dituen babeslekuak[4] baina Iberiar Penintsulan ez da hautespen berezirik nabarmendu.

Penintsulan ezagutzen diren kolonia guztiak 300 eta 700 metro bitarteko altueran daude, ubideen inguruan guztiak. Hala ere, badira ia 2.000 metrotan harrapatu diren aleak ere[5].

Elikadura aldatu

Intsektu hegalariak airean ehizatu ohi ditu 15 metroko altueratik gora, baso eta parkeen ertzetan, erreka bazterretan eta bestelako leku irekietan. Zenbait lekutan kale-argien inguruan ere ikusi dira sitsak ehizatzen.[4][6][7][3] Lurrean ehizatzen ere ikusi izan dira. Elikagai bila dabilenean 6 m/s-ko batez besteko abiaduran mugitzen da[7].

Normalean gordelekutik distantzia gutxira ehizatu ohi du, 3 km baino erradio txikiagoan. Hala ere, gordelekutik 10 km-ra egindako bidaiak ere ikusi dira. Euskal Herrian ez da espezie honen dieta azterketarik burutu, baina Europan egindako ikerketek dietaren zati handiena diptero eta koleopteroek osatzen dutela ikusi da.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Euskal Herrian ez dago kumatze koloniarik eta Penintsulan ezagutzen den bakarra Madrilen dago. Kolonia hau ezagutzen diren gainerako kumatze-kolonietatik 500 km baino gehiagoko distantziara dago, espeziearen ugalketa-zonalde tipikotik at[8].

Nafarroan ezagutzen diren kolonietan, arrei ekainetik aurrera puzten zaizkie barrabilak, baina umeske portaera ez da abuztua baino lehen ikusi. Hil honetatik aurrera, kolonia zatitu eta ar bakoitzak gordeleku bana hartzen du. Bertan harenak eratzen dituzte azaroa erdialdera arte. Garai honetan arrak oso portaera territoriala azaltzen dute, beren gordelekua zainduz, eta emeak erakartzeko dei sozialak egiten dituzte. Ar bakoitzak 1-6 emerekin kopulatzen du, nahiz eta badiren emerik gabe gelditzen diren arrak ere[3]. Hegoaldeko Europan oso ohikoak dira iparraldetik migratzen duten eme eta ar sedentarioen arteko kopulak[9].

Bizimodua aldatu

Hegan egitera irteten den saguzarrik goiztiarrenetariko bat da, gaua erori aurretik irten ohi baita gordelekutik. Erdialdeko Europan aktibitate maximoa eguzkia ezkutatu eta 2-3 ordura jazotzen da[10].

Gau-saguzar ertainak saguzar partzialki migratzaileak dira. Arrak Europa guztian aurki daitezkeen bitartean, eme gehienak Europa iparraldean kokatzen dira kumatze garaian, bertan ezartzen baitituzte kumaleku garrantzitsuenak. Uda bukaeran koloniak zatitu eta eme ia guztiek eta ar batzuek hegoaldera migratzen dute 1.000 km-rainoko migrazioak burutuz. Egunez ere bidaiatzen dutela ikusi da.[11][12]

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Saguzar espezie honen lehia nagusia gordelekuagatik ematen da. Zuhaitzetako zuloak lortzeko beste saguzar espezie batzuekin eta hegaztiekin lehiatzen du. Nafarroan gau-saguzar ertainen gordelekuak zituzten indigaztainondo berberetan usoak ikusi dira txitatzen, nahiz eta bi espezieen zulo ezberdinak erabili. Erleekiko lehiak ere ikusi dira, eta hainbat gau-saguzar hilik aurkitu dira intsektu hauen ziztadaren ondorioz.[13]

Kontserbazioa aldatu

Gau-saguzar ertaina "Interes berezikoa" bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan.[14] Euskal Herriko hegoaldean bi kolonia baino ez dira deskribatu Nafarroan baina gerta liteke gainontzekoan ere baten bat egotea. Iparraldeko kolonien inguruan, aldiz, ez dago datu askorik.

Bere mehatxurik handiena babeslekuen galera da, bereziki zuhaitz zaharren mozketaren eta basa-azaleraren murrizketaren ondorioz. Gainera, intsektiziden erabilerak bere harrapakinen kopurua murrizten du eta konposatu hauek metatzen dituzten saguzarrek osasun arazoak izaten dituzte.

Erreferentziak aldatu

  1. Parsons, S.; Jones, G.. (2000). «Acoustic identification of twelve species of echolocating bat by discriminant function analysis and artificial neural networks» J Exp Biol. (203): 2641-2656. PMID 10934005..
  2. Wilson, D. E., Reeder, D. M.. (1993). Mammal species of the world. A taxonomic and geographic reference. (2. argitaraldia) Washington: Smithsonian Institution Press.
  3. a b c Alcalde, J. T.. (1999). «New ecological data on the noctule bat (Nyctalus noctula Schreber, 1774) (Chiroptera, Vespertilionidae) in two towns of Spain» Mammalia (63): 273-280..
  4. a b Kronwitter, F. (1988). «Population structure, habitat use and activity patterns of the noctule bat, Nyctalus noctula Schreb., 1774 (Chiroptera, Vespertilionidae) revealed by radio-tracking.» Myotis (26): 23-85..
  5. Aellen, V.. (1962). «Le baguement des chauves-souris au col de Bretolet (Valais)» Arch. Sci. Genève (14): 365-392..
  6. Rachwald, A.. (1992). «Habitat preference and activity of the noctule bat Nyctalus noctula in the Bialowieza Primeval Forest» Acta Theriologica (37): 413-422..
  7. a b Jones, G.. (1995). «Flight performance, echolocation and foraging behaviour in noctule bats, Nyctalus noctula.» J. Zool. (Londres) (237): 303-312..
  8. Strelkov, P. P.. (2000). «Seasonal distribution of migratory bat species (Chiroptera, Vespertilionidae) in eastern Europe and adjacent territories» Myotis (37): 7-25..
  9. Petit, E., Mayer, F.,. (1999). «Male dispersal in the noctule bat (Nyctalus noctula): where are the limits?» Proc. R. Soc. Lond. (266): 1717-1722..
  10. Gaisler, J., Zukal, J., Rehak, Z., Homolka, M.. (1998). «Habitat preference and flight activity of bats in a city» Journal of Zoology (244): 439-445..
  11. Ahlèn, I., Gerell, R.. (1987). Distribution and status of bats in Sweden. in: European Bat Research. Praga: Charles University Press.
  12. Baagoe, H. J.. (2001). «Danish bats (Mammalia: Chiroptera): Atlas and analysis of distribution, occurrence and abundance» Steenstrupia (26): 1-11..
  13. Arthur, L., Lemaire, M.. (1999). Les chauves-souris maîtresses de la nuit. Lausanne: Delachaux et Niestlé.
  14. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .

Kanpo estekak aldatu